…eta lurralde kohesioa zer ote da?

Ezagunak diren Europa mailako lurralde antolamenduari buruzko dokumentuetan Lurralde Kohesioa jardun politikoaren helburu nagusitzat ezartzen da, Europako Lurralde Estrategia edota Lurralde Kohesiorako Liburu Berdean, adibide nagusi. Baina ez dago helburu honen definizio argirik. Horrela, eman dezagun Lurralde kohesiora zuzendutako jarduera publikoak hiru helburu osagarri izan behar dituela eta gainera, aniztasunari eta berezitasunei begirunetik helduz.

– lurralde komunitate bateko kideen artean loturak bilatu (kohesio soziala)

– zerbitzu eta ekipamenduenganako irisgarritasun ekitatiboa bermatu (lurralde justizia)

– denen artean lurralde egitasmo bateratua adostu (identitatea)

Kontutan izanda, hainbat erakunderen eskumen eremuek lurralde ereduan eragina izaten dituztela, koordinazioan eta lankidetzan oinarritutako erabakitze sistema orekatua ezinbestekoa bihurtzen da, politiken arteko koherentzia lortzeko.

Baina nola ahalbidetuko du ordea lurralde kohesioaren helburua “hiriburuen sistema” zutabetzat duen Euskal Hiria ereduak? bere diagnostikoan, bertan, hirigune metropolizatuen aldeko polarizazioa gertatzen ari dela azpimarratzen du, baina ez du loturarik egiten lehiakortasunaren paradigamarekin. Sistemak ez omen du akatsik, eta lurralde eredu horrek “denok irabazle” egingo omen gaitu.

Lehiakortasunaren paradigman oinarritzen den polizentrismoaren lurralde ereduak, zer nolako barne-kontraesan eta inefizientziak sortzen dituen, aztertzen du Elena Martinez Tola EHUko irakasleak lan honetan.

Hiriburuak izango badira lehiakortasuna, berrikuntza eta garapenaren gune, erabaki-zentroa ere bihurtzen dira, eta ezinbestean, kontzentrazio horrek periferiak ere eragiten ditu. Lurralde kohesioaren estrategiak tokiko natur-giza-kultura baliabideen berezitasunean oinarritu behar bada, hori dena gorpuzteko eta abian jartzeko bertako erakunde eta eragileek esku-hartze zuzenerako ahalmena izan beharko dute. Baina “hiriburuen sistemak” zentro-gunea lehenesten du, definizioz, lehiakortasunak hierarkiak ezartzea dakarrelako. Hortaz, Euskal Hiria eredu honek, halabeharrez, lurralde desorekarantz garamatza -zentroa-periferiak-, eta kalte hori, ereduak berak ez du bere ardurapean hartzen. Sistema honek ez du inolako errurik bere diseinuaren ondorioz, akaso, albo-eragin soil batzuk agertzen badira, ez?



Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude