Eskuorri galdua
SOKA LUZEKO GALDERA
Ez dakit noiz ordezkatu zuen zirkuaren munduan oihalaren malgutasunak sokaren garraztasuna. Ni neu orain hamabost bat urte jabetu nintzen zirku-telaren artearekin, Cirque du Soleil-en Quidam ikuskizunean. Txundigarria iruditu zitzaidan Soleil-en estetika, nahiz eta denborarekin zirkuko Tele Pizza edo MacDonaldsen antza hartu izan diodan. Cirque du Soleilen alde esango dut zirkuaren kontzeptua zabaltzen lagundu zuela, animaliak eta zenbait konpainia txikietako umore kasik umiliagarria baztertuz. Gainbeheran dagoen zirkuaren irudi erromantikoa da agian bidean gelditu dena. Zirku-telaren erabilerak sasoi eta entrenamendu fisiko handia eskatzen du, trapezioak edo funanbulismoak bezala, baina sokaren munduari gutxitan ikusten diodan zerbait topatu izan diot oihalarenari: poetikaren presentzia nabarmena. Entrenamendu fisikoa eta konposizio/metafora bisualen arteko orekaren lekuko izan nintzen Rouge Eleako Corine Cellaren "Hiruko airean" emanaldian, pasa den otsailaren 12an oholtza partekatu genuenean. Cellaren ezusteko mugimendu bakoitzarekin publikook arnas hartzeko modu berri bat ikasi behar izan genuen, telaz baliatuta pertsona bat bertikalki ibiltzen ikustearen edertasunarekin batera(kasu). Cellak ikastaroa eskaini du berriki Donostiako Guardetxean. Nik dakidala Euskal Herriko hainbat txokotan ere eskaini izan dira antzeko ikastaroak azkenaldian, eta orain urte batzuk sortu zen horrelako tekniketan espezializaturiko talde interesgarri bat ere: Azulkillas. Fisikotasun malgua eskatzen du oihalak, eta poetikari loturiko iruditeria, sormen itzela kolore bakarreko bufanda erraldoiaren eta gorputzaren arteko konposizioetan. Sokatik zirku-telara pasatzeko bide horretan eragina izan ote du publikoon begiradaren bilakaerak, animaliekiko errespetuaren kasuan gertatu ahal izan deen moduan? Pentsatu nahi nuke baietz, publikook gai garela malgutasuna, poesia, oreka bilatzeko begiratzen dugun horretan. Pentsatu nahi nuke. http://www.azulkillas.com/ http://www.rougeelea.com/ 2010/03/02 - 02:00:02
KAFE TOREROREN BOSTEKOA
Formatu txikiko ikuskizunak zabaltzen lan egiten dugunok denborarekin batera eraldatu diren zirkuituak ezagutu ditugu. Tabernak, gaztetxeak, pertsonak. Urteekin batera aldatzen, etsitzen edo desagertzen joan diren tabernak, gaztetxeak, pertsonak. Eta batzuk joan ahala gogotsu etorri direnak ere ezagutu ditugu, behin eta berriz: formatu txikiko zirkuituetan ibiltzeak harremanen sarea etengabe berritzea eskatzen du. Formatu txikiko emanaldien zirkuitua Euskal Herrian errealitate bat izan da beti, itzalekoa askotan, baina sarri baino sarriagotan sekulako harribitxiak utzi dituena: musikan, antzerkian, poesian, bertsogintzan. Arestian aipatutakoekin batera badira denboraren eraginari eutsi dioten guneak eta antolatzaile taldeak. Haien artean dago Euskalduna tabernan habia eraiki duen Kafe torero proiektua. Hitz hauek topatu ditut haien webgunean: Bost urte gutxi dira ibilbide luzeagoko ekimen kulturalen alboan baina, era berean, asko izan litezke, sostengu ekonomikoaren faltak edota antolatzaileen nekeak antzeko iniziatiba ugari bidean uzten dituen garaiotan . Esanguratsua. Bosgarren urteurrena ospatuko dute bihar ekitaldi berezi batekin, urteotan parte hartu duen jendea ere bertara gonbidatuta. Musika, literatura eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia izango da ospakizunaren ardatza; ikuskizuna eta umore ona, seguru! Oholtza gainean izango dira Iraia Elias eta Patxi Santamaria aktoreak, Imanol eta Mattin Epelde, Gara Bi musika taldea, O lidens Band eta Jexuxmai Lopetegi. Ohi bezala, emanaldia debalde izango da. Formatu txikiko lanek ezein sormen-disziplinaren osasuna adierazi dezakete sarritan, hor dabilelako sortzaileen magmaren parte handi bat lanean, eta hor gauzatzen dutelako profesional gisa bizirautea lortzen duten askok ere ( profesional hitzak ez du zerikusirik kalitate hitzarekin) oholtza ofizialetan edo osoki komertzialetan adierazi ezin dituzten barrenak. Formatu txikiaren osasuna garrantzitsua delako baloratzen dugu askok Kafe Torero bezalako espazio txukun eta harrera aldetik goxoen existentzia. ZORIONAK, eta segi horrela!!! www.kafetorero.com 2010/02/24 - 22:35:02
Astea da kontua. Hastea.
Gaur eman diote hasiera Gernikako Gaztetxean antolatu duten lehenengo Poesia Asteari. Literatura zaleok berria pozez hartu dugulakoan nago. Oso adierazgarriak iruditu zaizkit aste honek dituen ezaugarriak: antolakuntza horizontala, edo behintzat herrikoia; idazleen lanak ezagutzeko aukerak sortzea, haien presentziarekin; izaera parte hartzailea edukitzea, zeinarekin hainbat ekitalditan edonork bizi dezakeen poesia, eta oro har literatura bera; egile berrien lanak ezagutzeko aukera bermatzea; poesiak beste sormen diziplinekin uztartzeko izan dezakeen malgutasuna erakustea, kasu honetan musika edo arte plastikoekin elkartuta. Azken urteotan ugaldu dira hastapenean (agian) sare kontzientziarik ez zuten hitzorduak, kasu askotan antzeko kezka eta ezaugarriekin. Denborarekin antolatzaileen, irakurleen eta idazleen arteko harremanen bidez sendotu egin da ekimen hauen mapa interesgarria. Nire ustez gero eta nabarmenagoa den errealitate horrek gogoeta mamitsuak eskaini litzake: edozer gauza kontsumitzeko prest den hartzaile pasiboaren perfilaren aldean publiko/irakurle/ikusle aktiboarena topatu dut nik ekitaldi hauetan, harremanen sareei erreparatzen diena, ikuspegi kritikoa duena, edertasunarekin batera sakontasuna ere baloratzen dakiena. Horrelako testuinguruan programazio ofizial gehienetan aurkituko ez diren ekitaldi eta formatuak sortu izan dira, izan performanceak, kolaborazio bereziak ala ekitaldien ez ohiko kokalekuak baliatuta sortu diren errezitaldi gogoangarriak. Eskertzekoa litzateke oro har publiko/irakurleok ekitaldi hauen berri ahalik eta ondoen jasotzea, ekitaldi horiek gure begirada(so)rtzailearekin babesteko aukera aintzat har dezagun. Azkar batean etorri zaizkit burura Gernikako Poesia Astearekin batera Eako poesia egunak, Literatura Eskola, irakurle klubak, Literaturia, Hatsa elkartearen eguna... Eta beste datu esanguratsu bat: teatroaren munduan antzeko zerbait ari da gertatzen. Aipatuko ditut ADEL Aulestin, Topa Eszenika Usurbilen, Brain storming Zarautzen, Eztena Oreretan Astea da kontua. Hastea. GERNIKAKO POESIA ASTEAren egitaraua osorik (otsailaren 22tik 28ra) ASTELEHENA, 22 20:00 Amaia Jauregizar gernikarraren "Azazkalak jaten" liburuaren aurkezpena eta errezitaldia. MARTITZENA, 23 20:00 Mikrofonoak busti! Mikrofonoak zabalik izango ditugu nahi duenak norberaren edo beste norbaiten poemak irakurtzeko. Laguntzailea: Busti irratia EGUAZTENA, 24 20:00 Poesia komuneko paperean. Imanol eta Mattin Epelde. Poesia, antzerkia eta musika uztartzen dituen emanaldia, eszenatokia komun bihurtuta. EGUENA, 25 17:30 Txoko poesia fondue. Txokolatean oinarritutako saioa adin guztietako ume eta gurasoentzat. Antzezlan laburra; marrazketa, idazketa eta historia txokoa; musika; erakusketa eta nahi beste txokolate jateko! BARIKUA, 26 19:30 gura+haize Busturialdeko literatura fanzinearen aurkezpena. 20:30 Bustilehorreko poemak (itsasoak eta jendea). Jose Luis Otamendi eta Juan Azpillaga. Robert J. Flaherty-ren Haraneko jendea (1934) dokumentala, Otamendiren Erlojuen mekanika poema liburua eta Juan Azpillagak bildutako doinuak oinarritzat hartzen dituen emanaldia. 22:30 Kontzertua: Txuma Murugarren (5 euro) ZAPATUA, 27 19:00 Un frasco de veleno. Pozoi flasko bat. Ana Cibeira idazle galiziarraren errezitaldia galegoz eta euskaraz. 19:45 Slavoj Zizeken sudurra. Xabier Montoia 20:30 Mikelazuloko kideen batbada proiektuaren aurkezpena. 22:30 Kontzertua: Rafa Rueda (5 euro) DOMEKA, 28 18:00 Zine-kluba Pedro Duranarekin: Gritos y susurros (Ingmar Bergman) Laguntzailea: Gernikako zine-kluba ASTE OSOAN ZEHAR Ana Cibeiraren collage erakusketa http://www.astragernika.net/ 2010/02/23 - 00:18:06
BABESA
Etorriko zaizkizu kultur elkartera, etxera. Demagun pasa den asteazkenean. Izua sentituko duzu. Zure egunerokotasunaren barrenak arakatuko dituzte, lizunki, galderak tartekatuz kolpeen modura. Ezin duzu soa lurrera gehiegi luzatu, ezin duzu egiten dutena begiratu gabe egon; ezin diezu pentsatzen duzuna aurpegira esan, beste edonorekin egingo zenukeen moduan: egiten duzuna egiten duzula ere susmagarria zara, eta batez ere, pistolak dituzte. Beraiek arrazoi ofizialaren ordezkari sakratuak dira, zu ez. Mehatxatu egingo zaituzte, eta joan egingo dira. Hurrengora arte. Berdin dio zein den zure adina, urteak kiloka neurtzen dituzun ala litroka: bizitzan sarriegi sentitutakoa eztarriratuko zaizu beste behin korapilo eginik, bizitzan sarriegi pentsatutakoa neurtuko duzu, berriz ere. Bertan zeudenean babesgabetasuna eta amorrua, joan direnean amorrua eta babesgabetasuna. Gero eta arraroago egiten zaizu demokrazia hitza erabiltzea, gero eta arrotzagoa, irrealagoa. Eta pentsamendu horiek, berriz ere. Ikusezina izatea ote da gizarte honetan aske izateko modu bakarra? Normaltasunean murgilduta bizitzea, alegia, ozenegi hitz egin gabe, ideien araberako proiektuetan arrakasta gehiegi izan gabe, garrantzitsuegiak ez diren gauzetan (demagun kulturan) lan eginez akitu arte. Normaltasunaren barruan dago norma. Eta topatzen dituzun bakoitzean indartsu bazaude gertatutakoa lau haizetara zabaltzea izango da babestua sentitzeko modu bakarra, eta ahul sentitzen bazara lanean jarraitzea deliberatuko duzu. Ikusezin. Normak intimitatean apurtuz, une hobeagoen esperoan. Asteazkenean izan zen. Eguna indartsu zetorren. Asel Luzarragak urrats bat eman zuen askatasunaren bidean, Txilen espetxetik kalerako bidea egin zuenean. Gogoan hartu duzu berriz ere maputxeen laguna. Han ere etxean izan zituen, beste batzuk izan arren haiek ziren. Normaltasunaren defendatzaileak, ordena sozialaren jabeak; haiek bai unibertsalak, eta globalizatuak. Babesgabe direnekin jabetuko zara, hitz egiteagatik espetxera doazen guztiekin, Txilen eta hemen. Eta zorionez, lagunduta sentituko zara babes falta horretan. Beste behin, gaur ere, lagunduta. 2010/02/15 - 22:30:07
OHOLTZA BETE DOINU
2010/02/12 - 00:06:02
"Eta Karmele?" Donostian
"Eta Karmele?" bi emakumeren arteko elkarrizketa da, umoretsua, eroa eta gazi-gozoa, pentsamendu zentzudunenetik egoerarik absurduenera pausu ttiki bat besterik ez dagoela erakusten diguna. Guztiaren erdigune, Karmele dugu. Nor ote da Karmele? Topatuko al dugu? Nolakoa izango ote da? Zentzurik ba al du Karmeleren bila ibiltzeak? Baina batez ere...non dago Karmele? Ikusle-kontzientzia dudanetik beti topatu izan ditut formatu txikiko lan interesgarriak Euskal Herrian. Antzerkiaz ari garelarik euskara hutsezko sorkuntza, adierazpena, sentimenduen agerpena, formatu txiki eta ertainean eman izan da sarri. Formatu hauei gaizki erabilitako amateur hitza (zenbaitetan modu gutxiesgarrian) atzetik jarri izanagatik agian oharkabean pasa izan zaizkigu askotan. Nago ez ote zaigun gure antzerkigintzaren parte oso garrantzitsu bat agendako zerrenda luzeetan galdu (eta hori zerrenda horietan azaltzen diren komunikabide bakanak aintzat hartuta, noski). Eta Karmele? azkenaldian topatu dudan formatu txikiko lanik interesgarrienetakoa da. Formatu txikia diogu edozein lekutan sar litekeelako kasik, bestela handia baita Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek transmititzen duten gogoa, indarra eta komunikatzeko gaitasuna. Handia da halaber Samara Veltek absurduaren magia eta teknika barneratzen egin duen ahalegina. Handia emanalditik aterata zabaltzen ahal zaizun asetasun irribarrea, edo-eta-batez-ere-eta-berehala horrelako antzerkia egitea aukeratu dutelako sentitzen ahal duzun poza. Donostiako Doka Kafe Antzokian igandeetan ikuskizunak eskaintzen hasi dira. Bihar (urtarrilak 31, 19:30) Eta Karmele? ren txanda izango da. http://www.doka-antzokia.com/doka/agenda/ikusi/id/272/eta-karmele 2010/01/30 - 20:57:02
Kabia, hozkailua, dortoka eta zonbia
2010/01/08 - 22:29:05
ELURRA OKUPATZEKO ERAK
Kultura hiriko lauzen zirrikituetan hazten den belarra da. Horregatik dira batzuetan hutsik ez dauden etxe hutsak kulturarako aproposenak. Aurreiritziak onak ala txarrak dira? Zenbat gauza ikusi, entzun, bizi izan ote dut nire aurreiritzi politiko, kultural, sexualei esker? Eta zenbat gauza galdu aurreiritzi horien erruz? Orain egun batzuk Oiartzungo URKABE-BAITA etxe okupatuko II. Urteurrena ospatu zen. Egon ote zen aurreiritziengatik festara joan ez zenik? Jaialdia okupazioaren inguruko aurreiritziak elikatzen dituzten topikoak apurtzeko modukoa izan zen: antolakuntza bikaina, hiru solairuko etxe erraldoiaren bazterretan bikoizten, hirukoizten, laukoizten ziren antolatzaile inurriak. Egitarau luzea. Aktuatzen egon ginen lagunok poesia errezitaldi batekin, eta bide batez ikusle izateko aukera izan genuen. Egun horretarako berariaz goxatutako ganbaran muntatu genituen argiak, soinu ekipoak eta kuxinak, alfonbrak, berogailuak. Ikusle ere izan ginen. Ikuskizun harrigarriak. Gozagarria da espazio naturalak eta ez ohikoak diren oholtza-motak emanaldietan txertatu ahal izatea. Kultura hiriko lauzen zirrikituetan hazten den belarra da. Horregatik dira batzuetan hutsik ez dauden etxe hutsak kulturarako aproposenak. Etxe barruko egurrezko eskailera zabaletan ikusi ahal izan genuen nik aspaldian topatu dudan pieza laburrik ederrena, ESKAILERAK AIREAN izenekoa. Hasierako egoera ikusgarria zen benetan: Corine Cella suma genezakeen telaren barruan zintzilik bi metrora, ateratzear den tximeleta nola, eta grabaketa baten bidez ikusten genuen barruko irudia kanpotik bere gainean proiektatua, ispilu ilun bat ikusteko gaitasuna izango bagenu bezala. Ander Fernandezen zuzeneko musikarekin Corine zorrotik atera eta hiru solairuko garaiera zuen sabaitik amildu zen gora-behera, tela gorria gorputzean korapilatuz. David Aguilarrek bideo-proiektorea etengabe airean mugituz bidaltzen zituen bere irudiak, hala Corinen gorputzera eta telara nola sabai zurira. Hitzik gabeko poesiarekin hasi ginen, alkoholari aurrea hartuz, mozkortzen. Gerora OGIYIK EKARRI ETZUN SEMIA bakarrizketa fina, Edurne Agirrezabala jokalari rolean beti gertuko, publikoa istorioan sartzeko gaitasun handiarekin. Etxeko hainbat guneetan azoka, truke gunea, musika. IMANOL CARBALLOren doinu propio eta bertsioekin igo ginen berriz ere ganbarara. Mikel Laboaren kantekin bat etorri zitzaigun Imanolen beraren ahotsa aste batzuk lehenago San Pedroko Proisan egindako omenaldi herrikoian. Eta ostera Goiko Funk eta Kean taldeak etxeko salan, eta DJak goizaldean. Kultura hiriko lauzen zirrikituetan hazten den belarra da. Horregatik dira batzuetan hutsik ez dauden etxe hutsak kulturarako aproposenak. Elurra egin zuen eguna izan zen. Larunbata. Aipatu gabe utzi dut afalostean giroa guztiz asaldatu zuen ZO-ZONGO taldeak. Elurrak paisaia irentsi zuen une berean toldo baten azpian ginen hirurogei bat lagun saltoka, mauka motzean batzuk, Zo-zongokoen koreografia eta soinuen eraginpean. Elurtua dago dena benetan? Joyceren ipuineko ederreko Gabriel pertsonaia etorri zitzaidan gogora, leihotik begira, oroimenaren behakoa paisaian iltzatuz. Nolakoa ote da elurrak unibertsoan amiltzean egiten duen soinua, bizirik eta hilik daudenen gainera erortzen denean sortzen duena? Elurrak isiltasuna dakar gauez mamu diren paisaietara. Baina gau hartan gu ez ginen hilik. Kultura hiriko lauzen zirrikituetan hazten den belarra da. Horregatik dira batzuetan hutsik ez dauden etxe hutsak kulturarako aproposenak. Sekulako poza hartu nuen gau hartan, ohiko zirkuituetan publikook egilea bezain sortzaile gareneko uneetan bizitzea zeinen zaila den gogoratuz. Alkoholaren bozgorailua itsatsi zidan aspaldi ikusi gabeko lagun musikari batek belarrian: Burbuila batean gaude, une hauek ez dira prentsan aterako, batzuetan ematen du kultura mailan Euskal Herrian ez dela ezer ez ohikorik gertatzen. Ez zen egia noski, baina egia zen. Nik goizaldean hartu nuen etxerako bidea, Gabrielen barruko korapiloa elurrezko aiztoarekin sendatuz. Zo-zongo http://www.zozongo.com Corine Cella-ren taldea http://www.rougeelea.com David Aguilar http://www.vimeo.com/rukula Imanol Carballo http://www.myspace.com/imanolcarballo 2009/12/28 - 14:29:02
MUGIMENDU BAT IDATZI
2009/12/25 - 22:54:03
HITZORDU INTERESGARRIAK
2009/12/16 - 11:22:03
