Plazaberri - Euskaltzaindia

Euskaltzaindia. Real academia de la lengua vasca. Académie de la langue basque. Academy of the basque language

2010eko Gasteizko urre dominak

Urtero egiten den moduan aurten ere, eta Andre Mari Zuriaren egunean, abuztuaren 5ean, Gasteizko Udalak hiriko urre dominak Zulueta jauregiko lorategian banatu zituen. Aurtengo sarituak Artean ospe handiko izan ditugun Chillida eta Peña Gantxegi izan dira. Eduardo Chillida Juantegi eskultorea eta Luis Pedro Peña Gantxegi arkitektoa gizon ospetsu izan zitzaizkigun bizi ziren bitartean eta gero ere bai, haien obrek gurekin baitiraute beren materialitate gogorrean eta beraien espiritualitate bigunean.  2010/09/02 - 18:31:02

Abuztuan ez da argitaratuko "Plazaberri"

Gaur, uztailaren 30ean, argitaratu dugu kurtso honetako azken berria. Abuztuan, Plazaberri ez da kaleratuko. Irailaren lehen astean itzuliko gara. Ondo izan!  2010/07/30 - 20:51:02

"El Diario Vasco" egunkariaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmena

El Diario Vasco egunkariak eta Euskaltzaindiak urte bateko iraupena duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horren ondorioz, besteren artean, El Diario Vasco egunkariak 2000. urtetik hona ekoiztu duen euskarazko testu-masa osoa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko du, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan. Hitzarmenak bi erakundeen arteko elkarlana sustatzea du helburu, bereziki euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarritako arauak zabaltzeko eta komunikabideen bidez egoki plazaratzeko.  2010/07/29 - 20:55:03

Jean-Louis Davant, euskaltzain emeritu

Uztailaren 23an, Donostian egindako osoko batzarrean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu du Jean-Louis Davant euskaltzain osoa. Emeritu izateko, 75 urte beteak izan behar dituzte eskaltzain osoek. Jean-Louis Davant 1935eko uztailaren 5ean jaio zen, Ürrüstoin (Zuberoa). Laborantzan ingeniaria da. Hazparneko Laborantza Ikastetxean irakasle izana da eta gaur egun jubilatua dago. Enbata mugimendu abertzalearen bultzatzaileetariko bat izan zen. Idazlea da, eta pastoral-antzerki askoren egilea. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen 1975eko otsailaren 28an. Euskaltzaindiaren Arautegiaren eta Barne Erregelen arabera, emeritu izendatzearen ondorioz sortzen den hutsartea betetzeko, ondorengo bi osoko batzarretan aurkez daitezke hautagaiak, eta hirugarren batzarrean egingo da bozketa. Beraz, iraileko eta urriko batzarretan aurkez daitezke hautagaiak, eta azaroko batzarrean gauzatuko da bozketa. Jean-Louis Davantek zuberera ordezkatzen duenez, hautatuko den euskaltzain osoak zubereraduna izan behar du. Jean-Louis Davant: "Euskaltzaindiari esker onez" 45,88 Kb  2010/07/29 - 20:55:03

Akademiaren antolaketa, partaide eta zereginen berri ematen duen "Gida" kaleratu da

Euskaltzaindiaren antolaketa, helburuak, partaideak eta zereginak zein diren azaltzen duen Gida argitaratu berri du Akademiak, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Gida - Guía - Guide - Guide book izena duen argitalpen berri honek lau atal nagusi ditu: - Aurkitegia: erakundearen egoitza eta ordezkaritzak. Zerbitzu orokorrak. Zuzendaritza eta eragileak. Euskaltzain oso, ohorezko, urgazle eta batzordekideak. - Euskaltzaindiaren batzorde eta egitasmoen organigrama (2009-2012) - Arautegia - Barne-erregelak. Honetaz gain, liburuki honen nondik norakoa zehazten duen Xabier Kintana idazkariaren atarikoa ere badago. Bertan, Akademiak norentzat egin duen Gida azaltzen du Kintanak: "Gure hizkuntzaren Akademiaren osaera eta funtzionamenduaren lerro nagusiak jakiteko interesa duten guztiei nahi genuke liburu hau, bere laburrean, lagungarri gertatzea".  2010/07/28 - 20:59:03

Euskaltzaindiaren 2009ko Oroitidazkia euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez

Euskaltzaindiak 2009ko Oroitidazkia argitaratu du lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Lan hori Euskaltzaindiak 2009an egin zituen lanen berri ematen duen txostena da eta paperean zein PDF formatuan eskaintzen da. 2009ko Oroitidazkiak ondoko atalak ditu: Xabier Kintana Akademiaren idazkariaren sarrera, Erakundearen jarduerak, Batzorde eta egitasmoak, Erakunde zerbitzuak eta Herri Administrazio eta erakundeak. Argitalpen digital hau "Erakundearen berri" sailean kontsulta daiteke, Oroitidazkiak atalean.  2010/07/28 - 20:59:03

Exonomastika batzordearen aurkezpena Euskaltzaindiaren Osoko Batzarrari

Uztailaren 23an, Donostiako Foru Aldundiaren egoitzan, Euskaltzaindiak uztaileko osoko batzarra egin zuen. Bilera horretan, Exonomastika batzordeak bere lanaren aurkezpena egin zuen, eta Euskaltzaindiak azken 20 urteotan exonomastikan egin dituen lanak, batzordearen historia, lan-prozedurak, emaitzak, gaur egungo egoera eta etorkizunerako asmoak azaldu zituen. Aurkezpenari laguntzeko, hainbat datu eta irudi erabili ziren. Aurkezpena Jose Luis Lizundia batzordeburuak eta Alfontso Mujika idazkariak egin zuten. Hona hemen aurkezpenean erabili zen dokumentua. Aurkezpena: Exonomastika batzordea 3,28 Mb  2010/07/27 - 21:03:03

Junes Casenaveri omenaldia. Txomin Peillenen hitzak

Uztailaren 11n, Sü Azia elkarteak antolatuta, J unes Casenave idazle eta ohorezko euskaltzaina omendu zuten Altzain (Zuberoa). Besteak beste, hauek parte hartu zuten: Johane Erbin, Jean-Louis Aguer, Pierra Harguindeguy, Jean Bordachar, Jean-Louis Aranburu, Larraineko dantzari gazteek, Niko Etxart, Anixet Errecaret, Allande Socarros eta Jean-Louis Davant eta Txomin Peillen euskaltzain osoek. Hona hemen Txomin Peillen euskaltzainak Junes Casenaveren omenez esan zituen hitzak. Bestalde, Jean-Louis Davanten hitzak irakurtzeko, egin klik hemen . Txomin Peillen: "Junes Casenave Harigile gure adiskidea" 80,84 Kb  2010/07/23 - 21:20:02

Euskaltzaindiaren 2010eko argitalpenak

Euskaltzaindiak urtarriletik uztaila bitartean kaleratu dituen liburuak bildu dira hemen. Besteren artean, Euskararen herri Hizkeren Atlasaren I. eta II. liburukiak daude, baita "Euskaltzainak" bildumaren hiru liburu berri edota "Mendaur", "Iker" eta "Jagon" bildumen azken lanak ere. Bernardo Atxagak zuzentzen duen Erlea kultura aldizkariaren bigarren zenbakia plazaratu da, eta Jose Antonio Aranaren Katalogoa ere argitara eman du Akademiak. Bestalde, Plazaberri berripaperaren zenbaki berriak kaleratu dira. Argitalpen zerrenda guztia ikusteko, sakatu gehiago irakurri estekaren gainean.  2010/07/22 - 21:24:03

"Mugarik Gabeko Telebista" kanpainak bildutako 559.759 sinadura ontzat eman dituzte

"Mugarik gabeko telebista " kanpainak ezarritako helburua lortu du, eta hala onartu du, idatziz, Espainiako Hauteskunde Erroldaren bulegoak: bertan entregatu dira 651.650 sinadura, horietatik 559.759 ontzat eman direlarik. Hortaz, herri ekimenari esker, pausorik garrantzitsuena eman da, eta lortu behar zen sinadura kopurua erraz gainditu da. Acció Cultural del País Valencià elkarteak adierazi duenez, lanean dihardu, lege proiektu bat aurrera irten dadin. Euskal Herrian, eta batez ere Nafarroan, kanpainak arrakasta handia izan du. Hala, Euskaltzaindian 12.420 sinadura bildu ziren . Jakina denez, "Mugarik gabeko telebista" kanpaina Herrialde Valentziarrean sortu zen, eta bere xede nagusia hauxe da: hizkuntza bera duten erkidegoetan irrati-telebista emisioak jaso ahal izateko eskubidea legez bermatzea eta, horren ondorioz, Nafarroan Euskal Telebista ikusten jarraitzea. Euskaltzaindiarekin batera, Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak babestu zuten kanpaina hau.  2010/07/21 - 21:28:04