jeudi 23 décembre 2010

Egunero esnatu behar dudalako (5). Elurra.

Elurra


Arratsean, patiora atera eta ni izan naiz beroni itzulitxoa eman dion lehen presoa. I. konbentziozko agurrak emanez aterpean geratu den bitartean, ttipi-ttapa, oinatzik apenas erakusten zuen zoru elurtean bakarrik. Eguerdian mara-mara erortzen hasi eta ez da egun osoan geratu, hau dugu urteko lehen elurtea eta aldiro lez sasoi honetan loratzen diren ostatuko neskaren koplak entzun ditzaket nire baitatik: Elurrak mardul dario/ euriak dirudi liho/ ene bihotzak ez diezazuke sekula esan adio. Aspaldi barne barnean sustraiak bota zituzten neguko loreak, nori bidali izan gabe ere bertan dirautenak. Noiz edo noiz harriak lez izatea nahiko genukeen arren ez gara harrizkoak malgré nous.


Patioaren lehen itzuli horretan elur hautsaren hotsa aditu nezakeen eta elurretan emandako pauso bakoitzaren oihartzunak kanpo aldera eraman nau, hemen eta han elurrak hizkuntza bera baitarabil. Agian horregatik zait hain nostalgikoa elurra, murruaren betsaldeko hotsak nire baitara dakartzalako, askatasunaren saudadea. Zuriz jantzita, inguruko sareetan zintzilik dauden aiztoz betetako alanbreak sastraka meharrak dirudite, burni hari elorridun sasiak elurpean.

Fokuetako argiak ere beste tonu bat dauka, jatorrizko zuritasuna elurrak jan dio. Poste metalizatuei kolore laranja leun bat darie, fokupean, gaur, gure paisaia mugatua tonu epel batez tindatua ageri da.


Bai, soineko zuriz mozorrotuta, espetxea, atsegina izan liteke, eguzkia berriz ateratzen den arte.


Oier Gonzalez Bilbatua, Villefranche sur Saône 2010eko azaroak 30.



Aucun commentaire: