Baldintza harrigarria!

Urteekin pilatu dudan manien artean egunkarietako lan-eskaintzetan kuskuseoan ibiltzearena dago. Eskaintzetan eguneroko lanean interesgarria gerta dakidakeen informazioa aurki daitekeela uste dut.

Gaur Berriako gehigarri ekonomikoan jarri ditut begiak eta bertan Etxepare Institutuko iragarki batekin egin dut topo. ‘Euskara sustatzeko eta hedatzeko zuzendari’ baten bila dabiltza. Horraino normala! Eskatzen duten titulazioak harritu nau: ‘Euskal Filologian lizentzia’. Titulu jakin eta zehatz hori. Ez dut zalantzetan jartzen euskal filologoen gaitasuna euskara sustatu eta hedatzeko, baina Etxepareren poesiaren metrikaren analisi zorrotzak egiteko ahalmenak ez du berez bermatzen antolaketa- eta kudeaketa-lanak egiteko gaitasuna: horixe izango baita, sobra ere, zuzendari horren lanaren zati adierazgarri bat. Kontrara, Etxepare institutuko arduradunek gainerako titulatu unibertsitarioen euskara hedatu eta sustatzeko  gaitasuna zalantzetan jarri dute.

Makina bat dira (gara) euskara sustatzen eta hedatzen urteak daramatzaten (daramatzagun) kimikari, ingeniari, ekonomista eta bestelako titulatu unibertsitarioak. Horren gaizki egin dugunik ez dut uste.

Beste hanka batetik ere egiten du herren lan-eskaintzak. Urte batetik gorakoak ere baztertu egiten ditu osorik. Noizkoa da euskal filologiako ikasleen lehen promozioa? Wikipedian aurkitu dudanez 1976an hasi ziren Deustuko unibertsitatean euskal filologia eskaintzen (neronek karrera hasi eta bi urte geroago!). EHUko datua ez dut aurkitu, baina egingo nuke 1980 hamarkadaren hasieran izan zela. Apika, dotoreago zatekeen enpresa pribatuen lan-eskaintzetan ikusi izan diren, ’25 eta 50  urte bitarteko pertsona dinamikoak bilatzen ditugu’ moduko esaldia jarri izan balute.

Bukatzeko, ez beza inork pentsa lanpostu horren peskizan nabilela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude