Nafar periferiatik
Aitorrezinaren aitortza
2012/01/23 - 16:49:03
Zulo bat hizkuntz itsasoan
Testu batean hizki etzanezko hitz bat txertatzen dugunean, arrazoi anitzengatik izan daiteke. Bertzeak bertze, hitz horrek gure hizkuntzan parekiderik ez duenean eta bertze hizkuntza batetik bere horretan hartu dugunean, mintzo berezia dela adierazteko ibiltzen dugu grafia nagi hori. Euskaraz, gero eta gehiago, hainbat perpaus sarri ulertezin bihurtzeraino bereziki larri zait arazoa informatika arloan, aitortu behar dut ene ezjakinean , ingelesezko erramoldeak ditugu etzanik idatzi behar diren horiek. Ba, kasurako, gaztelaniazko testuetan badago euskaratik harturiko hitz zehatz bat bertze anitzen artean, jakina , hain arrakasta handia lortu duena non, gaztelerak jada bere eginik, ez baita aspaldin hizki etzanaz idazten: alegia, zulo mintzoaz ari naiz, euskaraz duen hainbat adieratatik bakar bat gaztelaniak bere egina. Eta halako moldez non, gaztelaniatik bertze hizkuntzetara itzultzen diren testuetan, zulo hitza bere horretan hartzen baitute , baina, naski, hizki nagi etzanez jarririk. Unibertso zabaleko hiztegietara ekarpen aparta, bai horixe, euskara gure hizkuntzarena! Baina, eta hortaz nire apunte hau, mundu zabaleko bertze hizkuntzek gaztelaniatik harturiko testuetan eta areago, atzera bueltan ere: bertze hizkuntzetatik gaztelerara eramaniko hainbat testutan zulo hori aurki dezakegu. Horrelako zulorik al dago ingelesez, alemanaz, swahiliz, suomieraz, estonieraz , zuzenean euskaratik jasoriko testuetan? 2012/01/22 - 23:00:05
Orojakilearen pribilegioak
Atzoko Berria n komentatu nuen nobela honen inguruan, galdera bat egina nintzen neure buruan: alferrik dut galdetzea zer eginen duten pertsonaia hauek euren egoeraren korapiloa askatze aldera, baina bai datorkidala, aldiz, bertze galde hau: zer bururatuko zaio egileari bere pertsonaiak abentura gune bakoitzetik aterarazteko? Nahikoa izan daitekeena ustezko ihesbide literaturzale anitz harrapatzeko, nahiz eta bertze batzuok, horrelako literatur motaren zale izanik ere, nahiago dugun lehen galdera, kasu honetan alferrikako hura. Hortaz azaldu nuen nire duda: serioegi ez ote nuen nik neuk jokatu, egileari irakurlearekin serioegi jokatzea leporatzean. Sariak merezitako ipuingintzatik eleberrigintzara egin du jauzi Joseba Lozanok gaurko narrazio honekin. Generoko nobelagintzara, hain garbi ez egon arren zein generotara. Bi zati baitu nobelak eta zati bakoitzak genero baten kanonei jarraitu. Polizia-intrigazkoei lehenak, misterio esoterikoetakoei bigarrenak. Bien arteko loturak, bi motakoak: protagonistenak batetik, eta intrigaren kartak mahai gainean jarri ondoren korapiloaren askaerak mundu esoteriko batera egiten duelako salto bertzetik. Lehen zatia intriga hutsezkoa da. Bi hari nagusi lotzen dira narrazioaren bilbean: ikerketa polizial profesionalaren errutina protokolozkoa, ezer aurkitzeko gai ez dena, versus krimen ilunen ikerketetan zaleturiko internauta lagun talde baten intuizioa, arrastoen gainean jartzen gaituena, horren kontraste dugu hari bat; bertzea, ikerketa polizialaren arduraduna, profesional ona, omen, baina bere arazo pertsonalak dituena, maitemintzen dela internauten taldeko neska informatzailearekin, beronek ere bere arazo pertsonalak dituelarik: bien arteko harreman berezietan zentratuko da narratzailea, betiere ikerketaren inguruko informazio-trukearen harira. Garapen eta erritmo geldoko zatia. Bigarrenean biziki azkartuko da gertaeren erritmoa, lausotu eginen da polizia arduradunaren protagonismoa, neskarenak mantendu eta bertze bat pasatuko da neskaren parera, internautetako bertze ikertzaile bat, alegia. Errana doan bezala intrigazko kartak nobelaren erdialdean mahai gainean behin jarriz gero, bertze bide batetik jorratu behar misterioa eta irakurlearen suspensea. Hortaz, mundu esoteriko baten giroan, sekta bat, sinesmenak, erritoak eta hauetarako uniformeak, bilera sekretuak, kripta, soto eta estoldetako bilguneak , hori guzti hori ezagutzeko ibileretan sortuko diren abenturak ditugu suspensearen euskarri. Narratzaile orojakileak erabakitzen du zer informazioa eta noiz eman irakurleari, kontakizun osoan. Zer eta noiz, hala deskripzioak eta informazio osagarriak ematerakoan nola pertsonaien elkarrizketa edo gogoetak zuzen garatzerakoan. Narratzaile orojakile guztien pribilegioa, zer erranik ez. Kontua da pribilegioa bere neurrian kudeatu behar dela. Eta irakurle honen irudikoz, abantaila horretaz abusatzen duela egileak. Argumenturako beharrezkoak ez diren digresio historiko eta taxu turistikoko batzuk, luzeegiak bertze batzuk, paragrafo narratiboetan; ekintza zuzen gisa planteatzeko moduko hainbat gertaera bere azalpen hotz bihurtu du narratzaileak; elkarrizketa eta gogoeta esplizituegiak jarri ditu pertsonaien aho eta buruetan, bai krimenen zantzuak ikertzerakoan, bai gaizkileen motibazio esoterikoak argitzerakoan. Ez du lortzen, nobelak, atmosfera bat sortzea; gehienez jota, bigarren zatian, baina osagai sinpleegiekin, ohikoegiekin: aipatu ilunpetako agertoki horiekin alegia. Ez digu keinu batere egiten irakurleoi nolabaiteko konplizitate bila, serioegi jokatzen du egileak edo nik neuk, agian, berari hau leporatzean , propio sinesgaitzak diren horrelako abenturetan gure jolas-konplizitatea lortzeko. Halaz ere, badu suspenserik eleberriak, genero literatur zaleak asetzeko adina. Suspense sotilagoa lehen zatian, testuen hermeneutikan oinarriturik; arruntagoa bigarrenean: abenturen segidan sortzen den suspensea alegia, argumentu barneko logikan ez datzana, baina bai irakurlea bere buruari galdezka ibil daitekeelako ea zer bururatuko zaion egileari pertsonaiak ataka honetatik ateratzeko, hurrengo batetik gero, eta berriro ere datorren hurrengo horretatik Lozano, Joseba. Argiaren erreinua . Alberdania, 2011. 2012/01/09 - 21:00:02
Galduriko maleta biribila
2011/12/12 - 19:59:07
Euskal Herria(ldeak)
Euskal Herria euskaraz egiten duen herria da! Toponimiaren bidez gehienbat, ezta? 2011/12/01 - 16:14:27
Errealitate birtualeko beldurra
2011/11/28 - 22:53:02
Herri baten hondoratzea
2011/11/14 - 14:39:05
Ezustean (?) arruntak
2011/10/31 - 17:34:06
Kalitatea kalte.
Irakatsi ongi zenbatzen eta balioesten, eta kontu eske etorriko zaizkizue gero. 2011/10/27 - 12:37:05
Zehar biktimak
Nola zenbatu garun garbiketen biktimak? 2011/10/24 - 19:44:02
