Kalamuatik Txargainera
Jaialdirik jaialdi, alfertuta
2012/01/18 - 08:58:08
C'est fini 2011!
Amaitu da! Bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo! zioen kantuak. Amaitu da 2011. urtea, gauza onak eta txarrak ekarri dizkigu. Mundu globalerako txarrak ziurrenik, nire mundu pertsonalerako onak, edo behintzat urte gozoa izan dut, ezin ninteke kexa! Badakit pertsona askok momentu gogorrak bizi dituztena, baina kontu onak ezin bazterrean laga. Beharbada, krisi madarikatu honek zerbaitetarako ere balioko digu, benetako gauzak zeintzuk diren gogoratzeko, alegia. Mundu materialistegian egon gara (gaude) sartuak, hori ongizatea eta zoriona delakoan. Eta ezetz deskubritu dugu, edo gomutarazi digu. Alde onak nonahi daude. ETAren adierazpena ere aurten etorri da. Ona, nahiz eta oraindik gatazka ez den konpondu. Baina bidean gabiltza eta abiatu ezik, ez dago konponbiderik. Alde pertsonalean, ez nuke esango aldaketa handirik izan dudanik. Dena den, bolada ona eta orekatua bizi dut, eta aurten estabilitate hori egonkortu egin da (posible balitz horrelakorik, behintzat!). Gainera, beste iloba bat ere jaio zaigunez, esango nuke momentu batzuk zoriontasunetik ere izan ditudala, sarritan ume bi horiei esker! Inork ez baitaki eurek ematen duten legez, gozotasun eta samurtasuna ematen, baita maitasuna ere. Beraz, denoi desio dizuet nik aurten disfrutatu dudana. Neure buruari ere bai, jakina! Horregatik 2012ak oreka emozional, ekonomiko eta pertsonala ekar diezazuela opa dizuet, bihotz-bihotzez! Jendarteari ere oreka eta samurtasuna opa diot. Txarto daudenak egoera hobean egon daitezela, eta baztertuta daudenak ikus dagitzagula, beraien alde egin dezagun lan. Hala ere, ez serioegi ez hartzea desio dizuet; izan ere, 2012ko abenduren 21ean mundua amaituko da :-) Horregatik, nik baino askoz hobeto Zaldieroak adierazten duenez, bere gaurko marrazkia jarriko dizuet! Urte berri on, ederrok! 2011/12/31 - 18:30:08
Durangoko Udal euskaltegiak 25 urte
2011/12/15 - 04:50:15
Zaharkitutako moldeak kanpainan
2011/11/20 - 10:18:16
Ulazia goguan
Atzo gogoratu genduan Txantxa zelaixan. Domekan gertatu zan istrupua, ixa astebete. Zeozer idazteko gogua izan dot, baiña ezin. Atzo be, funeraletik etorritta asmua banekan, baiña nekatuegi neguan. Pasau neikian idatzi barik ezer, egixa da. Baiña estimatzen dittugun personak juaten diranian, barruak agintzen dau, sentimientuak diñue asaskatu bihar dogula, eta blogarixok ezagutzen doguna hauxe da: zeozer idaztia. Ulazia ez zan nire lagun gertukuena, ezta gitxiagorik be. Eta, biharbada, batzuek, aste txarra pasau doadala esaten dodanian pentsauko dabe hori nabarmentziagaittik diñodala. Seguru, danetarako dago jentia-eta. Baiña askotan, lagun zirkulo zabal-zabal baten, hartu-emon handirik barik be, persona batzuk kuttunak dira. Juan Luis kasu. Asko estimatzen neban. Gehixago be esango neuke, famelixa haundi bateko kidiak garala: Eibarko Klub Deportibokuak, eta bertan ibili garanok, barruan, badakaugu zer dan hori. Horregaittik, neri bost holakorik pentsau leikenekin. Gure sentimientuak benetakuak diralako! Nik bera omendu baiño ez dot gura. Ez dot gogoratzen zelan ezagutu neban. Baiña badakat bere imajiña bat deportiboko buleguan ertz baten jarritta, serixo. Badakitt, hasiera baten, bera ikusitta hain haundixa, bizar horrekin eta itxuraz serixo, inponidu egin ninduala; pixka bat ezagut arte, jakiña. Irudi hori zihero aldatu zan denporia pasau ahala; izan be, Juan Luis beti zeuka irribarria ahuan, ez zan serixua, sinpatikua zan. Umore eta ironixa fiñekua. Lagun ona. Lagunak euskeraz dakazen esanahi guztiekin. Mendixan ezagutzen da ondo jentia. Eta berakin gitxi ala asko ibili ezkero, segiduan igartzen zan eskuzabala zala, beti laguntzeko prest. Beti animuak emoten, forma fisiko Ezin dot ahaztu Euskal Jaixari emondako laguntzia, bihar ixilla eginda, lan "zikiña": berak, mendi taldeko beste lagun batzuekin batera, artisau eta basarrittarren ferixako postuak montatzen, asto-lana egitten. Baitta difrutatzen be! Guapo-guapo jantzitta, egunaz disfrutatzeko prest. Hau guztiau, Mertxe andria onduan zeukala. Zelako bikotia! Enbidixia emoteko modukua! Gustau egin jata beti eurek emoten zeben sensaziñua. Ona, gustora egotekua. Egixa esan, jente gitxi dago holakua, hain jatorra, hain ederra, hain gixti merezi dabena gertatu jakona. Eta bizirik jarraittuko dau estimatzen genduanon bihotzetan, Deportiboko jendian artian, bere famelixan. Gugan bego esan behar nuen, baina gugan badago. Laztan haundi bat Mertxe, Ziortza eta Ehari. Besarkada bat Deporreko mendi taldekueri. Musu handi bat Juan Luis! 2011/10/01 - 15:57:14
Zergatik behar dugu Kukutza?
2011/09/23 - 05:51:04
Eibar.orgko blogek 10.000 artikulu!
2011/09/20 - 18:03:05
Monzon pastorala Bergaran
Larraineko herriak emana Bakoitzak bere perbertsioak dauzka eta nireetako bat lantzean behin pastoral bat ikustea da! Bai, disfrutatu egiten dut. Arraroa naiz, bitxia, badakit, baina zer egingo diogu, bada? Bakoitza bere zoroak bizi du! Egia esanez gero, ulertzen dut jendeari aspergarria suertatzea. Baina jakin behar da zelan joan eta norekin. noski, beti nire moduko lagunekin joaten naiz, disfrutatzen dutenekin, bestela besteen kexak entzuteko, ez. Beti erosten dut libretoa, eta beti jarraitzen dut, ostantzean, ezin liteke jakin zein den zein, eta zertan diharduten. Eta eroaten ditudan azkeneko gauzak: umorea eta barre egiteko gogoa. Osagai horiekin, seguru ondo pasatzen dudala. Ekainean-edo jakin nuenean Bergarara ekarriko zutela, ez nuen zalantza egin: egun horretan bertan izango nintzen: "Monzon" izan ala "Napoleon" izan. Behin etxera ekarriko digute, eta joan ez? Hala, osagai guztiak egoki nahastuta, Seminarioko patioko karpan eman genuen arratsalde osoa antzerkia ikusten. Pastoral berezia izan zen; izan ere, bost bat kantu Monzonenak ziren, jakina, eta ikusle guztiok genekizkien. Beraz, taulagainekoek ez ezik, karpapeko guztiok kantatu genituen. Eta denok dakigu zein edarra den hainbeste pertsonak batera kantatzea zein ederra den! Beste alde batetik, atipikoa ere izan zen hainbat dantza berri edota berriztu sartu zituztelako. Hori ez zitzaidan hain beste gustatu, uf, koreografia berriek ia beti auzo-lotsa puntu bat ematen didate, eta lan honetan ere horrela izan da: "Gerla" izenekoa ez zitzaidan gustatu, Monzonen heriotzakoa, tira, dantzariak hobeto egongo ziren satan jantzita. Orain, satanak aipatu ditudala, ez zen satanen elkarrizketarik egon! Bitxia! Esan behar dut, emakumeen presentzia pertsonaien artean ia hutsa dela. Oso maskulinoa da, eta hori igartzen dela Jean Bordaxar idazlea ahalegindu zela emakumeak ere sartzen. Baina, zoritxarrez, behartu samar geratzen dela. Bueltaka jardun genuen ea zein emakume ikusten genuen pastoralerako sujeta izateko, eta zoritxarrez, ez zitzaigun burura etorri. Lastima! Libretoari begiratzen jarraitzen badugu, batzuek abertzalekeria deituko liokete atzokoari. Baina jakina da pastoralak beti direla manikeoak: onak oso onak dira, eta gaiztoak, turkak, oso gaiztoak. Kontuan izanda turken artean Franco, Mola eta falangistak zeudela, gaiztoak benetan zuren oso gaiztoak! Gainera, prespektiba historikoa oso laburra da, duela gutxi hil zen Monzon, ez duela 200 urte. Eta pertsonaia horrek hori eskatzen zuen. Jose Antonio Agirre pastorala ez nuen ikusi, baina izango zuen "abertzalekeria", ezta? Santu bati eskaini izan baliote, erlijioaz eta jainkoaz jardungo zuen, ezta? Larraineko herriak jakingo du zergatik aukeratu zuen pastoral hori... Horrek harritzen nau: Horrelako herri baten, hegoaldekoon istorioetatik hain urrun egonda, hain pertsonaia markatuak aukeratzea. Ez dut inoiz ulertu. Baliteke, harridura hau izatea ezagutza eza, baina beti laga nau "deskolakatuta". Gustatuko litzaidake gehiago jakitea, eta euren pentsaera hobeto ezagutzea! Galdera gehiago ere sortu zitzaizkigun: berrehun biztanleko herri batendako zer ote da pastorala muntatzea? Herria derrigor indartu behar du, itzelezko indarra eta trinkotzea. Gauza ederra izan behar da! Gogorra eta ederra! Amaitzeko gaiztakeria bi: Bergaran taula gainean agertu ziren ardiak eta astoa bergarakoak edo ingurukoak izango ziren, ezta? Zeren, bestela, zelako bidaia, ardi koitaduak! Bestea: nor geratu zen Larrainen herria zaintzen? Santa-Grazikoak? Nork ematen die jaten Dena dela, ederra da egin duten lana: eskerrik anitx! 2011/09/19 - 06:14:18
Irailaren 11ko zalantzak
2011/09/12 - 07:59:09
Ilargiko gure nebatxoa
Bideo zoragarria! Oso era ederrean kontatzen du neskatxo batek neba nolakoa den. Autismoa du baina ez da arraroa desberdina bazik. Gaixotasun gogor horretaz egindako irudi hunkigarria, ume txiki baten ahotik. Merezi du!. Bideoa frantsesez da, baina gaztelaniaz azpititulatuta dago. Disfrutatu! 2011/08/11 - 16:04:03
