Abian da aurtengo Gorbeialdeko Kuadrillaren argazki lehiaketa

Xabi Gorostidi 2016ko abu. 26a, 09:33

Urtero legez, Gorbeialdeko Kuadrillatik bertako udalerrietan ateratako argazkien lehiaketa antolatu dute. Askotariko gaiak landu daitezke, betiere, Aramaion, Arratzua-Ubarrundian, Legution, Urkabustaizen, Zigoitian edo Zuian aterata badaude. Argazkiak aurkezteko epea urriaren 14ean bukatuko da.

Uda aldean argazki lehiaketak ugaritu egiten dira, eta aukera zabala izaten da argazkilaritzaren zaletuentzat. Gorbeialdeko Kuadrillakoa da horietako bat. Aurtengoa edizioa martxan da jada, eta parte hartu nahi dutenek urriaren 14erarte edukiko dute euren argazkiak bidaltzeko aukera. Gaia librea den arren, Gorbeialdeko Kuadrilla osatzen duten herrietan egindako argazkiak izan beharko dira.

Sari ugari

Sei herri horietako ingurumen naturala, soziala eta artistikoa, eraikinak, ohiturak, ekitaldi kulturalak, azokak eta jaiak, pertsonak, esperientziak edo gastronomia hobekien lantzen dituzten argazkiak sarituko dituzte aurten ere. Lehen sariak 200 euroko dirusaria jasoko du, bigarrenak 150koa eta hirugarrenak 100ekoa. Horretaz gain, herri bakoitzeko argazkirik onenarentzat 60 euroko saria ere prestatu dute. Azkenik, Accesita erakundeak kaleratzen duen egutegian erabiltzeko lau argazki aukeratuko dira, eta horiek ere, 60 euroko saria jasoko dute.

Partaide bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez eta antolatzaileek hainbat baldintza zehaztu dituzte horretarako. Hasteko, argitaratu gabeak eta beste lehiaketaren batean saritu gabekoak izan beharko dute. Txuri beltzean edo kolorean aurkeztu daitezke, betiere, JPG formatuan eta CD batean aurkeztuta. Argazkiak gainetik berrukitzea onartzen den arren, ezin izango da argazki originalean ageri ez den elementurik gehitu. Horren harira, antolatzaileek argazki originala eskatzeko eskubidea izango dute zalantzan egon daitezkeen kasuak argitzeko. Azkenik, aurkezten diren argazkiak pertsonaren baten lehen-planoak izanez gero, argazkian agertzen den pertsonaren baimena aurkeztu beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak