Mendiko behatokia
Estimatua dago
Bidebarrietako Liburutegian martxoaren 10ean Zurgai aldizkariaren azken alearen aurkezpena daukazue, bertaratu nahi duzuenok. Arratsaldeko 19,30etan izanen da. Zertara natorren abisu honekin? Gaur iritsi zaigu Arantzazura horren berri. Lastima da baina, ez dut uste joaterik izanen duenik. Noren izenean etorriko eta, kartazalean datorren Luis Villasante Kortabitarte behinik behin, joaten bada ere, ez dut uste ikusiko dutenik. Eskertzen diogu akordatu izana, beti fin portatu den Bilboko Udalari. Estimatua dago. 2010/03/05 - 00:34:01
37 urte Segura Irratitik -9-
Segura herriak, bertako apaizetako bati esker, On Zesareo Elgarrestari justu, 1956rako bazuen bertarako eta gerturako irrati emisoratxoa. On Zesareok, debagoiendarra izanik, Bergarako semea, beti izan zuen Arantzazurako joera eta Ama Mariarentzako jaiera. Irrati baten gorabeherak, arazo ta zailtasunak esku hobetan egon zitezkeala eta, pentsatzen zuen Arantzazukoei eskaintzea irratiaren kudeaketa eta martxa. 1964tik 72ra, 8 urte luzez mutu egon behar izan zuen, sasoitsu hartan beste irrati batzuen antzera, uhin aldaketen arazo teknikoak zirelata, beste kausa batzuen artean. 1973an, otsailaren 10ean, Definitorioak batzarrean begi onez ikusi zuen On Zesareoren eskaintza; baina Arantzazuko anaidiak ez zuen bilatu irratiaz erabat arduratzeko modurik. Halere, Aita Jose Agustin Mendizabalek bere gain hartu zuen afera: Frantziskotar Seminarioaren gainean antena bat prantatu, han goiko koarto batean emisorak ohi duen kontroleko mahaitxo bat ipini, ondoko beste koartotxoan aldarea meza emateko, bidebatez, gerora hango fraileon kaperatxoa izango zen huraxe, eta halako batean, han hasi ginen eguneroko meza ematen. Aise esaten da, baina 13 mila ondo pasatako meza kopurua bada dagoeneko Segura Irratiz emanikoa: erdiak, gutxi gorabehera, han Seminario zeneko goi hartatik, eta beste erdiak Arantzazuko komentu eta basilikatik. Eguneroko meza bakarrik ez: On Zesareoren borondatea eta ametsa Arantzazun ospatzen genituen elizpuntzio guztiak ematea zen. Horrela, basilikatik Seminario goraino behar zen kableria paratu eta Basilikan errezatuko zen Errosarioa, Bezperak edo Benedikta, igandeetako Mezanagusia, igande arratsetako erromesen Agurreko errosario ta Agur Jesusen Ama, urteko bederatziurren nagusienak ere bai, hala Sortzez Garbiarena, nola Arantzazuko Amarena eta San Frantziskorena, eta noski, Garizumako hitzaldiak, astebetean euskaraz eta bestean gazteleraz. Halaxe darraiogu orain bertan: eguneroko meza goizeko 8,30n, eta igandeko mezanagusia, jaiegunetakoekin batera. Duela ia urtebete abia ginen Loiola Irratiatik ere eguneroko meza ematen. Baita ere, bada, badenez, eskertzen duen edadeko jenderik franko. Geuk ere eskertzen dugu eta estimatzen haiena. 2010/02/24 - 20:59:01
Oihartzunxkak -3-
Belengo aspaldiko eta iazko Gazako sarraski itxutuetatik, natorren eguberriz jaioberriengana, bizi sorberriaren zorteondora. Seaskaren aurrean kukubilko, edo belaunerdiz nahiz belaunbiko jartzen naizela, umearen begitxoekin parezpare, orduantxe dakust egokien (neroni ikusten saia gabe ere barrura baitoakit) begitxoen hondotik datorkidan Biziturriaren jariotxo isil leuna. Ia urte guztian idor dagoen Arantzazuko errekabarrenean nola, Iritegiko xokoan, harriartean, azpihondotik sortzen da plauf-plauf ur-punpuilotxo ttiki borobil etengabearen emana dariona... Biziaren piriridariontxoa ikusten dut begien pare-parean ditudan bi ttiki erdixabal horietan. Bizijarioxka hain ahulak gure baitako hondoentxoa ere pizten digu: Bizi ttiki zaindubeharrekora behartzen gaitu, zapitxoetan kariņoz bildubeharrera, bularren ondoondoan sehaskatu ta pulunpatzera, magalean txinkotxinko gozatzera, edo amatxoren kilikili laztanez biziarazitakoa mirestera, horixe da eguneroko ta uneoroko bizi haragiratu xumeak sorrarazten duena. Belengo ganbelakoak bilbatzen ditu munduko beste seaska guztietakoak: Biziturri betikoaren punpuilatxoak lehertzen baitira, betirako etengabean jada, jaioberri bakoitzarengan; eta halaxe gutako bakoitzaren baitako hondo isilean ere. Seaskan abiatu da gizateri handi zabalaren sendi luzea. Eguberritako Belengo ganbelakoak, halanola beste edonongo seasketako edozein umettikik gogorarazten digu, nola denok ludi ta mundu zabaleneko familia bakarra osatzen dugun: gu guztiongan kabitzen den biziturriaren punpuilu txiki horixe da, guk sortu gabe, gure baitako sakonenean eskaintzen zaigun betirakotasuna. Bizitzen hasi den biziturri ahulena ere, betiko bizijarioaren betiradaino dariona izaki. Zugan ta nigan sorturiko bizisorrerak zutu ta nitu gaitun bezala, zuka ta nika, denon arteko gu zabal handienean betirako gutu gaitu. 2009/12/30 - 01:34:05
Gaztainondopagoa
Kaxkaldu ote naizen galdetuko du bateren batek. Ba, aizue, egia berdadero purupuru horietakoa da hauxe. Gaztainondopago lerdena, bai horixe! Aspalditik dago halaxe: gaztaina gero eta xaharrago, errekaldetik bi aldaska berri ematen bere zahardade atzenduan. Baina, gaztainondo zartatuan behera han ageri dira, noizpait zainzuztar izandakoak, gerri trunkotzen doazenak eta lurzoruan zain propialak zuztarturik dituztenak. Gaztainondo xaharra ez bezala, indarrean eta kolore onean dago, bizibizi ta tente, bere etxeberri azal xaharrekoa lehertuz, gero eta pagoago, pagolizar izateko asmotan airean gooora doan pago gazte sendokotea. Ez da inguruan pago hosto apainik gelditzen: denak orbelmaxkaldu dira azken bi asteotan. Gaztainpagoak, aldiz, oraintxe horiztatuberriak dauzka panpox asko, arroxa koloretara bidean, inguruko pagoekiko gaztetasun harroa diztizatuz. Egun gutxitako eskaparatea, gaztainondopagoaren janzkera modeliko honena. Ez da zuhaitz bakarra, halere, etorkina bere golkoan jaso eta zuztarrak trunko bigunduaren magalean behera lurperatzen utzitakoa. Gaztainondoa aparta da beste zuhaitzen hazi etorkinak bere magalpe epelean ernaldu eta hazten. Bada gaztainondoetxerik, tximiniberri luxatu gisara, hiru etorkintxo ere hazi dituenik. Zuhaitzotan ez da gurasoa umebila doana: zuztarrak errotuegiak daude inora besteren bila mobitzeko. Baina, bulargolkora datokion hazia gorde eta hazteko enpeņoa, hori bai: horretan bat bada, gaztainondoa sukalde epel ta beroena, abegi emankorrenekoa. Gaztainondoa etxerako, ta etxetarako! 2009/11/25 - 17:38:03
Azaroa ilgoran
Ez zaio asko falta, laster da ilgorako koska saltatu beharrean gazta erdia dirudien ilargitxo txurixka. 21.40 puntuan (22.40), edo hamaikak hamar gutxiagoan, hortxe sartuko da ilbeterako bidean: bihar zortzi, abendu bigarrenean iritsiko da betebetera. Bitxikeria gogoan har nahi bazenu, gutxitan edo ez hain sarri suertatzen den kontua dela, alegia, hilabete baten barruan bi ilbete egokitzea. Halaxe, bada, aurtengo azken abendu berexixko honetan. Piscis zeinuan tokatzen zaio oraingoan, hankapunttetan doan ikurrean. Eurizalea da, berez, Piscis, ez da alferrik arrain pare batez irudikatzen. Urik ekarriko duen edo ez, badaezpadan, orain bakeoso dagoen hain tenple oneko aroari erreparatu astean aurrera. Akordatzen ez denarentzat esan, Domusantuz egokitu zen ilbeteak 200 litro pasa utzi zizkigula bere astean. Tartean, itsasoan ez bezala, hain tenple oneko ibili den ilargittoak, azken palastak bere azken egunetan bota nahi dituela dirudi. 2009/11/24 - 23:51:02
Ilargi aziotxoak udan
Uda lehor portatu da gure eskualde batzutan: zenbat eta barrualderago, idorraldi luzeagoak, gainera. Kostatik harik eta gerturago, orduan eta zarrastada eskas baina ugariagoak. Horrela, sanJoanetatik abiatu lehen berrogeialdia 18 jardunalditxotan 55 litro utziz joan zitzaigun. Uda sasoian lurra egarri somatzen da gaugiroko hezeduraz ezkotzen ez badu, eta landarediak ihartzera jotzen du. Hala, San Inazio inguruan zuhaitz batzuk baziren, hostoz erantzita lotsati ageri zirenak. Bestelako alderditxoa, ordea, abuztuaren 6ko ilbetearekin abiatu zena: iraileko 4ko ilbetera arte, 100,5 litro utziko zituen, fronte eurizko bakartxo bat ere gabe, sirimiri hutsean, bixibixi, 17 egunetako jardun oparoan. Dozena bat zuhaitz badira, zumar, ezki ta elorri, aurten soineko berriz politto jantzi dituenak, baita berriro loratzera ausartu den elorririk ere, maiatzeko loraldiaren fruitutxoak gorriturik bertan dituela. Gandiaga Topagune ondoko Misterio eraikintxoaren aurrean dago elorri xarpa bat, batere lotsarik gabe. Ama naturak nola zaintzen dituen bere izaki kuttunak! Halere, esan behar da, lainoberaren langar negar hau, 600 metrotik 900eko bitartean emana izan dela gehienbat. Euri fronte bat bera ere ez da arrimatu udako lehen hamabostaldiaren ondotik. Hain gertu dugun itsasotik errekagainetan gora mendi bizkarretara igo izan diren lainobera xirimiri ekarleak izan ditugu gurekin abuztuan. Horietxei esker mantendu da mendialde hau dena hain berdean, orlegi argi bezain beltzean. Bazekiten zuhaitzek aurten, hobeko zutela hostomantoi ahalik eta aberatsena jantzi, lainoari hezedura bixigarririk jaitziko bazioten. 100 litro ttanttanez ttantto emanak, eta auskalo hostotxo bakoitzak zenbat beste ttanttantxo kendu zizkion laino buxtiari. Zein misterio du lainoberaren negar altura jakin bateko honek? 700dik mila inguruko altueran kokatzen da gure inguruotan. Tantan euritakoa osatzeko beste lodierarik eta hodei gorputzik ez duenez, langar ttantto ttiki ixuri maizko bixibixikoak, juntto-juntto uzten ditu airean behera zintzilikatuta, batzutan xirimiriaren tamainara ere iristen ez diren neurribakoak. 600 metrotatik behera ez dira bakan batzuk besterik iristen, azpiko aireak xurgatuz desagertzen direlarik. 1000 metrotik gora, berriz, lainobera gaineko matazatxoa besterik ez dabil, mendigaineko haize pulunpan, eta han ezin busti pulamentuz. Urbian, pentsa, Arantzazun baino askoz gutxiago egin du. Irailaren 4an genuen aipatu ilbetea, abuztuko hilabete langarduna 100 litrotako opariz osatu zuena. Hurrengo 11 egunetan, 4tik 15era, euritantatxorik ez du ekarri. 15ean, azkenean, euri mardulxeagoaren pregoia. Eta 19ko ilberri ttikiak ekarri ditu gainerakoak, barrualdean benetako bendizio gisara, lur elkorraren egarria asetzeko tamainakoa. 2009/09/20 - 13:30:06
Abuztuko ttikia
Zenbat urtetan egin ote ditu bere aziotxoak abuztuko ilberri ttiki ttattarrak! Uda sanoki eta girotsu joan denean eta, abuztuko ilberritxoa izan da gehienetan, aroaren sanidadeari lepoa bihurrittu izan diona. Zenbateraioko bihurria, itotzerainokoa? Ez, bizirik utziko digu giroa eta eguratsa. Baina, bart gauerdian ez da alferrik azaldu ez-dakit-nongo labetatik irteniko hegozarpail hura. Apirileko azken elurretako ipar biziaren ostean, haize boladatsuenak atseden harturik genituen; maiatzaren azken hamabostalditik batipat. Bart ezustean piztu den hego lamada ez da txantxetakoa izan, ez. 23štara kostata jaistea lortua zuen hozberoak, atzo eguerdiko labetik jaitsi ezinean. Ba, kolpetik, gauerdiko ordubatean 29štara igo da nonbaiteko labeko atea zabaldu orduko. Geroz, hor dabil, pulunpari. Goialdea bai, atzo eta herenegun baino askoz zikiņago. Halaxe harrapatu gaitu, eguerdiko 12ak eta 3 minutuan (eguzki ordua 10,03 baitzen) ilberritxoa aurpegia betebidean abiatu denean. Esana zegoen, eta ongi neurtua ere bai, azken bi ilargialdiek nabarmen ekarri digutena. Ekaineko ilbetean, ilargi nagusi betearen jiran bota ziguten beren pregoi anuntzioa koarta-tenporek. Halaxe portatu dira beste bi ilbeteak ere, aro eskasentxoa eurentzat gordez eta 6.eguna orduko onbide baketsua nagusituz. Abuztuko ttikia izaten da beteari makila hartzen diona. Dantzatuko ditu orainarteko aire mantxo egonkorrak ttiki honen mudantzak. 2009/08/20 - 16:59:02
Egunaren martxa
Ez dirudi, udaren bihotzean gabiltzelako, udamina hasiberritan (uztailak 23), eguzkiaren ibilbidea nagitzen hasi denik. Eguzki-paperean heliografoak errez uzten duen koxkari erreparatuz, arratsaldero jabetzen gara meteorologian gabiltzanok, eguzkia bere ibilbidea laburtzen hasia dela duela ja hilabete. Goiztar samarrok ere, txorien iratzargailua berandutzen doanaz ohartu garenok, beste horrenbeste: sanjoanetan laurak laurden gutxitan esnatzen ziren kantarittikiak (05.45), gaur laurak eta 20an hasten dute beren txirrintxo txiotxiozkoa (06.20). Halaxe da, bai. Santa Ana biharamunean, 05.07an (07.07) jaiki da eguzkia. 04.44 izan zuen goizenik jaikitzeko parada, ekainaren 20ra arteko dozena egunetako goiz argi haietan. Kontuak ateratzen jarrita, 5ak aurreko 16 minutu haiei gaur goizeko beste 7 hauek erantsita, 23 minutu moteldu eta nagitu zaigu, goizean goizetik, eguzki ahaltsu biziarazlea. Antzeratsu dabil arratseko nagi aitzakietan ere. 19.49rainoko permixoz ibili zen erretiroa brandutzen, egunik luzeenen arrazoitan, ekainaren 22tik uztailaren 2 arratseraino (horixe azken gau-permixo ongi baliatua). Gaur arratsean, 19.34an jarri diote erretreta unea: 49tik 34ra atzera eginez, 14 edo 15 minuturen tartea topatzen dugu hortan. Goizeko 23 minutu atzeratuak eta arratseko 14 aurreratuak, 37 minutuko sorta osatzen digute. Orduerdia osatu zuen joan den 23an, udamina estrainatzeko egunean, eguzki berantiarrak. Hiru ordulaurdenak osatuak izanen ditu san Inazio egunez. Abuztuaren 7an, ilargi betea iristean, ordubete eta minutu bat atzeratuak edo galduak izango ditu eguzkiak, gure egunaren kaltetan. Minutuka joango da jaikiera atzeratzen, orduan, goiza. Minutu eta 20 segundu inguru azkartzen, aldiz, bere erretiroa arratsalde partetik. Gure egunaren, eta bizimainaren zinu urterokoak. Ondo da, noiztik behin, erlojuari beste, gure erloju sanoen eta fijoen horren martxa ere, kontuan hartu eta erreparatzea. 2009/07/27 - 12:30:01
Trinidadeko ilbetea
Araotzen Trininadeko jaixak bedeinkatzera iritsi zen ilbetea atzo goizalbaz 4rak eta 3 minututan (6,03). Eskorpio du bere zeinua oraingo honetan, urari eta hostajeari deragiona. Bai atzo ta bai gaur, ur pixken bat banatu nahiko du, lanerako gogo handirik gabe. Baina eguraldi nasai ta mantxoetara dator berriro oraingo ilbetearen aste baketsu hau. Hegomendabalaren kozkorralditxoren bat aste abieran. Gainerantzean, berotik gehiago, beste ezertatik baino. Eta beroak, badaki gurean, arratserako trumoi hodeiak mendikaskoetara garraiatu eta bertan gaztelutzen. Aje naturalak, nolanahi ere. 2009/06/08 - 11:23:07
Orkestrakide berriak
Goizeko hegaztien kantasaioak badu segidarik dagoeneko. Ama lokaturik denean harraren eginkizuna da zainketa sinfonikoa egin eta osatzea. Argixintak iratzar orduko, entsegu xaxtar xaltokakoan, batak bestea igoarazten du adarrez bezala tonuz eta soinuz. Gaur goiza halakoxe soinujantzizkoa izan dute. Argixehe ta garden zehargitua nabaritu dute nonbait, lehorrean tamainakoa, eta afinazio xorrotxa ari zuten zuhaitz atril bakoitzetik. Nabarmen jantzi da orkestra azken egunotan: gordetoki oparo abaroa damaie zuhaitz kalpartuek. Bikoteka ikusten zirenek banakatu dira aste honetan: habitxokoak goxatzen dira emeak, harren jardunak gozaturik. Halere, trofeo ttiki xume hauxkorrak poztu nau pozarren. Goiza aldenaz alde bete dit: bidexidor baxterrean, ia-ia zapaldu nuen. Makurtu eta kontuz-kontuz arrautz oskoltxo lehor erdibia jaso dut, hatzamar tartean ez zapaltzeko kuidadoz: margo ta azalez sasi-txoriarena. Badugu orkestrakide gaxterik: kornoingeles txiotsu borobilean abesten dio orain aitak, zozoak txanda ematean, zozo berritxuek ia denak tapatzen baitituzte gure baso gero eta sasituagoan. Tentuz mimatua ekarri dut nire trofeotxoa. 2009/05/12 - 20:32:09
