Erribera, erribera eta Ezker Abertzalea

Artikulu interesgarria idatzi du Jose Mari Esparzak Diario de Noticias egunkarian. Bertan aldarrikatzen du inork ez duela agindu behar zer pintada egin behar diren Erriberako paretetan, ez Donostiatik ez Iruñetik. Hona hemen zenbat aipu:

-Joan den hauteskunde europarretan, Ezker Abertzaleak, kanpainari hasiera emateko, panfleto bera banatu zuen lau probintzietan. Edozein tuterarrek irakurriko zuen, bigarren paragrafoan (lehenbizikoa euskaraz zegoen, bistan da), helburua zela “estatu independente bat erdiestea”. Horixe da Erriberan duten kezka nagusia, denek dakigu. (…) Gogora etortzen zaizkit garai batzuk, ez hain aspaldi, non Nafarroaren gaineko erabakiak hartzen ziren Mahai Nazionalean nahiz mahaikide nafarrek kontrako botoa eman.

-1931n, Manuel Irujok Erriberari “euskal Ulster” deitu zion. Orain, Ebro eta Aragoi ugaldeen artean %15etik gorako immigrazioa izanik, hamarkadetan arabe gehiago adituko dugu euskara baino. Beste alde batera begiratzeak (…) ekarriko du bereizten gaituen amildegia handitzea, besterik ez. Eta Erriberak bat egin gabe Nafarroan nekez izanen da aldaketarik; eta Nafarroarik gabe ez dago eraikuntza nazionalik. Edo bai?

-[Erribera] bere horretan onartu behar dugu, eta toki erosoa utzi behar diogu nahi dugun Euskal Herrian, bere errepublikazaletasun españolista barne, bere nafartasun banuquasitarrarekin.

Bitxia izan daiteke, edo esanguratsua, artikulu hau ez duela Erriberako biztanle batek idatzi, Esparza Tafallakoa baita, eta Tafalla ez baita Erribera.

Artikulu osoa irakurtzeko: Ager Vasconum e izquierda abertzale

Antzeko beste artikulu bat: ¿Qué hacemos con nuestro Ager Vasconum?

Irudiak: www.muturzikin.com eta Berria

Ereduen mapa

Podemos-Ahal dugu Nafarroa

Podemos-Ahal dugu alderdiaren zirkuluak non eratu diren Nafarroan. Iturria: Navarra Confidencial

8 pentsamendu “Erribera, erribera eta Ezker Abertzalea”-ri buruz

  • Nork azalduko dit nola egingo dion independentismoak errepublikazaletasun españolistari toki erosoa?
    https://twitter.com/ikerAraotz/status/537657306331484160?s=09

  • “EHko herrietako euskaldun kopurua” eta “alderdi abertzaleen emaitzak EHn” mapei begiratuta, erraz konturatuko gara herritarren berreuskalduntzeak EH euskaldun eta burujabearen bidean duen garrantziaz. Horregatik hori gerta ez dadin, EHn indarrean diren hizkuntza politika arrotzek inposatu digute besteren artean “Eskolako hizkuntza ereduen” mapa.

  • Esparza ez da Erriberakoa izango, baina bada ‘de Pamplona pabajo’-koa, eta denok dakigu Euskal Herriak bi eskualde nagusi dituela, depamplonapabajo eta ‘benetako’ Euskal Herria. Horrek asko markatzen du, eta zertaz ari den gehiago jakingo du Hernaniko batek edota Bortzirietako batek baino, ziur.
    Bestalde, errepublikazale espainolistak erakartzeko, hasteko, errepublikazale direla fijatu, eta ez hainbeste espainolista direla fijatu (edo identitate espainolekoak, ez baitute zertan izan muturreko unionistak); Ezin dira tratatu falangistak balira bezala.

  • Amonamantangorri 2014-11-28 02:55

    Eramanen dizkiegu euskal makildantza eta pikutara paloteadoa, sagarrondoak landatu mahastien ordez, bertso eskolak zabaldu erdal jotak utzita. Ikas dezatela Santa Ageda bezperan etxez etxe eskean ibiltzen, opariak Olentzerori eskatzen Jesus haurrari beharrean. Gal dadila behingoz gaita soinu zakar hori.

    Halaxe bihurtuko dira riveroak guk nahi bezalakoak. Diren bezalakoak izaten segitzen badute, ez ditugu nahi. Eska diezaiotela anexioa Aragoari edo Errioxari.

    Baita ere, horixe bera egin nahi izan dugu abertzaleok Araba aldean… Bo, han ere maiz PPk irabazten ditu hauteskundeak.

    • Terminologia huts larriak antzematen dira zure mezuan. Badakit ironikoa dela, baina paloteadoak makil dantzak dira, nik dakidala. Zein da bada euskal makil-dantza? Ez al dira nafar makil-dantzak, hasi Donapaleutik Monteagudoraino, euskal dantzak? Italiatik ekarri-berri trikiti hori geron makil-dantzak baino vascoagoak al dira? Zuk gaita diozun hori dultzaina izan da beti, ziurrenik euskal musika-tresna beteena, egun ezagutzen ditugunen arfean, behinik behin.

  • Nik honela interpretatzen dut:
    Besteak beste Erriberan abertzaleek oso malgu eta beste indar batzuekin elkarlanean jokatu behar dutela. Erriberan abertzaleen mezu nagusia “independentzia eta euskara derrigorrezkoa” baldin bada, susmoa dut boto abertzalearen mapak eta euskararen mapak bere horretan segituko duela hemendik 30 urtera ere, edo okerrago. Trantsiziotik hona egoera ez ote da okerragoa?

  • Azken 30 urtetan egoerak okerrera egin badu zer izan da Erriberako abertzaleek zorrotzegi jokatu dutelako? euskara inposatu dutelako? independentzia? Ez dut uste.
    Akaso, ikastolak eta euskaltegiak sortzetik eta bultzatzetik harago, alderdi abertzaleek estrategiarik ez dutelako izan.