azpi
Ahotsak.com webguneaz, hitz bi
Ahotsak.com-en aurkezpena Gaur aurkeztu da ahotsak.com webgunea Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean . Aurkezpena eta proiektuari buruz, Sustatun eta beste hainbat tokitan kontatzen dira detaileak, eta ez ditut nik hemen errepikatuko. Bi kontutxo baino ez, gaurkoaz: - Badiharduguren proiektuaren ezaugarri batzuk benetan egiten zaizkit interesgarri: grabazioak helburu, proiektu irekia, sareratu-publikatu bukatu gabeko materiala, kolaborazioa bilatu. Ez dira proiektu guztietan puntu horiek horren garbi markatzen. - Toki ederrean eta konpainia are ederragoan egin dugu bazkaria gero. Proiektua ez da bukatu, baina fase bat behintzat bai. Eskerrik asko Badihardugukoei. - Koldo Mitxelenako aretoko ekitaldi guztiak zuzenean ematen dira Internetez . Ekitaldia bideoz grabatu da (edo zitekeen), beraz. Baina, ezin ote dira grabaziook ere publikoki eskaini? Apustu jende gehiagok ikusiko lituzkeela ekitaldion grabatuta, zuzenean baino. Webgunea egitea tokatu zaigu CodeSyntaxen , eta webguneari buruz bai, aipatu nahi ditut pare bat kontu erdi-tekniko. URL edo helbideak Proiektua hasi aurretik, webgunearen URL edo helbideak ordenatu eta zerrendatu genituen: zer informazio herriaren azpian, zer kanpoan, fitxen kokapena... Izan genituen geure zalantzak, dirudiena baino lan zailagoa da-eta. Baina, azkenean, logika txukuna geratu zaigulakoan nago: - ahotsak.com/ - ahotsak.com/info - ahotsak.com/eskoriatza - ahotsak.com/eskoriatza/hizlaria/842 - ahotsak.com/eskoriatza/pasartea/14296 - ahotsak.com/eskoriatza/gaia/ - ahotsak.com/eskoriatza/gaia/01.01.07 - ahotsak.com/gaia - ahotsak.com/gaia/01.01.07 - ahotsak.com/proiektua - ahotsak.com/proiektua/41 - ... Helbideok ikusita bakarrik imajina dezaket webgunea. URLok dira webgunearen bizkarrezurra, eta hori ondo diseinatu ostean, askozaz errazagoa da beste dena. Webgune bati buruz asko esaten dute helbideek. Sortu zitzaigun -eta oraindik badugu- zalantza bat, halere, helbide hauei dagokionean. Zer URL edo helbide da hobea, "a" edo "b"? - a) /eskoriatza/hizlaria/842 - b) /eskoriatza/hizlaria/cruz-abarrategi-leaniz-barrutia Orri berdinera eramango lukete, noski: Eskoriatzako Cruz Abarrategirena . Google eta bestelako bilatzaileentzat, dudarik gabe, "b" egokiagoa da: helbidean bertan dago orriaren informazioa, badakigu zertaz doan orri hori. Hori ere indexatzen du robotak, eta nolabait esateko, puntu positiboak dira bere algoritmoan. Cruz Abarrategi bilatuz gero, "b" orria lehenago agertuko da Googlen "a" baino. Hori esaten du SEO kriterioak. Hori ikusirik gero eta webgune gehiagotan -blogetan, sare sozialetan, periodikuetan...- ikusiko duzue helbidean orriaren informazioa sartzeko joera hori, blogak.com honetan bertan kasu. Halere, horrek oso helbide luzeak sortzea ekartzen du askotan; beraz, konplikatuak. Eta, ni nekatzen hasia nago helbide luze hoiekin. Izan ere, egokiagoa da "a" lotura e-postaz bidaltzeko, lagun bati telefonoz esateko, paperean apuntatzeko... Horregatik ditut zalantzak, oraindik. Ahotsak.com-en "a" motatako loturak jarri ditugu, momentuz. Momentuz, diot, balitekeelako "b" aukera hobestea hurrengo bertsiorako. Proiektu bizia da hau, esan dut lehenago. Bilaketa sistema Datu-Base bat online jartzen dugun bakoitzean, bilaketa egiteko modua jarri behar izaten da txokoren batean, noski. Horren harira, bezeroak, beti eskatzen ditu bilaketa lehio sinple bat, eta bilaketa aurreratua egiteko aukera bikoitza. Bilaketa lehio sinplea edozer di-da batean bilatzeko; aurreratua, datu-baseko eremu guztietan zerbait sartu eta kriterio konbinaketa horren arabera bilaketak egiteko. Normala da bi aukerok eskatzea, badakit, baina asko diskutitu ohi dut bezeroekin hori dela-eta, pereza ematen baitit hori programatzen hasteak. Batetik, aitor dezadan, lana delako; bestetik, eta batez ere, oso gutxi erabiltzen direlako bilatzaile "aurreratuok". Lortzen den emaitzak gutxitan justifikatzen du egindako esfortzua. Zenbat aldiz erabili duzue zuek bilaketa aurreratua Googlen? Webgunearen egileari oso inportantea iruditzen zaio aukera hori izatea: oso barneratuta ditu datu-baseko eremuak eta bakoitzaren ezaugarriak, zer non sartu zehaztea inportantea da berarentzat... eta, esango dizu, gauzak zehatz-mehatz bilatzeko modu bakarra horixe dela. Eta arrazoia du. Baina, ohiko erabiltzaileak ez daki datu-basearen berri. Pereza emango dio eremu bat baino gehiagoko formularioa betetzeak, nahastu egingo da kontua konplikatzen hasten bada. Eta, egon seguru, lehenengo bilaketa sinplearekin saiatuko da. Eta hortxe dago gakoa: bilaketa sinplea egin behar da ondo! Nago, hor inbertitu behar direla bilaketa aurreratua egiteko beharko genituzkeen orduak. Ez da hau beti aplikatzeko erregela, garbi daukat, baina kasu asko eta askotan, bai. Halaxe egin dugu ahotsak.com-en: bilaketa sinplea soilik programatu. Ez dago bilaketa aurreraturik. "Abarrateg" bilatzen baduzu aterako zaizkizu emaitza batzuk, era jakin batean antolatuta... eta kitto. Hobetu daiteke, badakit: kontestua, ordenatzeko modua, helbidea bera... Baina, uste dut, horixe dela bidea. Eta ez bost-sei eremutako bilaketa formulario konplexuak ipintzea. 2008/04/17 - 01:13:10
YouTube zuzenean
2008/03/04 - 03:57:08
Posterra aireko irudiekin
Zeru goietatik -satelitetik edo hegazkinetik- ateratako argazkiei begira, orduak egon naiteke. Hango basoa eta hemengo baserria, hango itsas-bazterrak eta hemengo kaleak... Horregatik nago gustora lortu berri dudan posterrarekin. Azpeitia (eta Azkoitia zati bat ere atera zait, zer egingo diogu...) agertzen da poster horretan, ia metro bateko zabalera du. Posterra lortzeko, erresoluzio haundiko irudi bat behar nuen eta Dirson-en webgunean izan nuen hori egiteko modu erraz baten berri. Proba bat egin eta di-da batean nuen gutxigora behera behar nuen irudia. Arazo txiki bakarra: gure herriak borroso agertzen dira Google-ko mapetan. Ez bizi gu hiriburuan! Askoz erresoluzio hobea ematen dute Gipuzkoako b5m zerbitzuan edo Eusko Jaurlaritzako WMS zerbitzarian ( goolzoom-en erabiltzen dute, adibidez). Beraz, hack txiki bat egin nuen hango irudiak GMaps batean jarri eta erresoluzio hobeko irudia lortzeko, neure ordenadorean -inork nahi balu eskainiko nioke, baina ez da publikatzeko modukoa, sorry-. Behin hori martxan jarrita, lehengo urratsak jarraitu eta baleko irudia lortu nuen. Inprimatzea (edo rebelatzea) baino ez zitzaidan falta. Revelaonline webgunean eskaintzen du aukera: posterrak, ploterrean inprimatuta, 5 euro eskas . Eskaera egin eta 3. egunerako Correos-en neukan paketea, kartoizko tubo haundi bat txukun-txukun bilduta. Posterraren kalitatea hobetu daiteke, ez da rebelatu batek eman dezakeena. Baina tira, ez dago gaizki. Ez dut uste inon eskegiko dudanik, egia esan. Nola doblatu behar dudan ikasten ari naiz, gustora, egindako konpra txikiarekin. Badakit bi-hiru laguni zer oparituko diedan hurrengo batean... 2008/02/26 - 03:33:07
Bilaketen buztan luzea
Google Analitycs-eko Avinash Kaushik ingeniariak datu interesgarria eman omen zuen Atlantan egindako ebentu batean. Googlen gero eta bilaketa zehatzagoak egiten ditu jendeak. Gaur egun, lehen aldiz, 4 hitzetako testuak bilatzen dira bataz-beste bilatzaile erraldoi horretan. Hau da, jendeak ez du bilatzen "eibar" . Bilatzen du, adibidez, "guardiako farmazia eibarren " , "mapa eibar plaza untzaga" , "eibar kirol-denda ordutegia" ... eta abar. Bataz beste 4 hitzetako "esaldiak" (esaldi baino, "hitz multzoak"). Nonbait hitz bakarra jarrita lortzen diren emaitzek ez gaituzte asebetetzen. Chris Andersonen buztan-luzea , bilaketetara ere iritsi dela dirudi, honenbestez. "Kirol-denda eibarren" , "farmazia eibar untzaga" eta antzeko konbinazio bakoitza, 2-3 lagunek bilatuko dute soilik hilabetean. "Eibar", aldiz, 2000 lagunek. Baina 3-4 hitzetako hitzen konbinazio posible guztiak hainbeste dira, denen artean, "eibar" berak baino pisu haundiago hartzen dutela. Eta horrek asko zabaltzen edo zailtzen du SEO (Search Engine Optimization) burruka. Zure webguneko keyword edo hitz-klabeak identifikatu eta haiek ondo posizionatzen saiatu zintezke -eta hori egin behar da, noski-, baina ezin dituztu hitz konbinazio posible guztiak aurreikusi eta kontuan hartu. Nola kokatzen da webgune bat ondo horrelako bilaketa konkretuen emaitzetan? Nola lortzen dut "guardiako farmaziak eibarren" esaldia bilatzen duenari ttak, nire orria azaltzea (besteak beste horretaz ari delako)? "Guardiako farmaziak eibarren" hitzak eduki beharko ditu, bai, baina ordena, barianteak... aukerak mila dira. Batek bilatuko du "guardiako farmaziak eibarren gaur" , "guardia farmazia eibar" ... Eta ez da euskarazko deklinazio arazoa soilik, horrek guri zailtasun extra bat suposatzen digun arren. Beste hizkuntzetan ere barianteak mila dira. Auskalo zer jarriko duen jendeak galdera hori egiteko! Ez dut uste truko haundirik dagoenik. Bi aholku soilik emango nituzke: 1 - Edukia sartu . Edukia, edukia, edukia. Sartu eduki interesgarria zure orrian. Printzipioz interesik ez duela iruditzen zaizun artikulu, esperientzia... hori ere sartu zure orrian. Bilaketa arraroa egiten duen norbait erakarriko duzu, agian, horrekin. Buztan luzeko bilaketak lortzeko, blog eta sarri eguneratzen diren webguneak oso interesgarriak dira. Dendari eta enpresei esaten diet: kontatu zure esperientziak hor, idatzi, idatzi, idatzi. Ondo idatzi eta gauza interesgarriak kontatuz gero, hobe, jakina. 2 - Egin orria estandarrei jarraituz eta SEO agindu minimo batzuk kontuan hartuz. Webgunea egiterako izan hori kontuan. Bezeroari zure orria gehiago edo gutxiago gustatuko zaio, baina benetako epaia Googlek emango dizu. Bi agindu hoiek betez gero, egon seguru, uste ez dituzun bilaketak egindako jendea iritsiko da zure webgunera. Gero, zurean geratuko den edo zure intereseko zerbait (erosi, informazio eskatu...) egingo duen... hori beste kontu bat da. 2008/02/21 - 18:19:24
Innobasque-ren argazkia
Atzo Innobasque -ren aurkezpena izan zen Euskaldunan. Albistegian ikusi nuen eta atentzioa eman zidan, ikaragarri, eszenifikazioak (beheko argazkia eitb24tik hartu dut ). Argazki hori innobazioa edo berrikuntza hitzekin lotzea zail xamarra egiten zait niri, zer nahi duzue esatea. 2008/02/01 - 14:01:41
AEBko Kongresuko Liburutegiko argazki-artxiboa
AEBko Kongresuko Liburutegiak eta Flickr -ek, "Commnos" proiektua abiatu dute. Liburutegiko argazki artxibo erraldoitik egile eskubide problemarik gabekoak, flickr-en jarri dituzte. Labor union parade, NY., May 1, 1911 Artxiboa, egon, badago lehendik sarean , noski, eta flickr-eko argazki bakoitzak du horra lotura zuzen bat. Baina informazioa osatu nahi zuten, nonbait, argazkiak katalogatzen laguntzeko (kontrako joera izaten dute batzuk: materiala ondo etiketatu eta katalogatu arte, ez erakutsi!). Etiketatutako argazkiak erakusteko baino, katalogatu gabekoak etiketatzeko baliatu Internet. Zer egin horretarako? Geure sistema propioa landu eta jendea "gugana" ekartzen saiatu edo jendea dagoen tokira gure argazkiak eraman eta hura baliatu? Bigarrena erabaki dute eta flickr-era joan. Hasi dira, ondorioz, etiketak eta komentarioak jasotzen. Zertarako nekatu geure sistema egiten? Flickr ona da, funtzionatzen du eta komunitatea dauka. Aprobetxa dezagun hori, konplexurik gabe (bere APIa ere badu, gainera, flickr-ek: argazki hoiek inork beste sistema batean jarri nahi baditu ere.) Eta ez dira nekatu, ez. Flickr-eko ohiko erabiltzaile bat sortu dute eta hantxe kargatu 3000 argazkiak -gehiago espero nituen-, beste edonork egin dezakeen bezala pare bat galeria sortuta. Flickr-eko pro kontu bat: 25 dolar urtean . Gero, portada berezi bat egin diote Flickr-eko lagunek (publizitate da eurentzat ere), eta kitto. Horixe da proiektua. Esperientzia piloto bezala planteatzen dute, gainera , flickr-ekoek hau guztia eta beste erakundeak gonbidatzen dituzte berdina egitera. Normala. Duela gutxi Eskoriatzako Udaleko argazki artxiboa jarri genuen sarean eta, akaso, horregatik fijatuko nintzen horrenbeste albiste honekin eta etorriko zitzaizkidan burura idea solte hauek guztiak. 2008/01/17 - 09:07:23
Grafikoak di-da batean
Proiektu bat baino gehiagotan tokatu zait numero andana bat grafikatu beharra, automatikoki. Tartak, barrak, lerroak... Gustuko lana dut, gainera, hori. Dirudiena baina lan zailagoa da hori automatikoki sarean egitea. Edo zen, esan beharko dugu. Fijatu grafika horren URL edo helbidean. http://chart.apis.google.com/chart? cht=p3 & chd=t:12.5,75 & chs=500x200 & chl=Azpi%7CKaixo Hortxe daude grafika egiteko behar diren datuak. Eta irudi bat da! Ez naiz esplikaziotan luzatuko, baina ze sinple egin duten Googlekoek! Orain arte java applet-ak erabili izan ditut, css bidez grafikak egin ditut, flash-a erabiltzen hasita nengoen , oso praktikoak zirelakoan. Geuk zerbitzarian bertan irudi-grafikoak ere sortu izan ditugu. CSS, applet edo flash-a programatzeko "nahikoa" errazak dira, baina ez dira irudiak izaten eta agudo etortzen da bezeroa esanez "irudi hori copy-pega egin dezaket word-era?". Eta guk ezetz. Eta zerbitzarian egindako irudiak sortzea, berriz, ez da horren erraza izaten. Horiek konpontzera dator API hau. Oso-oso erabilterraza da eta irudiak sortzen dira, copy-pega egiteko modukoak. Beste kontu bat ere bada, atentzioa deitu didana, sinpletasun horretan. Google, orain artean, bere APIak erabiltzeko giltza bat ematen zizun, adibidez Google Mapetan. Giltza horren arabera neurtzen zuen zenbat dei egiten zenituen API horretara, eta euren muga igaroz gero zerbitzua moztuko zizuten. Oraingoan, giltza beharrik ere ez dago. Eta muga jarri dute, halere: 50000 eskaera eguneko. Supongo, webaren HTTP Referrer parametroaren arabera neurtuko dutela eskaera kopurua eta kontrolatuko muga igarotzen duzun edo ez. Baina beste urrats bat iruditu zait, sinpletasun horretan. Ez giltzarik, ez sinadurarik eta ez ezer. Deitu APIra eta erabili. Eguneraketa : Aproba egin nahi nuen, eta Uztarria-ko inkestak aprobetxatu ditut horretarako. Lehen zeukaten grafika barrari tarta bat gehitu diet orain . Inkesta historiko guztietan ere erakutsiko da emaitza modu horretan. 2007/12/10 - 15:56:06
Vision-en misioa
2007/11/29 - 20:17:36
Banner dinamikoak
Kanpaina bat egin berri dugu Sustaturekin. Gure banner bat jarri genuen, hainbat egunetan, beste webgune ezagun batean. Publizitatea egin genuela, alegia. Aukera baliatuz, esperimentu txiki bat egitea pentsatu genuen: bi banner egingo genituen, eta biak erdi-bana erakutsi zegokigun tokian. Bi banner hauexek: A. B. Bi bannerrotan, nork funtzionatuko zuen hobeto? Horixe neurtu nahi genuen, bistan da. Kondizioak berdinak ziren bientzat: toki berdina, webgune berdina, momentu berdina -ausaz erakusten zen bat edo bestea- eta bistaratze kopuru oso antzekoa... Ba, emaitza, nabarmena izan da: # Erakutsitako kopurua Klik kopurua Ratioa A 25.336 1.174 %4,6 B 25.541 278 %1,1 Alegia, egurra eman diola Ak Bri . Fijatu ondo emaitzetan: 4 aldiz gehiago egin da klik A bannerrean. Hurrena, bezeroren bat 7 sekuentziatako banner inposible batekin enpeinatuta etortzen zaigunean, esango diogu -berriro- hobeto pentsatzeko. Eta, ez pentsa, asko dira holakoak. Begiratu, bestela, une honetan bertan euskarazko sarean dauden banerrei. 2007/11/26 - 15:07:05
MCC eta Microsoft
Kooperatiba eta MCC zalea naiz, orohar eta ñabardurak ñabardura. Lan ere egin nuen ia 5 urtez hango enpresetan, eta Garaia Berrikuntza Guneko kudeatzaileak ezagutzen eta estimatzen ditut. Horregatik hartu dut pena, Microsoft 'ekarri' nahian ari direla irakurri dudanean Berrian eta Goienan . Ekarri diot, eta ez etorri. Eta pena, diot, MCCko filosofiarekin nekez ezkon daitekeen enpresa delako, boteprontoan esanda, Microsoft. Europan multak jartzen ari diren bitartean, hemen laguntzak emango zaizkiolako multinazional horri. Eta, imajinatzen dut, gainera, zeinen negoziaketa zailak izango diren. Ez dut berrikuntza Microsftek ulertzen duen moduan ulertu nahi nik. Berriro, boteprontoan esanda. 2007/11/08 - 20:26:05
