Sarearen neutraltasuna jokoan

Interneti buruz hitz egitean, gauza asko ematen ditugu egintzat. Badira sarearen hainbat ezaugarri, nolabait ‘naturaltzat’ hartu ditugunak jadanik. Sarritan ez gara konturatzen internet asmakizun berri samarra dela, eta oraindik asko alda litekeela denborarekin. Pentsa inprentak, irratiak, telefoniak edo telebistak –interneten antzeko teknologiak aipatzearren- zer nolako aldaketak bizi izan dituzten asmatu zirenetik zabalkunde handia lortu arte.

Laster horrelakoak izan daitezke internet tarifak: oinarrizko konexio kuotaz gain, tarifa gehigarriak erabili nahi ditugun zerbitzuen arabera. (Egin klik handiago ikusteko). (Irudia: The Huffington Post).

Laster horrelakoak izan daitezke internet tarifak: oinarrizko konexio kuotaz gain, tarifa gehigarriak erabili nahi ditugun zerbitzuen arabera. (Egin klik handiago ikusteko). (Irudia: The Huffington Post).

Naturaltzat jotzen ditugun ezaugarri horietako bat, adibidez, sarearen neutraltasuna da: internet zerbitzua kontratatzen dugunean, linea baino ez dugu ordaintzen, azpiegitura bera. Gure konexioa e-mailak irakurtzeko, Youtubeko bideoak ikusteko ala gure blogean idazteko erabili, zerbitzua –eta prezioa– berbera da, ez da aldatzen.

Bada, internet hornitzaileak, Telefonica, Vodafone eta enparauak, gero eta jarrera oldarkorragoa erakusten ari dira neutraltasun horren aurka. Argudio sinple bat darabilte: eduki enpresek (Google, Facebook, Amazon eta halakoek) diru asko egiten dute sarean, eta irabazi horiek ezinezkoak lirateke hornitzaileek jarritako azpiegituragatik ez balitz. Beraz, irabazi horien zati handi bat haiena da.

Hari horretatik tiraka, AEBetan proposamen zehatzak egin dituzte jadanik hornitzaileek. Abiadura (eta prezio) ezberdinetako sareak sortu nahi dituzte: horrela, e-maila kontsultatzeko konexioa kontratatzen duenak, aparte ordaindu beharko lioke hornitzaileari Youtuben edo Googlen bertan sartzeko. Ezaugarri ezberdinetako paketeak sortu nahi dituzte, sare bidez jaso nahi diren zerbitzuen arabera: emaila+bilatzaileak 10 dolar hilean, Amazon+Ebay beste 5, Youtube+Vimeo beste 10…

Zorionez, Estatu Batuetako administrazioak duela aste batzuk erabaki du internet oinarrizko zerbitzutzat hartzea, eta bidea moztu die hornitzaileei halako bereizketak egiteko. Baina besteek ere ez dute amore eman, noski, eta bide horretan tematuko dira. Europako Batzordeak ere sarearen neutraltasunaren aldeko adierazpena sinatu zuen iaz, baina oraindik ikusteko dago nola eutsiko dioten botere publikoek enpresa pribatu handien presioari.

Loturak, estekak, linkak…

Zientzia.net: Sarearen neutraltasunari erasoak

Interneten neutraltasuna ulertzeko artikulu argigarria. Zergatik da hain garrantzitsua sareak neutral jarraitzea?

Argia.eus: Interneteko neutraltasuna kolokan AEBetan

Neutraltasunaren aurkako azken erasoetako batzuen berri.

2 Comments

  1. Markel 2015(e)ko apirilak 24
    • joxe 2015(e)ko apirilak 25

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.