warp bortz
USS Farragut espazio-untziaren abenturak
Deep Space 9en azkenengo denboraldiarekin nabil eta bada garaia etorkizunean pentsatzeko. Bai, Voyagerren 7 denboraldiak gehi TOSen (The Original Series, trekkiek darabilten hizkera kriptikoan) berrikuspena (ETBn ikusi nuen hainbat kapitulu, baina auskalo zenbat galdu eta zein ordenatan ikusi nituen) geratzen zaizkit oraindik. Hala eta guztiz ere, bulkandar zuhur eta ilogikoa oso naizen aldetik elikagai iturri berrien bila hasi naiz. Get a life... a Trek Life! Star Treken gaindosia hartu duen (maisu bat, beraz) morroiren baten blog itzelan izan nuen nire kezkak baretuko zituen konponbidea. Bertan Starship Farragut , zaleek egindako Star Treken bertsioaren berri izan nuen. OEI (Ordenagailuz Eginiko Irudiak) oso onak eta interpretazio lan nahiko kaskarra (Star Treken zaletuak direla ez ahantz), hori da Starship Farragut. Hemen behean daukazue trailerra eta orain arte plazaratu diren bi atalak jaisteko esteka (Youtuben ere ikusi daitezke). USS Farragut espazio-untziaren abenturen marrazki bizidunak ere atera dituzte, jatorrizko telesailaren marrazki bizidun horien estetika erabiliz (ahoa besterik mugitzen ez duten pertsonai estatikoak eta marrazki lauak erabiliz). Bi atal plazaratu dira, hagitz entretenigarriak eta gomendagarriak biak (Star Trek zaleak izanez gero). Trailerrarekin uzten zaituztet, baina Get a life... a Trek Life! blogan zein webgune ofizialan ikus ditzakezue oso osorik. Hauek ez dira zaleek egindako film bakarrak, noski, ezta onenak ere, ziurrenik. Gehiagoren berri izan eta ikusi bezain pronto emango dizuet haien berri. Eta zuek baten bat ezagutzen baduzue, abisatu mesedez :) Iturria: Get a life... a Trek Life! 2010/08/22 - 22:52:02
V telesailaren kromoen bilduma
Herrian ibili naiz egun batzuk, internetik gabe eta. Internet denboraren zulo beltz ikaragarria da eta behin belarra, baratza eta etxea txukunduta (hauts mordoa pilatzen da neguan zehar) zer egin jakin gabe aurkitu dut neure burua. Irakurtzeaz aspertuta eta sargoria kanpoan, ganbarara igo naiz. Ganbaran beroa handiagoa da oraindik, baina traste zahar zoragarriz beteta dago. Traste horien artean haurtzaroko komikiak, jostailuak, koadernoak eta kromo bildumak daude gordeta, eta altxor hauen artean harririk bitxiena Vko kromoen bilduma da. Vko kolekzioa hartu, muxukatu eta besarkatu ondoren, digitalizatu eta zuekin partekatzea iruditu zait ideiarik onena. Bide batez, zuetako norbaitek falta zaizkidan kromoak izango balitu, Warp Bortz Fundazioari dohaitzan eman ditzan animatzeko. Frikien espageti-jedi jainkoak eskertuko dio. 2010/08/21 - 23:09:10
Txinan Cylonak Enterprisean bidaiatzen dute
Izenburuan esandakoa azalpen bat besterik ez da, beste askoren artean (DVD-a sekulako iruzurra izatea adibidez). Izan ere Galactica-ko DVDko bertsio txinatarrean Enterprise-Da (Enterprisearen bertsiorik ederrena, dudarik gabe) ageri da aurrean eta Stargateko portala atzean. Nork esan du txinan imajinaziorik ez dutela? Iturria: Topless Robot . 2010/08/13 - 13:30:09
Marvel 8 bit-etan
Klikatu irudian ze bestela ez duzu tutik ikusiko! Munduan badira sortzaileak eta parasitoak. Ni, parasito eraginkor baten modura, beste bloga batean ikusitako, beste sortzaile batek egindako irudi ederra erabiliko dut nire probetxurako. Marveleko super-pertsonaiak dira - Spiderman buru dutela, nola ez :) - Megamaneko 8 bit itxura moloi eta trendy horrekin. Gora super-heroiak, gora 8 bitak eta gora bizkarroiok. Iturria: Pixfans . 2010/08/12 - 19:44:02
Asteazken musikala: Namekeko kanpainaren soinu banda errepikakorra
Muineraino sartu zaidan musika bat badago, gaurko hau da. Jarri, jarri martxan (jar ezazue martxan etengabe errepikatu dadin) eta segituan ulertuko duzue zergatik. euskaltube.com audioak Dragoi Bola Z-ren soinu banda da. Namekeko kanpainan etengabe jotzen zutena, hain zuzen, Freezer eta espazioko gerlarien aurkako borroketan. Borrokak baino Gokuren begirada amaigabe haiek ditut nik gogoan. Izan ere atal osoa (edo bi, edo hiru) eman zezaketen Gokuk eta iFreezerrek ezertxo ere egin gabe, bata besteari begira, gainontzeko pertsonai guztiak ahoa gero eta gehiago zabaltzen zutelarik (nonbait horrek energia ematen zion Gokuri). Hori begirada, musean ari dela dirudi... Edozein modutan, niretzako hau izan zen sasoirik gogokoenetarikoa. Gainontzeko sasoiak baino gehiago errepikatu zutelako akaso, Dragoi Bolaren heldutasuna suposatu zuelako agian, edo auskalo zergatik. Eta zuena? Oharra #1: Goear zerbitzua alde batera utzi eta Euskaltubekoa pasa naiz. Iragarkirik gabe eta askoz hurbilagokoa :) Oharra #2: Euskaltubera audioa igotzeko informazioaren bila (urtea, hain zuzen) ohartu naiz ez dela Freezer idazten, Frieza baizik. Beno, hainbeste urte ezjakintasunean. 2010/08/11 - 19:59:04
Street Fighter Jackie Chan remix
Jackie Txan Jainkoa da eta ni bere jarraitzaile umila. Jackie Txanen ikasketak jarraituko ditut, berak agindu bezala bizi, bere filmak gurtu eta bere hitza zabaldu (eskasa bada ere). Infidelak zigortuko ditut eta bere lekua bete nahi duten sasi jainkoen bideoak erre. Jackie Txan jainko handia eta bakarra da. Gora Jackie Txan! 2010/08/05 - 09:47:03
NASAk Super Marioren planeta aurkitu du
Gaurko APOD edo EAI (Eguneko Astronomia Irudia) , Migueliko eta Patxilok esango luketen bezala, unibertsoari buruz dakiguna goitik behera astinduko duen aurkikuntza plazaratu dute. Izan ere Super Mario Galaxia topatu dute eta bertan Super Marioren planeta. Iturgina zoritxarrez ez da argazkian ageri, ziurrenik printzesa Mertxika salbatzen ariko zelako, nola ez. Iturria: Astronimy Picture of the Day . 2010/08/03 - 16:16:05
giza-zuzia vs izotz-gizona mundu errealean
Denok ezagutzen ditugu komikietako super-heroi distiratsu, gihartsu, koloretsu eta ia perfektuak, baina errealitateko superheroiak oso bestelakoak dira. Bai lagunok, super-heroiak esistitzen gara (ni, adibidez, amoebaman naiz, baina ez inori esan). Super-heroiok ez gara ederrak, ez dugu jantzi koloretsurik (garestiak dira konpontzeko) eta gure bizitzak ez dira batere interesgarriak (ez krosober galaktikorik adibidez). Hori bai, beste super-heroi batekin topo egiten dugunean nahita nahi ez elkarren aurka borrokatu behar dugu. Horretan bai asmatzen dutela komediagileek. Iturria: Geekologie . 2010/07/29 - 23:33:02
Asteazken musikala: The Goonies
Orain dela aste pare bat martxan jarri ziren nire garunean Los Goonies filmaren oroitzapenak gordetzen zituzten zirkuituak. Garuneko minbizia, dementzia goiztiarra, kasualitatea edo ondoko talde baten elkarrizketa inkontzienteki entzun izana, gauza da berriro ikusi nuela eta nire gozamenerako, oroitu bezain ona dela konturatu nintzen (zoritxarrez beti gertatzen ez dena). Beste garaiko film mota, beste garaiko topiko, abentura eta musikarekin, The Goonies film maitagarria da oso, frikizioaren Olinpoan egoteko eskubide osoa duena. Gozatu: Portzierto, nire pertsonai maitatuena betidanik Data izan da, ez galdetu zergatik. Eta zuena? 2010/07/28 - 23:49:03
Garagardoak sofara ekarriko dizkizun robota (matxinatu arte behintzat)
Robot honek zure esanak beteko ditu. Telebista aurrean zaudela, kontsolara partidatxo bat jolasten eta eztarria lehortu bazaizu, PR2-ri agindua besterik ez diozu eman behar eta zuk aukeratutako garagardoa ekarriko dizu. Inor bidean topatzen badu lasai, zuri, bere jainkoari, soilik emango bait dizu garagardoa. Garagardoa ireki ere ez duzu egin beharko berak egingo bait du zure lekuan. Hurrengo bertsioetan doritoak ekartzeko errutinak inplementatzeko xedea omen daukate, bai eta Marvel vs Capcom -era zure aurka jolastekoarenak ere (gehienetan galduz, noski). Zoritxarrez ezer inplementatzeko astirik ez dute izango, PR2 jada enkabronatzen hasia bait da. Ikusi bestela hozkailuko atean nola txikitzen duen edo garagardoak nola astintzen dituen. Hemendik gutxira garagardoa ekarri ordez aizkora ekarriko du, zure lepoa moztu eta hozkailuan sartuko duelako, ondoren Benderrekin garagardo guztiak edateko. Ņo! Iturria: Ahaztu egin zait, baina sinetsidazue berria nonbaitetik afusilatu dudala esaten badizuet :P 2010/07/27 - 18:12:02
