Kixmi

Eli Laztangurenen bloga

'Jentilen Akabera' Jamendon

 2009/10/29 - 07:27:03

"Joan Vollmer ez zen inoiz biktima rolean jarri"

Duela lau mezu Joan Vollmerri buruz idatzi nuen. Vollmer emaztea hil zuen William Burroughs idazleak tiroz, Mexikon, 1951. urtean, jolas batean. Elkarrizketa egin diot Folka, countrya, jazza eta bluesa nahasten dituen Jolie Holland musikari estatubatuarrari (Houston, 1975). Tom Waits du zaleen artean, eta haren zigiluan grabatzen ditu diskoak. Azkena The living and the Dead da eta erreferentzia zuzenak egiten dizkio Burroughs eta Joan Vollmerri. Azken honekiko lotura berezia somatzen zaio Hollandi. Irailaren 11n jaio zinen. Zer edo zer esan nahi du horrek zuretzat? Esan nahi du 26 urte bete nituenean urteurren ikaragarria izan nuela. Orain, gainera, New Yorken bizi naiz, eta oso berezia izaten da urtebetetzea. Jende askoren bizitza aldatu zen, mundu osoan. Beti izan duzu lotura handia AEBetako beat belaunaldiarekin. Zerk lotzen zaitu, Allen Ginsbergekin, Jack Kerouacekin eta, batez ere, William Burroughsekin? Amets bitxia izan nuen behin: Joan Burroughs nintzela. Hamar urte geroago, Tom Waitsek eskatu zidan Joan antzezteko Burroughsekin egin zuen musikalean. Abesti bat idatzi nuen haren inguruan. Harekin identifikatzen zara? Ez dakit. Haiek ameriketako kulturaren adierazpena dira, eta halako pertsonaiak oraindik badabiltza inguruan. Kultura hori bizirik dago, eta jende hori nire lagunak dira. Nire lagunetako askok ez dakite ezer beat haien inguruan, baina kultura hura bizi dute. Beat haiek izarrak ziren, azken finean, baina jende asko dago gaur kultura eta artea sortzen, inoiz izarrak izango ez direnak. Joan Vollmer biktima izan zen? Biktima izan zen, hitzez hitz, baina denok gara zer edo zeren biktima, eta ez dut uste hura berez biktima rolean jarri zenik. Oso pertsonaia interesgarria zen. Hark aurkeztu zituen Burroughs eta Ginsberg. Pentsalari garrantzitsua zen bere komunitatean. Joan Vollmer, 1944. urte aldera, Allen Ginsbergen argazkia. Zure musika denboraz haragoko kutsua dutela esan dute askok. Nondik ateratzen da kutsu hori? Konplimendutzat hartzen dut hori, musika on guztiak duelako denboraz haragoko kutsu hori. Gitarra jotzaile bat ikusi nuen atzo gauean [herenegun], eta ikaragarria zen. Jotzeko eran, eternitate kutsua zerion. Esan zenion? Negarra ateratzen zidala esan nion [barre]. New Yorkera etortzeko esan nion eta han kontzertu on batzuk lortuko genizkiokeela. Kantak zeuri gertaturiko gauzetatik ateratzen dituzu beti. Agian horretan datza sekretua? Inspiratzen nauen idazkera haiku klasikoarekin lotuta dagoela esan dezaket. Halako idazkera kultura guztietan dago, baina arreta guztia egia zuzen bat esatera bideratzen du zen haiku zaharrak. Escondida diskoko bertso bat dago, halako modu garbian idatzi nuena: The smell of burnt exhaust Drifts into the bar It's midnight in California It's high noon where you are [Ihes hodi erreen usaina / tabernan sartzen da / gauerdia da Kalifornian / Eguerdia zu zaren lekuan]. Une bateko esperientzia baten deskripzioa da, eta konturatu naiz kazetariek diskoko beste edozein bertso baino gehiagotan aipatu dutela. Horrek frogatzen du, halako bideek benetako eragina dutela jendearengan. Azkenean ez zenuen Joan Vollmerrena egin Tom Waitsek eta Burroghsen musikalean. Zer gertatu zen? Bira bat hitzartuta nuen ordurako eta ezin izan nuen egin. Azkenean Mary Margaret O'Harak egin zuen niri eskainitako rola, eta zoragarria izan zen. Damu duzu Vollmer antzeztu ez izana? Ez . Espero dut aukera berriz izatea.  2009/06/14 - 11:32:02

Jentilen Akabera Gaztean

Gure kanta Jentilen Akabera jartzen ari dira egunotan Gaztea irratiko Ekaitz Perfektua saioan. Entzun hemen Fermin Etxegoien saioko gidaria kantua komentatzen. Edonola ere, kanta bere horretan entzun nahi baduzue, hobeto beste bertsio honetan. Izan ere, irratirako asko konprimitzen dute soinua.  2009/03/04 - 04:45:04

Lengoaia birusa da

 2009/02/28 - 09:32:03

Jentilen Akabera

 2009/01/26 - 22:35:02

Akaba dezagun Amy Winehouse!

 2008/12/26 - 22:42:01

Tximino burugabea

 2008/10/28 - 17:49:03

Grafixmi mixteriotsua

Tximino baten burua irudikatzen duen graffitia ikusi nuen igandean Bilboko Zazpikaleetan. Norbaitek al daki irudi horren atzetik egon daitekeen istorioa edo nor den egilea?  2008/10/01 - 15:13:02

Um was geht es...

Alemaniako gaztetxo hipergaitu talde batek (hipergaitua = talentu apartekoa, 'superdotatua') Kixmi blogaren aurkezpen mezua alemanera itzuli du. Bigarren aldiz, irakurle batek bere hizkuntzara itzuli dit testu hori. Dagoeneko, ingelesez, brasileiroz eta alemanez daukat jarrita, eskuineko zutabean, Google turisten kontsolamendurako. Bihotzmakina bideoaren harira heldu dira gazte alemaniarrak Kixmi blogera. Ez zuten asko ulertuko; baina, zorionez, aurkezpen mezu bat ingelesez idatzita dut, Austriako Monochrom taldeak eskatuta. Hipergaituek gauza bitxia egin dute: ez dute soilik testua itzuli eta irudiak jarri, Kixmi blogaren HTML guztia erabili dute. Ondorioz, Kixmi blogaren klon bat sortu dute hemendik kanpo, orri bakarrekoa. Norbaitek al daki horri nola esaten zaion geek hizkeran? (Bloga klonatzea , agian?) Klonak klon, Danke Schön! Eskerrik asko Gottlob Preiswert eta besteei itzulpena egiteagatik.  2008/09/01 - 18:37:09

Tximino hipergaitua

Alemaniako haur hipergaitu batek idatzi dit (hipergaitua = talentu apartekoa, 'superdotatua'), Bihotzmakina bideoa bere web-orrian sartu duela esateko eta Jesukristo eta Hanuman tximu-jainkoaren arteko mimesiaz duen teoria azaltzeko. Beldurra ematen didate alemaniarrek, abstrakziorako duten joera ez delako gizatiarra. Gottlob Preiswert du izena eta talentu aparteko ikasleen forum bateko partaidea da. Nire bideoa YouTuben aurkitu duela eta zirrara sentitu duela esan dit. Teoria bat du mimesiaren inguruan. "Mimesiaren fenomenoa leku guztietan dago ezkutuan", azaldu dit e-mail batean, "horregatik zirrarak hartu gaitu ikusi dugunean agian baduela zurekin ere zerikusirik, zure bideoak gurekin bai behintzat". Batzuen arabera Jesu kristoren gorpua biltzeko erabili zen Turingo Izara , deiturikoa eta haren irudia ageri du. Haatik, erradiokarbonoarekin eginiko proben arabera, Turingo Izara XIII.-XIV. mendekoa da. Wernerren arabera, izara 180º biratuz gero, Hanuman tximinoaren irudia agertzen du. "Badirudi objektua -gurutziltzaturiko Kristoren physis-a- Hanuman tximu-jainkoaren Egia esan, nik ez dut Hanuman ikusten irudi horretan, eta saiatu egin naiz angulu guztietatik begiratzen. Egia da baitaere, duela urte batzuk modan zeuden lamina koloretsu haietan ez nuela inoiz lortu agintzen zidaten hiru dimentsioko irudirik ikustea. Aleman idealista zintzo gisa, Kant-Fichte-Hegel jarraitzen ditu Gottlob Preiswertek ere. " Tesi, antitesi eta sintesi " eskema aipatzen du. Jesu Kristo tesia litzateke, fisika, Mendebaldeko materialismoa, Hanuman ekialdeko filosofiako antitesia, psikea, espiritualitatea. Sintesia lortu beharko genuke "globalizazioaren etorkizunean". New Age kutsua du horrek, bistan da. Sintesi nahiak alemanieraz pentsatzen duen buruaren abstrakziorako joera ikaragarriaren munstroak dira. Philip K. Dick ek askotan idatzi zuen "gogo alemaniarraren joera psikotiko" horretaz. (Gogorregia naiz hemen, gaztetxoarekin zein germanoekin, oro har). Nik ez dut sintesitan sinesten. Markos Zapiain ek gogoratu duen moduan, antitesiaren ondoren gehienetan ez dator sintesia baizik eta protesia . Baina bat egiten dut hiruaren garrantzian. Lao Zi k esan zuen Dao de Jing bilduman: - Daoak Bata sortu zuen, Batak Bia sortu zuen, Biak Hirua sortu zuen, Hiruak izaki guztiak sortu zituen (Joxe Arregik eta Pilar Lasartek berriki argitaraturiko itzulpenetik) Egungo Kaosaren Teoria k arrazoia eman diola dirudi. David Ruellek eta Floris Takensek 1971ean argitaratu zuten On the Nature of Turbulence artikuluan esan zuten aski direla hiru mugimendu independente zurrunbiloaren konplexutasun osoa sortzeko. Diseinu adimentsua proposatzen duten neokreazionistek diote munduaren konplexutasunak frogatzen duela atzean "diseinatzaile" bat dagoela. Nire ustez kontrakoa da: Jainkorik balego mundua askoz sinpleagoa litzateke. Aitaren izenean, semearen izenean eta izpiritu santuaren izenean... Unibertsoaren abizena "Kaos" da eta tximinoa da horren profeta. (Preiswert gaztearena New Age bada, zer da nire amaiera efektista-folkloriko hau? Nire burmuinaren zein zirrikitutik atera da?)  2008/09/01 - 18:37:08