Martxoarekin batera, udaberri usaina badator eta zuhaitz landareak landatzeko garaia ere bada. Goierriko hainbat herritan hasiak dira Zuhaitz Egunak egiten eta larunbatean Zumarragaren txanda izan zen. Gainontzeko herriekin desberdintzen duen zerbait badu gainera, Zumarragako Zuhaitz Egunak. Aurreko urtean jaiotakoen izenean landatzen baitituzte arbolak.
Urte asko dira Zuhaitz Eguna egiten hasi zirela Zumarragan. Garai batean, beste herri batzuetan egin ohi duten moduan, eskoletako haurrek egiten zituzten landaketak. Ainhoa Barbantxo udal teknikariak argitu zuenez, “gainbeheran zegoen ekimena zen”. Hori horrela, ekimenari ideia berriak gehitu eta berriro ere parte hartze handia duen zerbait bihurtzea lortu dute. Irunen garatutako ereduari jarraituz, haur jaio berriak dituzten familiei eskeini zitzaien parte hartzeko aukera. Gainera, zuhaitz landare bakoitzak, jaiotako haur bakoitzaren izena darama. Horrela egiten hasi zirenetik, jende ugari animatzen da. Aurten, 33 izan dira parte hartu duten familiak.
Elgarresta Araiztegi familia izan da aurten Antio inguruan egin den Zuhaitz Eguneko partaideetako bat. Izeba, aiton amonak , haurraren gurasoak eta bost urteko anaia Peio ere hantxe izan ziren. Aitzurra eskuan hartu eta gogotsu aritu ziren lanean anaia bere arreba Xareren omenez arbola landatzen. Peiok berak kontatu bezala, bere izenean ere gurasoek landatu zuten arbola bat, bera jaio berria zenean. Eta orain, arrebarentzat landatu dute arbola. Ez hori bakarrik, “ureztatzera ere joango” dela esan zuen eta arreba handiagoa denean, bere izenean landatutako arbola bisitatzera joango direla. Gustura aritu da lanean. Xare, 2018ko urtarrilaren 1ean jaio zen. 2018an jaiotako haurren artean lehenetakoa beraz.
Eduardo Vargas eta Ana Mendoza ere Aroa txikiaren izenean arbola landatzen egon ziren. Ekudoarren jaiotakoak gurasoak eta orain dela 11 urte etorri ziren Zumarragara bizitzera. Ekimena, “oso positibotzat” jo zuten. Izan ere, txikiaren adin bereko beste haur batzuen gurasoak ezagutzeko ere balio izan dielako Zuhaitz Egunak. Zumarragarren artean “gehiago integratzeko ere balio” dielako. Aroa, iazko otsailaren 19an jaio zen. Urtetxoa orain dela gutxi betetakoa beraz. Eta gertatzen ari zenaz gehiegi konturatzen ez bazen ere, gurasoek handiagoa denean, Antiotik gertu landatutako arbolara eramango dute. Amak esan bezala, “hantxe egongo direlako bere sustraiak”.
Haritzak eta pagoak
Ikerlora enpresako langileak landaketekin laguntzen egon ziren. 33 zuhaitz landare izan ziren landatutakoak. Haur bakoitzeko bana. Haritzak eta pagoak landatu zituzten, izan ere, landaketak egin dituzten eremuan zuhaitz mota hoiek ere bazeudelako aurretik. Eremuan dauden arbolak, “egoera ez oso onean” daudela adierazi zuten. Horregatik, lur sail horretan dagoen basoa birpopulatzeko asmoarekin egin zituzten landaketak.
Azkenik, landaketak egin ondoren, mokadutxo bat jateko aukera ere izan zuten partaide guztiek.