Baby lo on era uzten
Ar-eme sutsu, zintzo eta aske
Valledupar (Colombia)ko vallenato munduan hitzak gehienetan penagarriak badira ere, eta jarrerak zer esanik ez! musikak ahora zapore erromantiko gozoa erakar diezagun... Faltan botatzen dut arraren bizigarri ta bihotzberatasun hori. Ezin izan gintezke ar-eme sutsu, zintzo eta aske aldi berean? 2009/12/11 - 02:23:02
Bio.terrorismoA
Datu erabat zientifiko, dokumentatuak. Bio.terrorismoAren azalpen ulergarria. Osasun Publikoan doktorea den Montserrateko TERESA FORCADESek, GRIPE A ren kontuan goxo eta sendo jotzen du. Sinesgarritasun osoa duen bideoa. Makillajerik ez daramalako, agian? 2009/10/07 - 10:58:02
Putero
"Zer dago Mendebaldeko gizon gazte baten buruan lotsa gabe kalearen erdian eskubiderik gabe bizi den eta hirugarren kategoriako hiritartzat hartzen den emakume batekin larrua jotzen diharduen bitartean?" SOS Arrazakeriak.eko June Fernandez.ek idatzen du DEIAn, EL PAIS.ek Bart.ze.lo.ona.ko sexu argazki gordinen kontura. Emakume "batekin" larrua jotzea kategoria da. Larruen arteko energia dantza, gozamen eta olgeta, jolasa. Beste hau, prostituten %90 etorkinak direnean, dirua eta beharra tarte, emakume "bati" larrua jotzea da. 2009/09/17 - 10:56:02
Attends. Udak berea egin du.
Sir Edward.ek Paris.en Attends jotzen zuen Quai.ko museo atean. Etzan egin nintzen, jan egin zenuen bitartean. Ez dut pasioa ez beste jakirik nahi. Abentura honetan hilko banaiz ere udarak sua du muin haragizko etxe honetan lur ta loi harro, samur. Bihotza ez ezen gorputz osoa ere bijjortu dut. Attends. Udak berea egin du. 2009/07/14 - 12:52:06
Tibet..eko intxaurrak
Tibet.era joan zaigu idazlea, Korta-Zahar.en hurratsei jarraiki, korta zaharreko lanen ihesi. Tibeten dana da hobea. Independentzia aldarrikagarriagoa. Manifestariak meditatzaileagoak. Haurrak adoptagarriagoak. Gaixoak coolagoak. Ai, Tibet, Tibet... Tibet.eko intxaurrak hamalau; gerturatu eta lau. Baina, hala ere, zenbat eta hurrunau errezau. 2008/10/09 - 00:37:02
Freebatasuna
Gaurko egun batez hitz bakarra darabilt: freebatasuna. Lehenengo Batasunakoak eraman zituzten... baina ni ez nintzen Batasunakoa. Gero Lehendakaria eraman zuten baina ni ez nintzen PNVkoa. Orain nire bila datoz eta ez da inor gelditzen jada. Freebatasuna. 2007/10/06 - 00:24:16
Barne hesiak eraldatzen artean
"El arte no cambia el mundo, no cambia la realidad. Lo que verdaderamente transforma el artista es a si mismo. Y es este hombre [mujer] transformado por el arte el que puede, desde la vida, tratar de transformar la realidad". Jorge Oteitza Nire itzal-argi dikotomian barnea eraldatzea du xede arteak. Berlineko Sachsenhausen kontzentrazio hes.barruan sartu ta zer? Zer aldatuko dugu artean? Ene kontzentrazio zelai partikularra aldatzea posible ote? Erraietan eme kontzentratuko naiz. Biolentziaren graduaketan nork ezartzen ditu mailak? Erritmoak, argi.izpi, kandela, zeru, itzal, gorde, leinu, ama, zen. Ama! Egun, kontzentrazio zelaiak parke tematiko bihurtu dira. Azken finean mundua parke tematiko bihurtu da gu bezalako turistontzat. Etorkinek, ordea, ez dute sarrera erosteko aukerarik. Etor.kin izan nahi dut, ez ekar.kin. Ez naiz turist, erromes baizik. Jabe, herri, busti, herri, jai. Nahi. 2007/09/10 - 10:07:02
Sachsenhausen
Hor zagoz, arbolapean? Pasa da. Joan dira ta ez dira etorriko, ez zaitu inongo heriotzik harrapatuko. Bizi zara, ta ez zaitu inork erahilgo. Segi aurrera. Zuen bizitzetatik ohostutako hazia landatuko dut. Zuek sortu zineten enbor beretik... Ez dago damutzeko betarik. Borreroaren ordua ailegatu eta galderak erantzunik gabe gelditu ziren. Gogoan zaituztegu eta gogoan, eutsi gogoan gogo. Gogoak erreka gainezka egiten dueneko unea gogoratzen dit. Goseak egin du gainezka gurean, India gurean egin du goseak. Margauko bus geltokian izan nuen hautemate esperientzia sakonago baten berri eman nahi dut baina ez dakit nola. Lauburua erein dut Sachsenhausen.eko arbola zaharraren erro artean. Lauburu eme gozoa. Svastika zorrotz erahiltzailearen ama, ama zaharra. Ama, nolatan heldu zaizu (giza)semea gogo ustel erdoil gordin hortara? Non da erraietako gozoa? Erdu altzora, besotan eramango zaituztegu ibaiaren ertze xamurrera, bidaiaren jarraitzeko pausatzen diren erromesen antzera. Erdu gure altzo beroetara, pausatuan asetu, askatuan gozatu gogoa. 2007/09/10 - 10:07:02
