Mizpira
Bizitzak dakartzan eta daramatzan kontutxoak
Maiatza hasten
Gustatzen zait, bat oporretara eta bestea gurasoenera joanda, pisukideek etxean bakarrik uzten nautenean. Ez naiz asteburua noiz helduko zain, desiatzen, egoten direnetakoa Bilbotik alde egiteko, eta gaur eta bihar jai izan arren, bihar arte bertan geratzea erabaki dut. Ez dezadan nire burua engainatu, norbaitek plan bikainen bat proposatu izan balit pikutara Bilbo, baina...Eguraldiak lagunduta, ez zen zaila egin edo ikusteko zerbait topatzea eta bestela ere banuen, lau pareten artean geratu behar izanda ere, aurreratu beharreko lanik. Nire kontura, bazkaltzeko inori itxaron edo itxaronarazi gabe, frigorifikoko sobrak jan behar badira ere. Musika jarrita ez zait axola arropak garbigailuan sartu edo bezperako plater, eltze eta tramankuluen arroz lehortua espartzuz igurtzi behar bada ere. Isiltasuna nahi badut, eta goiko bizilagunaren txakurrak hala nahi badu, isiltasuna izango dut.Goizean telefonoaren iratzargailuak jotzea ez da batere traumatikoa izan. Primerako eguzkia kortinen atzetik logela argitu nahian zebilen eta ohean denbora gehiagoz alferrik geratzeak ez zuen zentzurik. Bederatzietan etxetik irten eta metroak eraman nindezakeen (aditz hau asmatu egin dut?) lekurik urrunenera abiatu naiz, banuen aspalditik hara joateko gogoa eta. Edozein leku ikusteko ordurik onenetarikoak goizeko 10ak eta 12ak bitartekoak direla ohartu naiz: jende gutxiago ibiltzen da eta eguzkiaren argiak kolore politagoak pizten ditu. Haize fina zebilen arren, hondarretan etzanda irakurtzen aritu naiz pixkatean, ondoren oinez nire ibilbide zehatzik gabeko buelta horietako bat emateko.Zein gustora hartzen ditudan noizean behin horrelako egunak! 2008/05/01 - 17:50:07
CouchSurfing, sofan lo egitearen xarma
Jende berria ezagutu eta merke bidaiatuz esperientzia interesgarriak bizitzeko modu erakargarri bati buruz hitz egin didate orain dela gutxi: CouchSurfing deitzen diote. Mundu guztian zehar banatutako 38 mila hiri ezberdinetako 475 mila pertsona daude saltsan sartuta. Ideia borondatez bidaiari bati norbere egongelako sofan lo egiten uztea da, edo era berean, norabait bidaiatuz gero, berea uzteko prest dagoen norbaiten teilatupean gaua pasatzea. Web orrialdean izena eman behar da interesatuekin kontaktuan jartzeko. Norberak erabakitzen du zein punturaino inplikatu nahi duen bisitariarekin. Egongo da honi hiria eta inguruak erakusteko prest denik, bai atea lotarako bakarrik irekiko dionik ere, edo baita kafe bat hartzen egon ondoren ideiaz aldatu eta kale gorrian uztea nahiago izango duenik ere...Elkartruke kulturala bultzatzea arrazoitzat hartuz, norbaitek bidaitzeko modu hau probatzea erabakiz gero, konta dezala esperientzia! 2008/03/21 - 00:43:28
Zapatilak zintzilik
Xelebrea iruditu zitzaidan argindarraren kableetatik zintzilik zapatila pare bat aurkitzea eta horregatik atera nuen argazkia.Beranduago jakin dut kasualitatez bere esanahia duela... 2008/03/15 - 13:06:40
Aspaldiko partez
Hona azaldu gabeko egunen kontua galtzen hasita nintzen.Erritmoa berreskuratzen joateko ekarri dut argazki pare bat, udaberri giroko otsail honetako arratsalde batez Bilbori paxara polita eman nionekoak. 2008/02/26 - 21:54:10
Gauza hauek dira ikasi behar direnak
Bueltak eman ondoren, nire bizitzako bidaia politena izan zitekeenari ezetz esan nion. Jakin zazu zergatik... Eta orain damutzen ari naiz.Nork esan zuen erabakiak hartu aurretik bi aldiz pentsatu behar direla?Behin pentsatu eta BAIETZ erabaki nuen.Baina gero bigarren aldiz pentsatu nuen... tuntuna! 2008/01/12 - 21:09:14
Ezkutalekua
Ahizpak eta biok, sekretua ezagutu genuenetik (nire irudimena ziur dago urte batzuk lehenago, gau batean, josteko makina zaharraren ingurutik hiru gizonen ahotsak zetozela) urtero eguna hurbiltzen zihoala mihaketa sakona egiten genuen etxean. Ezin zuten oso urruti ibili. Azken egunerako uzten al zituzten? Mugimendu guztiak kontrolatzen genituen, begirik kendu gabe. Baina porrot beti.Egunen batean etxe baten jabe izaten banaiz, erakuts diezadatela, giltzak ematearekin batera, non dagoen helduek bakarrik ezagutu dezaketen ezkutaleku hori. 2008/01/06 - 17:44:26
Mendean hartu dut inprimagailua
Sinestezina! Orri bakarra alferrik galdu dut gaurkoan inprimagailuari jaten ematean. Hankasartze txiki bat izan da baina azkar ibili naiz Cancel botoia sakatzen.Unibertsitateko irakasgai askotan apunteak aurten interneten zintzilikatuta uzten dizkigute eta geuk moldatu behar izaten dugu paperera pasatzen. Eta gutxi izango dira ni bezain baldarrak dokumentuak inprimatzerako garaian. Orriak datozen bezala inprimatzeak ez du sekreturik izan inoiz niretzat (hain trakestzat ez nazazue hartu, faborez) baina orriak bi aldeetatik erabili nahi izatean hasi ziren nire arazoak. Orrialde kopurua bakoitia ala bikoitia izan ez baitzen berdina, inprimatzen atzetik edo aurretik hastea, buelta eman beharra, lehenengo bueltan inprimaturiko azken orria bigarren bueltarako kendu beharra... bazuen bere konplikazio puntua (inprimagailu berria ekartzean berriro ikasi behar zena). Baina horrekin nahikoa ez nuenez, alde bakoitzean bi PowerPoint diapositiba sartzen saiatzearekin honez gero auskalo nongo basoren bateko bizpahiru pinu aurretik eramanak nituzke aurrebista aukera topatu izan ez banu. Eskolako fotokopia eta argitalpen zerbitzuetara joatea beste aukera bat litzateke, baina ez dakizue nolako muturra jartzen didaten orri kopurua murriztu nahi izateagatik... Gaurkoa gogoan hartzeko eguna izan da. Dotore-dotore geratu zait totxoa. Apuntatzera noa nola egin dudan, hurregorako, ahaztu aurretik. 2007/12/02 - 22:42:09
Gaztainak
Oso igande gutxi pasa izan ditut Bilbon. Aurreko astekoa izan zen bat. Eta arratsaldea pasatzeko (ez dut ajerik aipatu), bazkal ondoren paseo luzetxo bat ematera irten nintzen helmuga bakarra afaltzeko pisura bueltatzea izanez. Inoiz zapaldu gabeko auzoetan zehar ibili nintzen eta geratzen zaizkit oraindik txoko asko ikusteko, Begoņara igotzeko asmoa adibidez, bertan behera utzi bainuen banku batean zerbait irakurtzera eseri eta altxatzerako eguzkia ezkutatzen eta nire hatzak eta sudur punta hozten hasi zirela konturatu nintzenean. Pisukide ilegorriaren koloreak ditu udazkenak. Etorri berritan hemengo tenperaturei buruz galdetzen zidan, eta nik lasai egoteko esaten nion, 3 graduren azpitik oso gutxitan jaisten dela termometroetako merkurioa. Atzo eta gaurko hotzen ondoren, pisuko leihoen hermetikotasun eta estufen funtzionamentu bikainaz batera, ni neu madarikatzen ariko da gajoa.Gaztaina erre batzuk egiteko labea edukiko bagenu sikiera... Mikroondasak ez du balio, ezta? 2007/11/18 - 00:46:31
Zure blogarekin eraginik ba al duzu?
Eskerrik asko, Nahikari, nirekin gogoratu eta blogari armiarma sareak astintzeko bultzada emateagatik.Horixe galdetu dit, ea nire blogarekin eraginik ba al dudan, alegia. Zer erantzungo diot ba horri? Eragin handirik ezetz, noski, eta gutxiago azkenaldian, txoko hau ia hautsak jan dezan utzi dut eta (baina hori konpontzera nator, ez kezkatu!).Baina, izan ere, ez da nire helburuen artean sartzen blogarekin mundua hobetzea, inor ezertaz konbentzitzea, edo Zabaldu ala Sustatun, esate baterako, agertzea. Nire gai traszendenteek ez dute hainbesterako ematen. Gauza horietarako badabil jende askoz egokiagoa.Eraginik handiena, ziurrenik, neure buruari egiten diot. Alde batetik, noizean behin tartetxo bat hartzea ondo baitator, burutik pasatakoak hitzez adierazten saiatzeko, batez ere letren mundua azken urteetan zokoratuta izanda, horretarako denbora gehiegi hartzen ez dugunontzat. Bestetik, aldiz, hemen inguruko blogetan (ala urrutikoetan) dabiltzanek idatzitakoak irakurtzea beti delako aberasgarri eta honetan sartu ez banintz ziurrenik ez nituzke gehienak topatu izango. Zer arraio eskaintzen dut nik besteentzat, orduan?Nire bizipenak irakurrita beraienetaz gogoratzen badira, primeran, konta ditzatela! Eta txorakeriaren batekin irribarreren bat ateratzea lortzen badut, ez dut gehiago behar.Orain, anima dadila nahi duena galdera berari erantzutera. 2007/11/03 - 12:48:05
Marea behean
Pasatako asteburuan... 2007/10/02 - 22:05:27
