Ismael Esteban nagusi Aramaioko maldetan

Imanol Gallego 2017ko uzt. 16a, 14:59
Ismael Estebanek lortu dut garaipena.

Faboritoa zen Esteban eta hasieratik izan da lehen postuetan. Emakumezkoetan, Karla Kortazarrek eroan du txapela etxera.

Nardeaga kaletik atera da lehen aldiz Aramaioko MTB proba. Eliza parean pilatu dira txirrindulariak pedalei eragiten hasteko. Bost kilometro eta erdiko zirkuitu konplexua zuten aurretik eta hainbat itzuli eman behar izan dizkiote: elite mailakoek bost buelta, 23 urtetik beherakoek lau, eta emakumezkoek hiru.

Hasieratik ipini dira lehenengo postuetan faboritoak. Ismael Estebanek zirkuituaren gogortasuna azpimarratu du, baina oso une onean dagoela azaldu du eta pozik agertu da lortutako garaipenarekin.

Emakumezkoetan, irabazlea azken itzulian erabaki dute. Karla Kortazar eta Luisa Ibarrola ziren faboritoak baina Kortazarrek hasiera txarra egin du eta oso atzean gelditu da. Garailea Ibarrola izango zela zirudienean eroriko txiki bat izan du eta berdindu egin da lasterketa. Helmugan Kortazarrek dena eman du eta lehenengo amaitzea lortu du.

Urre zaporea duen zilarra

Elite mailan Jon Erguinek egin du bigarren. Oso pozik zegoen sailkapen horrek Euskadiko txapela eman baitio. Adierazi du Esteban zela faboritoa, eta horren jakitun lasterketa ona egitera irten dela.  Azkenean, bere arerio zuzenek egindako akatsek eta egindako bigarren postuak Euskadiko Txapela eman diote.

Zirkuitu berria

Txirrindulariek zirkuitu berria estreinatu dute gaur. Gehienek adierazi dute denetik duen zirkuitua dela eta zorrotza. Elizaren paretik abiatu eta metro gutxi batzuk egin ostean aldapan gora egiten zuen ibilbideak, nahiko igoera gogorra gainera. Lehenengo kilometro eta erdian 400 metroko desnibela gainditu dute txirrindulariek. Jarraian, beherantz egiten zuen zirkuituak. Tarte teknikoak eta jaitsiera azkarrak tartekatzen ziren. Lasterketako irabazleak azaldu duenez herritarrek euren aitzurrekin zabaldutako bidea  "ederra bezain zorrotza" da. 

Sailkapena

Elite maila

  1. Ismael Esteban
  2. Jon Erguin
  3. Javier Torres

Emakumezkoak

  1. Karla Kortazar
  2. Luisa Ibarrola
  3. Zaloa Trevilla

23 urtetik beherakoak

  1. Julen Latorre
  2. Alvaro Carral
  3. Ibai Arco
Erlazionatuak

MTB proba ikusgarria

Imanol Gallego 2017 uzt 16 Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak