'Carmina Burana' Arantzazun

Maite Txintxurreta 2017ko abu. 17a, 08:00

Landarbaso abesbatzak Carl Orffen obra ezaguna eskainiko du santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiko egitarauaren baitako hitzorduan. Gainera, Josu Elberdin konpositore pasaitarraren Te Deum pieza ere joko dute hasieran, sarrera modura. 19:00etan izango da emanaldia (sarreraren prezioa: 15/10 euro).

Landarbaso Abesbatza 1991. urtearen amaieran sortu zen, eta batez beste 27 urte inguruko 44 abeslarik osatzen dute gaur egun. Estatu mailako zein nazioarteko hainbat lehiaketa eta ziklo entzutetsutan parte hartu dute geroztik, tartean Letoniako eta Txinako Abesbatza Olinpiadetan. Sorreratik Iñaki Tolaretxipi da Landarbaso abesbatzaren zuzendaria.
 
Jarraian, obraren aurkezpen testua: Carmina Burana izenez ezagutzen den eskuizkribua XII. mendeko latindar poesia sekularraren iturri garrantzitsuenetako bat da. Munich hegoaldeko beneditar abadetxe batean aurkitu zen, 1803an, eta 254 poema irrigarri eta lotsagabe biltzen ditu, latinez bereziki, baina baita tarteko goi alemanean eta probentzalean ere, goliardoek idatziak. Carl Orffek 1934an aurkitu zuen eskuizkribua, eta 24 poema hautatu zituen; horietako batzuetan musika-notazio adiastematikoak bazeuden ere, musika berria idatzi zuen, baina estilo zaharkituan apropos –edo arkaismo neoklasikoan–, eta bere lan ezagunena ez ezik, XX. mendeko korurako errepertorioaren lan arrakastatsuenetako bat ere bihurtu da. Orffen deskribapenaren arabera, lan hau “Giza espirituaren garaipenaren ospakizuna da, oreka sexual eta holistikoaren bitartez”, eta egilearen beraren ustez, halaber, beste norabide bat hartu zuen bere konposizio-lanak orduz geroztik.
 
Landarbaso abesbatzaren Arantzazuko emanaldian Helena Orcoyen arituko da soprano lanetan, eta Mikel Uskola kontratenorea izango da. Zuzendaria, aipatu bezala, Iñaki Tolaretxipi izango da. Emanaldian 75 minutuko iraupena izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak