Konkista ezina dena ere existitzen delako...

B*C*N

Denbora asko ezer idatzi gabe, larregi agian. Beste gauza batzuk darabilzkit buruan... + Taxi eta autobusek ziztu bizian zeharkatzen dituzte hiriko kaleak, semaforoak nonahi. Etorkizuna nonahi. Nire zain. 2007/2008  2008/01/10 - 10:01:53

Aurkitu zaitut

Blogean aurkitu zaitut , gozo gozo, idatzitako edozer onartzeko prest. Askatasun, edozein blogetan zagoz! Masa hedabideek onartzen ez zaituzten arren, beso zabalik hartu zaituzte hemen, ez zaude sofistikazio ukituko hitz lirainak erabiltzera behartuta. Gauza bakoitza izendu dezakezu, irainak erabil ditzakezu arrunkerian erori gabe! Dagokion hitzez eratutako deskripabenen bidez egiaz hurbilago zaude. Mugarik ez duzu hemen askatasun, beraz, gelditu zaitez hemen, eta ez galdu inongo epaileren atzaparretan. Edozein hedabidetan galarazitakoa adierazi dezaket; Bush jauna putaseme. Eta ez da ezer gertatuko, zentsura gabeko gunea delako. Hedabide publiko batean, ordea, ezinezkoa litzateke honako adierazpena. Zibismoa oso hedatuta dago kazetaritza idatzian, horregatik harrigarria egiten zait zenbait ikerketek hiritarren artean gutxien baloratutako lanbide bezala agerraraztea. Hartzaileak manipulazioaz jabetu ondorengo dedukzioa dirudi, baina manipulazioak esku har dezan utzi eta gainera kritikarako gai dira. Inkestatuek nahiago dituzte poliziak kazetariak baino. Bitxia benetan.  2008/01/10 - 10:01:53

Non zagoz askatasun?

Estatuko komunikabideek ezkutatzen dutena Britania Handiko egunkariek salatzen dute. XXI. mendean gaude eta iritzi-adierazpen askatasuna oraindik ukatutzen zaigu, noiz arte? Irudiak ez du hitzik behar. New sentence (November 2006) 12 years, 7 months, for publishing two opinion articles in a newspaper .  2008/01/10 - 10:01:50

Begirunez agurtutako irakasleak ekarritako oroitzapenak II

Trapu zahar horien esanahia ulertzen dut gaur. Oroitzapenak irudiz eta materializatuta ikusteko behar hori. Babeslekua aurkitu zuen nikien barnean eta gure inozokerien aurrean entzungorrarena egiteko adimen nahikoa izan zuen. Bizitako momentu ederrek emandako ausardiaz baliatuz garaitu gintuen irakasleak. Merezi gabeko tarta zatia bailitzan ez zuen konpartitu. Gugandik urrun pasatako une zoriontsuak eternalki ikaragaitz bihurtzea lortu zuen horrela. Gure irakaslea ez zen ergela. Garai haiek malenkoniaz gogoratzea baino ez zaigu geratzen orain. Oporretan iraganera joan eta une haiek birbizi al banitu, zinez, egingo nuke. Eta iraganean ainguratuta bizi naizela esango balidate, iragana gogoratuz oraina bizi dudala esango nuke. Baina arestian aipatutako niki ugerrok gogorarazten didate nik ere nire esperientzia propio eta erlijiosoa bizi behar dudala eta horrelako bizikizunen bidez eraiki etorkizun bidaiaria. Helmuga: Positano. Zin dagit ez diodala idatzi beharreko ezeri bukaerarik emango bertan ez bada.  2007/06/27 - 02:05:12

2007a, segida baten jarraipena baino ez

Ez dago topikoetatik urruntzeko beharrik . Gaur, egun aproposa da atzera begirako baten bidez urtean zehar igarotako guztiari erreparatzeko. Bizimoduak urte beteko epean eman ditzakeen bira guztiak miresteko unea da. Eta edozeren gainetik urte berria indarrez eta adoretsu hasteko erabakia hartzeko momentua, ezjakintasunak ematen duen zalantza sentimenduaz baliatuz. Soilik ohar bat; denboraren balioa aintzat hartzen ez dugula dirudi askotan. Agian ohituta gaudelako telebistaren aurrean esertzen garenean zerbait kulturala egiten ari garela pentsatzera. Eta urte bukaerako diskurtso moral bat izateaz urrun, denboraren pasoari emango diot protagonismoa. Espazio/denbora tarte hau era batera edo bestera guri eta ez beste inori egokitu zaigularik, ez dut intentsuki bizi ez dudala gogoratu nahi. Mahatsak irentsi ostean ez dago damutzeko premiarik. What you waiting for?  2007/06/27 - 02:05:12

Libreta horiko poemak

Militantea eskiatzera doa ostiral iluntzean, arratsaldean presoen aldeko manifan izan ondoren. Rockeroa furgona berrian doa kontzertua ematera, eta ordu txikietan sartuko da amak goizean egin dion ohean. Gazteak autobusean doaz Donostiako gaurko manifara eta gauean bapo afaldu eta mozkortuko dira. Funtzionarioa Chiapasera doa iraultzaren taupaden bila urte osoan hiritar ernegatuoi burokrazia tonak irentsarazi ondoren. Gosearen aurka limosna eman duen kristauak bi hilabeteko soldata botako du udako apartamentuagatik. Futbolariak dira jende xehearen miresmen eta eredu: diruagatik euren burua edonora saltzen duten mertzenarioak. Gure historia aztertu duen ikerlari sutsuak ez daki bere aurkikuntza jatorrizko hizkuntza ematen. Eskuineko parametroen erosotasunean bizi gara baina herrialde iraultzaileekiko sentibera gaude beti: aberatsak izanik prest gaude beti pobreei pobreago izaten laguntzeko. Gauza garrantzitsuak gazteleraz esanez babesten dugu euskararen garrantzitxoa. Hau da Euskal Herria: burges putaz beteta dagoen munduko herririk iraultzaileena. *[_-PAKO ARISTI-_]* Orain bi urte Pako Aristi ren liburu bat erosi nuen Durangoko Azoka n, Gauza txikien liburua . Garai hartan ezagutu ere ez nuen egiten, liburua eskuetatik kendu eta sinatu egin zuen nire izena galdetu ondoren. Orduan ohartu nintzen nire aurrean zegoen hura beranduago miretsiko nuen idazlea zela. Hipokresia sutilena ere antzemateko gai den hitzen magoa . Iragan urtean ere itzuli egin nintzen hura aurkitzeko itxaropenarekin. Ez nuen aurkitu, baina bere beste bi liburu eskuratu nituen; Libreta horiko poemak eta Note Book . Aurten, Durangoko Azokara joango naiz, Pako aurkitzeko itxaropen gabe. Bai ordea bere liburu berri bat erosteko asmoz.  2007/06/27 - 02:05:11

DoVeR hil da

Modak jarraitzea ia beharrezkoa ez den beldur naiz. Gutxienez Dover taldearen abesti berria entzuteak hori pentsarazi dit. Doinu komertzialenen hautaketa baten emaitza dirudi. Merkatu azterketa sakon baten ondorioa. Entzuten dena ezagutzen dute eta joera berriak bereganatu dituzte. Pop-aren esponja xurgatzaile moduan. Zaharberritu edo hil. Horrela, bere ibilbide musikalarekin itzulera gabeko haustura gauzatu du taldeak. Jatorrizko oinarri rock-ari () uko eginez ahaztu egin dute bereizgarritzat zutena diruaren truke antzezlan bat egiteko. Eszenatoki gainean eginiko antzezlan faltsua. Gaztetasuna ordezkatzen duten zenbait baloreek ere prezioa omen dute gaur egun . Salgai dago norberaren funtsa. Eta Doverrek arima saldu dio diskoetxe konpainia bati Let me out abestiarekin. Bilakaerek leku izan arren ez dago artearenganako miresmenagatik lan egiten duen musikari kamaleonikorik. Hortaz, haien musikak zentsurik ez du niretzat. Maite zutena alboratu dutelako Madonna ren imitatzaile bihurtzeko. Heldutasunaren sintoma izan liteke. Askotan helduek horrelako gauzak egiten baitituzte, gaztetan borrokatu eta babestutakoa baztertu eta etorkizun oparo baten alde egin. Dirua falta ez den etorkizunaz ari naiz. Erantzukizunez gainezka dagoen bizimoduan gazte baloreak soberan ei daude eta. Horrek aldaketa baldintzatzen du. Helburu bakarrez bizi den sistemaren txotxongilo artikulatu bat izan arte. Orduan, zaharberritu edo jotake eutsi, hor dago koxka.  2007/06/27 - 02:05:10

Publizitatearen aro berria

Publizitateak erabiltzen dituen erakartze estrategiak asko aldatu dira urte gutxitan. Efektu bereziak, musika deigarria eta irudi ikusgarriak, film laburrak diruditen iragarkiak nabarmentzen dira. Produktua saltzea bigarren mailako helburua dela dirudi, garrantzitsuena arreta deitzea da. Saldu nahi dena beste plano baten uzten da eta horrekin zerikusik ez duena esplotatzen da iragarki amaieran lotura zuzen eta logiko bat bilatuz. Eta aitzakia hori zenbat eta originalago izan produktuaren arrakastaren bermea ziurtatuagoa izango da. Publizitate mota berri honen erakusle Orange konpainiak egindako iragarkietako bat dela iruditzen zait. Atzean geratu dira Amena-ren kolore berdedun iragarki nekagarriak. Dena den, foro honetan bestelako iritziak aurki daitezke Orange-k eramandako kanpaina publizitarioari buruz. Jarraian, frantziar telebistan ikus daitekeen aipatutako iragarkiaren bertsio luzatua: Publizitatearen aro berri honetan Ikea dugu beste adibide bat. Probokazioa eta humorea nahastuz, beharrizan baten errealitatea ikuspuntu komikoenetik aztertzen dute. Merezi duten Ikearen beste iragarki batzuk ikusteko sakatu hemen .  2007/06/27 - 02:05:10

Urriko azken astelehena

Aurtengo ahaleginekin, hein txiki batean bada ere, badirudi Urriko azken astelehenak berreskuratu duela ezaugarritzat zuen hori. Baserritarrez jantzitako jendea ugaritu egin da kalean, jaiaren senak bizirauten duenaren erakusgarri modura. Baina espontaneoa izatetik urrun, gernikarron artean zabaldutako e-mail baten emaitza da. Honako hau dio: Danok dakizuelez, datorren astelehenien urriko azkenengo astelehena izengo da; betidanik baserritxar egune izen dana. Hainbeste urtetan gernikarrok ospatu izen dogun jaixe da, baia azken urtietan inoiz baino gehixau hasikera bateko zentzue galtzen dabil. Lehen baserritar guztixek Gerniken batu eta euren produktuek elkartrukatzeko egune izeten zan. Geur egun, apostu eingo neke, klasetik urten eta Gernikera juergan datozen erdixek ez dakizela ze jaitara datozen bez. Horregaitzik, lagun talde batek, Gernikeko Gazte Asanbladien oniritzixegaz, proposatzen dogu Urriko azken astelehenien baserritar janztie. Izan ere, jaia asko aldatu da urte gutxitan. Lehen jendea goizean zehar bakarrik etortzen zen eta gehienak baserritarrak izaten ziren, masifikazioa egungoa da. Astelehen guztietan egiten den plaza berbera egiten zen, berezitasun handiegirik gabe. Orain, postuak egoten dira eta Euskal Herri osotik datorkigu jendea produktuak saltzera, ondoren sari banaketa egiten da eta gaztai hoberena enkantean jartzen da. Bertsolariak ere izaten ditugu giroa animatzeko. Txosnak ugaritu dira eta lehen ez bezala taloa txorixoagaz jateko ohitura dago. Pasealekuan zegoen kioskoan erromeria egoten zela diote herriko agureek. Orain ez daukagu kioskorik baina bai gaztetxea eta aurton bertan egin da erromeria. Ikusten denez, garaiak aldatzen doaz etengabe baina badago Urriko azken astelehena mantentzeko gogo eta ilusioa. Arazoa zera da ordea; urte batzuk barru, nekazaritza bere horretan ezagutzen dugun bezala existitzen ez denean, zentsurik izango al du jaiak? Inork ezagutzen al du baserrian testigua hartuko duen 20 urteko gazterik? Gaurko gazteek arrazoiagaz ez dute baserriarekin zerikusirik izan nahi, laguntza gehiagorik ezean galduta baitago. Orduan, zer gertatuko da Urriko azken astelehenarekin? Ahanzturan geldituko ahal da jaiaren xedea alkohol boteila hutsek herria apaintzen duten bitartean?  2007/06/27 - 02:05:10

Neure ama hizkuntza

Proiektu barriak hasteko garai aproposa dala emoten dau. Kontaktu baten bidez Gernikako Bagabiz hilabetekariaren erredakzioan sartzea lortu dot. Herriko gaiak hurbiltasunez jarduten dira bertan eta neuri alkarrizketak egiten dituen arduradunetariko bat izatea egokitu jat. Gailurrera heltzeko behetik hasi behar dala eta pozik hartu dot neure eginkizuna. Halan da be, honegaz batera konturatu naz gabezi nabarmen batzuk izan dodazala neure ikasketetan. Nigaz batera ibili dirazenak be konturatuko ziren, baina eskolan eta institutoan pasatu doguzan urte guztisetan zier, inork ez deusku bizkaieraz idazten erakutsi. Eta penagarrise dala pentsetan dot. Beti emon izan jako garrantzi larrei euskera batuari eta ez dot esan nahi merezi ez dabenik. Baina Gernika moduko herri batek be badauko mantendu beharreko azpieuskalkise eta ez bakarrik ahozko tradizinoan, baizik eta idatzizen be bai. Horregaittik, neure gaurko salaketa, hizkuntzaren batasuna defendatzen daben bitartean tokian tokiko euskera baztertzen saiatzen dirazan horreri eskainita dau. Lotsatuta sentitu naz bizkaieraz idatzi ezinik ikusi dodanean neure burue eta bidezkoa ez dala uste dot. Aleginek egiten jarraitzuko dot, eta ia egunen baten bidan moduko hizkuntza bat urtetan jaten bizkaieraz idazten saiatzen nazenean. Bitartien, euskera estandarrera bueltatuko naz, baina neure euskera bizise (berbetan dakiten bakarra) ahaztuten ez dodala.  2007/06/27 - 02:05:09