27zapata
La terre est bleue comme une orange
Anestesiaren gozoa
1.59cm 27.94cm; margin: 2cm } P { margin-bottom: 0.21cm } --> Negarrari eman nion operatu egin beharko nindutela jakin eta ospitalean beste astebete egin beharko nuela kalkulatzean. Beste 7 egun eta gau aspiradora bati lotuta, ohetik urrundu ezinik, gelan kieto. Ileak ordea, beste gauza batek latzarazi zizkidan: anestesistaren bisitak. Egun batetik bestera bisitatuko omen ninduen galdera batzuk-eta egiteko. Eta nik anestesista izan zitekeenik eta pertsona bihozkabeena irudikatu nuen: gizatxar desditxatu kruel inhumanoa, animali bruto endemoniatu arimagabea. Honelako zerbait (eta ez norbait) gutxi gora-behera: Kontua da medikuak berak jakinarazi zidala gerora, anestesista zarauztarra zela eta anaiaren koadrilako lagun baten oso ezaguna. Eta Itziar zuela izena. Operazio mahaian nengoela, lo hartu aurretik bereak izan ziren gogoratzen ditudan azken hitzak: hurrengoan Zarauzko malekoian egingo genuela topo. Orduan, ezinezko amets iruditzen zitzaidan hori baina hara! Atzo goizeko eguzki goxotan pasiara atera ginenean neska gazte bat hurbildu eta esan zidan ea ondo nengoen, errekuperatu nintzen. Baietz erantzun nion aurpegi zalantzatiz akaso, atzeman zidalako ez nuela ezagutzen. Itziar zela esan zidan, operazioko anestesista.Kontua da, orain, anestesia entzunda operazio ondorengo esnaera goxoaz oroituko naizela gehiago, pentsamolde beldurgarriak desmitifikatuta. 2010/03/08 - 17:07:03
Urtebetetzetako oparia: 9 egun ospitalean
33 urte bete nituen egun berean ingresatu ninduten Donostia Ospitalean, otsailaren 21ean. Arnasa hartzeko zailtasunak nituen eta betiko pomada eta antibioitikoak emango zizkidatelakoan joan nintzen medikutara. Badaezpada. 9 egun egin ditut bertan, pasa den astelehenean operatu ninduten arte. Orduko 200 kilometrora doan tren batetik kolpera jaistea bezala izan da dena. Neuzkan zeregin eta konpromisoak bazter utzi behar izan ditut eta neure burua zaintzera mugatu indar apurrak. Eta neure buruarekin egon naiz, luze, patxadatsu. Eta gauza asko esan dizkit. Ez denak gustagarriak, baina zintzotasun noblean entzun behar izan ditut guztiak. Beti ikasten baita gaitzetik! Orain poliki-poliki hasi behar dut martxan. Hilabete osoa beharko omen dut guztiz osatzeko. Ez da espero nuen martxoa izango, baina udaberria berdin-berdin iritsiko da. Eskerrik asko ospitalera bisitan etorri zareten guztioi, animozko sms edo e-postak bidali dizkidazuenoi, eta batez ere zuri, Samara, inoiz ez bezala izan zaitudalako alboan inoiz ez bezalako indarra ematen. Aipamen berezia mediku izan dudan Borja Aginagalderi. Hasieratik azaldu zizkidan gauzak argi, hasieratik sentitu nuen etxeko eta hasieratik eman zidan egiten ari zenarekiko konfiantza osoa. 2010/03/05 - 19:45:06
Atzo gertatu ez zenik
euskaltube.com bideoak | Izenburua: Atzo gertatu ez zenik | Erabiltzailea: 27zapata 2010/02/04 - 19:41:05
Hitza hits
Gaur ere etxerakoan buzoitik hartu eta papera birziklatzeko kutxara bota dut Urolakostako Hitza. Goizean 8etarako ateratzen naiz etxetik eta ez naiz arratsera arte bueltatzen. Eta ordurako gazta zaharra baino lizunduago daude zerbitzen dizkidan notiziak. 7 urte badira Urola Kosta eskualdeak Hitza duenetik. 1641 ale ere atera ditu. Eta uste dut kritikarako garaia iritsia dela. Bazkide naiz Hitza sortu zenetik. Eta asteburuetan ez bada, ez dut Hitza etxean ia sekula irakurri plazaratu zen egunetik, besteak beste, banaketa oso oso berandu egiten dutelako. Eta ordutik euritan askotan busti izan ditut galtzerdiak eta galdera hau egin izan diot nire buruari: sareak orainkariak zerbitzen dizkidan bitartean, zer eskaintzen dit gaur egun niri Hitzak? Eguneko segundu apur batzutako bistadizo azkarra (etxetik kanpo beste nonbait irakurria klaro), eta... eta kitto! Ez baitut intereseko gauza gehiegi aurkitzen kazetan. Ez baitut iritzi artikulu gomendagarri gehiegi topatzen, ez herri honek aurrera egiteko autokritika eta hausnarketa sakonik, ikerkuntza kazetaritzatik batere ez, eta dena da gertatuaren kronika arina, azalekoa edo iragarpen soila. Politikakerietan ainguratua gehiegiegitan. Hori bai, Hitzari esker ondo ikasi dut Urola Kosta eskualdean dagoela Zarautz, baina, andre jaunok, nik ez dut eskualdea bizi: nire herriko berriak jarraitzen ditut baina ez zait gehiegi interesatzen Azkoitia, Zestoa eta Aiako berri izenburutik aurrera. Ez ditut 8 orri behar. Gehiago: ez ditut orriak behar. Euskararekiko konpromisoz naiz Hitzako bazkide, ez produktu erakargarria zaidalako. Eta ez gaude euskalgintzan estrategikoak diren eremuetan apustuak galtzeko. Nire uste apalean behintzat Hitzak ez du jarri genion erronka nagusia betetzen. Ez du jendea euskaraz irakurtzera animatzen eta ez du periodico vascoaren irakurlerik gure sutondora erakartzen. Pentsa! Gu ere ez gaitu konbentzitzen! Ez dakit zer diozuen zuek, zer iritzi duzuen zuen herriko prentsaz (egunkari, orainkari eta aldizkariez), baina gure eskualdekoak apustu berriagoak, ausartagoak eta parte hartzaileagoak behar ditu. Zuzendari berria du gainera orain Urolakostako Hitzak. Aukera ona izan daiteke gauzak aldatzeko. Hori bai, udatik aurrera gauzak aldatzen ez badira, bazkide izateari utziko diot. Inkondizionala izatea ondo dagoelako baina ez kaikua izatea. Euskararen herrian, zoritxarrez, diru eta laguntza premian dauden etxe asko daude zain atea nork noiz joko. 2010/01/23 - 09:24:04
LXV
Jatorra zen ulertzen nuen begiratu esaneko hura, bai eta esku keinu leuna ere. Baina justifika ezina zen salatzekoa zigortzekoa komunera joaten zen bakoitzean urak eraman ezinik uzten zuen mokordo trontzoa. 2010/01/18 - 11:02:06
Imanol 2020
Hasi dugu 2010a. Denok. Eta gehienok hasiko ginen pentsatzen urte berriari egin nahi genizkiokeen promesez. Halaxe hasi dut nik behintzat. Baina aurtengoan diferentzia batekin. Ez dakit urte zenbaki borobila tokatu delako edo 33 urte beteko ditudalako... Kontua da pentsatzen jarrita ohartu naizela hemendik 10 urtera mundu eta bizitza honetan egin nahi ditudanak eginda izatea komeniko litzatekeela, edo bideratuta behintzat. Esan nahi dut, hemendik 10 urtera lur honetan biziko ditudan urteen erdiak eginak izango ditudala eta zer nahi duzue esatea ba! Atzera kontua hasiko dela nolabait. Horregatik aurten urteko helburuak jarri beharrean interesgarria iruditu zait neure buruari galdetzea... ·eta hik Imanol, non egon nahi duk 2020an? ·Zer izan nahi duk handitzean? ·Zein lanetan pasa nahi dituk ordu gehienak? ·Izango haiz aita noizbait? ·...? Ez dakit zuek horrelakorik galdetu diozuen zeuen buruari eta galdetu badiozue zein erantzun jaso duzuen, baina instituzio eta enpresak aurreikuspenak luzetara egiten dituzten bezala, bizi planak unean unekoak egitea baino aurten urrutira begirakoak egin ditut. 2010/01/10 - 19:03:03
27zapata zapata berriekin
2010a ezin hobeto hasi du 27zapatak, urte berrirako proposamenen artean bloga maiztasun handiagoz berritzerik aipatu ez didan arren. Berlingo hotzei beldurrik izan gabe etorri da kapital alemanera, hegan, Olentzeroren opari express bat bailitz. Eta Olentzerok berak ere bueltatu dio mesedea, izotz artetik babesteko Martens punki batzuekin. Berlinen elurretan hasi dugu urtea, baina goxo goxo; dena den, ez diegu goxotasuna zapata berriei bakarrik zor...by http://samstagexpress.blogspot.com/ 2010/01/02 - 17:06:03
Andoaingo crackak
Twit bizitza daramagu. Lagunarteko hizkeran esanda (Mikel Morrisen hiztegitik itzulita), bizitza inozo, babalore, ergela. Azalekoa bai bederen. Inpresioa dut egunerokotasunak txatxutu eta itsutu gaituela eta ez dugula etorkizuna bisualizatzeko edo oraina (present continius hori) arnasteko ez denborarik ez akaso gogorik.Twit jendartea ari gara egiten. Horren erakusgarri da atzo Andoainen izan genuen LetrARTean topaketa ere. Han bildu ginen haietako askorekin harreman handiagoa dut nire koadrilako gehienekin baino, baina atzo arte ez nituen ezagutu hezur eta azal. Gure nickei aurpegi jartzeko balio izan zuen atzokoak eta, besteak beste, baita gogoan dauzkagun hainbat proiekturen berri emateko ere. Baina beste behin falta bota nuen diskurtsoa. Bagoaz, edo bagaramatza teknologia eta jendarte berriaren waveak, baina ez dakigu nora. Errari gabiltza, txotxolo, babalore, ez dakigun artean nor garen, zer nahi dugun, nola ikusten dugun geure burua 2027an ez eta Euskal Herria ere.Crack asko daude inguruan baina kaka esplikatzen aritzeko arrisku galanta daukagu ez badugu geure burua eta ingurua zertxobait gehiago mimatzen eta oraina sudurreratzen. Akaso horregatik segiko dut disfrutatzen horrenbeste komunean crackainerako mundutik errefuxiatzen naizen bakoitzean. 2009/12/12 - 13:54:05
"Komuneko paperean" komuneko paperean
Zeinek esan behar zuen garai batean koaderno ezberdinetan eta gero blogean bateratu nituen poemak komuneko paperean argitaratura ikusiko nituenik noizbait. Burutik pasa bai, egiten zitzaidan, baina horixe, pasa. Horrelakorik egitea ezinezkoa zela usteta. Imanolek proposamena egin zidan arte. Saiatuko zela bera poemak komuneko paperean inprimatzeko modu bila. Asmoa martxan jarrita, hirugarren batek, Garik lagundu zigun ametsak papereratzen. Eta hiru hankako mahaiek herrenik egiten ez dutela sinistuta gaur arte. Eta halaxe igande honetan Durangoko Azokan da aurkeztekoa komuneko paperean idatzitako poemen komuneko papera. Komuneko lanak plazerezkoak badira poesia pixka batekin plazer hori biderkatuko delakoan, kakainean aritzetik crackainean egitera pasako garelakoan.Komuneko satisfazioak adinakoa litzateke Durangoko aurkezpenean izatea (kontuan izanda Skt Sekuentziaren diska berria aurkeztuko dugula Ahotsenean), baina ez naiz izango. Ezin. Berlinera noa. Aspalditik dut hitzemana hango zita. Maitasun zita. Eta zer nahi duzue esatea! Literaturak garrantzia badu ere, ez du maindire epelek eta besarkada beroek adinakoa. Halaz ere, aurkezpenak ez dira Durangoko azokan bukatutako. Zuzeneko emanaldiekin jo eta su arituko gara datozen egunetan eta eramango ditugu, eramango ditugunez, komuneko paperak hara eta hona. Horri buruzko informazio zehatza eta osatua duzue blog honetan: http://komunekopaperean.blogspot.com/ Bertan jarriko ditut saioen inguruko kontuak ere, komuneko papera askatu bitartean sortzen diren sentipenak sarera ekartzeko. Bertan jarriko ditut saioen inguruko kontuak ere, komuneko papera askatu bitartean sortzen diren sentipenak sarera ekartzeko. 2009/12/02 - 22:24:09
Anariren zapatak
Atzo 27a zen. Eta ez nuen hilero bezala nire burua ez beste inorena zoriondu. Gaur egingo dut hori nahiz eta #notimeforlove garaiak bizi ditugun, garai hobeak helduko diren ziurtasunez. Eta aspaldian mahaigainean daukadan argazki bat dakarkizuet. Donostiako Anariren kontzertuan ateratako argazkia da. 27zapatak zapatei aterea. Zer aipatzeko? Kontzertuan kantu berriekin gehiegi disfrutatu ez bagenuen ere orain estasiatuta ari gara bizitzen Anariren disko berria, kantu bakoitzarekin, letra kolpe bakoitzarekin. Berriz ere habi bat egin digu esku ahurretan Anarik. Enegarrenez. Eta ez nago isilik egoteko. Bere kantuak, letra eskutan, kantatzeko ez bada. 2009/11/28 - 12:23:04
