Neurozientziak gatazken errosoluzioa lagun al dezake?

Scientific American aldizkariaren abenduko alean oso elkarrizketa interesgarria egin diote Rebecca Saxe MITeko neurozientzialariari. Garunean gertatzen diren prozesu fisiko-kimikoak aztertuz gatazkak konpontzen lagun dezaketela uste dute Rebeccak eta bere lankidek Emile Bruneauk.

Rebeccak esandakoetako batzuk ekarri ditut hona:

Zer ekar diezaioke neurozientziak gatazken erresoluzioari?

Aurreiritziei buruz pentsatu. Jendeak arrazoi asko ditu zuri esateko aurreiritzirik ez duela. Ez du aurreiritzirik izan nahi; badaki erantzun zuzenak ez duela oinarrian aurreiritzirik izan behar. Sarri pertsonak ez dira konturatzen aurreiritziak badauzkatela. Horretan problema bat dago beraz: nola neurtzen eta aldatzen duzu gauza bat zeinetaz jendea ez den osorik jabetzen, onartu nahi ez duena edo hura estaltzeko arrazoiren bat baduenean?

Askoz ere hobea izango litzateke aurreiritzien moduko gauzak zuzenean neurtzerik izango bazenu. Neurozientziak hori egin lezake. Garunaren aurreiritzi-mekanismoa argitu ahal izango bagenu, aurreiritzia neurtu ahal izango genuke, jendeari galdetu ordez ea aurreiritzirik ba ote duten. Hortaz, aurreiritziak neurtzea izango bagenitu, gatazken erresoluzioa lortzeko hurbilketa desberdinak frogatu ahal izango genituzke. Neur genezake jendearen aurreiritzi-maila gatazka esku-hartze bat izan baino lehen eta ondoren ikusteko zein den erresoluziorako egokiena.

Helburu horiek urrun daude. Susmoa dut gatazketan hau gertatzen dela: aurreiritzi-multzo konplexua eta maltzurra eratzen dela alde batek uste duenarekin beste aldeak dituen arrazoiez eta emozioez. Alde bakoitzak uste du besteak biolentzia duela motiboa eta arrazoia edo biolentziaren lengoaia baino ez duela entenditzen. Garunaren teoriaren elementu horiek kritikoak dira, baina ez zaie arretan handirik jartzen.

 Azal al dezakezu ‘ikuspegia ematea’ izeneko zure lana?

Gure helburua zen elkarrizketaren azterketari hurbilketa zientifikoa egitea. Zer gertatzen da gatazka baten bi kontrako aldeak beren ikuspegiez eta esperientziez hitz egiteko aukera dutenean? Gatazkak bideratzeko modu askok elkarrizketa dute oinarrian, baina azterketa zientifiko gutxi dago argitzeko nola funtzionatzen duten.

Uste dugu elkarrizketak bi alde dituela. Batean, ikuspegia hartzea esaten diogun horretan, beste baten ikuspegia entzuten ari zara. Bestean zuri entzuten ari zaizkizu. Ikuspegia ematea esaten diogu horri. Era berean, gatazka batean parte bat ahaltsuagoa da sarritan. Susmoa dugu horrelakoetan elkarrizketaren eragina ez dela simetrikoa.

Guk gatazkaren bi aldeak aztertzen ditugu: palestinarrak eta israeldarrak edo Mexikoko immigranteak eta Arizonako zuriak. Erlatiboki posizio ahulagoan dauden parteko pertsonek jarrerak hobetzen dituzte baldin eta soilik baldin ikuspegia emateko rola badute, alegia, beren partea esplikatzen ari baldin badira. Beraientzat ez du onurarik erlatiboki menderatzailea den pertsonaren ikuspegia hartzeak. Alabaina, talde menderatzailearentzat, elkarrizketaren  onurarik handiena ikuspegia hartzetik dator, hots, beste aldea entzutetik.

Ez gara esaten ari elkarrizketa-programek erabat asimetrikoak izan behar dutenik, alegia, alde bakar bat hizketan eta bestea entzuten. Ordea, inportantea da ulertzea entzutearen eta hitz egitearen bidez gauza desberdinak erdietsi daitezkeela talde desberdinentzat. Adibidez, oraindik argitaratu ez den azterketa baten aditzea izan dut. Azterketak arabiarren eta israeldarren arteko elkarrizketetan zer gertatzen den deskribatzen du. Konturatu dira israeldarrek arabiarrek baino gehiago hitz egiten dutela. Hortaz, arabiarrak hizketan ari direnean denek onurak izaten badituzte, mekanismoren bat jarri beharko litzateke arabiarren mintzatzeko aukera emenda dadin.

Ez dirudi erraza Rebeccak eta bere lankideek jorratzen ari diren bidea. Garunaren funtzionamendua aztertuz emozioak eta sentimenduak bideratzeko manerak izatearen aukera kezka modukoa sortzen dit eta baita beldur-ikara batzuk ere. Gatazken erresoluzioa laguntzea oso helburu egokia da, baina Janok bi aurpegi ditu. Kudeaketa da gakoa, gizakion ekintza guztietan legez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude