Erabateko adostasuna ezohiko bilkuran

Imanol Beloki Unamuno 2016ko mai. 4a, 16:40

Maiatzeko ezohiko osoko bilkura izan zen martitzenean Eskoriatzan, eta tratatu beharreko puntu guztiak aho batez onartuak izan ziren, hogei guztira.

Aipatzeko bat 2016-2019 diru laguntza plan estrategikoaren lehen aldaketa onartzea izan zen. Honetarako, kreditu aldaketa egin behar izan zen, Olaetako plazan  8 eta 9. atarteen atzean izandako lur-jausiagatik, hain zuzen. "150.000 euroko aurrekontu batean sartuko gara, momentu honetan azterketa geologikoak egiten ari dira, onartu dugu kreditua, eta orain batzordean lizitazioa… egin beharko da, ea irailerako martxan daukagun obra", adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak.

Honekin batera, beste kreditu aldaketa bat ere onartu zen,  diru laguntzen plan estrategikoan eragin zuzena zuena. Zarimutzeko elkarteak diru laguntza eskatu zuen bertako egoitza konpontzeko. Landa Garapenetik diru laguntza lortu da, baina obraren erdia Udalak ordainduko du.

Adostasuna mozioan

Irabazi eta Bilduk industriaren eta oinarrizko errentaren aldeko prekarietate eta pobreziaren kontrako printzipioen udal akordioa egitea eskatu zuten, eta aho batez onartua izan zen. Alderdi guztiak elkartuz, mozioko puntuak adostu zituzten. "Txalogarria da egin den lana eta guztion jarrera akordiotara iristeko", adierazi zuen alkateak.

Hemen akordeak batzen duena:

1.- Egoera jasanezina pairatzen duten industria sektoreko langile guztiei gure elkartasuna adieraztea.

2.- 3/2012 Errege Lege Dekretu barruan dagoen lan erreformaren kontrako gaitzespena adierazi eta bere indargabetzea eskatzen du prekarietatea sortzen duelako, lan merkatuaren arautzea aldatzen duelako eta lan baldintzak eta soldatak baliogabetu eta narratzen dituelako.

3.- Lan harremanetarako marko autonomoa exijitzen dugu, Euskadin adostutako eta onartutako kontzertazioa, elkarrizketa soziala eta lan araudi propioa egiteko aukera ahalbidetuko duena.

4.- Gizarte politiketan, ematen ari diren murrizketak salatzen ditugu, gutxiengo soldataren igoera nabaria eta pertsona zein sektore guztiei bizitza duin bat ziurtatzen duen oinarrizko errenta baten alde lan egitea eskatzen dugularik.

5.- Udal bando bat argitaratzea mozio honen testuarekin eta bide batez aldarrikapen sozial hauen alde egiteko eskoriatzarrei dei eginez.

6.- Akordio honen testua bai Gipuzkoako Foru Aldundiari bai Eusko Jaurlaritzari bidali, norabide honetan benetako neurri eraginkorrak hartzeko exijituz.

Bildu galde-eskean

Galde-eskeen tartean, berriz, hiri-hondakinen gaia nola dagoen galdetu zuen Bilduko Aitor Zubizarretak, eta ea jarraipena egingo ote zaion. Alkateak adierazi zuen kexa batzuk izan dituztela, edukiontzien kokapenagatik… hala ere, arazoak konpondu eta jarraipena egingo dutela adierazi zuen.

Maider Landak kargu uztea

Amaitzeko, berriz, EH Bildu alderdiko Maider Landa zinegotziari esker ona adierazi zioten udal taldeek egindako lanagatik. Kargua utzi egingo du eta Nestor Arana izendatuko dute bere ordez. Hala, Madrildik paperak etorri bezain laster, ezohiko osoko bilkura egingo da, lehenbailehen kargua hartu eta lanean hasi dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak