Nasmastarraren apunteak
Paralisis, punkaren aurpegi iluna
Gaur omenalditxo bat egin nahi diot 80. hamarkadako talde ilun eta itzel bati. Ez nuke arrazoi berezirik beharko, baina gainera laster, 3 egun barru, Eduardo Benavente kantaria auto istripu batek eroan zuenetik 25 urte beteko dira. Zelakoa den bizitza, urtebete beranduago, egun berean, beste auto istripu batek Gorka eroango zuen, Eduardo baino hiru urte gazteagoa zela eroan ere, eta orain, lehen aldiz, konturatu naiz kointzidentzia horrekin. Efemerideek lotura misteriotsuak sortzeko gaitasuna daukate. Laster 24 urte Gorka barik, beraz, nire bizitzaren heren bi. Azkar esaten da. Tira, Paralisis Permanenteren irudiak utziko ditut hemen zer gazteak ziren, zer ume ginen, gogoratzeko. Bizitzaren iluna zer gazi-gozoa izan daitekeen gogoan hartzeko. Azkena benetako irudi barik, baina tira, kriston kanta da eta merezi du. Nork bere hildakoei egin diezaiela negar. Kanpoan eguzki berbera. 2008/05/11 - 12:49:19
Itsasoen artean
Hainbat itsasoren artean nabigatzera..., ez, igeri egitera, flotatzera gaude kondenatuta. Lehorrerako borrokari ekin ala olatuei amore eman, korronteei ur berrien bila jarraitu ala apar ezagunei heldu. Esklusak norantz irekiko diren jakin barik. Lema barik. Haize bolada aldaketa baten zain. Itsasoen izenak lanbrotzen diren puntu horretan. Itsasargiak ere bizkarra emanda. 2008/05/11 - 12:49:19
L'arc-en-ciel vs P'unk-en-ciel
2008/04/27 - 11:04:03
Louise Attaque
Aspaldian ez dut hemen musika aipamenik egin, eta egia esan, gaur Louise Attaque k bere lekua irabazi du hemengo lerro okertuetan. Kriston musikaria delako, gogoko dauzkadan hainbat estilo eta eragin biltzen dituelako ( Violent Femmes sailkaezinenak, besteak beste) eta, besterik ez balego ere, goiza alaitu didalako eta lana arintzen laguntzen ari zaidalako. Ez naiz luzatuko hari buruz berga egiten, interesa duzuenok hartu beraren zeozer bilatzeko lana, ez izan alferrak. Eta batez ere gozatu frantses honen doinuekin! Esango didazue gero aholku ona izan den... Niri egin duen guztia gustatzen zait, baina bideoetan, zorionez, nire gogokoenetako batzuk topatu ditut zuei eskaintzeko (zuek delako hori zehazki zer den gutxitan dakidan arren; zein alferrak zareten agur laburtxo bat sikiera lagatzeko!). (Ez dut uste hori bideo ofiziala danik baina tira, kanta itzela da) 2008/04/22 - 11:48:03
Mandriva 2008.1 Spring kalean
Joan den astetik hona kalean dago Mandriva ren azken bertsioa, 2008.1 Spring. Iaz hasi zen Mandriva urtero bertsio bi ateratzen, udazkenekoa eta udaberrikoa, eta zintzo-zintzo etorri da udaberri aldakor honetara Spring delakoa, gutariko batzuen pozerako. Barikuan, Powerpoint bertsioa deskargatu orduko, instalatzeari ekin nion. Hasteko eramangarri honetan, lehenengo frogatxoak egiteko, eta dena ondo eta txukun ikusi eta gero, mahaikoan. Astebete joan da eta orain topatu dudanaz apur bat berba egiteko moduan nago. KDE sistema grafikoari lehentasuna eman ohi diodanez, oraingo honetan, GNOME zaleei eskainiko diet lehen irudia... Eta zer dakar berri? Ohi legez, Mandrivaren sistema grafiko kutuna KDE da, eta lehenetsita instalatzen duen bertsioa oraindik 3.5.9 da, baina nahi izanez gero KDE 4 ere instala daiteke. GNOME ere bertan dago, jakina, 2.22 bertsioa. Zergatik ez den KDE 4 bertsio lehenetsia? Dirudienez, Mandrivan oraindik ez daude guztiz seguru haren funtzionamenduaz, haren egonkortasunaz, baina heldu den udazkenerako agindu dute. Dena dela, nik instalatu eta probatu egin dut. Ez dut esango maitemindu nauela. Windows Vista nire bizitza osoan behin baino ikusi ez badut ere (eramangarri honek derrigorrez ekarri zidan bizkarroi hori bere sabelean, eta piztu ere egin nuen jakin-min hutsagatik), KDE 4ri Vistaren usaina hartu diot. Gero, lagun batek esan zidan ez dutela zerikusirik (eskerrak!), baina badakizue, lehenengo inpresioa... Itcura ederra, oso modernoa dauka, baina betiko KDEtan hain begibistakoak diren konfigurazio aukerak ez ditut lehenengoan aurkitu. Niri ataza-barrak pertsonalizatzea gustatzen zait, beti izaten ditut bi, nire gustuetara egokituta, eta KDE 4n ez nuen argi topatu non egin holakoak. Menu estiloa goitik behera aldatu dute, ikono handi eta ikusgarriak, eta ohiko eskemen ordez hautatu ahala ordezkatzen doazen leiho dotoreak. Mahaigainean hainbat tramankulu erants daitezke, hala nola erloju handia (horretan gogorarazi dit Vista, hain zuzen ere), ikonoen tamainak aldatzeko tresnatxoak agertzen zaizkigu, baita mahaigaina bera aldatzeko (gehiado Compiz lako 3Dko sistema grafikoei begira, seguruenik, mahaigain anitz erabiltzeari begira...). Tira, hemen iruditxo batzuk txapa larregi ez luzateko. Mahaigainak alde batera utzita, Mandrivak aurreko bertsioan dexente hobetu zuen kanpoko ispiluak (programak sarean jaisteko eta instalatzeko biltegiak, zeozelan esateko) konfiguratzeko sistema, eta Easy Urpmi gunean ere dena automatizatuta egin daiteke orain. Aurreko bertsioan sareak, wifi konexioak-eta kudeatzeko egin ziren hobekuntzak ere aurrera doaz, eta irudiaren gizartean gaudenez, haien ikonoak ere dotoreagoak dira orain (txikikeria, badakit). Txartel grafikoen driverrak ere hobetuta datoz. Hau, batez ere, ATI darabilten interesekoa izan daiteke. Nvidia txartelak primeran dabiltza, baina ATI driverrak beti izaten dira kaskarragoak. Zoritxarrez, eskuartean daukadan makinatxo honek ATI dauka, hori akatsa nirea, baina orain driver jabeduna "ia" ondo dabil. Oraindik arazo bat ematen dit, bigarren saio paraleloa abiatzen saiatuz gero, kaput. Nvidian, esan legez, batere arazorik ez. Beraz, badakizue, erosi behar duzuenean hobe ATI txarteletatik urrun! Aldi bereko saioei dagokienez, badago aldaketa bat. Orain arte, bigarren saioa abiarazten zenean azken horrek ez zeukan soinurik, eta lehenengo saioa, saio nagusia izanda, zen soinua kontrolatzen zuen bakarra. Orain, ordea, saio guztiek erabil dezakete soinua aldi berean. Ez dago txarto, gure kasuan, behintzat, bioteko batek beti jo behar zuen lehenbiziko saiora handik musika edo pelikulak jotzeko. Orain edonoren saiotik jo eta aurrera. Erosotasun kontu txikia. Dakartzan paketeen artean, Elisa deritzona azpimarratuko dut, Fluendo barruko proiektua. Elisa Media Center multimedia guztiak kudeatzeko programa txukuna da. Bertan, gure argazkiak, bideoak eta musika kudea ditzakegu modu erraz eta dotorean. Abiatzen denan pantaila osoa hartuko digu eta aise mugituko gara gure bilduma guztien artean. Horrez gain, aukera dago Interneteko baliabideak bertan zuzenean erabiltzeko: YouTube, Flickr eta Shoutcast, mementoz. Hemen iruditxo batzuk, ideia bat egiteko: Beste paketa berria HomeBank delakoa da. Nik KMyMoney erabili dut beti banku kontuei jarraipena egiteko, eta mementoz horri eutsiko diot ez dudalako batere gogorik dena zerotik hasteko, baina HomeBank honek itxura oso ona dauka, eta KMyMoneyk ez dakartzan hainbat ezaugarri, esaterako, aurrekontuak egiteko aukera. Beharbada egunen batean saltoa egingo dut... Hemen irudi batzuk konparatu ahal izateko. HomeBank KMyMoney Bukatzeko, aurkikuntza malapartatu bat ere egin dut. Aspaldian ez nintzen ezertan jolasten, baina eskuragarri dauden jokoen artean kuxkuxeatu eta goitik behera harrapatu nauen jokoa topatu dut, FreeCol , Colonization jokoaren bertsio askea. Eta hor nabil jo-ta-su kolonia egonkor eta jasangarria sortu guran eta inguruko frantses eta espainolei egurra emateko prest, nire kolonoek Bizkai Barria izendatu duten lur "berrietan"... Jakina, Secondlife eta holako asko ere hor daude gustuko dituztenek instalatzeko zain... Betiko moduan, Mandrivak hiru bertsio ipini ditu eskuragarri: Mandriva Free, oso-osorik software askea dakarrena; Mandriva One, CD-live estilokoa, disko gogorrean instalatu barik abiarazi daitezkeen horietarikoa, alegia, eta Mandriva Powerpack, hau ordaindu beharreko bakarra. Mandriva Flash delakoa ere eros daiteke. Azken hori 4Gb-eko pendrive horietako batean dator, prest handik zuzenean erabiltzeko eta libre dauzkan 3Gb dauzka nahi diren datuak gordetzeko. Poltsikoko Mandriva, alegia! Luzetxo geratu zait, ezta? Tira, behin hasiz gero... Hemen utziko dizuet nire makinatxoetan sistema abiarazteko aukeratu dudan bootsplash irudi xarmagarria, Penguin Liberation Front zuen ordenadoreak konkistatzeko prest! 2008/04/19 - 11:02:02
ZP independentziaren alde
Atzo ZPri apurtxu baten entzunda nahikoa izan nuen ulertzeko Espainiako presidentea Euskal Herriaren independentziaren aldeko mugimenduaren lagun sutsua dela. Antza, demokrazian denetari buruz hitz egin daiteke, aingeruen sexuaz ere bai. Total, hitz egitea debaldekoa da! Batez ere, hitz egiten dena aurrera eroateko biderik ez dagoenean, eta beraz, hutsala. Independentziaz berba egin nahi duzula? Egizu... Azken finean, bere izpiritu guztiz demokrata horretan argi utzi zigunez, %51ek ezin dio %49ri proiektu bat inposatu (%51 hori, ordea, bizi daiteke %49k inposatutako proiektuan, hori integratzailea ei delako). Beste era batera esanda, oraindik eredu autonomikoan aurrera egin daitekeela uste duten inozo horiei argi eta garbi esan die: Espainian dagoena eta beti egongo dena gure Konstituzioa da, kito. Besterik gura duzuela? Independentzia da geratzen zaizuen bide bakarra. Hori da, beraz, Espainiak uzten digun aukera: gauzak oraintxe bertan dauden bezala, erdiari ere gustatzen ez zaion hori onartu eta baselina apur batekin ipurdian eroso egokitu, edo bilatu behingoz Espainia "demokratiko" horretatik, bere herritar "guztien" iritzi eskubidea (tira, kartzela ekar dezake iritziak, baina azken finean, etxebizitzak daukan prezioa ikusita, seguruenik gazte eta ez hain gazteei arazo horretan laguntzeko estrategia da) babesten ei duen proiektu handi eta "solidario" horretatik ospa egiteko, askatzeko, ihes egiteko modua. Espainia, Espainia, Espainia, handi eta bakarra, ala independentzia. Horretara animatu gaitu azken finean. Gertatzen dena da dialektika oso berezia darabilela gure independentzia nahiari hauspoa emateko. Estatutu berririk, Estatu beraren barruko kokapen eta harreman berririk ez: I N D E P E N D E N T Z I A 2008/04/09 - 16:32:03
Orange fusion, gizarte baten definizioa
2008/04/03 - 17:00:02
Gerra galdua
Etxean lohiari egunero gerra egin arren, lohia beti garaile. Fronte guztietan. Agian fede handirik gabe heltzen diedalako nire iskiluei. Eta zer esan etxeko entropiaren aurkako gudu akigarriaz... 2008/04/02 - 12:41:24
Itolarriari
Izarrak itsutzen dituzuen kale sobera argiztatuei, ikasi eta inoiz barneratu gabeko moralari, irribarre debaldeko zuriei, uniforme berdinzaleei, zure hodi burrunbarien monoxidozko bihotzari, bide zuzenetik oker garoatzaten zure konbentzio ez-konbentzigarriei, zure asfalto eta plastiko arteko paradisu amesgaiztokoari, zure ihesbidezko droga kartzeleroei, merkatal askatasun dogmatikoari, egunero irribarreak margotzen dizkigun zure grisari, zure zorion erosi, erosi, erosi, salduari, atzean utzi gaituen zure aurrerapen azkar motelgarriari, garena erakusten digun pantaila sortzaile-gortzaile, sorgortzaileari, tradiziozko traizio buruasegarriari, hezurretaraino sartzen diguzun presio asegaitzari, zure kultur-zabor garbi guztiari, bihotz-bihotzez eskerrik asko, mila esker. Esker mila zugan itota artista bilakatu, beste salbazio kondenaturik izan ez duten ahots horiengatik, arrastoan sartzerik izan ez duten sortzaile madarikatuengatik. (Yutaka Ozaki entzun eta labean berdela prestatu bitartean, vodka tanta batzuk edanda sentitutako leherketa txikia. Beste bat). 2008/04/01 - 20:30:07
Zailtasun antropologikoa
Aspaldian izan nuen gogoeta hau baina nagiegia nintzen idazten hasteko. Orain, gainera, eragin zuen gertaera asago dago eta inork ez dit bekaitzik leporatuko. Tira, bai, leporatuko didate, baina bost axola. Ez dut inoiz hausnarketa seriorik egin honen inguruan, baina nire baitan holako sentipen lausoa ibili da: euskal literaturak ez dauka eraginik, ez dauka presentziarik euskal gizartean. Zentzu zabalean. Argi dago euskal erdal gizartean ez daukala eta ikastola batean ikasi ez duen eta euskaraz ez dakien inork gutxik dakiela Atxagaz beste euskal idazlerik aipatzen. Baina euskaraz dakiten eta are ikastolan ikasi duten askok ez dute izen askoz gehiagorik ezagutzen. Azken boladan Unai Elorriaga, beharbada. Saizarbitoria, Lertxundi, Irigoien, Urretabizkaia... Bai, abizen batzuen oihartzuna iritsiko zaie euskal literaturari jarraitzen ez dion baten bati. Azken urteotan "euskal" etiketa daroan oro ghetto bihurtu da. "Euskal" musika ez da salbatzen. "Euskal" taldeak Gaztea irratian edota Ibilaldi eta antzekoetan entzuten diren horiek dira. Herriko batean "euskal" etiketa daukan denetarik entzungo da, punk izan, heavy izan, trikitia izan zein bakailaoa izan. "Benetako" taberna heavy batean, ordea, nekez entzungo dira Su Ta Gar edo Idi Bihotz, horiek ere ghettoko taldeak baitira eta nekez daukate lekurik generoaren barruan. Denda batera sartu eta berehala konturatuko gara "euskal" etiketaren ghettizazioarekin. "Euskal musika" horren barruan Banda Bassotti eta Reincidentes lako talde "euskaldun" peto-petoak topatuko ditugu. Haien inguruan Oskorri, Benito Lertxundi, Doctor Deseo, Negu Gorriak, Su Ta Gar, Eskorbuto, Hemendik at!, PiLT, Takolo, Pirritx eta Porrotx... Zerikusi argia daukate horiek guztiek, argi dago. Lotura bai bat, bederen: kokapen horrek denak dauzka aldez aurretik kondenatuta. Baina tira, entzule erdaldunak seguruenik gai dira euskal talde batzuk hitzetik hortzera esateko eta kantaren bat ere ezagutuko dute. Baina gatozen harira. Nik ezintasun edo zailtasun antropologiko batez berba egin gura nuen. Eta ezintasun hori euskaldunok letra idatziari bide diogun ezinikusi genetiko-antropologiko-kulturala da. Oraindik ere harro aipa dezakegu guztiz galduta dagoen "euskaldunaren hitza egia" delakoa, eta zelan garai batean euskaldunek uko egiten zioten kontratuak idatziz egiteari eta emandako berba baino ez zuten sinesten. Egun txinatarrek jarraitzen ei dute bide horretatik, euren artean baino ez, jakina, baina haien arrakastak zerikusi gutxi gurearekin... Foruak ere berandu idatzi ziren, eta erdaraz, jakina, legeak idazteko premia handirik ikusi bide ez zutelako (eta horretan bai, ados nago, legeak behar diren ere ez baitakit). Eta euskal literaturaz idazten edo hitz egiten denean, idatzizkoa hain urria eta hain berantiarra izanik, beti sartu behar da ahozkoa eta haren balioa azpimarratu. Jakina, bestela zer daukagu... Edo konplexu horren pean bizi gara, behintzat. Etxepare miraz ei zegoen hainbeste euskaldun garaikide letratu izanik zelan ez zuen ordura arte inork euskaraz idazten, eta zelan hobesten zuten denek erromantzea. Susmatzen ez zuena arazoa geneetan bide daukagula da. Bestela, ez dago azaltzerik. Idatzi ziren apurrek, gainera, zenbait mendez itxaron behar izan zuten norbaitek kasu egin ziezaien. Edo sikiera topa zitzan galdu koitadu horiek! Izan ere, zein da gaur egun, XXI. mendean, euskaldunen artean entzuterik handiena daukan literatura? Zein da gazteak erakartzea eta BECekoa lako areto erraldoiak betetzea lortzen duen jeneroa? Ahozkoa, jakina. Bertsolaritza. Inguruko kulturetan ahozkoak indarra eta prestigioa galdu dituen neurri berean irabazi ditu gurean. Harro gaude gainera. Izan ere, euskaldunok ez gaude letra idatzietarako eginak. Literatura idatziak ez dauka xarmarik, euskal idazleak ez du jakin-minik sortzen. Literatura ez ezik, kazetaritza ere bazterrekoa da. Zenbat euskaldunek ez du sekula euskarazko aldizkaririk erosi? Zenbatek ez daki ezta direnik ere? Zenbatek irakurtzen zuen Egunkaria ostu ziguten arte, eta zenbatek irakurtzen du egun Berria? Ikastolan dabiltzanen edo hango produktu direnen artean zenbatek aukeratzen du euskara euren blogetan edo fotologetan idazteko? Ez, ez, ez. Ez da modernoa, ez da idatziz komunikatzekoa. Euskarak arrakasta ahoz baino ezin eskura dezake, eta hala ere neurrian. Euskal idazle eta irakurleon geneak aztertu beharko dituzte, mutazioren bat bide daukagulako. Ez bide gara %100 euskaldun. Ez dakit RH ala burezur kontua den. Norbaitek ikertuko ahal gaitu! Agian horrela ulertuko dut zelan den posible ni lako ustezko euskaldun batek hainbeste gozatzea Joxe Austin Arrietaren Terra sigilata irakurriz... 2008/03/30 - 19:51:40
