Parada baserria, Polentinoseko dukeak ateratako argazkien artean

2017ko urt. 11a, 10:48

Aurelio de Colmenares y Orgaz (Madril, 1873-1947), Polentinoseko dukea, argazkilaria ere bazen. Euskal Herriko hainbat txoko erretratatu zituen. Garai bateko Altzako 33 toki identifikatu dituzte Altzako Historia Mintegiko lagunek.   

Sasoi bateko Altzako hainbat argazkiren berri eman dute Altzako Historia Mintegiko lagunek, Estibaus webgunean. Polentinoseko dukeak 1892 eta 1930 urteen bitartean ateratako argazkiak dira. Argazkilaria baitzen: beirazko 10.000 xafla estereoskopikoen egilea, horietako gutxienez 630 Euskal Herriko txokoetan ateratakoak. Izan ere, dukeak bazuen harremana Euskal Herriarekin. Donostian ezkondu zen, Maria Duque de Estrada iruindarrarekin, eta familia horrek landetxea zeukan Altzan (Villa Iruñea izenekoa). 

Polentinoseko dukearen argazkiak Espainiako Gobernuaren artxibategi batean daude, Ondare Nazionalaren Fototekan hain zuzen. Online kontsulta daitezke. Hori bai, askotan ez du jartzen argazkian datorrena zein herri eta tokitan ateratakoa den. Esate baterako, "Gipuzkoako baserri bat" jartzen du, zein izan daitekeen zehaztu gabe. Horregatik, argazki gehienak ez dira ezagunak. Historia Mintegikoek garai bateko Altzako 33 toki identifikatu dituzte. Horien artean, Parada baserria, gaur egun Donostiako Intxaurrondo auzokoa dena eta zutik dirauena. 

Hantxe bizi izan zen umetan Joxe Zabaleta, www.ahotsak.eus proiektuan jasota dugun elkarrizketan kontatzen duenez:

Donostia, Deba, Elizondo, Segura, Bergara, Lasarte... hainbat tokitako argazkiak daude, asko identifikatu gabeak, Polentinoseko dukearen fondoan. Denborapasa polita izan daiteke!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia