Lehena Orain. Historia bloga

Ingelesaren lekua EHko unibertsitateetan

Aspalditik bueltaka dabilen debatea da. Zer leku izan behar du ingelesak Euskal Herriko unibertsitateetan? Auziak hainbat aurpegi ditu. Hemen ohar batzuk baino ez ditut egingo, Historialari Euskaldunen V. Topaketetan entzundakoaren haritik. Ingelesaren alde Zenbait hizlarik aipatu zuten euskaldun historialariok (eta berdin beste arloetako unibertsitario euskaldunek) ingelesez gehiago idatzi beharko genukeela. Izatez Euskal Herriko unibertsitateetako arduradunek eta ebaluazio agentziek bide hori bultzatzen dute gero eta gehiago: ekoizpen akademikoak inpaktua izan dezan nazioarteko prestigio handieneko aldizkarietan argitaratu beharra dago, eta aldizkari prestigiotsuenak ingelesezkoak dira. Zientzia ingelesez dator eta atzean geratu nahi ez badugu gurdi horretara igo beharra daukagu. Hori da mezuetako bat. Ingelesaren kontra "Kontra" esan dut, baino zehatzagoa litzateke esatea "ingelesaren hedapenarekiko arduratuta". Topaketetan azaldu ziren halako zalantza batzuk: Euskal Herriko unibertsitateetan ingelesa bultzatuz gero ez ote da lehendik ere normaldu gabe dagoen euskara gehiago baztertuko? Izan ere, bereziki gradu gorenetan (master eta gisakoetan) gaztelaniazko eskaintza unibertsitarioa badago Euskal Herrian, ingelesezkoa ere bai, baina euskarazkorik apenas. Topaketan EHUko ikasle batek aipatu zuen EHU "Euskal Herriko Unibertsitatea" dela, ez "Ingalaterrako Unibertsitatea", eta beraz zerbait bermatzekotan euskarazko irakaskuntza bermatu beharko litzatekeela bertan, ez ingelesezkoa. Euskara-ingeles proportzioen auzia Jakina, guztia ez da alde ala kontra. Topaketetan ingelesaren alde mintzatu zirenek euskarak ere leku bat izan zezala nahi zuten etorkizuneko unibertsitatean. Eta "kontrakoek" aitortzen zuten ingelesa ezinbesteko tresnetako bat dela eta izango dela unibertsitate munduan. Debatea beraz proportzioei eta hizkuntza politikei dagokio. Zein toki izan behar du euskarak etorkizuneko unibertsitatean? Ingelesak baino handiagoa? parekoa? txikiagoa? Militantzian oinarritu behar ote da euskarazko jarduera unibertsitarioa? ala erakundeek berek sustatu eta babestu behar dute? Entzundakoa hausnartuz nik bi ondorio atera nituen: 1) Unibertsitatea gizartearen zerbitzura dago , ez gizartea unibertsitatearen zerbitzura. Lehentasunak gizarteak ezarri behar ditu, kontuan hartuz, jakina, unibertsitate munduko beharrak, baina azken hitza gizarteari dagokiola. Ez du balio esateak, adibidez, zientziak eskatzen duela unibertsitateko eskolak ingelesez izan behar dutela, eta gizarteak, nahi zein ez, horri men egin behar diola. Unibertsitateak ez ditu sortu "nazioarteko zientzia" abstraktu batek, eta ustezko zientzia abstraktu horrek ere ez ditu finantzatzen. Gizarte jakin bat izaten da (kasu honetan euskal gizartea) unibertsitate bat sortu eta bere diruz sostengatzen duena, eta unibertsitateari dagokio gizarte horren beharrak asetzea. Beraz gizarteak eskatzen badu unibertsitatean eskolak euskaraz (ere) eman behar direla, unibertsitatearen egitekoa da horixe bermatzea eta kalitatez egitea (ez utziz guztia konpromiso eta militantzia indibidualaren esku). Ez dut honekin esaten ingelesak ez duenik unibertsitatean tokirik izan behar, baizik ezin direla lehentasunak ezarri ustezko zientzia unibertsalaren izenean. 2) "Zientzia zientziagatik" egitekotan ez dugu Euskal Herrian unibertsitaterik behar . Hori da, nire ustez, batzuk darabilten logikaren azken ondorioa (nahiz ez duten azken ondorio hori kontsekuenteki aplikatzen). Izan ere, unibertsitateen helburua mundu mailako zientzia unibertsala egitea baldin bada, berdin du unibertsitate hori Euskal Herrian, AEBn edo Txinan egon. Kasu horretan zertarako xahutu dirua mundu mailan prestigio urria duten EHU edo NUP bezalako unibertsitateetan edo horietan ingelesa sustatzen? Ez ote litzateke merkeagoa, efikazagoa eta hobea ("zientziarentzat", "gizateriarentzat", baita euskal ikasle beraien karrera akademikoentzat ere) euskal administrazioek diru publikoak eta euskal ikasleak zuzenean bideratzea Harvard edo Cambridge bezalako unibertsitate ospetsuetara (beka, hitzarmen eta halakoen bidez)? XV-XIX. mendeen artean, Euskal Herrian ganorazko unibertsitaterik ez zegoenean, euskal ikasleak Salamanca moduko unibertsitate (orduan) prestigiotsuetara joaten ziren. Bertan karrera egiten zuten, behar izanez gero talde gisa antolatuz eta beren interesak defendituz ("nacion vizcaina" eta gisako izenekin). Alde horretatik, "zientziarentzat" eta baita euskal norbanakoen interesentzat sistema ona zen. Unibertsitatearen helburu nagusia nazioarteko zientzia egitea bada, zergatik ez erabili sistema bera gaur egun ere, eta euskal ikasleak mundu mailako unibertsitate ospetsuenetara bidali? Aukera bat da. Aukera horrek, jakina, bere ondorioak ditu: Euskal Herria bertan errotutako aditu gabe geratuko litzateke; euskal ikertzaileak mundu mailako zirkuitu akademikoan sakabanatuko lirateke; euskarak kultur hizkuntza gisa garatzeko aukera galduko luke... Ondorio horiek asumitzeko prest gaude? Hala bada, aurrera. Ostantzean beste era bateko unibertsitatea planteatu beharko dugu. Euskal Herrian errotutako unibertsitate bat nahi badugu, bertako gizartea zerbitzeko izango da, ez mundu mailako zientzia ustez abstraktuaren interesak zerbitzeko (edo okerrago: zientzilari partikularren interes eta karrera akademikoak sustatzeko). Ez duena balio da Euskal Herrian kokatutako unibertsitate bat egitea atzerritar unibertsitate bat balitz bezala funtziona dezan (munduko rankingean maila eskasekoa izatearen handicaparekin gainera). Horretarako hobe Harvardera joatea.  2010/01/05 - 18:15:03

Topaketen balantzea

 2009/12/06 - 20:29:01

Zertan dabiltza unibertsitario euskaldunak?

 2009/11/22 - 21:29:03

Liburu berria

 2009/06/04 - 01:42:07

Nafarroako erlijio tokiak, norenak?

Gai honen inguruko jardunaldiak antolatu ditu UEUk martxoaren 26an Iruñean. Auzia, jakina denez, azken urteotan azaleratu da, Iruñeko artzapezpikutza, inori ezer esan gabe, eliz eraikinak bere izenean erregistratzen hasi denean. Ordura arte elizak, ermitak, apaiz etxeak eta gisakoak, ez zeuden inon erregistratuta. Erabili eliztarrek erabili ohi zituzten, baina eraiki eta konpondu historian zehar herriek egin dituzte. Hortaz, ba al du eskubiderik apezpikutzak herri lanez egindako eta ordaindutako eraikinak (eta barruko arte lanak) bere izenean inskribatzeko? Gai horixe aztertuko da Iruñean goiz beteko ekitaldian (9etatik 13.30etara). Ikuspegi desberdinen ordezkariak egongo dira bertan, bai eliz erakundeetakoak, pribatizazioaren aurkako plataformakoak , zein historialari eta juristak. Beraz ez da debatea faltako. Zalantzarik gabe, gaian interesa izanez gero, merezi du jardunaldietara joateak (argibide gehiago hemen ).  2009/03/16 - 23:05:00

Hobsbawn historialaria Bilbon izan da

Larunbatean izan zen Hobsbawm Bilbon. Aretoa ia beteta. Solas autobiografikoa eskaini zuen, bere bizi-ibilbide pertsonala eta tarte horretan iragandako historia harilkatuz. Interesgarria, nahiz, nire iritziz, ez izugarri apasionantea. Edonola ere ez da noiznahi topatzen 92 urteko gizon bat Hobsbawm bezain buru argiarekin. Hitzaldia erraztasunez eman zuen, eta ondoko galderei ere aise erantzun zien. Zalantzarik gabe hitzaldiak merezi izan zuen. Esandakotik ideia solte batzuk : - Lenin , Petrogradeko tren geltokira heldu zen unean (1917), munduan ez zegoen gobernu komunista bakar bat ere. Hogeita hamar urte geroago (1947) munduko biztanleen heren bat herrialde komunistetan bizi zen. - Izugarri sendoak ziruditen erregimen komunistek urte pare bat baino ez zuten behar izan desegiteko (1989-1991). - Hobsbawmek bere bizian zehar ikusi izan dituen proiektu inperial orok porrot egin dute: nazien mila urteko Reich proiektuak, Britainiar Inperioak, Bush administrazioaren amets inperialak... Etorkizunean saio inperial berriak ager daitezkeen arren, jalgi bezala eroriko dira. - Lehen eta Bigarren Mundu Gerla arteko urte latzak igaro zituztenek eraiki zuten 1950-60etako ongizate estatua , iraganeko gerra, desastre eta krisiak itzul ez zitezen. Hurrengo belaunaldiek, urte katastrofiko haien bizipenik ez zutenez, aise utzi diete Thatcher bezalako neoliberalei ongizate estatua ahultzen. - 1960ko hamarkada, gazte protestekin, rock & roll mugimenduarekin, eta kutsu libertarioko erreibindikazioekin, Hobsbawmentzat dibertigarria izan zen. Baina unean ere ez zitzaion iruditu hor, 1968 buelta hartan, egiazko iraultzarik zetorrenik. Aitzitik denborak erakutsi du (Hobsbawmen ustez) anarkismoa ezkertiar adina bihur litekeela eskuindar (norbanakoan zentraturiko kontsumismo hedonistarekin). - Ezagun da Hobsbawm nazionalismoen kritiko gogorra izan dela (hitzaldian ez zuen utzi aipatu gabe umetan Vienan bizitzeak "nazionalismo probintzianoetatik" inmunizatzen lagundu ziola, "juduen nazionalismo probintzianoa barne"). Hala ere, hitzaldi hasieran, hizkuntzen aniztasuna oharkabea ez zaio la agertu zuen: gaztelaniaz hasi zen, desenkusatuz hitzaldia ingelesez emateagatik hizkuntza honetan erraztasun handiagoa zuelako. Eta gehitu zuen euskaraz ere ezin aritu zitekeela, hizkuntza honetan ez baitzekien mintzatzen. Ez zen lausengurik egon, baina esango nuke kortesiagatik baino ez bazen ere, Hobsbawmek hizkuntzekiko sentiberatasun minimo bat agertu zuela. Bereziki azpimarratzeko keinua, kontuan hartuta hitzaldi ziklo hartako hurrengo gonbidatuak, Bernardo Atxaga k, gaztelania hutsez hitz egin zuela bere solasa. Banekien Hobsbawmek ez zuela "euskal hiria" eraikiko. Baina beste batzuengandik gehiago espero zitekeen.  2009/02/09 - 21:13:06

Hobsbawm historialaria Bilbora dator

 2009/01/31 - 12:05:02

Veleiako iruzurra baieztatu da

Duela bi urte doi-doi, blog hau sortu berritan, Veleiako gaia izan nuen mintzagai. Orduan aurreratutako jarrera ezkorra azkenean baieztatu egin da: aditu talde batek faltsutzat jo ditu ustez erromatar garaikoak ziren euskal izkribudun ostrakak . Ikus xehetasunak Berria n eta Sustatu n.  2008/11/21 - 14:51:04

Euskal Herri imajinarioaz gehiago

 2008/05/18 - 07:43:01

Euskal Herri imajinario baten alde (liburu aipamena)

Euskal nazioa asmatua da. Eta zer? Munduko nazio guztiak dira asmatuak. Horixe da Santi Leoné nafar historialariak Euskal Herri imajinario baten alde liburuan defendatzen duena (Elkar, 2008). Liburua saiakera labur bat da (92 orrialde), arin eta erraz irakurtzen dena. Izatez, ingeles historialarien estilo atsegin eta dibulgatiboa ekarri dit gogora. Zaldi Eroa ren marrazkiek umore puntu gehigarri bat eransten diote. Liburuaren abiapuntuko ideia aski ezaguna da ikertzaileen artean: nazioak komunitate imajinatuak dira, ez dira betidanikoak, ezta berezkoak ere , baizik aski berriak, nagusiki XIX. mende aldera eraikiak, sortuak, asmatuak... Nazioak ulertzeko modu hau agian harrigarria egingo zaio irakurle ez espezializatuari. Izatez, asmakizunaren ideia gure artean batez ere autore espainolistek zabaldu dute, euskal abertzaletasuna salatzeko asmoz: "Euskal Herria nazio asmatua da, beraz ez da egiazkoa, baizik gezur bat". Hori da, sinplifikatuz, maiz iristen zaigun mezua. Horregatik da eskertzekoa Leoné-ren saiakera, asmakizunaren norabide bakarreko mezua ("euskal nazioa asmatua da"), beste alderantz ere zuzentzen baitu, publiko zabalari ezagutaraziz: euskal nazioa asmatua da, bai, munduko nazio guztiak diren bezala, baita espainiar nazioa ere . Zeren oraindik orain, asko dira Espainian, baita historialarien artean ere, beren nazioa milenario gisa aurkezten dutenak. Horrexen hainbat adibide agertzen (eta kritikatzen) ditu Leoné-k. Liburuak, gainera, arreta berezia eskaintzen dio Nafarroako kasuari . Bertan, alde batetik, eskuin navarristak, Nafarroaren historia esentzialki espainol gisa aurkeztu izan du, gauza berezko eta betidanikoa bailitzan. Beste aldetik, navarrismo espainolista horri aurka egin nahian, euskal abertzale batzuk, Nabarralde proiektuaren inguruan bilduak, Nafarroaren historia esentzialki euskaldun gisa aurkeztu nahi izan dute (Nafarroa = Euskal Estatua). Kasu bietan, historia modu dogmatiko, manikeo eta politizatuen erabili da, ez iragana ezagutzeko baizik batez ere egungo proiektu bat ala beste justifikatzeko. Erabilera makur hori da liburuak kritikatzen duena. Eta horren aurrean Euskal Herri imajinarioaren aldeko apustua egiten da: "Euskaldunak bagara, ez da iraganak behartuta, historiaren manatuak bultzatuta, hildakoen ahotsak hartaratuta. Euskaldunak bagara, izate horri edukia guk ematen diogulako da" (91.orr). Esan beharrik ez dago guztiz bat egiten dudala liburuaren planteamenduarekin. Zenbait puntutan, ordea, apur bat labur geratu zait. Neurri handiz, nire deformazio profesionala da arazoa, urtetan nazionalismoaren historia gaiak erabili baititut esku artean, eta alde horretatik gauza gutxi egin zaizkit berriak. Alta, aitortu behar dut egileak adibide xume eta egokiak hautatuz zehatz transmititzen dituela ideia nagusiak. Bereziki polita iruditu zait Jaime Ignacio del Burgo ren faltsifikazioaren etsenplua (ezezagun zitzaidana): politikari navarristaren interpretazioan XVI. mendeko nafar gorteen akta batean hispanitatearen defentsa garbia egiten zen ( spanidad , Del Burgoren irakurketan), izatez, jatorrizko testuan, kristautasuna aipatzen zenean ( christiandad ). Halaber, Nabarraldeko autoreen estilo literarioari buruzko kritika originala eta guztiz pertinentea egin zait: idaz-tankeraren auziak garrantzi gutxikoa eman badezake ere, Leoné-k antzeman duen bezala, Nabarraldekoen estilo solemne eta handinahia bat dator guztiz beren liburuek egia absolutua agertzeko duten asmoarekin. Agian Leoné-ren liburuan urrien egin zaidana izenburuko helburuaren garapena da, hots, Euskal Herri imajinarioaren aldeko jarduna . Izan ere, liburuan ez da azaltzen zer den Euskal Herri imajinario hori, nola joan den berau historikoki sortzen (demagun diskurtso mailan, edo sinboloetan), edota imajinario horrek zer interes izan dezakeen. Berriki, modu irrigarri batean, Volgako batelariek imaji-Nazio horren aldeko hainbat proposamen aurkeztu dituzte. On izango zen Leoné-k ere bereak azaltzea. Nire partetik, behinola, historia arloko euskal curriculumari buruzko artikulu batean gaia zertxobait ukitu nuen. Edozein kasutan, eta amaitzeko, liburuak aise lortzen du argitaratu den Eztabaida bildumaren izenari ohore egitea. Jada zenbait iritzi desberdin sortarazi ditu. Irakurle guztiei biziki aholkatzen diet .  2008/05/04 - 07:26:16