Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda: “Euskaldunok garena gure kantagintzari ere zor diogu hein handi batean”

UEUk Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez ikastaroa antolatu du udaberri honetako eskaintzan. Gotzon Barandiaran eta Rafa Ruedari, ikastaroko bideratzaileei galdera batzuk egin dizkiegu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

Zerk bultzatuta prestatu duzue ikastaro hau? Idazleen eta musikarien arteko elkarreraginetik, testu baten eta ahaire baten uztartzetik sortutako kantek sekulako garrantzia izan dute euskaldunon imajinarioan. Identitatea, lurraldetasuna, euskara, nortasuna, maitasuna, askatasuna eta antzeko kontzeptu asko kanten bitartez barneratu ditugu, gogoan betiko iltzatuak ditugun kanta horiek ere bagara, garen bezalakoak gara kanta horiek gure egin ditugulako. Horrez gain, urte asko dira hainbat sortzaile gure kulturaren transmisioaz sano kezkatuta gaudena, uste baitugu ez garela gure kultur sorkuntza transmititzen ari. Askoren artean bete behar dugun hutsunea hori betetzeko gure ekarpen xumea da hau.

Zein dira ikastaroaren helburuak? Gure helburuak gure kantagintzak euskaldunon imajinario kolektiboan duen garrantziaz hausnartzea da, zeri kantatu diogun, noiz kantatu dugun, zelan kantatu dugun aztertzea, gure kantagintzaren historiak nolako garapena izan duen konpartitzea , kantagintzaren funtzioaz gogoeta egitea. Eta kantatzea.

Desberdintasun handia dago historia liburuetan ikasi eta abestietan abesten dugunaren artean? Historia irabazleek idatzi dutela jakinki, kode deontologikoari leial idatzi duten historialariak daudela usterik ere, idazle eta musikariok gertakari historikoei buruz egin ditugun irakurketak ekarri gura ditugu gogora. Idazleak zein musikariak, historialariak ez lukeen askatasuna du historiari edota bere garaiari kontatzeko. Kanta bati historia liburu bati eska ezin diezaiokezuna bila zeniezaioke, berbarako, sentipenei loturiko irakurketa. Historialariak ezin du kontatu kartzela bertan usteldu den poetak legez.

Hainbesteko garrantzia al du kantagintzak euskal imajinarioan? Gure ustez izugarria da gure kantagintzaren eragina euskaldunon imajinarioan. Lehen galderan erantzun dugun legez, euskaldunok garena gure kantagintzari ere zor diogu hein handi batean.

Zein autore/obra aztertuko dituzue? Orreagako gatazkari zelan kantatu genion aztertuz hasiko gara eta Sorkun eta Eider Rodriguezen arteko elkarlanetik argia ikusi duen Ziklomorphosia diskoan zeri kantatzen dioten gogoetatuz amaituko dugu eta bitarteko mendeotan literatura eta musikaren arteko elkarreraginetik sortutako kantagintzaren ahalik eta ezagupen handiena konpartitzen ahaleginduko gara.

Zein metodologia erabiliko duzue? Letrak/poemak, idazleak, musikariak, ahaireak aurkeztu, hausnartu eta historikoki kokatu ostean, zuzenean kantatuko ditugu. Horrez gain, sarean ditugun edukiak ere erabiliko ditugu, hala nola www.armiarma.eus, www.badok.info, musika taldeen guneak edota youtube. Eskolako 20 bat kanta izango ditugu berbagai.

Nori zuzenduta dago ikastaroa? Hezkuntza arautuan zein ez arautuan kulturaren transmisioan ari diren eragileei, musikazaleei, literaturazaleei, kultura lantzen duten kazetariei, historialariei, soziologoei, filosofoei, euskaltzaileei, kulturazaleei, idazleei, musikariei, euskaldun orori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude