G&A; (Gauez eta Azpikeriaz)

Katixa Agirreren blog kriminala

Odisea

Irunera joan behar nuen. Bilbotik. Garraio publikoa erabiliz, noski. Metroz jo dut Termibusera. Autobusez joan naiz Donostiara. Oinez abiatu naiz Euskotren geltokira. Topoz joan naiz Irunera. Taxi bat hartu behar izan dut ikastolara ailegatzeko. Egin beharrekoa egin eta gero, bide bera egin dut, kontrako zentzuan. Taxia, topoa, hankak, autobusa, metroa. Eta etxera ailegatu naizenean inork ez dit txalorik jo ingurumen eta garapen iraukorraren alde egindako guztiagatik.  2008/05/06 - 20:32:02

Haragiaren mina

Haragia da muga , haragia da arazoa, baina haragia besterik ez dugu. Haragia besterik ez gara. Horra hor gure tragedia. Arimaz hitz egingo digute, baina helduak gara dagoeneko, ez gaitezen engaina. Haragia gara: onerako zein txarrerako. Sufritzen duen gizaki oro da haragia, dio Elisabeth de Fontenay k, eta aipu hori bildu du Eider Rodriguezek bere bigarren narrazio liburuan. Liburuari ere izenburu zehatz hori jarri dio, zalantzarik gera ez dadin: Haragia (Susa, 2007). Haragia, bai. Gordina. Xamurra. Mina zein plazeraren eremua. Haragia: onerako zein txarrerako. Rodriguezen haragia txarrerako izaten da gehienetan, ordea. Oinazea eragiten duen horietakoa dirudi aurkezten digun haragi-puska bakoitzak. Bisturia sartu eta bitan banatzen ditu azala, haragia, giharrak Eiderren labanak. Mina. Odola. Behazuna. Kontzesiorik gabe. Erruki izpirik gabe. Kontsumista-konpultsibo-bulimikoa. Bere buruaz beste, ofizialki eta gezurrik esan gabe, egin nahi duen emakumea. Nagusia hiltzea desio eta Thelonious izeneko bere katua hiltzea baino lor-tzen ez duen neska be-bopzalea. Presoa gose greban, eta abokatua turismoa egiten. Amonaren heriotzak gehiegi izutzen duen biloba. Liburu honetan ez da inor salbatzen. Hamabi ipuin dira, baina ez dago ihesbiderik. Bere bigarren narrazio bilduma gorrotoz idatzia dela esan du egileak, amorruz. Baina maitasuna ere badago liburuan. Haragiarekiko maitasuna. Edo behintzat, kezka. Maite dugun horrek kezkatzen gaitu. Haragia garelako, eta kezkagarriak garelako oso. Haragiaren alderik krudelena pairatzen ari da lagun bat egunotan. Ez diot liburu hau gomendatuko, momentuz. Besarkada bat baino ez diot bidali nahi, haragia haragiaren kontra. Haragia baino ez garelako: gaixotzen eta hiltzen den haragia, baina baita besarkatzen eta beroa helarazten dakien haragia. Besarkada handi bat, beraz, I. Oraingoan mina ekarri dizu haragiak, baina etorriko da plazera ere, halako batean.  2008/05/02 - 14:08:02

Eider Rodiguezen "Haragia" Irakurlearen Tartean

 2008/04/23 - 13:20:01

ministr@

Pasa den asteartean buruz buru ikusi genituen Belen Gopegui eta Iban Zaldua mahai-inguru batean. Ez daukat oso argi gaia "literatura eta konpromisoa" edo "literatura gizartearen aurrean" ote zen. Edozein kasutan, marko horren mugetatik at ibili ziren bi idazleak, egoki eta interesagarri. Publikoari hitza eman zitzaionean, gizon batek egunerokotasun handiko gai bat ekarri zuen hizpidera. Defentsa ministro emea, haurdun gainera, ejertzitoak tente jartzen. Horren gaineko iritzia eskatu nahi zien hizlariei. Baina horren aurretik bere iritzia eman nahi zuen ere: patetikoa zen emakumearen mimetismoa. Gopeguik, orduan, feminismoaren barruko bi ikuspuntu gogoratu zituen: berdintasunaren feminismoa, gizon eta emakumearen berdintasun totalaren aldekoa dena, eta diferentziaren feminismoa, emakumearen berezko ezaugarriak azpimarratu eta goraipatzen dituena (umeari mukiak kentzea ekintza sublimetzat aldarrikatzeraino, Gopeguiren hitzetan). Carme Chacón-en jarrera, beraz, begi txarrez ikusiko lukete diferentziaren feministek. Bale, lortu egin duzu: emakumea izanik zure egin dituzu Defentsa ministerioari dagozkion balio atzerakoi eta zapaltzaile guztiak. Eta? Hori aurrerapausoa ote da? Txalotu behar al dugu zure "Viva España" matxo hori? Ez dakit aurrerapausoa den ala ez, baina nik behintzat, gogoz aldarrikatuko nuke zapaltzaile, atzerakoi, monarkiko, militarista eta abertzale izateko eskubidea. Behin eskubide hori lortuta, hari uko egiteko, noski. Ezin balio batzuen kontra egin, horiek sentitzeko eta praktikatzeko eskubidea ukatu bazaigu. Azeri emeak mahatsak ez zituela nahi esan zuen, eskuratzea ezinezkoa izango zitzaiola ikusi zuenean. Eskura izan eta haiei uko egitea: horra hor benetako meritua. Ukazio horretatik etorriko litzateke egiazko diferentzia, nik txalotuko nukeena, Chacón-ek eskuratu ezin duena. Bestela ere, non dago borroka? Norbaitek ukatuko digu, akaso, umeari mukiak kentzeko eskubidea?  2008/04/18 - 12:53:04

Orain dela hamazazpi urte...

Beste egun lanpetu bat. Eta dena okertzeko, gaur eguzkia atera da. Blogean idatzi gabe pasatako beste egun bat izan zitekeen, baina mutil bat zoriondu beharra daukat hemendik. Orain dela hamazazpi urte hartu nuen lehenengoz besoetan. (Orain dela hamazazpi urteko oroitzapen garbiak ditut, grabea ote?) Gaur, berriz, bera ni altxatzeko gai da, eta esku bakar batekin. Eta blog bat ere badu! Zorionak, JB.  2008/04/15 - 18:37:02

Aingerutxoak

Ni joaten naizen igerilekuko aldagelak umez beterik daude. Neskatoak, baina baita mutikoak ere. Beren amekin. Normala. Laguntza behar e dute oraindik dutxatu eta janzteko. Suposatzen dut gizonezkoen aldagela berdin egongo dela: mutikoz zein neskatoz lepo. Beren aitekin. Ez dakit ziur, ez naizelako inoiz gizonezkoen aldagelan sartu (zer ust e zenuten ba), baina baietz pentsatu beharko dut. Bat-batean, baina, kartel bat agertu da aldageletako atean: zazpi urtetik aurrerako mutilek gizonezkoen aldagela erabili beharko dute. Ondo dago umeen autonomia sustatzea, eta zazpi urte adin egokia izan daiteke bakarrik dutxatzen, lehortzen eta janzten hasteko. Baina, aizue, nondik nora kartel horren beharra? Bat-batean agertu denez (igerilekua orain urte erdi ireki zuten) pentsatu daiteke norbait kexatuko zela eta horregatik jarri dutela oharra. Andreren bat haserretuko zen zazpi urte eta erdiko ume batek gehiegi begiratu zizkiolako mitxelinak? Edo norbaitek iradoki zuen mutil koxkortuak horrelako ikuskeretatik babestea hobe izango zela? Zazpi urtetako muga horrek, gainera, arazo praktikoak dakartza. Norbait jarriko al da atean sartzen diren mutikoen adina kontrolatzera? Eta zer gertatuko da altu samar datorren sei urte eta erdiko mutiltxoarekin? Testu-liburuak atera beharko ditu eskolako lehenengo mailan dagoela ziurtatzeko? Eta txiki datorren zortzi urteko ume horrekin zer egin? Seguru bere tamaina txikiaz aprobetxatu eta zelulitis eta krema hidratatzailearen paradisuan sartzen lortzen duela, pikaro halakoa! Horrelako neurriak hartzen direnean ez da inoiz argi geratzen norentzat egiten diren. Umeak babesteko? Kontrako sexuaren gorputzen aurrean beldurtu ez daitezen? Txiki-txikitatik genero banaketa eta bere teknologia argiro barneratu dezaten? Helduak erosoago sentiarazteko, aingerutxoen zakiltxo edo alutxo horiek urrun mantenduz? Edo umeei buruz ditugun gure ideia bitxiak beren horretan mantendu ahal izateko?  2008/04/04 - 23:40:03

Saridunak

Zorionak saridunei eta eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi, erakutsi duzuen interesagatik. Datorren urtean, akaso, errepikatu egin beharko dut operazioa. Laster jasoko dute Sua Falta Zaigu -ren ale bana, hurrengo literaturzaleek: - Isabelet - Aitor - Iruri Markos, hurrengoan izan beharko du!  2008/04/02 - 23:31:13

Bihar, Lutxo Egia Irakurlearen Tartean

Martxoko saioa Apirilean egingo dugu. Horrelakoak gara gu. Bihar, hain zuzen ere. Lutxo Egia etorriko zaigu I rakurlearen Tartera , Zubigilea bere nobelaren inguruan hitz egiteko. Uxue Alberdi izango da saioaren gidaria. Beti bezala, gonbidatuta zaude. Pastak egongo direla entzun dut hortik zehar. Anima zaitez. Arrastiko 20:00etan Txurdinagako AEKn aurkituko gaituzu. (Arbidea, 21)  2008/04/01 - 17:24:49

Azkena

Bukatu dira oporrak , luzatu zaizkigu egunak, eta orain dela bi aste baino gehiago martxan jarritako lehiaketak hirugarren irabazle bat behar du. Azkar eta fin ibili dira blogeko irakurle-lehiakideak, eta horrek maila igotzera behartu nau. Gaurko pasartea ez dago klasikoa kontsideratu daitekeen liburu batetik aterata, bai ordea, oso gustura irakurri nuen ipuin-liburu batetik. Zein, baina? Ea nork asmatzen duen egilearen izena eta liburuaren izenburua... "Soineko urdi elektrikoz jantzitako azafatek bizkor batu dituzte gosariaren hondarrak. Laster esango diete hegazkina lurreratzekotan dela eta gerrikoak lotzeko. Erpurua ahoan duela, haurrak zilarrezko hegalaren muturra ikusi du bere aldeko leihatilan, eta ikuskizun horrekin batera etxean utzi duen jostailuzko ezpataz oroitu da. Posible balitz, esku artean izan nahiko luke, zeru urdinetako erresuman bizi ohi diren herensuge hegalariak uxatzearren."  2008/03/31 - 17:17:23

Bigarren aukera

Azkar argitu da aurreko post-aren galdera. Zailago jarri beharko dut oraingoan, bada. Nondik atera ditut hurrengo lerroak? "Gainera, Txemak ere ez zuen hilekoa onartzen, sekula aitortuko ez badu ere, hilekoa nuen egunetan nire gorputzak atzera egiten zion, niri ere atzera egiten didan bezala, lotara segituan, potxola, aurpegi txarra duzu, tripako mina. Kontuz gero ilea bainuontzira sartzearekin, pelukeriako lan guztiak alferrik galduko ditut."  2008/03/17 - 16:02:09