Gauzen hegoaldea

SANTUARI ESKATZEN

Existitzen ez den pertsona batekin hitz egiteagatik, badela eta zure ondoan dagoela sinesteagatik, eroetxe batean sar zaitzakete eta orohar guztiok ulertuko genuke hori, baina, eta hau Teleberrian ikusi dut, ez dakit zein katetan, Espainiako printzeak santu bati eskatzen badio krisia arintzea, inork ez du ezbaian jartzen bere osoan ote dagoen. Eta harritu egin naiz, zinez!  2010/05/13 - 18:03:04

HERRIAREN BEGI ZALATARIA

Herriari, poliziaren lana egin dezan, tartea eskaintzen zaionean, paranoia sustatzen hasten da. Jendeak zuhurrago jokatzen du, belarriak multiplikatuta, begiak zorrotzago, eta edonon topa dezake krimenaren zantzua. Herri honetan, non preso baten argazkia erakustea delitua den, erraz aurkituko dute salatariek euren "zibismoa" erakusteko abagunea, pagotxa da herri hau salatari amateurrentzat. Ziur naiz Eusko Jaurlaritzak abian jarri nahi duen web zerbitzu berriak arrakasta izango duena, hori bai, sektore konkretu baten barruan, legalitatearen barruan daudenen artean, esan nahi dut, Espainiako lege espainiarrenaren zaindari zuhurren artean. Zeren hemen ez gara ari benetako delituez, ez, hemen jokabidez, ideiez, areago estetikaz ari baikara, horiek ere salagarriak baitira, horiek hain zuzen ere. Auzokidea ezker abertzalearen orbitan dagoelako susmoa badaukat erraz aurkituko diot, lege espainiarraren hegalpean, zigorgarri den zerbait, eta hala ez bada, izorratu behintzat izorratuko dut. Eta adibidean ezker abertzaleko pertsona bat jarri dut, eta ez kasualitatez, izan ere web zerbitzu hau konstituzionalistek erabiltzeko pentsatuta baitago, hemen, kale borrokarako prest egotearen susmoa, terrorismoa goratzea, presoen argazkiak erakustea, auzoko "herrikoan" sartzea, konpainia txarrekin ibiltzea, eta abarrak salatuko baitira. Eta gogoan dut amatxik kontatzen zuena, garai batean gerra baten ostean, herriko zenbaitek salatzen zituztela beste batzuk, asmo ilunak tarteko, eta balizko salatari horien paranoia, tabula rasa eta manikeismoa beldurgarriak iruditzen bazaizkit ere, are beldurgarriago web zerbitzu horretatik erator daitekeen informazioarekin nola jokatuko den ez jakitea. Mucha policia poca diversion.  2010/03/10 - 12:36:05

Antisistema

Gaurko berrietako bat da agure bat hil dutela (dela) Ingalaterran eta bideo bat agertzen da non ikusten den nola poliziak, zakarki, bultzatzen duen lurrera. Handik gutxira, altxatu eta hil omen zen bihotzekoak jota. Ikertuko dute poliziaren bortizkeriagatik izan den. Honek izua altxatu omen du Ingalaterran, izan ere, denek aipatzen dute (norbait salbu egongo balitz bezala) ez zela "antisistema" bat, langile xume bat baino. Bigarren irakurketa batean, ondorioztatu daiteke "antisistemak" hiltzea ulergarria dela, eta hala balitz, poliziaren ekintza ondo dagoela eta ez dela ezer ikertu behar. Europa gero eta kontserbadoreago honetan (krisiarekin eskumaren eta urraketa sozialen areagotzea ikusiko dugu oraindik ere)joera beldurgarri bat zabaltzen ari da, gurekin zaude edo zureak egin du, dioen araua.  2009/04/08 - 12:34:20

Wikipedian

Wikipedian ikusi dut niri buruzko artikulua eta harriturik gelditu naiz: Txuma Murugarren (Errenteria, Gipuzkoa, 1964-) Gidoi hori, hor, jaiotze dataren atzean, zerbaiten esperoan dago, ziurtasun osoz aurreikusten du noizbait beste urte bat ere jarri beharko dela. Jaio denak.... Ai ama!  2009/04/05 - 23:37:04

FLORES UHARTEA

Sestaon egin dugun kontzertuan aspaldiko lagun bat ikusi dut. 86an egin genuen erakusketa baten esku-orria eman dit eta harrituta gelditu naiz horrelakorik oraindik gorde izanagatik. Kultur sustatzaile dabil, eta hizketan egon gara kontzertuaren ostean. Euskal Herrian formatu txikiak direla hobekien mugitzen direnak, esan dit. Banekien. Talde batean aritzetik bakarka aritzera doan pausuak badu zerikusia horrekin. Talde batek arazoak ditu gaur egun hainbat lekutan jotzeko, dela diru eskasiagatik, dela espazioagatik edo eskakizun teknikoengatik, taldeak nekez mugitzen den egitura astuna dauka. Bakarka gabiltzanok molda gaitezke aiseago. Gaur bi musikarirekin, bihar bostekin. Errepertorioa moldatu eskaintza birentzat eta aurrera. Bakarka aritzen hasten zarenean, heldutasun kontua dela irizten diote kazetari anitzek. Uste dut hori bigarren mailakoa dela. Heldutasun hori taldean arituz ere lor daiteke, ziur. Zerikusi handiagoa dauka zirkuituarekin. Nire lagunarekin hizketan, ekarri dugu gogora nola Flores uharteetan gizaki nano baten hezurdura topatu zuten. Teoria batzuen arabera, gizaki hori ez zen nanoa, alegia, ez zeukan inongo malformaziorik. Uharte batean bizi izateak dakartzan nolakotasunek behartuta urteetan txikituz joan zen gizakia omen zen. Borneo uharteetan, antza, bada elefante txiki bat irlak eman dezakeen janari urriarekin bizirauteko tamaina txikitu behar izan zuena. Eta bitxia da gai biren artean dauden antzekotasunak. Hemen, Euskal Herrian, nanizazio kultural bat ez ote den gertatzen ari galdetu diogu gure buruari lagunak eta biok, kontzertura hurbildutako hogei ikusleak ateratzen ari ziren bitartean.  2008/11/02 - 02:08:05

ETXEA II

Egia da batzuetan neurriz kanpo aritzen garela euskararen eta euskal kulturaren gaia hizpide denean. Minberegi jokatzen dugu, zauri gaizki sendatuaren gainean kolpatuko baligute bezala. Neuk ere, halaxe egin izan dut. Azkena, Kepa Junkera ri aditu nion esaldi baten kariaz piztu zen nire haserrea, eta ez nuen birritan pentsatu zenbat aldiz esaten ditugun fortuna gutxiko esaldiak, nahi gabe, edo beste esanahi bat eman nahian, baina halaxe atera, bat bateko hizkuntzak hori daukalako, gaizki ulertuak. Egia ere bada, horrelako zerbait aditzean zuzenago dela esaldi horrekin hori esan nahi zen ala ez egiaztatzea. Eta nago bide okerretik hartu niola Kepari esaldia, eta kritika izan nahi zuena, iraingarri bilakatu zela zehaztasun faltagatik. Horrelakoetan zuzentzea da legezkoa, eta hori egin nahi dut honekin. Baina honi buruz hausnartzen, begitandu zait hasieran esaten nuena, atezuan ibiltzen garela euskal munduaz hitz egiten denean, eta hori sintoma txarra da. Ahul eta ezdeusa sentitzen garelako akaso? Litekeena da uste baino konplexu gehiago izatea, bestela ez genuke horren hertsi jokatuko, mesfidati eta bide ertzetik zelatan. Eskerrak lagun batek deitu eta ikusarazi egin didala. Etxea guztiona izateko guztiontzat behar lituzke ateak irekita. Segi dezagun barrura!  2008/10/29 - 01:46:01

INTSEKTUAK

 2008/10/27 - 13:36:06

ETXEA

Azken boladan, soka beretik datozkigu euskararen erreformatzaile eta sustatzaile berri guztiak. Lehenbizi Patxi Lopezen "euskara askatasunez" eta geroxeago "etxea" Kepa Junkerak antolatutako diskoa. Biek ala biek euskara modernizatu nahi dute, konplexuak kendu, unibertsalago eta maitatuago izan dadin. Zer gaizki egin dugun orain arte, antza aurrera zihoana egiatan atzera doala ikusi ere ez ikusteko. Euskal kultura arkaiko batekin ari ginen, eta gu konturatu gabe! Gure hizkuntza kristo guztiari inposatzen ibili gara azken urteotan, gaztelaniaren lekua bortxaz gureganatu, gaztelera txoko batera kondenatuta. Bai, ikusten da Euskal Herriko kaleetan hori horrela dela. Azken urte hauetan apenas ez baita entzuten gaztelerarik gurean, funtzionario guztiek euskara hutsean artatzen zaituzte, ertzainak moskeatu egiten dira gazteleraz hitz egiten badiezu. Bai, zenbat min egin duen hizkuntz politika erasotzaile honek! Hori askatasunari (gazteleraren askatasunari) dagokiola, eta modernitateaz, zer esaten didazue modernitateaz? Mundu honetan moderno izan behar baita derrigor, hori ez didazue ukatuko, behintzat! Eskerrak Kepa Junkera datorkigula konplexuak kentzera eta bidea erakustera. Izarra handiak ekarri ditu euskara "kriptiko" eta akonplexatuan abestera, eta Gorka Bereziartuak Argian esaten duen moduan: Etxe horretan (izar) horiek dira etxeko nagusi, behingoz eta aparteko zeremonia gisara, afalorduan morroiaren hizkuntzan ari badira ere.  2008/10/25 - 13:25:04

HIRIA

 2008/10/15 - 00:30:01

MANDATUA

Mandatu bat egitera bidali nindutelako zirrara dut gorputzean. Mandatu alu hori zein zen ere gogoratu ezin dudalarik. Halaxe nabil bizitza honetan, enkargu kabroi hori zein zen gogoratu ezinik. Baina ezin dut amore eman. Mandatu bat egitera ekarri ninduten, mandatu bat, zein?, zein?...  2008/09/23 - 10:34:04