uhinen hizkuntza

Uhinen hizkuntza? EUSKARA

Hausnarketa interesgarria: Zenbakiak egiteko garaia

http://www.gaur8.info/edukiak/20090508/136035/Zenbakiak-egiteko-garaia Joxe Rojas-ek idatzia. Gaur 8-n argitaratua2009ko Maiatzaren 07a Euskarazko albistegi berri baten jendaurreko estreinaldiak eztabaida interesgarria piztu zuen aurrekoan euskarazko komunikazioan diharduten zenbait lagunen artean. Ezer larririk ez (ustez, behintzat), baina bai buruari astindu bat eman eta lotan zeuden hainbat kezka eta zalantza esnatzeko beste. Zer tamaina du euskarazko komunikazio esparruak? Zenbat espezieri eusteko ahalmena du bere «ekosistemak»? Norainoko «biodibertsitatea» jasan dezake? Aipatutako eztabaida horretan, haren antzeko beste hamaikatan bezala, bi postura nagusitu ziren: batetik, badira lehia beti onuragarri suertatzen dela defendatzen dutenak, eta beraz, ona dela merkatuan jadanik dagoen euskarazko eskaintza baten antzeko beste bat egitea. Beste zenbaiten ustez, ordea, euskarazko komunikazio merkatua txikiegia da, eta ez du bazka nahikorik antzeko espezie biren biziraupena bermatzeko. Ikuspuntu horretatik, merkatuan dagoen eskaintza baten antzeko beste bat egiteak bientzako gosea besterik ez dakar. Nahikoa panorama kezkagarrira garamatzate jarrera biek. Har dezagun lehenengoa: formula batek ondo funtzionatu badu, jendearen gustuko bada eta sustatzaileari nolabaiteko onura ekarri badio, zergatik ez hartu, hobetu eta haren beste bertsio bat egin, merkatuaren logikari jarraituz? Komunikazio proiektu handien atzean enpresak egoten dira normalean, eta horien helburua badakigu denok zein den... Publikoaren ikuspuntutik, baina, emaitza txarra du horrek epe ertain-luzera: gogoratu bestela telebista guztietan kulebroiak modan jarri zireneko bolada, edo gustu eta kolore guztietarako reality showak han-hemenka loratzen hasi ziren beste hura. Dagoeneko probatuta dauden formulen hamaika enkarnazio ezberdin izango genituzke horrela, hiruzpalau egunkari generalista, esate baterako, denak ere oso antzekoak. Beste muturra ere hor dago: gure esparruaren txikiaren beldurrez aritzeak ezin ezer onik ekarri. Euskara hutsezko telebista bakar bat izatera kondenatzen gaitu bigarren jarrera horrek, egunkari bakar bat, aniztasuna eta ildo editorial ezberdinak erdaretan bilatzera... Hori ere ez da oso panorama osasungarria. Pentsa dezagun, esate baterako, euskara hutsezko bizpahiru egunkari ditugula, ezaugarri eta ildo editorial ezberdinetakoak. Idealena, zalantzarik gabe, «espezie» bakoitzeko hainbat arraza ezberdin izatea litzateke. Irakurleek gustukoen dutena aukeratu ahal izango lukete, eta horrexegatik hain zuzen ere, eskaintza bakoitza lehiakideak baino hobea izateko ahaleginak egingo lituzke. Baina, ai!, errealitatean nekez topatuko dugu ideala den ezer: zenbat erosle potentzial daude, demagun, euskarazko hiru egunkariren artean banatzeko? Zenbat iragarle? Zenbat profesional? Hirurak mantentzeko adina? Bi? Bakarra? Eta hirurak mantentzearen ondorioa baldin bada, esate baterako, euskarazko kirol, moda edo dekorazio aldizkaria sortzeko baliabiderik ez egotea? Kondenatuta ote gaude, beraz, eskaintza mota bakoitzeko euskarazko ale bakar bat izatera? Merezi ote du alor bakoitzeko produktu ezberdinak ateratzeko ahalegina egitea, gure merkatuaren mugak ezagututa? Esango nuke garaia dela horretaz dakien norbait kalkulagailua eskuan hartuta eseri eta zenbakiak egiten hasteko: euskarazko merkatuaren ezaugarriak kontuan hartuta, zer kopurutan mugitu behar da euskarazko hedabide bat bideragarria izateko? Norainoko gastuak izan ditzake? Zenbat kontsumitzaile behar ditu? Zenbateko sarrera propioak? Zelako zabalkundea? Horrelako datu zehatzik ezean, eztabaida berean trabatuta jarraituko dugu etengabe, iritzietan soilik oinarrituta eta niri neuri, behintzat, aspergarri samarra iruditzen zait.  2009/05/11 - 12:37:08

Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratu berriak kaleratu ditu Soziolinguistika Klusterrak

http://www.soziolinguistika.org/ Zer egin euskara norbere erakundean normalizatzeko? Galdera horri erantzuna bilatu nahi dio Soziolinguistika Klusterrak, 2007. urtean abiatu zen Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak proiektuaren bidez.Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak sortzeko Ezagutzaren Klusterrak egindako Kudeaketa Aurreratuko Enpresak argitalpenak eredu hartu eta soziolinguistika arlora egokitu dira. Beraz, kudeaketan eredugarri diren kasuen ordez, euskararen normalizazioan eredugarri direnak aztertzen dira hemen. Proiektuaren helburu nagusia euskara planekin abiatu diren erakundeen esperientzia eta ezagutza bildu eta zabaltzea da. Erakundeak enpresa, administrazio nahiz hezkuntza arlokoak izan daitezke. 10-15 orrialdeko kontaketa hiru hizkuntzetan egin da: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. 2008ko lanaren fruitu dira IMH, Makina Erremintaren Institutua eta Bergarako Udala Kasuak eta Soziolinguistika Klusterraren webgunean daude irakurgai. UEU eta Soziolinguistika Klusterrak Udako Ikastaroetarako antolatu duten Euskara lan munduan... lanean! soziolinguistika ikastaroan Kasu hauen berri emango da. Argitalpen hauek paperean jaso nahi izanez gero, Soziolinguistika Klusterrera eskaera egin besterik ez dago: oihana@soziolinguistika.org Espero dugu Kasu hauek euskara-planen munduan sartu nahi duten erakundeentzat baliagarri izatea. Horretaz gain, Soziolinguistika Klusterraren helburuetako bat da arloko eragileekin hausnarketarako zein esperientziak elkartrukatzeko sareak osatzea eta lan honek horretan lagundu nahi du.Iturria: Sustatu  2009/05/03 - 16:11:05

Seskaren 40. urtebetetzea

Zorionak!Informazio osoa Berrian irakur daiteke.Berrogeigarren urtemuga ospatzen ari da aurten Seaska, eta karia horretara ekitaldi ugari antolatu ditu ikasturtea bukatu artean. Ekimen anitz egin ditu apirilean; bertzeak bertze, ikastolen ate irekitzeak eta apirilaren 11n Miarritzen egindako kantaldia, belaunaldi luzeetan aritutako kantariak bilduz. Geroari egindako soan ezin ahantzi egindako bidea. «Jakin behar da nondik gatozen, nora goazen jakiteko».Izen eta toki ugari jin dira gogoetara oroitzapenaren eskutik. Argitxu Nobliak behin eta berriz azaldu du nola sortu zen Arrangoitzen (Lapurdi) lehen ikastola. Libe Goñi lehen andereñoak garaiko neke eta ilusioen lekukotasuna azaldu du. Urteak jin urteak joan, ikastoletako sortzaileen adibidea adierazgarria da. Gexan Alfaro izan zen sortzaile taldean. Gaur egun, haren seme-alabak Seaskako ikastoletako irakasle dira, eta haien haurrak ikasgeletan daude, hirugarren belaunaldiaren lekukotasuna.  2009/04/26 - 09:23:05

Nafarroak Korrikagatik AEKri ematen dizkion laguntzak eten ditu!

Larunbatean Korrika Iruñetik igaro zenean "terrorismoa goratu" zelako Nafarroako Gobernuak AEKri Korrika antolatzeko ematen dizkion diru laguntzak eten egin ditu. Jarrera horiek dituzten ekintzei ezin dietela diru laguntzarik eman adierazi du Alberto Catalan Gobernuko lehendakariorde eta bozeramaileak: "ETAko presoen argazkiak eta Segiko ikurrak ikusi ziren Iruñean Korrika igaro zenean. Jokaera horrekin nafartarren nahiak gutxiesten dira".Informazio osoa irakurtzeko Berrian sartu.Korrikaren ibilbidea ikusteko klikatu hemen.  2009/03/30 - 17:27:03

Uhinen hizkuntza saioaren atsedena

Euskarari buruzko Ttan Ttakuneko irratsaioak atseden hartuko du boladatxo baterako. Bitartean, euskarari buruzko berriak zabaltzen jarraituko dugu tantaka www.blogari.net/uhinen blogean.  2008/04/09 - 06:09:04

Zein da zure elkartean euskararen egoera?

Galdera horrekin jarri dute abian norbanakoen konpromisoen inguruan urteko lehen kanpaina; norbanakoei zein herritar guztiei zuzenduriko desafioa, elkarteetan euskara sustatzea helburu duena. Hain zuzen ere, hori da kanpainaren estrategia: norbanakoen eskutik, elkarteetan eragitea. Oraingoan ere, norbanakoen eskutik elkarteetan eragitea da Kontseiluak hautatutako bidea. Izan ere, Euskal Herrian mota guztietako milaka elkarte dago, eta horietako askotan, euskararen egoera ez da batere ona. http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1200651627  2008/02/08 - 11:10:15

Ttan ttakun irratiko festako ARGAZKIAK

Larunbatean izan zen Ttan ttakun irratiko festa. Mukuru bete egon zen Gazteszena. Giro eta musika ona izan genuen. Horren lekuko dira argazkiak.Argazkiak ikusteko link honetan sartu:http://www.ttanttakun.com/index.php?option=com_rsgallery2 =64 =37  2008/01/16 - 10:56:17

Kontseilua: 10 urte euskararen normalizazioaren alde

Xabier Mendiguren, Kontseiluko idazkari nagusia Erakunde baten bizitzan, euskararen normalizazioa helburu duen erakunde baten bizitzan 10 urte ez dira gehiegi, ezta gutxiegi ere. Hamar urtean gauza asko gertatzen da eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan joandako hamar urteotako lorpen nagusiak zenbatzeko bi eskuetako atzamar guztiak behar ditugu: Bat. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan bildu dugu euskalgintzaren zati esanguratsua (46 eragile) euskararen normalizazioan aurrera egiteko helburu konpartitu eta bakarrarekin. Euskararen unibertsoan lanerako planeta kokatu genuen. Kontseilua osatzen duten bazkide bakoitza norbere zereginarekin zein guztiak elkarlanean Kontseiluaren aterkipean lan eskerga egin da. Besteak beste euskalgintzako elkarteen arteko ezagutza eta lotura areagotuz, eta euskarak dituen beharretaz guztion artean gogoeta eginez. Bi. Euskal Herriko bost kirol estadiotan herritarren ahotsa entzunarazi genuen, 120.000 lagunen Bai euskarari bateratu eta indartsuarekin. Hiru. Gizarte-eragileen babesa bilatu dugu. Gure jarduna elkarlanean oinarritu dugu. Hori dela eta, hainbat herritako administraziorekin, erakunderekin, sindikaturekin, eragile-politikorekin eta enpresarialekin lanean dihardugu. Lau. Euskal Herriko lurralde guztietako 121 herritara hedatu dugu euskararen aldeko mezua "Bai Euskarari Akordioa Herrietan" proiektuaren bidez. Horri esker, Tafallan, Amurrio, Uztaritze, Basauri eta Donostian lan egiten dugu, besteak beste. Bost. Lan-mundua euskalduntzen laguntzeko tresna asmatu dugu: Bai Euskarari Ziurtagiria. Enpresa eta bestelako entitateek euskararen alde hartzen dituzten neurriak kreditatzeko sistema eta tresna sortu dugu. Proiektu berritzaile honek jada Euskal Herri osoko 1.500 entitatetan eragitea lortu du. Sei. Hizkuntza-eskubideak babesteko tresna abian jarri dugu: Hizkuntza-Eskubideen Behatokia. Herritarren kexa eta zorionekin lan egiten du zuzenean, abian jarritako 'Euskararen telefonoa'ren bidez. Zazpi. Gizartearengandik etengabeko laguntza jaso dugu. Are gehiago, norbanakoek euskararen aldeko konpromiso zehatzak hartu dituzte. Zortzi. Nazioarteko hainbat instituzio eta erakunderekin harremanetan gaude, eta hizkuntza gutxituei buruzko foroetan izan gara. Bederatzi. Hizkuntza-politika eraginkorrak lortzeko eragite-lana burutu dugu EAEn, Nafarroan eta Iparraldean. Halaber, Euskal Herriko 66 udalerriren hizkuntza-politika neurtu dugu normalizazioan aurrera egiteko abiapuntua definituz, eta ildo beretik jarraituko dugu. Hamar. Eskarmentu hau guztia metatuta hamaika gehiago ditugu egiteko. Eta gogotsu ekingo diogu euskararen normalizazioaren bideari. Horretarako, bidelagunak behar ditugu, "Euskaraz bai" ozen esateko zure ahotsa behar dugu. Bidegune honetatik eskerrak eman nahi dizkiegu bidaide eta laguntzaile izan ditugun guztiei; zuri ere bai, noski; orain arte egin duzunarengatik eta etorkizunean egingo duzunarengatik. Era berean, euskararen alde gaudenon indarrak bildu nahi ditugu. Kontseilua osatzen dugun erakundeok, 'Euskaraz bai' adierazpena prestatzen ari gara, euskararen egoera azaldu eta etorkizunerako erronkak azalduko dituena. Adierazpen honen bidez Euskal Herri osoko eragileen atxikimendua biltzea dugu helburu. Denon ahotsa behar dugu, "Euskaraz bai" argi eta garbi entzun dadin.  2007/12/12 - 03:18:29

Durangoko azoka prest

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 42. edizioa da aurtengoa. Abenduaren 5etik 9ra bitartean egingo da, 10:30etik 20:00etara bitartean.Gai nagusia Umorea izango da. Umoreari lotuta egitarauan hainbat ekitaldi antolatu dira. Stand-ak 317 izango dira eta nobedadeak 554: Liburuak: 395 Diskoak: 74 Aldizkariak: 18 Bideo-DVD: 23 Argitalpen elektronikoak: 9 Bestelakoak: 35 Azokari buruzko informazioaz gain, edizio honetako liburu eta disko berrien zerrenda, Azokako webgunean kontsultatu daiteke.  2007/12/05 - 23:56:35

Bizkaian, hamarretik sei euskaldun ez dira euskaraz mintzo kalean

Kalean euskararen erabilera gora doa, Euskal Herri osoko datuak kontuan izanda. Baina motel ari da igotzen erabilera; 17 urtetan %3,4 baino ez da handitu euskararen presentzia kaleetan --duela sei urtetik hona, %0,7 besterik ez--. Kalean entzuten ditugun ehun elkarrizketatik, euskaraz 14 besterik ez dira egun. Herrialdeen artean alde handiak daude, halaber. Gipuzkoa da euskara gehien erabiltzen den eta erabileran gorakada handiena izan duen herrialdea. Araban, Bizkaian eta Nafarroan igoera trabatuago dago. Eta, urteotako joerari jarraiki, Ipar Euskal Herriak eman du berriz ere daturik kezkagarriena: euskararen erabilera behera doa, etenik gabe. Oro har, euskararen ezagutza eta erabilera ez dira maila berean igotzen ari, nabarmen. Bizkaian, esaterako, hamar euskaldunetik seik kalean ez dute euskara erabiltzen. Euskararen Erabileraren V. Kale Neurketak utzitako datuak eta ondorioak aurkeztu zituen Soziolinguistika Klusterrak, Donostian. 2006an, milaka elkarrizketa eta 185.000 hiztun inguru behatuta egin dute ikerketa.  2007/12/03 - 01:46:21