Hitz beste
Damu-mudak
Horra ikasle bat, maisuak darabiltzan margoak, hark ematen dituen brotxa-kolpeak, haren joan-etorriak imitatzen. Ez da ikasle txarra, Prado museoan aurkitutako Gioconda ren kopiak hala erakusten du. Baina egunotako informazioetan, aurkikundea bera baino interesgarriagoa da bidenabar baino agertu ez dena: bi koadroetan ageri diren pentimentuak koadroetan egon ohi diren damuen eta asmo-aldaketen arrastoak berdin-berdinak omen dira. Da Vincik, damututa, atzera egiten duenean, ikasleak ere atzera egiten du. Maisuak bideren bat utzi eta beste bat hartzen duenean, gauza bera egiten du ikasleak ere. Baina maisuaren dudak, itxaro-aldiak dira ikaslearentzat: zain egoten da beti maisuak zein bide hartuko. Maisuaren damua bere kabutatik irteten da. Ikasleak ere izango ditu dudak eta damuak, baina maisuaren bidetik desbideratuko lukete. Emaitzen atzeko zalantzak eta damu-mudak bereizten ditu jenioa eta imitatzailea. OHARRAK (Post scriptum) Duda-mudatik damu-mudara: pentimentuak ere horixe dira, duda-mudati jaiotako damu-mudak. Irakurri berri dut interpretazio interesgarri bat El Prado Museoko aurkikundeaz: betidanik zekite bertan zeukatela Gioconda ren kopia. Orduan? Ba propagandazko ekitaldi ondo kalkulatu bat izan dela guztia: krisi garaian, museoak krisiari aurre egiteko akuilagarri bat. 2012/02/05 - 13:13:01
Mailua
Postariak ekarri dion gutun-mazoan, erdal argitaletxe ezagun bateko propaganda, gazteen literatur sariketa baterako deialdiarekin. Bertan, sariaren ezaugarriak, testuaren nolakoari buruzko xehetasunak, eta sariaren zenbatekoa, oso eskuzabala bera. Zakarrontzira zihoan gutuna, baina oinarrietako baten mailukadak kolpatu du: Obra irabazleak irakurleen nortasunaren formazioan lagundu beharko du, integrazio soziala promozionatu, eta gizarte demokratiko baten balore propioak sustatu . Zorionez, balio literarioaz, tutik ez. Literaturak sariaren plantamendua izorratuko lieke! , pentsatu du. Behin idazle bati entzun ziona etorri zaio: mailu batekin iltzea sartzen ari zen ume baten eszena sartu zuen bere liburu batean; hura kentzeko eskatu zioten argitaletxe batean, bestela, hori irakurriko duten txikiek mailu bat har dezakete eta min hartu . Min hartuko lukeena, argitaletxekoa, irakurleak aurrean harrapatuko balu. 2012/02/04 - 12:14:01
Larrua
Telebistaren aurrean zegoen gure laguna, erdi lotan, albistegiko irudi pasaren aurrean. Kolpean, gizonkote bat ikusi zuen pantailan, mozkotea eta trauskil itxurakoa. Lagunak uste zuen kuluxkaren bat egin zuela, bukatu zela albistegia, eta pantailako mozkotea gangsterren serie B.ko aktoreren bat zela. Irudiaren hondoa odolaren kolorekoa zen, eta banku boteretsu baten logoa ageri zen bertan. Atrakuren baten sekuentzia zelakoan, gure laguna guztiz esnatu zen, film bizi bat ikusteko aukerak suspertuta. Ilusioak ez zion askorik iraun. Idazkitxo batek Edward G. Robinsonen itxurako aktorea identifikatu zion pantailaren beheko partean: Emilio Botin, Banco de Santander. Eta bankuko presidenteak ahoa zabaldu zuen: Krisiaren kulpa guztia politikariek dute . Lagunari larrua behar du! hitzak eta sua atera zitzaizkion batera ahotik. Laster, ordea, txaloka hasi zen: Bai, jauna, politikariena duk erru guztia! Hi bezalakoei laguntzeagatik . 2012/02/03 - 13:08:03
Hiriak
Hiri batera iritsi, lehen inpresioak jaso eta ikusten ari dena gustatzen bazaio, beti galdera bera egiten dio bere buruari: biziko al nintzateke hemen?, lortuko al nuke zoriona deitzen dugun, baina zoriona ez den bizipozezko status gutxieneko hori?, zenbat denbora egingo nuke bertan goxo eta bertan geltoki? Imajinatzen hasten da bizitza berria; terraza batean eseri eta jendearen nolakoari erreparatzen dio; azokak bisitatzen ditu; gorputza klimara ohitu bitarteko sentsazioak mamurtzen ditu Baina hiri iritsi berrian aurkitzen ari dena berak bere baitan eraman duena da. Badaki bere egoeraren eta momentuaren galbahetik pasatzen direla hiriari buruzko bere iritziak; badaki maleta pertsonalenean daraman ekipajearen nolakoarekin ilusioa, nekea, jakin-mina, abaildura marrazten dituela bisitatutako hirien mapak. Ez zaizkio katuak gustatzen. Erromako katuak ditu salbuespen, hondakinen artean eta eguzkiaren epelean goxo. OHARRAK (Post scriptum) Gaur epelean goxo egiteko aukera gutxi Erroman ere. Katuek, ordea, aprobetxatuko dute aukeraren urria, seguru. 2012/02/02 - 21:29:06
Horma beltza
Hotza omen dator. Gordina. 1956ko izozteak ere aipatu dituzte, eta gure lagunari labean berotutako adreiluak, lotarakoan hanketan jartzen zituztenak, etorri zaizkio gogora. Egundoko hotza pasatu zuen, etxeko aulkiak erre behar izan zituzten ijitoen kastakoa zen bera ere: gurasoek ere harrapatutako guztia erre zuten hotzari aurre egiteko. Egun haietan ez zuen elurrik egin, hasieran jela deitzen zion gauero egiten zuenari. Eta jela beti zuria zela uste zuen. Otsail hartan, ordea, horma beltza egiten ari zela entzun zien gurasoei, hamabost egunez hala deitu zioten hamabost egun haietan etxe aurreko zelaian zabalduta egon zen maindire izoztuari. Orduko hotzak, orratzek bezala ziztatzen zuen hotz gordinak, irakatsi zion bereizten ia urteroko jela zuria eta otsail hartako horma beltza. Zain dago. Ez dio inork esan beharko bihartik aurrera egingo duena horma beltza den edo ohiko alarma faltsu horietako bat. 2012/02/01 - 20:29:07
Moveuskadi
2012/01/31 - 09:47:02
Sugetzarra
Txillida Lekuko aferaren albisteak sugetzar beti beraren kapitulu beti berdinen errepikapen hutsak iruditzen zitzaizkion, eta aspaldi utzi zion sugetzarrari buruzko informazioak irakurtzeari. Egunkarietako titularrak, doi-doi. Hortik aurrera, paso. Ez ditu gertakarien xehetasunak ezagutzen, galdu du desadostasunen haria. Garai batean gogotik txalotu zuen Zabalegi baserriko ingurune paregabean hain museo ederraren pagotxa. Ahitu zaio interesa. Azken tantaraino. Jan-edanetik enpo egiten denean sentitzen dugun betekadarekin konparatzen du museoaren auziak eragiten dion asebetetasuna. Galdu du interesa eta kezkatuta dago. Kezkatuta dago, baina ez Txillida Lekuren etorkizunagatik. Ez horregatik bakarrik, behintzat. Telebistari entzun dionean sugetzarra Txillidatarren teilatura erretiratu dela, orain han daukala habia, garai batean sentituko zukeenetik ezer sentitu ez izanak kezkatu du. 2012/01/29 - 09:42:02
Kableak
2012/01/28 - 12:34:01
Robota
2012/01/27 - 13:35:05
Eredua
2012/01/26 - 08:40:03
