Xaboizko poemak ispiluan

Erlojuen bateriak ere agortzen direlako

Ez dakit nire paranoia horretako bat izango dan, baina uste dot gizakiok oroimenarekin dogula arazo larria, beste askoren artean. Badirudi gauza askotarako oroimen amaigabea dogula, ia ia mekanikoa, artxibo baten bezalakoa, eta beste batzuentzat tukuaz edo gabiltzala. Zorigaitzeko animaliak eta oro har ezkorrak garela esaten den arren, ezinezkoa egiten jaku gure errealitatea onartzea eta oroimena erabiliz sistematikoki idealizatzen dogu iragana, oraina apaintzeko asmotan. Hurbiltzen dabil Asiako hego-ekialdeko kostaldea suntsitu zuen zorigaitzeko tsunamiaren lehen urteurrena, eta ziurrenik ospakizun piloa egongo da dirua batzeko, oroimena pizturik mantentzeko eta horrelako asmo jatorrekin, baina... zer gertatu izan da urte osoan zehar? Zeinek lagundu dau ahal zeuen heinean? Eta gatazka hau EEBBtako ekialdeko kostan edo Europan gertatutakoak balira? Badirudi gizartea errukiz baino ez dala mogitzen, epe laburreko errukiz gainera, zeozelango denbora pasa balitz moduan. Baina mundua ez da errukiz eta limosnaz eraikitzen. Gure emozioak eta oroimena komunikabideekin estuegi lotuta dauz, eta komunikabideek, beste edozein enpresa moduan, diruaren sentsibilitateari baino ez deutsie entzuten. *Argazkia World Photo Press erakundearen 2005eko lehiaketaren irabazleetako bat da. Datozan aste edo hileotan aurtengo lan irabazleetako batzuk komentatuko dodaz, martitzenero.  2007/06/27 - 05:47:29

Balkanetara

Bai, Balkanetara goaz. Apirilean joan behar dogu, eta blog eder bat prestatu dogu nahi dauanak irakur eta ikus dezan. Gonbidapen zibernetikoa da hau; sarrera dohan. BALKANAK 06  2007/04/16 - 02:13:06

Paradisua aurkitu dabe!!

Gaur munduko komunikabide nagusietara ohituta gauzkaten gatazka normalizatu eta sasi-istorioetatik ezberdina zen berria heldu da. Paradisutik hurbilena aurkitu omen dabe, gizakiak inoz ez zapaldutako lekua; animaliak ez dira gizakien beldur eta inoiz ikusi gabeko espezieak dagoz. Berria BBCren eskutik helu a, baina ordu gitxitan ya komunikabide nagusi guztiek errepikatzen eben. Ni izan banintz hara heldutakoa, ekintza bakar batean batu izango nituzkean aukerarik berekoi eta eskuzabalena. Astiro zeharkatu ostean, paradisuko hegaztiak nire gainean gelditzea itxi ostean, begiak itzi eta soinu guztiak bereganatu ostean, behin nire begiek kolore guztiak gordeta izan, kaminu beretik egin izango nuen buelta eta babesleari esan "sentitzen dogu, erratuta genbilen, ez dago gauza barririk". Paradisua paradisu da amaitzen dan unerarte. Gizakiok oparo dakigu hortaz. Goi Amazoniako erkidegoak paradisu ziren gizaki txuriak txurien gaixotasunak sendatzeko txurien sendagaiekaz heldu ginen arte, eskatu gabeko aberrien eraikitzaile. Afrikako lautadak paradisu ziren sutautsak airea bete eta enclosure-ak elefanteari lekua kendu zioten arte. Gabon, Gineako oihanak paradisu ziren iparraldeko txupopteroak, petroleoak mugiduta, dana suntsitu genuen arte. Machu Picchu paradisu zan, Peru Rail heldu zan arte. Yucatango lautada paradisu zan errepideak zabaldu eta denborak oztondu nahi eta jakin izan ebazan tenpluak aurkitu genuzan arte. Leku guzti horrek eta beste asko paradisu ziren nonor, bere jakitura egarriak, diruaren hotsak edo ezjakintasun baldarrak mogiduta leku horrek paradisu izatetik iraganeko entziklopedietan paradisuaren adibide izatera eroan ebazan arte. Gizakiok, gero eta argiago ikusten dot, Lurrran egon dan bizkarkoirik handiena gara. Beste bizkarkoiekaz daukagun ezberdintasun bakarra gure asmakizun gaitasun handiagoa da -argitasun deitzera ez naz ausartzen-, eta luzaro izan garela kapaz baliabideak luzatzeko eta gure patua ekiditeko. Ester Boserup izeneko ekonomista baten ustez, gizakiok baliabideen gainean egiten dogun sakadak gure burua argitu eta baliabideak hobeto erabiltzeko sistema sinesgaitzak asmatzera garamatza, biziraupena izeneko lasterketa ero honetan aurrera jarraitzen lagunduz. Dinoena egia da, baina muga baterarte. Baliabideak ez dira agortezinak, eta potentzialki izatera heldu zitezkeen arren, giza argimena ez da amaitezina. Paradisu barria aurkitu dabela diote, nire ustez gaur Paradisuaren heriotza bizi izan dogu. Urruneko Indonesiatar Ginea Berriko leku hau lehenik zientzilarien esuektatik igaroko da, geroago neurona gitxiko eta zapata handietako turistei zabalduko da. Indonesiako gobernuak, elkarte ezagun baten laguntzarekin, garapen mantengarriko plan bat aurkeztuko dau. Baina leku honek atzo ez zuen inolako planik behar. Bere burua gidatzeko kapaz zen. Historia behin eta berriro errepikatzen da, zerekin errepikatu ez daukagun arte.  2007/04/16 - 02:13:06

Egunerokotasuna txuri-baltzean margozten.

Argazki poesia. Hori da Chema Madoz-ek eskaintzen deuzkuna oraingoan aurkezten dauan antologian (2000-2005). Eguneroko objektuen arteko erlaziotik abiatuta eraikitzen dau, atal bezala existentziaren zati kasualak erabiliz; deseraikuntza hutsetik "margozten" dau, edozein errealitate edozein unetan konposatu eta eraldatua izan daitekeela erakutsiz. Badirudi Madoz-ek artistaren izaera iragankorra, bere alderik samaritarrena, bereganatu dauala. Arteak planteatu egiten dau, inoz ere ez imposatu. Berak badaki, onartu egiten dau eta hastapen honegaz lakrikuntzen dau. Imposaturiko ordenu naturalei burla egiten deutse, magia pragmatikoaz erakutsiz agian dana ez dala posible, baina asko bai.Ikuspuntu zuzenetik behatzeagaz nahiko da. Margolan handi eta nabardura goxo, piano eta xake-irudien elkartrukaketa baten -ikuslearen begietara laburregia- logikaren oinarriak apurtzen dira. Edozein hormatan iltzatutako iltzetik eskegita egon daiteke sumendi bat, eta inorentzat ez da harritzekoa. Liluratu egiten dau. Dana dago danaren menpe eta ezer ez da mugiezina. Madoz, argazkilaritza sari nazionala, negatiboarekin berean dabil eta argi emariak menperatzeko gai da, bere abestiaren laguntzaile egiten dauzan arte. Lausoki eskaintzen deutsaz ikusleari ikuspuntuak, eraikitako bakuntasunera salto egiteko abiapuntua. Lerroetana garbitasuna bilatzen dau, galdekatuta izaten ari dan objektuan erdiratzea arreta, une horretan merezi dauan nagusitasuna eskaintzea. Eraikibidean dabiltzan munduekaz amestarazten dau, proposatzeagaz bakarrik dana sortu eta eraldatzeko aukeragaz. Urtetzean, madrildar Bide Nagusiko zaratak eguneroko errealitatarea bueltarazten gaitu, baina esperientziak merezi izan dau. Maiatzak 21erarte, Fundación Telefónica-ko erakusketa gelan.  2007/04/16 - 02:13:06

London and the others

"Excuse me", "Sorry", horrek izan dira azken egunotan gehien entzun ditugun hitzak. Taxiak nonahi eta bi pisutako autobus gorriak. Londresen ibili gara. Laster, hainbat hitz.  2007/04/16 - 02:13:06

Altxorra Thames ibaiertzean

Tate Modern galeria, orain dala sei urte eskas zabaldua -2000ko maiatzak 12- milurte barriaren ondorioz, Londreseko ikusgarri nagusi eta mundu mailako arte garaikideko galerien artean erreferentzia-gune bihurtu da. Museoaren eraikina, Thames ibaiaren uhertzean eta Saint Paul ezaguna aurrez aurre duen zentral termoelektriko zahar baten dagoena, galeriako kontzeptuaren preludio eta metafora da. Etengabeko harridura. Bilboko Guggenheim edukinagatik baino edukiontziagatik ezagun dan heinean, Tate-k jakin izan dau bide arriskutsu hori baztertzen.Kanpotik zikindutako adreilu koloreak Herozg eta De Meuron-ek ondo apaindutako industrializazio bortitza iragartzen dau. Barrutik, ordea, begiak ia ez dira kapaz ikusten ari direna gordetzeko.Artelan ikaragarriak lan faraoietarako prestatutako hall batean. Goiko solairuetan planteamendua arruntago bilakatzen da, baina erakargarria edozelan ere. Baliabideak anitzak dira eta lan konplexuenganako apostua egin da. Berorrek sofa eroso batzuetan bota eta hall nagusiko handitasunean geldi dezake begirada, edo buelta emanik, Cyti londontarraren soslai kotorrari aurre egin kristal asentimentalaren babes bakarrarekin. Zentzuetarako nahikari, indiferentziarako sendagai, norberaren dogmak isilarazi eta besteen lanean bere kezkak isladatuta ikusiz galderak esnatu nahi dituenarentzat derrigorrezko bisita. Adi: Tate Modern-a, sarrerako kartelak diotenez, "is changing". Une honetan artelan guztiak lekuz aldatzen dabiltza, eta baliteke hainbat gela itxirikk egotea. Baina edozerrek du alde positiborik. Gaur arte gordeta egon diren lanak ikusgai dira. "Poesia eta Ametsa", hirugarren solairua, aukera paregabea da. NOTA: Berez gaztelaniaz idatzitako artikulua.  2007/04/16 - 02:13:06

Afari politiko bat

Aparteko afaria izan genun atzo erresidentzian, ordu batak inguru amaitu zana patxaran tragua eskuan. Isaura Navarro etorri zan, Izquierda Verde-IU alderdiko kidea eta parlamentuko kidea, elkartetik antolatu dogun "Qué quiere ser España" hitzaldi-txanda zabaltzelko. Zortzirak inguru heldu zan erresidentziara -auto ofizialean-, eta hitzaldi oso apal baten ostean -bere alderdiaren idearioaren irakurketa zirudiena- hasi zan alde interesgarria. Berrogeitahamar pertsona inguru gengozan erresidentziako areto nagusian, eta galdera ugari agertu ziren, alde guztietatik, IUko militantea dan tipo batengandik hasita, liberal amorratua dan kiderarte. Galdera asko eta oso onak, IUk norarteko autokritika egiten dauen edo egin beharko zeuenetik hasita, eurek defendatzen daben eredu federalaren kontraesanetararte. Aldekoak eta kontrakoak, ikuspuntu oso aberats eta aldekoak, ordu batez benetako demokrazia sortu zan han: danok geneukan hitzegiteko eskubidea. Danok ikasi gendun zeozer. Faltan botatzen da Parlamentuan horrelako giroa, faltan botatzen doguz herritarrok gure ikuspuntua adierazteko bideak. Hitzaldiaren ostean, hainbat aukeratuk Isauragaz afaltzeko aukera izan gendun. Hamazortzi lagun, zehazki. Zuzendaritzakoek alde egin eben izan eben lehen unean -ez zan berdina gertatu Felipe Gonzalez edo Marín etorritakoetan- eta gazteen afari bihurtu zan hura. Inolako zentsurarik gabekoa -egon badagoelako- danataz hitzegin genuan. Hezkuntza, abertzaletasuna, politikatik barrura dagoen alde konplexu -eta esango neuke, zikina-. Badago azken egunotan diputatuen soldatei buruzko eztabaida. Eta egia esan, ez dabe gehiago merezi. Diputatuen kongresuan ez dagozalako kudeaketan argienak, politikan zorrotzen jolastu dabenak baino. Argi ikusten da, eurekaz zintzo eta hurbil mintzatzean, maila aparteko jendea ez direla eta ikuspuntu oso urriak daukiezela. Badago halere talde bakoitzean fundamentuzko kiderik baina oro har, penagarria suertatzen da kanpotik datorren herritarrarentzt parlamentuaren ikuspegi orokorra. Isaura izan da arinagotik giltza Parlamenturako sarreran, eta izango da aurrerantzean ere, baina onartu behar da agerizkoa dana: politikariek ez dakie zer dan mundua eta zelan doa. Eurek badakie nora eroan nahi daben, eta beste guztia, dagoela.  2007/04/16 - 02:13:05

EEES edo Europaren akatsa

Azken egunotan ez dot idatzi mendialdean ibili nazelako. Mendialdean baina ez mendian. Ez dot ibilbide handirik egin, ezta txori-kanturik entzun. Colmenarejon egon naz, gure Unibertsitateak Madrileko mendialdean duen hirugarren kanpus ezezagun horretan. Zerua -ozkarbi- ez dogu ia ia ikusi, batzar gelako leihoetan gortinek sarrera debekatzen eutsielako eguzkiari. Akaso jantokian, han bai, han kristalezko leiho handiak egozan. Azken hiru egunetan, ikasleen arduradun nagusiak batu egin gara han, momentuko egoera aztertzeko eta aurtengo lan norabidea ezartzeko. Errektorea eta fakultate ezberdinetako dekanoak izan doguz han, hainbat erretoreordezko eta idazkari nagusi bera ere. Beti handik goitik dauzenak, behera inoz gitxitan agertzen direnak. Han egon dira, gorbata barik, mendira eroaten daben jertseaz, gure altura berdineko aulkietan jesarrita eta gure galderei erantzuten, gure iritzia, ikasleena, entzuten. Gai guztien artean, zalantza barik adieraz daiteke Bolonia izan dala -eta izango da- gehien kezkatzen gaituena. Zorionez unibertsitatetik barrurako gaiak nahiko ondo dabiltza, eta horretan aurrera egin behar bada ere, askoz ere zorigaitzekoagoa da orain EEES (Espacio Europeo de Educación Superior) gaia. Fakultate guztietako ordezkariak -injeniruetatik hasi eta kazetarietaraino- zalantza asko adierazi dabez. Lar. Zalantza mordo horretatik lehen ondorio argi bat atara dogu han ibili garenok: informazio eskasa dagoela, eta dagoena txarra dala. Eta orduan heldu da txarrena. Errektorearekin hizketan jatorduan, kexkatuta zebilen ikasle hau, larritu egin da. Asko. Asmakizun oso baliagarri bezala saltzen deuskuen EEES dalakoa, ez da existitzen. Ideiaren fundamentua oso oso ona da, Europa barruan mugimendua asko erraztuko ebalako, eta bere helburua globalizazio ekonomikoa bada ere, nik naahiago dot giza eta kultura aberastasunaren aldetik ikustea. Arazoa ez da ideiarena, arazoa, zoritxarrez, pragmatikoa da. Sistema barri hau 2010erako prest egon behar da, baina ministeritzatik ondino ez da bide zehatz bat ezarri. Ministeritza, ondino, ez dabe erabaki ze gradu egongo diren. Teorikoki graduak ikasketen orokortzera jotzen badabe, jakin izan dogu orain Injenieritza aeronautikoa dana, bi gradu ezberdinetan banatzeko asmoak daukiezela. Eta holan plan guztiarekin. Inkoherentzien katea. Politikoentzat aldaketa handiegia da hau, eta ez dakie zelan zuzendu. Unibertsitateetatik lanean dabiltza zentzuzko zeozer antolatzen, baina ondo dakie 2007an ministeritzak bide bat adierazi beharko dauala nahitaez eta orduan aurretik egindako lana zakarrontzira joango dala atoan. Errektoreari igarri neutsan nekea, etsipena. bere hitza bakoitzarekin eskapa egiten zan politikoenganako ulertuezina. Bera politiko ohia bada ere, beste garai batekoa da, beste joko-arau batzuk bizi izan dauz. Labur esanda, potroetaraino dau ministeritzako tipo eta politikoetaz. Eta zer esan behar dogu ikasleok honetan? Politikoen hitzetan, Boloniako deklarazio famatuaren hitzetan, ikaslea hezkuntza sistemarn erdigune bihurtuko da. Izan daitela horrela. Ikasleko orain aukera paregabea dogu. EEESa ez dogu geldituko -gure aldetik burugabekeri handia litzateke-. Ikasleok egin behar doguna ministeritzaren bulego guztietan egotea da, errektoreei estutu eta unibertsitatetik bertatik gure iritzia eta indarra sortzen dan arau orotan sartu behar dogu. EEESaren planteamendua ona da, baina gure esku dago bide zuzenean mantentzea eta aukera historiko hau joaten ez iztea.  2007/04/16 - 02:13:05

Gure zoologikoan badogu espezie ulertezin bat: politikariak.

Liburutegian Europa guztiko egunkariak doguz, eta noizean behin hartu egiten dodaz. Gaurkoan Ingalaterrakoak izan dira, eta "The Guardian" dalakoan David Cameron toryen buruzagi barriari buruzko analisi luzea zegoen. Ez dot osorik irakurri -matematika klasea- baina ideia bat gelditu jat buruan. Politiko eta kudeatzaile antonimoak dirala. Politika botere kudeatzailera heltzeko bidea da edo behin hara helduta, besteengandik kontrola jasotzeko modua , behintzat kontzeptuz. Erresidentziako lagun batek, politika kontuetan sartuta dagoena, politika aldaketa sozialerako bidea dala dio. Baina egun ikus dezakegna ez da hori. Politikariak helmuga modura hartu dabe politika, ez bide. Politikaren aplikazioan izoztu egin dira, herriaren sektoreen arteko borroka biziaraziz, euren eserlekua justifikatzeko ahaleginean edo. Gaur egun sentimendu kolektibo ororekin doguzan arazoak, funtsean, politikatik sortuak dira, eta ez aldebres, logikoena litzatekeena. Honetarako arrazoi nagusia dago. Politikoei atxikituta doazen ezaugarriak kudeatzailearenen kontrakoak dira, kudeatzailetzat gobernu buruzagi ulertuz. Politikoek erretorika lantzen dabe, irudia, formak azken finean. Kudeatzaileak ostera erretorikaren aldean ekintzak jarri behar dabez, irudiaz ahaztu eta erabaki zuzenak hartu, mamira helduz. Edukiontzi eta edukinaren arazoa da; politikariak ontzi oso politak sortzen dabezan artisauak dira, baina ez dira kapaz barruan sartzeko ezer topatu behar dabenean. Eta arazo larria dogu hau, kudeatzaileak egungo sisteman politikari bidea dabela, eta helmugara heltzean, ez dabela berau identifikatzen. *Argazkian, "Euskal Pilota" filmearen aurreikusketa erresidentzian, gure asoziazioak antolatuta. Hurrengo baten mintzatuko gara asoziazioaz.  2007/04/16 - 02:13:05

Gaua San Quintineko ateetan.

Espetxerako bidea erraza da; autobidea ia-ia sarreraino heltzen da: handik urten, bihurgune parea eta aurrez aurre aurkitzzen da lehen eraikina. Badago kartel handi bat, Kaliforniako Departamentua Berrabiltze eta Zuzenketarako" dioana. Baina gaur inor gutxik sinesten dau horrelakorik. Stanley Williams izeneko tipo batek, lagunen artean "Tookie" ezizenaz ezagutua, bere azken afaria ez dau nahi izan, praka bakero eta alkondara urdin bat eman deutsiez, eta korridore labur bat zeharkatu dau, azkenaurreko aldiz izten dan ate baten soinua entzunaz. Azkena bere hiltzailea heltzean izango da. Lasai etzun egin da metal berde argiko kutxaren barruan dagoan koltxoian. Ez dau negarrik egin, ezta zarata handirik. Denbora asko izan dau espetxean, lar, heriotzari ongietorria prestatzeko. Kanpoan isiltasun mingarrienak zulotzen dauz belarriak. Gurutze zuri batzuk dagoz ohol mehez egindakoak, zerura begira, eta entzuten dan soinu ozenena haietako bik ikutu azkarra daukienean da. Ordu asko dira gurutzea eskuetan, gora, eta indarrak ez dabe askorako emoten. Kalifornian gagoz, 60.eko hamarkadetan gazteriaren paradisu izandakoa; love, peace and freedom bertatik hedatu ziran, bertan izan eben bihotza. Gaur ez dago abesteko gogorik, ez dago irribarre egiteko arrazoirik. Tookie damutu egin da. New Orleansen jaiota, Los Angelesen eman ebazan bere haurtzaro eta nerabea, eta estatuetan zehar ezaguna dan "Crips" kale-taldea sortu eban. Lau hilketa leporat u eutsezan, eta berak bat ere onartu. Onartzeak indultoa ia ia ziur erantzita zeroan arren, bere hitzetan, "ezin onartu ez egindakoa". Baina damutu egin da, hainbat liburu idatzi dau umeentzat, indarkeriaren kontrako liburuak. Nobel sariaren lehiaketarako izendatua izan da Literaturan, eta zortzi biderrez bake Nobelarentzat. Gitxik egin dabe bakearen ald e indarkeria nagusi dan garai honetan. Tookiek bai. Ez dau beste gosaririk hartuko. Azkeneko biderrez entzun dau atea izten danaren soinua, azkenengo biderrez hatzamarrak elkarren artean ikutzearen sentzazioa. Hiru biderrez ziztatu dabe besoan: lehena burmuinera, lo gelditu daiten, bigarrena birikietara eta azkena bihotza gelditzeko. Bihar etzunik atarako dabe ate honetatik. Atean dagoen jendea joaten hasia da, Joan Baez-ek " Swing Low, Sweet Chariot " XIX. mendeko esklabu baltzen abestiaz aurrera doan artean. Zakarrontzi baten "State murder" (Estatu hilketa) dioan kartela ikusten da. Ez dakit hilketa honeen arduradunek ordainduko daben inoiz, eta ordaintzekotan, eurentzat arau berdinak erabiltzea nahiko daben. Inork ez daki. Hemen danok jakin nahiko eben. Kandela biren artean neska gazte bat dago, mexikarra ematen dau. "Gogoratzen dozu Schwarzenegger haurtzaindegi baten lanean sartzen zan poliziarena egiten ebana?" "Ba irakasle dabil oraingoan ere. Injustizia erakusten dau". Bere kartelak, belaun artean daukana, horixe dio. Baina oraingoan, ez gabiltza pelikula batetan, eta amaitzerakoan ez dago atzera bueltatzerik botoi bat sakatzeagaz. Sean Peen aktorea, San Quintin espetxearen aurrean batu den pertsonetako bat. (Argazkia: AP)  2007/04/16 - 02:13:05