Ahuntzaren Eguerdiko Doministikua

L'esternut de migdia de la cabra

Orozkoko batzokia

Diasporan Euskal Herriaz deukozun irudia nahikoa idealizatua, puztua, irreala eta folklorikoa izaten da normalean, eta neuri horixe gertatu izan jatan, noski, eta suposatzen dot antzera gertatuko jakiela judutarrei Israelegaz, esate baterako. Urrutiko intxaurrak dira azken finean, eta gerturatzen zarenean...Urteak dira neu gerturatu eta bertoratu nintzanetik, baina gaur egun (2010. urtean) Baskistanera diasporatar bat bizitzera iritsiz gero zer pentsauko eban jakitea gustauko jatan. Eta turistek geurean zer ikusten daben. Eta herrialde txiroetatik iritsitako etorkinek. Eta Bruce Springsteenek. Eta Maria Teresa Fernandez de la Vegak...Izan be, non dagoz 1980ko hamarkadako euskal futbolari sendo eta borrokalari horiek? Zergaitik azken urteotan kantabriar aurraunlariek euskaldunei irabazten deutsie? Baskonia euskal saskibaloi taldea da? Kataluniarrek erreferendum ederrak egiten dituzte eta geuk zergaitik ez? Unibertsoaren zein txokotan gelditu dira Botxoko zirimiria ekartzen eben hodeiak? Bestela, Iturribideko punkiak postalekoak dira erabat, eta sakelako telefonoekin kalean gora eta behera ibiltzen dira. "Melilla y Fez"enak egin dau, eta horren ordez XXI. mendeko taberna guay bat ipini dabe. Eta Atxuriko "Miren Itziar" moduko jatetxe jator eta "kastizoen" ondoan diseinuzko errestaurantak gero eta ugariagoak dira. Batzokiak be diseinuzko bihurtu dira, zerbitzari erdaldunak eta guzti. Orozkon be bai. Pijokeriak jota gagoz, eta neu ganera nostalgiak harrapatuta.  2010/02/05 - 12:42:04

Batzen gaituena

Bizkaiko Golkoaren lurralde hauetako uritar guztiak edo gehien-gehienak benetan batzen gaituenik badago? Euskaltel ez behintzat, publizitatean esaten dabenaren aurka, Baskistanen orangista, movistarrista, vodafonista eta abar ugari badabilzanez. Katixa Agirre antzeko hausnarketetan ibilia da, baina erantzuna oraindino haxean hegan dabil...Izan be unionistak "estatutua eta konstituzinoa" batzen gaituenak diralakoan dagoz, baina hori egia izan baino euren nahia besterik ez da. Abertzaleon nahien arabera beste kontu batzuk batzen gaituelakoan gagoz, baina horiek be ametsak besterik ez dira... Zezenketen aldeko zaletasunak ez gaitu batzen jaietan, ezta zezenketen aurkako mugimenduak be. La Oreja de Van Goghek edo Ruper Ordorikak batzen ez gaituen legez.Halandabe, antimadridismoa izan daiteke hurbilen dagoana, hain zuzen be hainbat euskal uri eta herrik Alcorcón udalerri madrildarragaz senidetzeko eskaerak biderkatu diralako informazinoa jaso dot blog honetan. Halaber, Milano be gero eta hurbilago sentitzen dogu hainbatek... baina ezta be. Matxinatu madilzaleak egon badagoz geure artean eta akaso gero eta gehiago ganera...Baina ondo pentsatzen badozue badago Hego Baskistaneko uritarrok geure artean eta Ipar aldekoak eurenean batzen gaituena/dituena. Hizkuntza alegia.  2009/11/10 - 07:14:08

Pintadaz pintada hizkuntza normalkuntzaruntz

Bazterrak ederto nahastu dituzte pasa barri dan uda honetan ultraespainiarzaleek geure Baskistango hormetan. Aspaldi irakurri neban "hormak ahotsgabekoen bozgorailuak dirala", eta hala da. Ganera, falangista (pikoleto?) horien pintaden edukiagaz ados egon ez arren, hizkuntzaren normalkuntzarako aportazino bat ez ete diran izan pentsatzen egon naz. Izan be, hormetako mezu (mehatxu) horietako batzuk Axularren mintzairan idatzita zetozten. Ez da kontu barri-barria, baina tira. Kontua da orain arte hormetako margozte politikoan egondako monopolioa apurtu dabela ultra horiek, eta hizkuntza kontuetan abisua bialdu beharko geuntsen kale margolari ezkertiar abertzaleei: Azken aldiotan "Ikaseok borrokan" edo "Zer egin duzue Jon-arekin" moduko pintadek neure barneko Euskal Talibana piztu dabe eta ortografia (faborez) zaintzeko eskaera luzatu nahi deutset espraiaren neska-mutilei. Bestela "The life of Brian" pelikulan legez gerta leike, udaltzainek ehun aldiz zuzendurik pintadak errepikaraztea alegia.Hordago ttipirat!  2009/09/25 - 07:02:06

Ezin dot gaurko albistegia sinistu

I can`t believe the news todayI can't close my eyes and make it go away.How long, how long must we sing this song?How long? How looooong?Buzzin in my head: "Sunday, bloody sunday"  2009/08/06 - 17:31:07

Transprobintzialtasuna

Espainiar probintziak beti hor egon dirala emoten dauan arren, 200 urte baino gitxiago dituzte. Izan be 1833an finkatu zituzten, Isabel II erreginaren sasoian eta Frantziar Iraultzaren eredu "bardintzaile eta zentralista" haren eraginez. Ordutik hona aldaketa batzuk eduki izan ditu antolaketa administratibo espainiarrak, baina funtsean gauza handirik ez. Euskal Herrian, mugaren alde bietako probintziak ondo islatu zituen Louis Lucien Bonapartek 1863an haren "Carte des sept provinces basques" mapa ezagun hartan, eta 1897an lelengo aldiz "Zazpiak Bat" armarria plazaratu eben Ipar EHn. Katalunian, ordea, 1936an probintziak gainditu eta eskualdeen araberako antolaketa ezarri eban orduko Generalitatek, Francisco Francok gero ezeztatuko ebana eta haren diktadura amaitu ostean barriro be indarrean dagoana. Hainbat kataluniarrek, hain zuzen be, euren udalerriak ez dituzte kokatzen lau probintzien sistemaren arabera, 41 eskualdeen ereduari jarraituz baizik.Hau guztia dator azken egunotan egunkarian irakurritako "Probintziakeriak eta bestelako xelebrekeriak" artikulu interesgarriaren haritik. Joxerra Bustillok berton geurean gertatzen diran txiki-txokokeriak salatzen ditu, futboletik hasita eta garraiobideetan gertatutako egoera kafkiarrekin segiduz. Joxerrak euskal probintzien arteko mugak gainditzeko animatzen dau, blog honen egileak egunero egiten dauana Kanpazar mendatetik igaroz, eta batasunaren aldeko aldarria egiten dau funtsean, "oinaztarren eta ganboatarren" arteko liskar modukoak gaindituz. Halaber, probintzien demaseko azpimarratze horretan euskal egunkari salduenen funtzinoa aipatzen dau eta neure ustez hauen papera gako nagusietakoa da. Bestela, guztiz bitxia da "The Spanish Post" eta " Daily Basque" horien izaera alde batetik espainolista eta bestetik probintzianoa, bizkaitartasun/gipuzkoartasuna eta espainiartasuna nabarmenduz euskalduntasunaren kalterako beti be. Bitxia esan dot baina sarritan lotsagorritzeko jarrerak hartzen dituzte egunkari hauek, azkenean euskal nazionalistei leporatutako murrizketa mentala eta lurraldetasunaren txikitasuna ahuntzaren eguerdiko doministikua legez lagatzen dituztelarik, euren txiki-txokokeria probintziano horren bandera barregarria astintzen dabenean.Transprobintzialtasunaren alde, bizkaitar, arabar, nafar, lapurtar eta xiberotar errealzale eta gipuzkoar, arabar, lapurtar eta xiberotar zuri-gorriak eta bestelako konbinazino guztiak goraipatuz, hordago txikira!  2009/07/25 - 22:46:05

FRV

80. hamarkadan RRVk euskal musikaren panorama ederto astindu ondoren, 25 urte igaro ostean, FRV datorkigu gentlemen and ladies, prestatu zaitezte! 70. hamarkadako estetika maite eta folk musika gustukoa ditugunok pozik egoteko moduan gagoz haxe fresko honegaz, Folk Radical Vasco izeneko musika iraultza honegaz. Gizarte pijo, bobalizatu eta abduzitu honetara euria, bibolinak eta batik bat bizarrak ekarri deuskuz ahuntz nafar hauek, "Ahuntza Sariak 2009"rako hautagai sendoak direnak, "Bizardunak" talde errebelazinoa. "Nabarra" aldizkariak 100. zenbakian (ehun hurra euren alde, hip-hip hurra!, hip-hip hurra!...) alkarrizketa eta artikulua dakartza taldeari buruz. "Bizardunak metrosexualitateraen kontrako aldarria gara". Ezin argiago. Bestela, Karitateko Benta eta Gora Gu ta Gutarrak taldeen bertsino folki eta irlandar kutsuko honek ez ei dau euskal folka asko maite, baina Natxo de Felipe eta Benito Lertxundi diran bi ikur nagusiekin look bizarduna konpartitzen dabe. Eta bestalde Kubako Iraultzaren bizardunak eta Karlistadetako soldaduak eredu deukien arren, Oskorri edo Lertxundizale baino Raphaelzale izango diran Jaime Mayor Oreja, Carlos Iturgaiz, Iñaqui Oyarzabal edo Rodolfo Aresegaz be aurpegiko ezaugarri uletsua eta erradikaltasuna (beste muturrean egon arren) konpartitu behar dabe... Tira, amaitu da lasaitasuna, Nafarroatik datoz beste behin "berri txarrak". Diskoa entzuteko irrikan nago, baina zuzenean zelakoak izango dira!  2009/07/09 - 00:55:04

Turista herbeheretarraren lezioa

Hiru urteko mutikoa edukitzeak geure gizartea zelakoa dan ederto erakusten deutsu, zein topikozale, umezentrista eta erdaldun diran geure auzokide botxotar gehienak. Hiru urteko neskato edo mutiko bategaz zein komunikazino maila mugatua eduki daikezun kontuan hartuta, hain oinarrizko, sinple eta erraz izanda eduki daikezun alkarrizketa, batik bat kalean izandako topaketak gogoratuz gero berehala konturatzen zara zein pertsona gitxi gai diran "kaixo", "zer moduz?" edo "nora zoaz?" moduko esamolde laburrak esateko. Flipantea da. Erdaldun antipatikoen kasuan ulergarriagoa da, gazteleraz hain gitxi dakien hiru urteko mutiko horren gurasoen ardurabakokeria kritikatzen daben horiek, badakizue: "No sabe castellano? Pues tiene un pequeño problema!". Eta zeuk ez dakizu ezertxo be ez euskaraz, ezta apurtxo txiki bat? Beraz zeinena da arazoa, majete? Baina hainbat erdaldun sinpatikoren kasua etsigarriagoa da, oinarrizko agurrak eta umeei esaten jakiezan txikikeriak esaten ez jakitea edo jakin arren esaten ez animatzea marka tamalgarria da gero. Guggenheim ikustera datorren edozein bisitari herbeheretarrak, interes minimo bategaz, gai izango zan Euskal Herriari edo "Espainiako Iparraldeari" buruzko gidaliburuetan agertzen diran lau berba eta esamolde horiek ikasteko asteburu bakar batean, eta turista hori kataluniarra izanez gero lau berba eta esamolde horiek erabiliko zituen hirugarren txakolinaren ostean. Gitxieneko interesaren kontua da, besterik ez. Eta bai, kasu honetan be pixka bat es mucho.  2009/06/28 - 16:44:04

3 zor eta ikasgai 1

Orain dala 8 urte Debagoieneko eskualde gipuzkoarrean hasi nintzan beharrean bertoko ospitale txikian, Gurutzetako ospitale erraldoitik jauzi eginez, eta denpora honetan guztian Arrasate alde horretan sendagile moduan izugarri hazi izan naz. Blogari moduan eskualde berak be aukera emon eustan idazten hasteko orain dala ia 4 urte, Goienako blog komunitatean. Bigarren zorra. Eta azken hilabeteotan Goiena Telebistan lantzean behineko kolaborazinoak egiteko aukera emon deustie Arritxu Barriusok gidatzen dauan "Magazine" saiorako. Hirugarrena.Geure ogibidean askotan kexatzen gara gizartean orokorrean dagoan osasun hezibide faltaz, kalean dagozan mitoez eta abarretaz, eta horren erruaren zati bat "Saber vivir" moduko saioek eta hainbat sendagile telepredikatzailek deukie, etika profesionalagaz jolasean dabilzanak. Horren aurrean, gogora etorten jat "Más vale prevenir" mitiko hura, askok gogoratuko dozuenok, benetan telesaio hezitzailea izan zana. Eta hortik be badoia bere xumean GoiTBko "Magazine" osasun tartea, morborik gabeko informazinoa eta ganera audientzia handiagaz, Botxoaldean gaur egun euskarazko hedabide batek proportzionalki lortu ezin dauana. Honeri guztiari esker geure hizkuntza komunitate txikian espezializazinoa zein aberasgarria eta garrantzitsua dan beste behin konturatu naz, ekonomialariak ekonomian, informatikariak informatikan, biologoak biologian, txirrindulariak txirrindularitzan, medikuak medikuntzan eta abar. Barruan deukoguzan filologoa eta militantea apur bat isiltzea eta lanean ikasitakoaz berba egitea. Ziur aski militantziarik hoberena hauxe da.  2009/06/05 - 06:13:08

Eguzkira begire: Ixerdi patsetan Galdarakaon

Tira, azkenean beroa ez da hainbesterako izan, baina aurreko egunetik lerroburua pentsauta neukan, gustukoa eduki eta erabili behar izan dot. Anfibioak holakoak gara. Kexatzeko gitxi, egun ederra igaro dogunez, Blogs & Txakolins erdi-inprobisatua Jozulin eta Julen natiboen eta Benito, Aitor, Olaia eta abar handi eta txikien konpainian, Iraultza atzo berton hasia dala jakin barik. Pelloren kamiseta orlegi eta beilegia zelabait iraultzailea izango zala banekien, baina testuinguru matxino guztia ez neban harrapatu. Galdakaoko presenteak alde batera lagata, ausenteak dirala-eta blog fidagarri honen iturri auskalomenditarren bidez jakin dogu Camilo Jose jaunaren (g.b.) loba urruna dala geure Hezkuntza sailburu barria, Nobel Saridunaren abizena apur bat aldatu dauana idazlearengandik haren burua urrunduz, euskal hiztunongandik atzo urrutiratu zan moduan. Halandabe, beste ausente batzuen artean Miguel Sanz bera dogu, sarritan ekitaldi hauetan egon dan geure parrokiano euskaldun aita barri maitea. Biba zu!Bestela, egunen batean antxumeei azaldu beharko deutset zergaitik Gabonak edo Ibilaldiak ospatzen ditugun, biek jatorrizko motiboak apur edo mordo bat galduta. Atzoko modukoen festei buruz zer esangotset ba, ikastolak sostengatzeko, hizkuntza erabiltzeko (edo batik bat ez erabiltzeko), lagunekin egoteko, ligatzeko, kontzertuak ikus-entzuteko, mozkortzeko, Bizkaia ezagutzeko, ariketa fisiko ederra egiteko dirala? Ziur aski hori guztia eta gehiago dirala Ibilaldiak, Araba Euskarazak eta abar. Eta, badaezpada be, urtero antolatzen segidu behar dogula, presenteekin eta ausenteak gora-behera. "Urrun da iragana eta urrun da geroa" (Kuraia).  2009/06/01 - 06:59:04

Gabarra abortatuak

Espanyako Liga eta Kopako txapeldunek ez dakite ospakizunak antolatzen, ez behintzat hamen Botxo aldean dakiten legez, gabarra azkenean abortatuta gelditu arren. Eguaztenean Europako txapelduna izan daitekeena atzo Nafarroako Erresumakoek garaitu eben, eta halandabe oraindino ez dakigu gorritxoek Atletixaren aurkako derbirik jokatu ahal izango daben, edo Errealaren kontra arituko diran. Lehen Mailan gelditzea titulu bat irabaztea bezain pozgarria izan daiteke Osasunarako, eta poza beti ona da osasunerako, baina kasurik hoberenean be gabarren partez almadiak Arga ibaian ez ditugu ikusiko ospatzeko, Foru Erkidegoan ohiturak desbardinak diranez.Bitartean, Gipuzkoa aldean umeak blaugrana bihurtzen ei dabilz, eta Eibarren truke akaso Irun ordezkatuta egongo da Bigarren Mailan hurrengo urtean, gaur berton jakingo dogu. Bidasoan behera gabarrarik bai ete? Ikusikogu. Eta ikusteko dago halaber ea euskal talde txuri-urdin bat edo bi egongo diran datorren denporaldian Bigarren Mailan. Gustauko litzaidake talde bakarra egotea eta horixe gasteiztarra izatea, baina amets urrunegia da. No passa res, gentlemen and ladies, beste urte batean igoko gara. Badakit antxumea atletikzalea izateko arriskuan (bai, arriskuan) dagoala, baina aste zuri-gorri horretan berton urtebetzea eduki dau Pellok, eta Errealeko uniforme osoa oparitu deutsie. Underground xamar da Errealekoa izatea gaur egun, nortasun handikoa, are gehiago Nafarroako mendebalde honetan, eta ikusiko dogu noz arte eutsiko deutsan Pellok. Neureak dagoeneko erremediorik ez deuko...Eta amaitzeko, gabarra ezean, egunen batean ikusiko gaituzue Lea ibaian gora edo behera piragua batean, beti dago-eta zer ospatzerik. Buzzin' in my head: Futbol, futbol, futbol!! (Manu Chao).  2009/05/24 - 18:38:07