Patxi Zubizarreta: “Batzuten beldurra ematen du pentsatzeak literatura ohitura bat bezala bilakatuko ote den”

Informazioa eta dokumentazioa kudeatzen duten profesionalen sektorea indartu asmoz, UEUk eta ALDEE elkarteak ‘Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen I. Bilkura’ antolatu dute Udako Ikastaroen baitan. Eibarren ospatutako jardunaldiak profesionalen errealitate zein iritzi ezberdinak bildu ditu, eta guztiek nabarmendu dute egitura sendoago baten beharra.

Ideia hori defendatu du Patxi Zubizarreta idazleak. Bere gain izan du, hain zuzen, jardunaldiari hasiera emateko ardura. Hitz mardulekin hasi du hitzaldia: Norbaiti entzun nion heriotzari baino beldur gehiago ziola liburutegirik gabeko paradisu bati”. Paradisua izan ala ez, teknologia eta garai berriei egokitzeko beharraz aritu da hasi bezain laister, hori baita etorkizunerako giltzarrietako bat, haren ustez. Uste du sektoreko profesionalak “zuri beltzeko pelikuletan” geratu direla “CD bat grabatzea hain erraza den garai honetan”. Aurreko ideiarekin bat eginez, amildegiaz ere aritu da: “Internetek amildegira eraman gaitu, paperari lekua kendu dio. Berritu beharrarekin egin du topo”.

ALDEE jendeaLiburutegiak momentuan momentuko modez aldendu eta zaharkituak geratzeko arriskua dagoela adierazi du Zubizarretak. Hori gerta ez dadin, egin beharreko aldaketa sakonak aldarrikatu ditu: Batzuten beldurra ematen du, literatura ohitura bat bezala bilakatuko ote den, operara joatea bezala. Interesgarria litzateke liburutegiak kontzertu toki bilakatzea; koloreztatu hain grisa den hori. Nire jaioterrian ez zegoen liburutegirik, eta beste herri batera joaten ginen tebeoak irakurtzera. Koloretsua zen. Gure sektore hau zaindu egin behar dugu, pertsona gris asko aurkitu ditzakegu eta. Zuek zaindu behar duzue”.

Gizartearen hainbat sektoretan “garai konplikatuak” bizi diren susmoa dauka idazleak, izan ere, “ergelen inbasioa” gertatzen ari dela dio konplexurik gabe. Hizketaldia hitz ederrekin hasi duen bezalaxe, bukaerarako hausnarketa pertsonal bat gorde du: “Liburutegiak sosegua ematen dit, sekretu mundua, xuxurla mundua, anonimotasuna. Baina preso ere sentitu zaitezke.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude