Nire etxeko leihoa

Egunero ikasten da zerbait

Urtea amaitzeko/hasteko irakurketak

 2011/12/31 - 13:02:08

MEME bat urtea amaitzeko

 2011/12/31 - 01:26:01

Eguberria igarotzeko beste erak

 2011/12/25 - 23:20:14

Larunbat gogorra Donostian

 2011/12/18 - 16:59:04

Eztarria-motorra berotzen

Bi urte pasa dira azken kontzertua egin zutenetik Katamaloko lagunek. Bihar Jimmy Jazz aretoan izango dira (Gasteiz). Bitartean motorra berotzen myspace-n daukaten tokian beraien kantak entzun behar. Zehatz mehatz Gotzon Barandiaranen poema musikatuak dira Bihotz Bakartien Klubeko egiten dutena. Plazer bat horrelako ekimenak aurrera eramaten direla ikustea eta, noski, zuzenean bizitzea. Gainera jendeak eskatzen zion zerbait zen. Eta publikoak ez dio defraudatuko taldeari. Dagoeneko Donostia eta Bilboko emanaldiko sarrerak agortuta daude. Jimmy Jazz aretoa Ez da lehen aldia Jimmy Jazz-en egongo naizena. Harrigarria badirudi ere eta ikasturte asko eman ditudan arren Gasteizen (5 uste dut, oker ez banago) Jimmy Jazz-era behin soilik joan naiz. Uste dut Gasteizera iritsi nintzen garaian (2005eko irailean???) Azkena deitzen zela. Bizardunak talde nafarra egon nintzen ikusten. Saio polita egin zuten. Bigarren diskoaren aurkezpenaren biran sartuta zeuden. Kontzertu entretenigarri batean lehen eta bigarren diskoko kantak entzuteko parada izan genuen. Aretoa saio familiarrak egiteko egokia iruditu zitzaidan. Eszenatokia ondo kokatua, audio ona... Bihar uste dut berriro musikaz eta literaturaz eta poema musikatuez eta... gozatzeko aukera izango dudala.  2011/11/05 - 22:37:06

Oñatiko jaixak 2011

Hasi dira. Urte bat gehiago, urte bat gutxiago. Pasa dira ia 365 egun azkeneko San Migeletako jai egunetik. Atzo eman zitzaion hasiera Oñatiko 2011ko jaiei. Txantxikuaren jaitsierak eta Nagusien Danborradak hartu zuten protagonismoa atzo. Iaz ez nintzen egon herrian (arrazoi pertsonal batzuk medio). Aurten hasieran egon naiz eta onartu beharra daukat pixka bat ahaztua nuela nolakoa zen herriko giroa. Atzoko anbientea oso polita iruditu zitzaidan. Txantxikuaren jaitsieran jende asko zegoen. Gainera, edade guztietakoa. Lekua jende guztiak duen ezaugarrietako bat. Aldarrikapenez beteta, gauza bat erabat zuzena. Jaia eta aldarrikapena uztartu daitezkeelako, eta horrek ez duena usten atzo, adibidez ez zen egon Txantxikuaren jaitsieran. Ez litzateke arrotza edo probokazio bezala hartu behar horrelako gauza bat. Ondoren, gauean, plazara hurbildu nintzen Danborradaren amaiera ikustera. Irudi politaz gozatzeko aukera izan genuen: plaza jendez inguraturik, berriro edade guztietako pertsonekin, danborradaren azken minutuak ikusi eta entzun. Programa konpletoa deritzot. Faltan bota dezakegu gauz bat edo beste (adibidez Mendi Bizikleta ibilaldia), baina Oñatiarroi eta kanpotik etortzen direnentzat ondo pasatzeko aukerarik ez zaigu faltako. Zorionak Oñatiar guztioi! Ongietorri kanpotar guztiak! Ondo pasau Oñatiko jaixak!  2011/09/29 - 23:00:02

Emakumezkoen Txirrindularitza, Munduko Txapelketa

Kopenhagen Txirrindularitzako Munduko Txapelketa errepidean ospatzen ari egunotan. Bihar izango da plater nagusia, gizonezkoen elite probarekin. Bitartean astean zehar kategoria txikiagoak eta emakumeak aritu dira erlojuz kontrako eta iraupen probetan, baita eliteko gizonezkoak asteazkenean erlojuz kontrako proban. Gaur emakumezko eliteak aritu dira. 140 kilometro izan dute aurretik helmugara iritsi aurretik (14 kilometroko zirkuitu bati 10 itzuli). 13:30etan ekin zaio probari eta hiru ordu eta 20 minutu eta gero Bronzini italiarrak irabazi du urrezko domina, Vos holandarrak zilarrezkoa eta Teuntenberg alemaniarrak brontzezkoa. Hauek ziren proba irabazteko hautagai nagusiak. Aipatu behar da Eneritz Iturriaga euskalduna 25. postuan iritsi dela. Guztira 40 txirrindulari baino gehiago iritsi dira lehen multzoan, seinale zirkuitua ez dela batere gogorra. Junior mailan, 70 kilometroko proban, Garner Britainiarra gailendu da. Bere atzetik Druyts belgikarra eta Siggaard danimarkarra. Irene Usabiagak 13. postua lortu zuen. Erlojupeko probetan berriz, elite mailan Arn alemaniarrak gailendu zen. Zeelanda Berriko Villumsen izan zen bigarren eta Pooley britainiarra hirugarren. Leire Olaberriak 26. postua eskuratu zuen, eta horrekin datorren urteko olinpiadetan parte hartzeko aukera, eta Eneritz Iturriagaetxebrriak 35. amaitu zuen. Junior mailan espezialitate berean garaipena Allen australiarrarentzat izan zen. Bigarren Barker britainiarra eta hirugarren Kröger alemaniarra. Irene Usabiagak 16. tokian amaitu zuen. P.d. Lotsagarria Teledeporteren jarrera. Munduko Txapelketa bateko probari baino ATP250eko partida bati eman diote lehentasuna. Lotsagarria!!! (gero esaten dute kalitateko telebista gauzatzen dutela).  2011/09/24 - 22:50:11

Bero-bero dago itsasoa!

Urte batzuk dira irailean ez nintzela kantauri itsasoan bainatzen. Azken aldia Donostiako Klub Nautikoko igeriketa zeharkaldian izan zen, iraileko bigarren astebukaeran izaten dena. Atzo iparraldera joan nintzen arratsalde pasa, nengoen tokitik hurbil zegoen eta aprobetxatu beharra zegoen. Lapurdiko Getaria ikusi nahi nuen. Ingurua ezagutu, baina herrira joan aurretik Bidarteko hondartzan pasa nuen pare bat ordu. Aipatzen dute hegoaldeko euskal kostako hondartzak eta iparraldekoak ezberdinak direla. Beno momentuz bakarra zapaldu dut eta hori horrela dela esan dezaket. Hegoaldean ohituta gaude hondartzak areazkoak izatera. Bidartekoa hondartza mixto bat dela esan dezaket, hots, area badauka baina harria ere. Hala ere, oso ondo dago arratsalde pasa egoteko iraileko egun batean: kotxea aparkatzeko tokia, jende askorik ez, leku ikusgarria... Gainera atzoko baldintza klimatikoek lagundu zuten arratsaldea ona izan zedin. Tenperatura beroak agian eguzkipean egoteko baina ura... ura bero zegoen! Beno, 22 gradutan Andoni Aizpuruk esan zuen bezala ordu batzuk lehenago ETB1eko eguraldi iragarpenean... baina ur freskoak atsegin zaizkion batentzat ura bero zegoen! Ta olatuen egoerak bainua perfektua izan zedin lagundu zuen. Metro eta erdiko altuerakoak. Uste dut inoiz ez naizela bainatu itsasoan horrelako olatu motekin. Ertzetik nahiko hurbil apurtzen ziren. Dibertitu nintzen hauek harrapatzen saiatuz, hori bai, surf taula gabe. Badirudi, aurreko urteekin konparatuz gero eta batez ere uztail-abuztua hilabeteekin alderatuz gero, eguraldi ona egingo duela. Aprobetxatu beharko dugu eta kosta inguruan bagabiltza hondartzara hurbilduko gara bainu bat edo beste ematera. Oñatin bagaude aldiz, Usakoko inguru berdeetara joango naiz (again uren tenperatura baxuek toki honetan ez didate ausardia nahikoa emango bainu bat emateko baina atsalde goxo bat gerizpean egoteko balioko dit).  2011/09/10 - 14:23:07

This is Anfield

 2011/06/09 - 10:08:01

Ez da beharrezkoa

Egun hauetan Euskal Herrian eta estatu mailan milaka gaztek unibertsitateari edo goi mailako ikasketei ekin aurretik selektibitateari egingo diete aurre. Orain dela sei urte egin nuen eta gauzak denbora gutxian aldatu dira. Zoritxarrez ez hoberako. Gogortu egin dute goi agintariek kontrakoa saldu eta esan arren. Hautazkoak diren azterketak adibidez soilik izenean geratzen baita aukera hori. Guztiek egin behar izaten dituzte azterketa guztiak lehia handia delako. Beraz prestaketa orduak liburu artean orain dela sei urterekin konparatuz gero uste dut igo egin direla. Garai hura estres eta tentsio maila altuko garai bat bezala gogoratzen dut. Pertsonalki presio handirik ez nuen, nire helburua 4a zen unibertsitateko aukeratutako karrerak ez zuelako notarik eskatzen, soilik batxilergoa eta selektibitatea gainditua izatea (selektibitatea azterketa bat gainditutzat izateko 4 bat zen gutxieneko nota). Berriro diot, ikasleon artean zegoen ezinegona oso altua zen. Hotzean pentsatuz gero ziur ordu batzuk gehiago sartu izan banitu emaitza hobeagoa aterako nukeela baina argi daukat ez zela izan azken finean hainbesterako. Badaude kasuak, ez dut ezetzik esango, selektibitatearekin ikasle askok beren etorkizuna jokoan izaten dutela. Notak eskatzen dituzten karreretan sartu nahi bada hil ala bizikoa izaten dira egun hauek. Helburuak ez badira betetzen gazteek dituzten planak zeharo aldatu daitezkeelako. Eta ez da beharrezkoa gauza honetatik pasatzea. Ez dela beharrezkoa deritzot nire ustez batxilergo tituluak ematen duelako ziurtasun bat maila altuko jakintza dutela selektibitatera aurkezten diren ikasleak. Ez da beharrezkoa ere goi mailako ikasketetan gauzak aldatuko balira. Hau da, azken finean selektibitatea onenen selekzio bat egiteko soilik balio du unibertsitate mailan ez direlako nahi adina plaza eskaintzen. Orduan galdetzen diot nire buruari, zer gertatzen da medikuntza bezalako karrera batean, ez direla beharrezkoak gure gizartean medikuak? Plaza mugagabeak izango balira karrera eta ikasketa guztietan selektibitatea edo baxoa bezalako probek ez lirateke existituko. Horregatik uste dut aurrekontu publikoak egiten direnean hezkuntzak jasotzen duen diru kantitatea erabat igo beharko litzatekeela (hor daukagu Finlandiaren adibidea BPGaren %7a gutxienez bideratzen duela). Tamalgarria da gizarteak behar ez dituen beharrizanetara bideratzea herriaren dirua (hau aipatzerakoan armada eta errege etxea etortzen zaizkit burura baina...). Hezkuntza azken finean etxebizitza eta osasunarekin batera gizarteko oinarrietako bat da. Horregatik helarazi nahi diet interneteko txoko honetatik elkartasuna milaka ikasle horiei. Munduko animo guztiak eman eta espero datorren ikasturtean aukeratu dutena egin dezaten.  2011/06/08 - 18:40:02

Nabigatu euskaraz