Marcialonga 2015: Bigarren aldiz

Alberto Ibiltarixanak | 2015-01-20 00:00
1

Aurten Dolomitetan izango gara iraupen eskiko proba ezagun hau egiten. Marcialonga 2015 datorren igandean izango da baina gaur iritsi gara Dolomitetako paraje zoragarrira. Moena herrian gaude eta bihartik igandera arte bertan ibiliko gara eskiatzen eta inguruak ikusten. Aurrez ere egin nuen proba hau. Ez nuen uste hainbeste urte igaro zirenik baina, 1998an izan zen, orain dela 17 urte. Hainbeste? Trentinoko bailaran mahastiak daude nonnahi. Bistan da hemen ardoa nagusi dela, ia Italia osoan bezala.

Orduan proba berezia, erakargarria eta errepikatzeko modukoa iruditu zitzaidan. Bada hemen gaude berriz, ordukoa gogoratzeko. Ikusiko dugu itzultzeko gogoarekin amaitzen dugun. Aurten Gabriel eta Eliseo beasaindarrak ditut bidelagun. Orduan ere Gabrielekin batera egin nuen eta hainbeste urteren ondoren, berriz gaude elkarrekin. Eta Canazein Marisa eta Martin lagun beasaindarrekin elkartu gara. Hauek astebete daramate hemen eskiatzen eta aklimatatuta daude.

Elurretara etorri gara baina ez dago elur askorik. Ez behintzat ibilbide osoan. Horregatik, igandeko ibilbidea zertxobait moztu egin dute: 70 Km. beharrean 57 Km. izango dira. Elurrik ez dagoen tokian botatzen ari dira, iganderako alfombra zuria izan dezagun. Gezurretako elurra ematen du baina hortik zehar pasako gara igandean 8.000 lagun.

Eguraldi ona egiten du baina nahiko hotza. Gaur -6º C egiten zuen arratsaldeko 16:30etan eta bihar goizean -10º C egin dezake. Hotza da baina aurre egiteko prestatuta gaude. Bihar ikusiko dugu nola moldatzen garen.

tifosa

tifosa 2015-01-21 01:16 #1

<p>Forza, sei ancora giovane e si pu&ograve;. Animo !</p>


Utzi iruzkina: