'Kapulana bat zintzilik' bertso ikuskizuna herriz herri udazkenean

'Kapulana bat zintzilik' bertso ikuskizuna herriz herri udazkenean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kapulana-bat-zintzilik-bertso-ikuskizuna-herriz-herri-udazkenean/@@download/image/kapulana_1444047018.jpg
2015/10/05
berria
'Kapulana bat zintzilik' bertso ikuskizuna herriz herri udazkenean
Mundukide Fundazioak eta Lankuk antolatuta, bertso ikuskizuna eskainiko du Miren Amurizak udazken honetan; Mundukidek 15 urte betetzen ditu aurten.
Mundukideren urteurrena dela eta, Fundazioaren lan ibilbidea ilustratzen duen argazki erakusketa hainbat kooperatibatan egon da ikusgai. Aurrerantzean, astebetez egongo da antolatzeko nahai duenaren herrian, eta Mundukide arduratuko da erakusketa jartzeaz eta biltzeaz. Erakusketak irauten duen bitartean eta antolatzaileak aukeratzen duen egunean, Miren Amurizak Kapulana bat zintzilik emankizuna eskainiko du.

Zergatik 'Kapulana bat zintzilik' izena?

Kapulanak Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. Hain dira erabilera anitzekoak, ezen edozer aurki baitaiteke zapi handion estalpean.

Hala, emanaldi horretan, kapulana bat zabalduko dute eta bertan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako. Mozanbikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo dute bidaia. Tarte horretan kooperazioaz, nekazaritzaz, haurtzaroaz edota hizkuntzaz arituko dira; hala bertsoz, nola ipuinez. Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik. Hala nahi duenaretzat, bere gogoetak eskegitzeko oihal zabala; halaxe definitu dute ikuskizuna antolatzaileek.

Egitaraua:

Berriz:

Erakusketa: Urriak 5-11. Emanaldia: urriaren 8an, 20:00etan, Kultur etxean.

Oñati:

Erakusketa: Azaroak 23-27. Emanaldia: Ulma enpresan; eguna zehazteke.

Hernani:

Erakusketa: Abenduak 7-11. Emanaldia: Orona Enpresan; eguna zehazteke.

Aretxabaleta:

Erakusketa: Urtarrilak 4-17. Emanaldia: Zaraia Kultur etxean; eguna zehazteke.