egizu getxo euskaldun

Gure xedea Getxoko euskaldun komunitatea sendotzea eta hedatzea da.

Inma lagunari gutuna

Kaixo Inma! Gutunak idaztea zaila izaten da gehienetan, are gehiago, bihotzeko kontuak letren bitartez kanporatu behar ditugunean. Zuk ekarritakoak, bihotz kontuak dira guretzat; bai, barruraino heldu baitzaigu zure ekarpena. Egunerokotasunean murgilduta geundela heldu zinen gure mundu txikira, paper eta agendako hitzorduen artean galduta geundela. Ezustekoa izan zen guretzat, digeritzea zaila egin arren, sabelean sentsazio ederra uzten duten ezusteko horietakoa. Ohituta gaude komunikabideetan entzuten, urruneko herrialderen batean gertatutako hondamendi handien ondorioei aurre egiteko, erakundeek zein banakoek diru-laguntzak eman dituztela. Zuk aldiz, horiei begiratzeaz gain, gure herriko euskararen mundu txiki-hurbilari kliska egin diozu. Eta bihotzez eskertu gura dizugu hori, bultzada ederra eta aurrera egiteko adorea ematen baitigu gure beharrean sinesten duen jendea badagoela ikusteak. Batzuen ustez, Getxoko euskararen munduak ez dauka aurrera egiteko adina indarrik. Ez dugu baieztapen horretan sinesten eta zurea bezalako keinuek horri buelta ematen laguntzen digute. Bapiruke antolatzen, blogari euskaldunak biltzen, sagardotegira txangoak egiten, aldizkariak kaleratzen, berbalagunak euskaraz berba egitera animatzen, albisteak idazten, eskola kirola euskalduntzen... hori guztia egiten jarraituko dugu zu bezalako jendeari esker; gure egitasmoak zureak eta gure beharrean sinesten duten guztienak direlako, zuek egiten baitituzue posible; zuek ematen diezue zentzua. Zuk eskatutakoa betetzeko gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu; herri honi berea den hizkuntza zaharra itzultzeko, bidea egiten jarraituko dugu. Eta ziur izan, bide luze horretan zu bezalako asko topatzen baditugu gure beharra askoz errazagoa izango da. Apirilean adibidez, Sarea Josten ekimenari esker, herriko euskaldunak elkarlanean ikusiko ditugu; bazkaltzen, hitzaldiak entzuten, herri kiroletan lehiatzen eta beste hainbat kontutan parte hartzen, elkarregaz. Zeu ere gure artean egongo zara, Berbalagunen mingainetan, taldekideak animatzen dituzten lagunen oihuetan, txalapartarien ttakunetan... Bitartean, beharrean jarraituko dugu getxoztarrei eurena den hizkuntza zaharra itzultzeko. Bertsolari ezagun batek esan zuen bezala: “ herri hau sortzen segi dezagun euskaratik eta euskaraz ” . Besarkada gozoa, hurrengora arte! Bizarra Lepoan , Egizu, UKberri eta UK aldizkariko lagunak  2010/03/09 - 11:37:32

Liburuak doan doaz

Aste honetako liburuak ate joka ditugu. Ondo begiratu zerrenda, eta baten bat gura baduzue, esan lehenbailehen . Liburu onak oso arin eskatzen dituzue eta! 94 491 4357 / 619 935 541 / egizugetxo@gmail.com / Karitatea 1, 10.bulegoa 48991 Algorta. Gaur lagun berri bati ere eskertu beharrean gaude, proiektu txiki honetarako liburuak ekarri dizkigulako. Mila esker Mariasun! Zuek ere gauza bera egin dezakezu ;) Martxoak 9 Narrazioa BORDA, Itxaro: Jalgi hadi plazara , Susa, 2007. MUJIKA, Luis Mari: Bidean ihes, Hiria, 2007. ZABALA, Pello: Zeruan zer berri? Arantzazuko talaiatik eguraldiari begira , Alberdania, 2006. Saiakera CRYSTAL, David: Hizkuntzaren iraultza , Erein, 2007 (euskaratzaileak, Xabier Sarasua eta Amaia Lasheras). MARX, Karl: Frantziako klase gatazka , Hiria, 2007 (euskaratzailea, Mario Onandia) Poesia MUTIOZABAL ZABALA, Aritz: Lo hartu aurreko buruhausteak saihesteko pilulen ondorioak , Bermingham, 2006. Itzulpenak BALLINGER, Bill S.: Ilegorriaren emaztea , Igela, 2007 (euskaratzailea, Xabier Olarra). 2 urtetik aurrera LODGE, Jo: Zer daukazu, Kroko? , Ibaizabal, 2007 (euskaratzailea, Naroa Ogando). 5 urtetik aurrera IGERABIDE, Juan Kruz: Adio, Jonas , Aizkorri, 2007 (ilustratzailea, Mikel Valverde). Gazte literatura ATXAGA, Bernardo: Markonitar handien ekintza handiak , BBK, 1996 (ilustrazioak, Mikel Valverde). ALVAREZ, Blanca: Hitzak ogiaren truke , Ibaizabal, 2007 (euskaratzailea, Aitor Arana). Komikiak ETXEBESTE, Jon Martin & CHARRO, Mia: La Habana , Gero, 2007. DVDa UK aldizkaria: Getxo akordaten naz , 2007. Ale 1 Musika + DVDa MENDIBIL, Gontzal: Arrupe. Ikuskizun musikala , Keinu, 2007. 3 ale  2010/03/09 - 10:32:05

Xabinaitor, superheroi EGAduna Areetara dator

Antzerkia doan ikusteko aukera dute Getxoko berbalagunek. Bai, bai, irakurri bezala. Ez ditugu liburuak bakarik oparitzen, oraingoan Getxoko Euskara Zerbitzuko lagunek bost lagunentzat bina sarrera bidali dizkigute, eta zuentzat dira. Bihar eguerdira arte duzue epea eskatzeko. Arin ibili eta deitu edo mezua bidali. 619 935 541 // egizugetxo@gmail.com Zapatu honetan, martxoaren 6an, 20:00etan Areetako Andres Isasi musika eskolan. Xabinaitor Superman, Batman, Spiderman... Orain, EGA titulua duen heroi bakarra dator, eta hori guztia Wazemank telebistako saoi ospetsuko lantaldearen eskutik. Horrela, adin guztietako ikus-entzuleentzat lan dibertigarria eskainiko digute labeldun superheroiaren inguruan. Xabinaitor Antzezlanak orria dauka Facebooken, sartu!  2010/03/03 - 17:35:05

Liburuez gain DVDak eta musika oparitzen dizugu

 2010/03/02 - 13:40:03

Atzo Iņaki Friera izan genuen irakurzaleen txokoan

 2010/02/26 - 14:12:04

Sagardotegira ere joan beharko dugu, ezta?

Martxoaren 13an, larunbatean, bertsolari eta musikariek lagunduta bazkalduko dugu Astigarragako Astarbe sagardotegian. Indautxu, Mahatserri (Santutxu eta Txurdinaga) eta Getxoko berbalagun eta lagunak joango gara, Lauaxetako hainbat talde ere animatzen ari dira. Baina, aurten, zerbait berria gehitu diogu proposamenari, bi plan egiteko aukera izango dugulako. Lehen aukera: GOIZETIK GAUERA / Ekainberri kobazuloan bisita 10:30 ean Zestoako Ekainberri kobazuloaren erreplika bisitatu 13:30 ean Astigarraga ko Astarbe sagardotegian bazkaldu bertsolari eta musikariekin Arrastian Hernanin poteoa 20:00 etan bueltatzeko hitzordua 22:00 ak aldera etxean Bigarren aukera: EGUERDITIK GOIZERA / Parranda itzela Hernanin 13:30 ean Astigarraga ko Astarbe sagardotegian bazkaldu bertsolari eta musikariekin Arrastian & gauean Hernanin parranda itzela!!! 3:00 etan bueltatzeko hitzordua 5:00 ak aldera etxean Lehenbailehen eman izena telefonoz, 619 935 541 (Rozio), gero 38 € ingresatu zure izen-abizenekin Euskadiko Kutxako gure kontuan (3035 0067 66 0670062588), eta eginda dagoenean ere abisatu, mesedez . Ekaingo kobazuloaren erreplika bisitatu gura baduzu, aukera ederra duzu. Zer edo zer ikusten joateko hemen euren web gunea duzu. Astarbe sagardotegiaren inguruko informazioa ere topatu dugu sarean. Animatu, gonbidatu lagunak eta goazen sagardotegira!  2010/02/25 - 21:02:05

Aste honetan ere liburuak doan : )

 2010/02/25 - 15:01:03

Iraupen-eski ikastaroa Sonporten! Eta parranda Jakan ; )

Martxoaren lehen asteburuan eskiatzera joango gara Getxoko hainbat berbalagun, familia eta lagun koadrila. Urtero-urtero plan berbera egiten dugu: bariku arrastian, 18:30ean, autobusez Algortatik irten, Jakako hotel batean lo, zapatu goizean Sonporteko eski-estazioan 2 orduko ikastaroa (hasiberrientzat eta esperientziadunentzat), arrastian Jakan poteoa, hotelean afaldu, horren astean batzuek parranda... Eta domekan berriro goiz altxatu, ondo gosaldu eta hotela utzi. Sonportera berriro eta han eskiatu, arrastiko 4 eta erdiak aldera buelta, eta 9etan edo Algortan berriro. Krisi garaian gaudenez deskontu bereziak ditugu aurten familientzat : lehenengo umeak % 25eko deskontua du, bigarrenak % 50ekoa eta hirugarren umearentzat bidaia doan da. Noiz: martxoaren 5etik 7ra Prezioa: 135 € // Berbalagun eta Bizarra Lepoan euskara elkarteko kideek 105 € Prezioaren barruan: autobusa, egonaldia (Oroel Apart-hotelean, hirunaka edo launaka), bi gosari, larunbateko afaria, forfaitak, 2 orduko ikastaroa euskaraz egunero, ekipo osoko alokairua eta asegurua. Merkea, ezta? Izena ematea: otsailaren 24ra arte , telefonoz ( 619 935 541 / 94 491 43 57) zein posta elektronikoz (egizugetxo@yahoo.com) // Karitate kalea 1, sotoa 10. bulegoa | 48991 Algorta GETXO Ingresoa egiteko: Euskadiko Kutxako 3035 0067 66 0670062588 kontuan zuen izen-abizenak ipini : )  2010/02/22 - 21:53:02

"Zureak egin du" Uribe Kostako irakurzaleen txokoan

 2010/02/18 - 11:15:04

Liburuak barra-barra eta doan

 2010/02/16 - 17:44:03