Inon izatekotan
Kultura
Ez dakit asmatu dudan, baina neure miseria moral guztia giza-ulerberatasunaren isurbidean behera gozo oztoporik gabeko jarioan galtzen dela sentiarazten didan edertasunari deitu izan diot beti kultura. 2010/08/24 - 04:37:03
Gaurtzaroa
Haurtzarora eramaten nau batzuetan semeak. Baina sarriago gaurtzarora ekartzen. 2010/07/05 - 00:39:04
Hil gatzaizkio
Ez zara hil. Ez naiz hil. Ez gara hil. Baina hil zatzaizkit, hil natzaizu, elkarri hil gatzaizkio. 2010/06/28 - 02:32:03
Jose Saramagok beste modu batez ikusten du bizitza
Bere eskarmentuan oinarrituta, hildakoen berri ematen dio Fernando Pessoak Ricardo Reisi Jose Saramagoren O ano da Morte de Ricardo Reis nobelan (Caminho, Lisboa, 1984): "Quando se chega a morto vemos a vida doutra maneira" (334. or). 2010/06/19 - 04:59:03
Artizarra eta txorizoa
Artizarrari so egin nion, gauaren zuloan dir-dir, zure begien zilar-distira urruna gogoan. Bokatari kosk egin nion, gorputz barruaren plazer, txorizoaren dasta goxoa bete-betean aho sabaian. So egin nion bokatari, gauaren zuloan plazer, txorizoaren odol-distira gogoaren betegarri. 2010/06/14 - 00:28:01
RENFE urdina izan zen
Guztiz ahaztua neukan eta gaur kolpetik etorri zait gogora ezustean: RENFE urdina izan zen. Nik 15 edo 16 urte izango nituen, 1978 edo 1979an. Adiskide bat eta biok Azkoititik Zumarragara joan ginen Urolako trenean, ondo betetako motxila handi bana hartuta: kanpin denda, lozakua, arropa pixkat, kanpingasa, janaria, zartaina, fianbrera, ontziak garbitzeko espartzua eta xaboia Zumarragatik Alegiara joan ginen gero, orduko RENFE urdinean. Bagoiaren erdiko aldean zutik, oroimenak engainatzen ez banau; eskuekin sabaitik zintzilik zeuden plastikozko uhalei helduta. Niretzat dena zen berria eta ezezaguna leihoaz bestaldean. Arrotza eta atzerria. Alegiatik Amezketara joan ginen, errepidean oinez, motxila astuna bizkarrean. Eguerdi aldean Amezketako eliz atarian lau arrautza frijitu eta Orlando tomate potea berotu genuen. Haiek jan eta trasteak jasota, Larraitza jo, eta han ezarri kanpin denda. Ez genuen askorik behar etxetik urrun sentitzeko. RENFE urdina izan zen. Baina orain ez dago ja garai hartara bidaiatzeko RENFE urdinik. Orain RENFE zuri-gorriaren garaian bizi gara, eta kolore hori ere ez da betiko izango. 2010/05/04 - 23:58:02
RENFE urdina izan zen
Guztiz ahaztua neukan eta gaur kolpetik etorri zait gogora ezustean: RENFE urdina izan zen. Nik 15 edo 16 urte izango nituen, 1978 edo 1979an. Adiskide bat eta biok Azkoititik Zumarragara joan ginen Urolako trenean, ondo betetako motxila handi bana hartuta: kanpin denda, lozakua, arropa pixkat, kanpingasa, janaria, zartaina, fianbrera, ontziak garbitzeko espartzua eta xaboia Zumarragatik Alegiara joan ginen gero, orduko RENFE urdinean. Bagoiaren erdiko aldean zutik, oroimenak engainatzen ez banau; eskuekin sabaitik zintzilik zeuden plastikozko uhalei helduta. Niretzat dena zen berria eta ezezaguna leihoaz bestaldean. Arrotza eta atzerria. Alegiatik Amezketara joan ginen, errepidean oinez, motxila astuna bizkarrean. Eguerdi aldean Amezketako eliz atarian lau arrautza frijitu eta Orlando tomate potea berotu genuen. Haiek jan eta trasteak jasota, Larraitza jo, eta han ezarri kanpin denda. Ez genuen askorik behar etxetik urrun sentitzeko. RENFE urdina izan zen. Baina orain ez dago ja garai hartara bidaiatzeko RENFE urdinik. Orain RENFE zuri-gorriaren garaian bizi gara, eta kolore hori ere ez da betiko izango. 2010/05/04 - 23:58:02
Hazkurrian pozoia
Gazte eta iraultzazale nintzela, greba deialdi dudazko samar baten inguruan sortutako eztabaidaren erdian, bat-batean pentsatu nuen neure kabuz, inork halakorik esan gabe, beti dagoela motiborik greba egiteko partikularki, protesta egiteko oro har. Pentsamendu hark nire iraultzazaletasuna indartzen zuela sentitu nuen une hartan, baina ez dakit une huraxe ez ote zen izan, hain zuzen ere, nire iraultzazaletasunaren pixkana-pixkanakako gainbehera pausatu baina etengabearen hasiera. 2010/03/31 - 04:03:03
Hiru galdera politika kontuetan
Oso gutxi idazten dut politika deitzen den esparu horretako kontuez. Motz eta desmotibatuta sentitu ohi naiz horretarako. Baina batzuetan harridurak gailendu egiten nau. Azkenaldiko kontuen inguruan hiru galdera otu zaizkit, ea inork erantzunik ba ote duen: Baga) Nik uste badut milaka eta milaka herritarrek uste duten bezala Jon Anza bahitu, torturatu eta hil egin dutela, nola izan daiteke delitu nire uste hori publikoki adierazi eta protesta egitea? Delitu da Martxelo Otamendi torturatu egin zutela uste dudala adieraztea ere? Zer agintzen du legeak: hemen torturarik ez dagoela ez sinistea, edo sinisten den hori isiltzea? Zer neurritaraino isildu behar da norberaren iritzia? Non dago delitu horren muga, eta batez ere nola azaltzen da hori ez dela iritzi delitua, adierazpen askatasunaren murrizketa totalitarioa? Biga) Orain zero tolerantzia delako zatarkeria hori hitzetik hortzera darabiltenek ahaztua al dute tolerantzia zela, hain zuzen ere, ETAren aurkako lehen gizarte mugimenduek eskatzen eta aldarrikatzen zuena? Tolerantziarik eza ez al da jada intoleranteen ezaugarria? Noiztik eta zergatik? Higa) Nagore Laffagerena ez baldin bazen, auzitegi batek ebatzi zuenez, asesinato izan, homicidio baizik zergatik erabaki dute hedabide gehienek horren azkar eta horren zalantza gutxirekin Jean-Serge Nerin-ena asesinato izan dela? Ea ba zer erantzun argigarririk irizten den txoko apal honetara. 2010/03/18 - 19:41:02
Nire baserritartasuna
Kristau sinestuna ez izan arren kulturaz erabateko kristaua naizen modu berean, jaiotzez eta bizimoldez kalekume erabatekoa izan arren izaeraz baserritar peto-petoa ez ote naizen pentsatzen egoten naiz batzuetan. Zertan baserritar? Izadiarekiko batasun mineral baten sentipen barnekoi ia mistikoan? Auzolanerako prestasun iturriko ura bezain berezkoan? Euskaltasun erraietatik ezin erauzizkoan? Ez. Horietatik zerbait izango da akaso nigan, baina, izatekotan ere, ondorioak baino ez dira. Beste oinarri eta ezaugarri batzuk ditu nire baserritartasunak. Porrero eta junkie, okupa eta intsumiso, ekologista eta antikapitalista artean eman nuen, neurri handi batean, gaztaroa. Aldez aurreko inolako asmorik gabe, eta batzuetan are neure borondate arrazionalaren aurka ere, jenderik diskretuenarekin izaten nituen beti harremanik estuenak, gertutasunik handiena, elkar ulertzeko eta elkarrenganatzeko joera, nahiz eta jenderik espektakularrenak liluratu. Argi zegoen nahita ere ezin nintzela espektakularra izan. Nire baserritartasunaren beste adierazpide nagusietako bat hainbat gauza, errealitate eta pertsonarekiko atxikimendu eta leialtasun ia-ia arrazoiz kanpokoa da. Ez da neurea bakarrik ezaugarri hori. Euskal kulturaren munduko jende askorengan aurkitu dut, eta nire lankide ia-ia guztiengan. Uste dut neure moduko baserritarrez inguratuta egon naizela beti hala Euskaldunon Egunkaria n nola Berria n, eta gure baserritartasun hori gabe nekez izango zela inoiz euskarazko egunkaririk. Baserri handi bat zela, alegia, Euskaldunon Egunkaria , eta baserri handi bat dela, ezinbestean, Berria . Ez nuke nire uste, susmo edo intuizio antropologiko apal hauek harrokeriatzat hartuak izaterik nahi. Baserritarra ez da baserritar ez dena baino gehiago edo gutxiago. Ni neu ere behin baino gehiagotan erabilia naiz baserritarra hitza zentzu peioratiboan, eta ez dakit gainera ez ote den hori baserritarren artean nahiko joera zabaldua, seguru asko baserritarregia izatea ez delako oso onuragarria, ez norberarentzat ez besterentzat. Oso izaera zentripetoa da, izan ere, baserritarrarena; eta argi dago horrek mugak ezartzen dituela, eta arriskuak ekartzen. Batzuetan inbidia handia izaten diet beren baserritartasun ezak ematen dien askatasuna baliatzen dakitenei. Bejondeiela! Baina uste dut ni, sakonean behintzat, neuk jakin gabe ere, baserritarra izan naizela beti; eta aurrerantzean baserritar izatea beste erremediorik ez nukeela izango, seguru asko, nahi ezta ere. 2010/03/08 - 04:45:03
