Itsasertzeko zubia

IKEAko Annari elkarrizketa

 2008/05/08 - 18:14:03

Eredu berriak sortuz, kultura askerantz

Garai ilunotan, berri pozgarriak, euskarazko eduki askeei dagokienez behintzat. Laburrean aipatuko ditut, ostean nire iritzia plazaratzeko: - Kerobia musika taldeak, komunikatu baten bidez jakinarazi du SGAEz paso egin eta diska - Hurbilago, ukberri.net Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalak CC-BY lizentziapean jarri ditu bere webguneko eduki guztiak (testu, argazki , audio eta bideoa) Albiste onak duda barik euskal kulturarentzat. Hizkuntza gutxitua izateak suposatzen duen muga ikaragarria kontuan izanda, zentzugabekeria da bere garapenerako muga gehigarri eta ez-beharrezkoak jartzea. Bada oraindik, kulturaren negozio eredu hau iraultzeak, eredu berri libreak aurkitzeak, ezinbestean Euskal Kultura suntsituko duela esaten duenik. Hori dioenaren aurka nago, eta ozen diot. Kultura eredu honek ez die ez egile ezta kontsumitzaileei ere mesede egiten. Egile ororen nahia da bere lanak ahalik eta hedapen gehiena izan eta interesatua leudekeen kontsumitzaileen gehiengo zabalenera heltzea, horrek ekarriko lituzkeen etekinekin (moral zein ekonomiko). Gaur egun nagusi den eredu itxiarekin, izan ahalko litzatekeenaren baino mugatuagoa da hedapen hori. Kontsumitzaileen kasuan, aldiz, eredu librean, interesezko egileen lanak era errazago batean lortu eta eraldatu ahal izango lituzkete (esate baterako, euskarazko liburu bat Braillera pasaz). Era honetan, hasierako lanari hedapen handiagoa emango litzaioke, itsuak ez direnez gain, itsuek ere euskarazko liburu horretaz gozatu ahal izango luketelako. Noski, Braillean idaztean jarritako esfortsuaren truke, zilegi izan daiteke lan eratorria dohainekoa ez izatea. Askatasuna eta dohaintasunak ez dute zertan batera joan beharrik. Bistakoa da, euskarazko sortzaile gehienak ez direla diruak bultzatuta sortzaile, nahia edo beharra sentitzen dutelako baizik. Etekin ekonomikoak lehen planoan jartzen dituztenak gure kasuan, bitartekariak dira, errentagarriak ez izateko arriskua duten lanak errefusatuz, sortzaile berrientzat horrek suposatzen duen zailtasunarekin. Behin ikusita benetan nortzuei egiten dien mesede (eta noren kaltean) eredu murriztaile honek, agian merezi du kultura eredu alternatiboak eztabaidatzen, gauzatzen... hastea, baldin eta euskal kultura osasuntsua nahi badugu. Itzartu, bada beste eredurik Elkar -ez haratago. Gizarte askeak, kultura askea behar du! Info +: " Sé creativo " CC lizentziei buruzko animazioa, gazteleraz.  2008/05/04 - 23:55:50

Wikipediak 25.000 artikulu

Euskarazko Wikipediak, sarean den euskal entziklopedia aske handienak, 25.000 artikuluen muga gainditu du. Wikipedia entziklopedia eleanitza da, eduki askeduna eta dohainekoa, edonork eraiki eta ekarpenak egiteko aukera ematen duena. Entziklopedia tradizionaletan ez bezala, Wikipediak bere komunitatearen ahaleginean uzten du artikuluak sortzea, gainbegiratzea edota zuzentzea. Komunitate horren partaideei wikilari edota lankide deritze. Ez dago artikuluak berrikusten dituen lantalde profesionalik, wikilarien eskuetan geratzen da dena. Ez dago agintzen duen inor, erabakiak wikilari guztien arteko bozketa bidez ematen baitira, ahal den adostasun handiena bilatuta betiere. Proiektu asko sortu izan dira historian zehar Euskal Herrian auzolanaren bidez. Ez dugu inolako dirurik edo ondasun materialik jasotzen eginiko lanagatik. Hala ere, ikasten den guztia, gisa honetako proiektu baten partaide izatea edota Argia Sarien bitartez izandako aitorpena, hori dena ordainezina da. Gizartean Internetek leku gero eta garrantzitsuago duenez, beharrezkoa da euskararentzat sarean proiektu sendo eta oinarrizkoak izatea. Horien artean dago Wikipedia, gizateria osoaren jakintza doan eta aske banatzeko sortu zen proiektua. Horretan sinesten dugu: internauta euskaldunek, dauden lekuan daudela, gizadiaren informazio ahalik eta osatuena jasotzeko aukera izatea, beste hizkuntzetara jo behar izan gabe. Jakintza askean sinesten dugu, jakintza baita aske egiten gaituena, jakintza baita gizarteari emateko daukagun opari onena. Euskarak Interneten leku garrantzitsua izan dezan ari gara lanean, euskara garatu eta zabaltzeko beharrezkoa den ingurua baita sarea, eta horren alde jarraituko dugu lanean. Euskara teknologia berrietan, sarean, komunikazioaren munduan sustatzen duen baliabidea da Wikipedia; denon artean, auzolanean, euskaldun guztiok euskaldun guztiontzako sorturiko edukia biltzen duena. Zuk ere egin dezakezu jakintza aske eta euskaldunaren alde, edonork hartu baitezake parte proiektu honetan: ez da inolako gaitasun berezirik behar, ekarpen guztiak ongietorriak bezain beharrezkoak dira. Hurrengoan, agian zu, irakurle, edota zure auzokoa, lankidea, senidea... izango zarete euskarazko jakintza askearen sortzaile eta sustatzaile. Gotzon Egia, Mikel Iturbe eta Arkaitz Zubiagak idatziriko artikulua.  2008/04/06 - 21:26:10

Ben Hur hil da

Beno, niri gehien inpaktatu zidan eszena jarriko dut, aktore bikain eta petsona ez-hain-bikainaren omenaldi xume gisa: Kenduko al zioten azkenean erriflea eskuetatik?  2008/04/06 - 15:25:01

Wikipedia lehiaketa: ondorioak

Nahikotxo euri egin du 2007ko Zientzia Astearen barnean Euskarazko Wikipediako artikulu zientifikoen lehiaketa bukatu zenetik. Igarotako denbora horrek eskaintzen duen ikuspegiaz baliatuz, nire gogoeta plazaratu nahiko nuke, lehiaketak izandako ondorioei buruz. Guztira 36 pertsonek hartu genuen parte lehiaketan ( Lehiaketako wikian oinarriturik daude datuok) eta lankide bakoitzaren artikulu eta ekarpen desberdinak ikusiz eta zenbaki batzuk eginez, hau da nik lorturikoa: - 36 partehartzailetatik, 8-k bakarrik jarraitzen dugu wikipedian ekarpenen bat egiten. Jakinda zortzi horietatik bost, aurretik ginela wikilariak, hiru noizbehinkako lankide berri lortu ditu euskarazko wikipediak, bat ere ez dena oso aktiboa. - Lehiaketako lau artikuluk wikiketa sakon bat behar izan dute wikipedian mantendu ahal izateko. Lan gehiago beraz lankideontzat. - Sarituriko artikulu bat ezabatua izan zen, ez zuelako wikipediako inolako araurik betetzen, kopiatu eta itsatsiriko apunte sortaren antza baitzuen. Sariketa horrek dena dela, sumina eta eztabaida ekarri zituen Zientzia Asteko blogean eta wikipedian . - Kalitate handiko artikuluak sortu dira, horietako batzuk orain wikipediako nabarmendutako artikuluen artean daudelarik. Ondorio horiek ikusita, nik uste dut baldin eta aurten antzeko zerbait egin nahi bada, aurretik ekin behar zaiola, ondo planifikatuta, aurtengo akats desberdinak ekidin eta atal konkretuak hobetzeko. Garrantzitsuena ez da bakarrik wikipedia ezagutarazi edota lehiaketak dirauen bitartean wikipediaren aldeko hitzez ahoa betetzea, baizik eta hazteko beharrezkoak diren lankide aktibo eta kalitatezko artikuluak lortzea. Horretarako, ezinbestekoa deritzot hurrengo lehiaketarako wikipediako politikak ea betetzen diren egiaztatzen duen taldeak beto eskubidea izatea, arrazoi nagusi bategatik: posiblea da artikulu zientifiko edota klaseko apunte bikainak eduki entziklopedikoa ez izatea, eta, artikuluok wikipedian agertuko direnez gero, berau deritzot izan beharko litzatekeela sariak ematerakoan pisu gehien izan beharko lukeen taldea. Horrek, arestian aipaturiko kasuaren antzekoak ekidingo lituzke. Eta zer esanik ere ez, baldin eta kategoria batean artikulu batek ere ez baditu minimo horiek betetzen, kategoria horretako saria hutsik geratu beharko litzateke. Amaitzeko, esatea bagaudela hainbat lankide aktibo edonolako zalantzak argitu edota kable bat botatzeko prest gaudenak.  2008/04/05 - 21:22:01

Lurra laua al da?

Zientzia eta erlijioa berriz ere talkan, oraingoan, Irakeko telebistan eginiko debate batean. Alde batetik fisikari bat dugu -Lurraren esferikotasuna (edo, kuasiesfesfera moduko bat, tikismikisentzat) defendatzen duena- eta bestetik, lurra laua dela defendatzen duen inpresentable harroputza ikertzaile astronomoa, bere jakintza zientzia koranikoan oinarritzen duena. Harrigarria, gaur egun, horrelakoak ikusi eta entzun behar izatea, are gehiago telebista nazional batean. Bistakoa da komunikazio teknologien, informatikaren eta abarrekoen garaia den honetan, lan handia dagoela zenbait lekutan, oinarrizko dibulgazio zientifikoa egiteko, baita gure artean ere.  2008/03/28 - 14:37:55

Atzo eta gaur egungo sexismoa

Gaurko artikulua jorratzeko, inpaktatu nauten bi irudi ekarri ditut hona. Agian ez dira egoeraren adierazgarririk garbienak izango, baina beno, nire ustez ematen dute zer pentsatu. Lehen adibidea, mahai-joko baten kutxako irudia da, zorionez ez dena jada erabiltzen. Hor ikus ditzakegu aita-semeak diruditenak batak bestearen itsas-armata hondoratzen, oso dibertigarria ematen duen joko batean. Eta ama-alabak, non daude? Sukaldean, txintxo-txintxo etxeko lanak egiten. Bigarren adibide hau, zoritxarrez, gaur egungoa da. Berau, kotxe marka ezagun batek Bogotan (Kolonbia) egingo duen kotxe erabilien azoka promozionatzeko diseinaturiko kartela da. Bertan, Paula Hernández delakoaren irudia agertzen da, bere adina eta egoera zibilari egiten diolarik erreferentzia. Zuek erabaki ezazue, bi irudien arteko desberdintasun denborala ikusita, zerbait aldatu al da? Oharra: Jarritako irudiak ez dira libreak, beraien jabeari dagozkien egile eskubideak dituzte.  2008/03/26 - 20:24:08

Google, Googlez haratago

Google askok erabiltzen dugun bilatzaileetariko bat da eta, munstro honen hegal azpian asko dira beraren arrakastaz baliaturik sortu diren antzeko proiektuak. Esaterako, badira ekologiaren alde egin dutenak. Nik, bi aipatu nahiko nituzke: Blackle eta Ecoogler . Lehenengoa erabiliz, energia aurrezten omen da, beltzarekin pantailek ez baitute zuriarekin bezain besteko disdirarik jarri behar, nahiz eta hori gezurtatzen duten ikerketak dauden ( Mutilmedian ikusia ). Bigarrenak, aldiz, deforestazioaren aurka egiten du eta bilaketa kopuru jakin bat lortzen den bakoitzean, deforestazioaren aurka lan egiten duten GKE ei irabazien zati bat bideratzen die. Badira baita, era atseginean Google erabiltzera bultzatzen duten webguneak, baita aldrebesetaz gogoratzen denik ere. Asko dira bilatzaile honen indarrarekin sorturiko proiektuak, nik batzuk besterik ez ditut ekarri hona. Eta zuk, ezagutzen al duzu horrelako Google bitxirik?  2008/03/23 - 01:59:43

Euskal Etxeak

Beti da pozgarria guretzat, bizitza hobe baten bila Argentinara jo zuten euskaldunekin eta beraien ondorengoekin kontaktatzeko aukera izatea (baten batek ematen du ahaztu duela jada etorkinak jaso baino lehen, Euskal Herritik at ogi bila zihoazen euskaldunak bazirela), baita eurentzat ere, ez baitira asko Euskal Herritik talde modura bertara hurbiltzen direnak. Gauzak honela, Argentinako biran bisitatzeko parada izan dudan hiru Euskal etxeak oso desberdinak dira beraien artean. Mar del Plata eta Rosariokoak handi eta negozio (ere) diren bitartean (jatetxea, alkilatu beharreko frontoia, liburutegi majoa, merchandisinga...), Temperleykoa askoz umilagoa da, txoko edota elkarte gastronomikoaren itxura handiagoa duena, instalazio xumeagoekin. Kide gutxiago eta beraz indar gutxiago ere izango du, baina era honetan, xarma handia irabazten dela aitortu beharra dago. Nik neuk, askoz hobeto pasa nuen azken honetan, batez ere, Euskal Herritik gindoazen bezero taldea baino, lagun eta senide moduan tratatu gintuztelako. Hemendik, nire eskerrik beroenak helarazi nahi nizkioke Temperleyko Denak Bat Euskal etxea osatzen duten pertsona guztiei, bertan jasotako tratuagatik. Eskerrik asko eta hurrengora arte!  2008/03/17 - 01:16:29

Bloga, greban

Blog hau itxita egongo da bi astez, greba egingo dudalako. Hainbat arrazoi ditut grebara joateko: kañaren prezio onartezina, ganorazko liburudenda bat topatzeko Bilbora joan behar izatea, Bizkaibusek pase berezirik jarri ez izana... Asko dira borrokatu eta irauli beharreko injustiziak, hortik greba luzetxoa deitu izana, denen aurka borrokatzeko denbora izateko. Saiatuko naiz noizean behin pikete lerroa gurutzatu eta zerbait idazten, baina ez da erraza izango. PS: Guzti hau Argentinara egiten dudan bidaiagatik dela uste duten asmo txarrekoei esatea bakarrik, greba benetakoa dela eta Argentinako bidaia kasualitate denborala besterik ez.  2008/02/28 - 14:47:07