GASTEren Batzar Orokorrak Sanandresetarako proposamenak onartu ditu

gaste 1456133099660 GASTE | 2007-10-20 14:18

GASTE Elkarteak pasa den astean Batzar Orokorra egin zuen. Bertan San Andres jaietarako Zuzendaritza Batzordeak proposatutako egitaraua aho batez onartu zen. Ordurako hasiak zeuden Udalaren jai batzordearekin harremanak, egitaraua aurrera eramateko. Aurten San Andres eguna (azaroak 30) ostirala izango dela eta, GASTEkook aukera aprobetxatu nahi izan dugu. Izan ere, gazte asko -gure talde barruan ere- kanpoan ikasten ari dira, eta ezin izaten dituzte Sanandresak ospatu, ez baldin badute inguruko asteburuan egiten. Aurten, berriz, parranda nagusia San Andres egunean bertan espero da. Horretarako, GASTEk arratsalderako programa egin du eta prestakuntza lanetan hasi da. Gauez, berriz, kontzertu bat egotea eskatu diogu Udalari. Gantxoa duten zenbait euskal talde proposatu ditugu. Horrez gain, besteak beste, gaupasa ere egun hortan izatea eskatu dugu.

GASTE elkartearen programa koadrilei eta oro ar gazteriari zuzenduko zaio. Jaigiroa, jolasa, partehartze aktiboa, gastronomia eta tradizioaren bultzada moderno bat uztartuko dituen programa dugu eskuartean. Ustekabe fanfarreak ere parte hartuko du. Aurki aurkeztuko dugu programa. Hori bai, parte hartzeko ezinbestekoa izango da baserritarrez jantzirik joatea. Beraz, garaiz deialdia egin nahi dugu baserritar erropa ez duenak lor dezala lehen bailehen. GASTEren ekitaldiekin programaren hutsune nabarmenena beteko litzateke. Izan ere goizez badaude zenbait ekitaldi, azokarekin batera, baina arratsaldean ez da ezer egon izan azken urteotan. Jai Batzordean hainbat urtez eskatu izan da zerbait egotea, eta horren aurrean zezena adarretatik heldu eta lanean jarri gara, Sanjuanetan egin genuen moduan.

Batzar Orokorrean, horrez gain, elkartearen egoera ekonomikoa aztertu eta kide-kuotak adostu genituen. Kurtso osorako egutegiaz hitz egin genuen, izan ere jai ezberdinetan parte hartzeko intentzioaz jaio zen GASTE (eta ez bakarrik sanjuanetan). Asteartean, urriak 23, Udalak deituta, bilera irekia egongo da Portalea kultur etxean.


Utzi iruzkina: