Buenos Airesetik Norabaitera

Honatx, nik eginiko argazkiak, testuak eta bideoak korapilatzen dituen bidai kronika bat. 2004ean Buenos Airesetik abiatu eta nonbaiten finitu zen bidai baten kontaketa duzu honakoa.

SPONSORRA, INEM

Hala bada, azken momenturarte ibili nintzen duda-mudetan, liburutegiko bidai-gida guztiak miatzen, interneteko pantailan burua murgiltzen, eta liburu-dendetan 'de estrangis' bidai aldizkariak irakurtzen (interesatzen bazait erosiko dut: aurpegi hori jartzen nion dendariari egunkaria edo tabako paketea erosi aitzin). Mexikora berriz joateko txirrinta banuen, edo India ezagutzekoa, edo Afrika, edota Argentina... Etsituta nengoela pentsatuko du batenbatek, edo lerro hauetatik iritzi hori atera lezake, eta baliteke arrazoia eukitzea; alabaina, nire inguruko lagun asko antzera ikusten nituen Vienaren itxura hartzen ari den gure Iruñea honetan, eta hauei ez zitzaien burutik pasatzen euren geletako lau hormetatik haratago El Dorado esistitzen ahal zenik. Txoriek euren burezurren barruan hegan egiten zuten ere, baina ez zituzten askatu nahi, txoria beti kabira itzultzen dela aski ongi baitakite. Gelditzerik banuen, baina joaterik ere bai. Finean, Lehenengo Mundutik kanpo dagoen norabaitera atera nahi nuen eta punto. Oaxakan ezagututako Arielen dei batek eman zidan behar nuen azkeneko bultzada. Goizeko hiruretan deitu zuen, despisteetan maisu, eta telefonoan mezu bat utzi: Koldo, venite pacá, a Mendoza, llamame en cuanto puedas, mi vida es un auténtico quilombo. Denboraldi batez Estatutik bizi nahi nuen. Ospitaleko lan monotonoa amaitzear neukan. Kontratu bat finitu beharrean nengoen langabezia kobratu ahal izateko, aurreko lana nik neuk utzi nuenez gero ez baineukan dirusaria kobratzeko eskubiderik. Eta hantxe nenbilen, neguko ordezkapenak egiten, asper-asper eginda, nazkatua, motibaziorik gabea, egutegiaren orriak astiro askatzen, artega, lanaren nondik norakoak ikasteko batere gogorik gabe, goibel, nagusiaren promesen aurrean aurpegi interesatua paratzen: Lasai, Koldo, hemen lan mordoa dago eta behin ordezkapen-zerrendetatik deitzen hasita ez zaizu faltako. Ibili lasai. Eta oso lasai nenbilen, lasaiegi. Noski, ez nion nagusiari barruan gordetzen nituen ideien berri ematen. Tontoarena egiten nuen, barne barnetik, hesteekin edo, irrifarra itzultzen niolarik: Bai, pribilejiatua naiz Osasunbidean ordezkapenak egiten ditudalako, eta ez, ez dut aukera hau inolaz ere galduko, behin erakundearen barruan egonik egoerari probetxu atera behar baitzaio, bai jauna, edozer egiteko prest nago kontratu duin bat eskuratzearren. Senideak agurtu ditut. Oraindik ez naiz kargu egin. Abioian nago preso. Ezin diot pilotoari gelditzeko eskatu. Hesteak dilindan izan ditut abioiak gora egiten duen tarte amaigabean. Altuera nahikoa hartu duenean, tripak pausatu egin dira, eta ezertan pentsatzeko gogorik gabe abioien ezaugarriak aztertzen dituen aldizkari astun horietako bat hartu dut. Airbus 300, Boeing 420. Bai interesgarria. Bai. Beno. Arnasa hartu dut. Oraintxe hasten da bidaia.  2010/01/26 - 13:31:02

VILLAMISERIATARRAK

Patagoniako glaziarrik turistikoenak Perito Moreno ikertzailearen izena dauka, eta ni Argentinara iritsi naizenetik denen ahotan dago glaziarrak marraztutako izotz-zubi apetatsua amildu egin dela. Telebista guztietan zuzenean eman dute zubiaren erorketa. Rio de la Platan, Buenos Airesetik nahiko gertu, Perito Morenoren Zientzia Naturaleko Museoa dago, eta bertara joan naiz, trenez, Amerikako animali bildumarik handiena ikusteko desioz. Trenean denetarik saltzen ahalegindu zaizkit: haurrendako ipuinak, hilabete batetan inglesa ikasteko metodoak, hortzetako zepilloak, boligrafoak, metxeroak, alfajoreak, goxokiak... Saltzaileak Villa Miseria izeneko auzo pobreetan bizi dira, eta aldez aurretik ikasitako hamar esaldiak mekanikoki errepikatzen dizkigute, marketing kaskarrena erabiliz. Hasieran ez dutela ezer saldu nahi esaten dute eta hamargarren esaldira iritsita, egundoko eskaintza egiten digute: hiru koaderno baten prezioan. Bidaiariek buruak makurtu edota lehioaldera jiratzen dituzte, saltzaileen begiekin talka ez egiteko, eta, ondorioz, erosteko konpromezurik ez hartzeko. Nire harridurarako, bagoietan beti purtzileriaren bat edo beste saltzea lortzen dute. Link: Villa Miseriak, gaztelaniaz Deigarria da saltzaileen arteko elkartasuna. Bagoien artean patxadaz itxaroten dituzte euren turnoak, bagoien arteko hutsunetan zai. Bata bestearekin topo egiten dutenean, elkartasun keinuak, zapladak bizkarrean eta irrifarrak trukatzen dituzte. Pobreen arteko elkartasuna fenomeno interesgarria da. Iluntzerakoan kartoi biltzaileak Buenos Aireseko auzo pobreetatik hiriaren bihotzera datoz, eta bakoitza bere lan-eremuan ezartzen da. Esistitzen ez direla ematen du, arima erratiak dirudite. Beren kasara egiten dute lan, isil-isilik, hiritarrak bulegoetatik burumakur etxeratzen diren bitartean. Kartoi bila familia osoa ibiltzen da, eta euren bizikarroekin beste familiaren batena ikusten dutelarik garrasi betean hasten dira agurtzen, adeitasunez, Buenos Aireseko hondarreko orduen isiltasuna hautsiz. Perito Morenok esana: 'Lana eta eskola dauden lekuan kartzelak ixten dituzte'. Villeroak dira hein handi batetan espetxeetako bezero nagusiak, edo, beste era batetan esanda, Cumbia Villeroa da espetxeetan gehien entzuten den musika mota. La Platarako bidean Villa Miseria batzuk ikusteko aukera izan dut. Adreilu, xafla eta egurrezko auzoak dira treneko lehiatilatik ikusten ditudanak, urbanizatu gabeak gehienak, lokatsezko zoluen gainean inprobisatuak. Link: Rap Villero, Argentinako telebistan, bideoa Etxetxoak behi, zaldi, zakur, zuhaitz eta futbol piloten artean altxatzen dira, eta mugimendu handia somatzen da bidezidorretan. Uda amaitzen ari da Buenos Airesen, eta ez dut pentsatu ere egin nahi nolakoak izanen ote diren hango neguak. Villeroak euren kasara bizi dira. Ez dute kotizatzen, eta ez dute Estatutik zerbitzurik jasotzen. Buenos Aireseko hiribarnea nahiko segurua iruditzen zait niri, besteak beste izkina bakoitzean polizia bat dagoelako. Villeroek, berriz, polizia faltan daudela salatzen dute, eta villetara doazen polizia bakanak ustelak direla. Ni bezalako turista bat oso helburu erraza da hirigunetik kanpo, horixe errepikatzen didate behin eta berriro, eta paranoiak jota nago. Nik ez dakit zer pentsatu, ez dakit egia izanen den edota aurreritzia, baina badaezpada segurtasuna aukeratu dut, ni bezalako beltzaranek bidaiatzeko orduan oso abantaila handiak ditugula badakit ere. Nolabait esateko, ez gara oso deigarriak. Buenos Airesen nagoenetik bospasei aldiz karrika baten kokapenaz galdezka etorri zaizkit. Argentinar itxura dut, badajoztarraren itxura izan dezakedan bezala, marrokiarrarena, limeñoarena, mexikarrarena. Abantaila handia ezbairik gabe. Etxera doazen hiritar eta kartoi bila dabiltzan villeroen artean zulo handi bat somatzen dut baita ere. Buenos Aireseko biztanleen laurdena villetan bizi dela irakurri dut Clarin egunkariko estatistika batetan. Nik, noski, beste hiru laurdenekin hitzegiteko aukera izan dut, eta gehienak topikoekin jardun zaizkit, 'besteaz' ezer gutxi dakitela erakutsiz: haurrak kontrolik gabe munduratzen dituztela, ez dutela lan egiten, Estatuari esker bizi nahi dutela, piketeroekin protestan ibiltzen direla etengabe... Ceciliak, ostatuan ezagutu dudan jatorri italiarreko neska beltzaranak aipatu didanez, krisia lehertu zenean buenosairestar asko zur eta lur gelditu ziren, ez baitzuten pobrezia horren berririk. Errealitate horrekiko isolaturik bizi zirela, itsuturik, burbuila batetan, aitortu dit Ceciliak. Link: Cartoneroak, testua, gaztelaniaz. Perito Morenoren museoan aspertu arte ibili naiz Juan peruarra eta Ignacio kanariarrarekin. Perito Morenok txikitan Buenos Aireseko auzo batetan hartutako lehenengo harrietatik hasi eta animali disekatuen bilduma amaigaberaino. Tenedor Libre batetan jan dugu, asetu arte jan daitekeen jatetxe horietariko batetan. Juanekin nazkatzen hasia nintzen, baina korearren esku dagoen jatetxe honetan elkarrekin bazkaldu eta gero, nire kabuz ibiltzeko erabakia hartu dut.  2010/01/26 - 13:31:02

LAGUNAREN BILA

Mendozan nago, hiribarneko taberna batetan bazkaltzen. Eguneko menua bazkaltzen ari naiz. Nekatuta nago pixa kiratsarekin18 orduko autobus bidaia burutu eta gero. Konpainiarik merkeena hartu dut, antza. Atzekaldean eserita eman dut bidaia, txisatokiaren parean. Bidean zeruari so egin diot aldiro, pixaren usaia ahaztu nahiean. Izar mordoa ikusi dut, eta hipnosiaren altzoan lo egin dut Argentinako pampa ekialdetik mendebaldera gurutzatzen ari nintzela. Alboan Boliviako langile bat joan da, alaba besoetan. Alaba ttikiaren begi beltzek dir-dir berezia zuten. Aitak goxo goxo zaindu du bidai osoan zehar, beirazko irudi bat bailitzan. Noizean behin berarekin jolastu du, orraztu du, aulkian etzan eta zamarrarekin estali du. Ezer gutxi hitzegin dute euren artean. Aitak 20--25 urte bitartean zituen eta bere alabarekiko tratua oso samurra zen. Autobusa erdi hutsik zihoan, eta nekeza izan da atea puskaturik daukan pixatokiaren ondoan eserita joatea. Beno, alde onik ere izan du. Bi eserleku niretzat bakarrik ziren eta komuneko lehiatila zabaldu eta nikotinarekiko menpekotasuna hautsi ahal izan dut gauak aurrera egin ahala. Hala eta guztiz ere, gorrotatzen ditut abioi, itsasuntzi eta autobusetako komunak, latorrizko potean igerian ari den azeituna sentitzen naiz. Kafea eskatu dut. Ezin izan dut Ariel lokalizatu, bere arrastoa galdu dut, eta ostatu batetan utzi behar izan ditut nire gauzak. Mendoza Iruñearen gisakoa da, tamaina ertainekoa eta kontserbadorea. Ez dut gehiegi ikusi behar izan horretaz jabetzeko. Mendozako biztanleek harro Argentinako garbienak direla defendatzen dute, eta paperak zakarrontzietara botatzen dituzte. Buenos Airesen italiar kutsua usaintzen da; Mendozan, espainola. Gaztelako hiri bat izan zitekeela okurritu zait ere. Zigarroa ahoan, Segovian pentsatzen ari naizela, zurrumurruak entzun ditut mahaiaren atzekaldean. Zurrumurruak geroz eta ozenkiago iristen dira nire belarrietara. Gizon bat atzean purrustaka ari da, jenio bizian, gaizki esaka, eta hitzen bat harrapatu diot: comunista, montonero... Atzera jiratu naizenean nitaz ari zela ikusi dut. Ordurarte ez naiz ohartu ere egin. Kamiseta begiratu eta Maiatzeko Plazako Amei erositakoa dela ohartu naiz. Kamiseta urdinaren atzekaldean Asociacion Madres de la Plaza de Mayo irakur daiteke, buruzapi txuri baten ikurrarekin. Taberna osoa daukat niri begira. Zerbitzariak ez daki zer egin. Ezin du bezeroaren sumiña apaldu. Kafea ikimilikiliklip hartu eta ordaindu diot. Bakarrik nago eta ez dut arazorik nahi. Kamiseta bestaldera jiratu dut ostaturako bidean. Chileko muga gertu dago, eta militar andana dabil Mendozako karriketatik ibiltari, iritsi bezain pronto konprobatu ahal izan dudanez. Maiatzeko Amen kamiseta Escuela Mecanica de la Armadan (ESMA) erosi nion ama bati, Libertadores etorbidean, Buenos Airesen, Latinoamerikako militarren torturagune handiena Memoriaren Museoa bihurtu zen egun berean. Link: Esma, Memoriaren Museoa, gaztelaniaz Piketeroekin bezalaxe, Maiatzeko Plazako Amekin berdin ematen da Argentinako iritzi publikoaren zatiketa. Ostatuko nagusi judutarrak Hebe de Bonafinni radikalegia dela esan dit. Konprenitzen dituela emakumeak pasa egin behar izan dituen sufrikarioak, eta radikaltasuna bizimodu gogor honi egotzi dio. Ostatuko ormetan Che Gebara, Gardel eta Maradonaren posterrak eskegi dituzte. Ez da emakumerik, eta nagusiak ez du Hebe de Bonafinniren argazkia paratu nahi. Bonafinni anderea, antza denez, ez da oraindik politikoki zuzena.  2010/01/26 - 13:31:02

ARPILAKETAREN MEMORIA

Ariel lagunak, Mexikon geundela, Argentinan hainbeste artista egotearen gakoa azaldu zidan. Argentinarrek kolperik jo gabe ongi bizitzea dute helburu. Horrexegatik dago hainbeste artista. Edozeinen ametsa dela gaineratu dezaket, nirea ere, baina tira, kontua da Argentinan oso idazle onak, oso musikari onak, oso futbolista onak, oso psikologo onak, oso psikiatra onak, oso publizista onak, edota oso zine zuzendari onak daudela. Bistan da krisia dagoenean irudimena azkartu beharra dagoela, eta argentinarrak maisu dira horretan. Argentinako zinema puri-purian dago. Karteldegiko pelikulen artean erdiak-edo argentinarrek zuzendutakoak dira. Gaur ostatuko lagun kaliforniar batekin 'Memoria del Saqueo' filma ikusi dut. Link: Memoria del Saqueo, filma, gaztelaniaz Hipolito Irigoyen karrikako zinema zaharrera sartu gara. Oso ikusle gutxi dago. Dokumentalari 2001eko abenduan jazotako iskanbilekin ematen zaio hasiera. De la Rua presidente izendatu berria zen orduan, eta gatazka soziala puri-purian zegoen. Protestan, hiritarrek Maiatzeko Plaza hartuta zuten, Argentinako gunerik sinbolikoena, eta granaderoak itzulinguruka zituzten, erasorako prest. Manifestariek '!El pueblo no se va!' ohiu egiten zuten. Maiatzeko Plazako Amek granaderoen zaldi urduriei aurre egin zieten. Oso irudi latzak dira. 70 urte pasatxoko emakumeak, motelak eta hauskorrak, poliziaren indarkeria pairatzen. Filmean dolar eta pesoaren arteko berdintasuna hautsi zeneko garaia jorratzen da, herritarren altxamendua eragin zuen debaloaketaren prozesua. Menem presidentea eta Duhalde ekonomia ministroa dira herriaren arpilaketaren testigantza honetan okerren paratuta ageri direnak. Menemek dekretuen bidez gobernatzen zuen, eta dolarraren paridade faltsua mantentzeko multinazionalei sektore estrategikoak merke saldu zizkien. Garaiotan Argentina Nazioarteko Moneta Funtsaren ikaslerik onena zen, eta klase ertainak begi onez zekusan Duhaldek gidatzen zuen politika ekonomikoa. Entrepresa publikoen salmentek ustelkeria areagotu zuten. YPF petroleo konpainia Repsol espainolaren menpe gelditu zen, Telefonica espainola eta Telecom frantziarra telefono publikoen jabe egin ziren, Iberia espainolak Aerolineas Argentinas erosi zuen, BBVA euskaldunak Banco Francés... Batzuek paridadeaz gozatzen zuten bitartean, beste batzuk miseriaren putzuan erortzen hasiak ziren. Argentinako enpresak, diruaren balio handia zela eta, ez ziren esportaziorako errentagarri, eta askok eta askok ateak itxi egin behar izan zituzten. Menemekin diktaduraren garaitik zetorren kanpo zorrari zero asko gehitu zitzaizkion. Dokumentalean honako galderak egiten ditu gidoilariak: 'Nork sortu zuen kanpo zorra? Zergatik kitatu behar dugu argentinar guztiok bakar batzuek sortutako zorra? Zergatik ordaindu behar ditugu eskandaluzko interesak?'. Gidoilariaren arabera, Argentinak garai horretan bankuetan ohikoak ziren interesak ordaindu izan balitu, kanpo zorra aspaldi kitatua legoke. Gainera, bankuek ez zituzten beren konpromezuak bete. Banku handiek, paperean, funtzionamendu autonomoa dute, eta etxe nagusiak ez dira tokiko bankuen galeren arduradun egiten. Dolarra eta pesoaren arteko berdintasuna hautsi zenean, dibisak Lehenengo Mundura bidaltzen zituzten bankuak diruz hustu egin ziren. Dolarrak desagertu ziren, eta bezeroei trukean pesoak eman zizkieten. Dolar bakarra, hiru pesoen truke. Filmean Villa Miseriak ageri dira edota Tucumaneko hospitalean bizi izandako desnutrizio kasu lazgarriak. Hospitaleko irudiak Afrikatik eskaintzen dizkigutenaren gisakoak ziren, haurrak haragi eta hezur zeuden, lerdea zeriela, non eta 200 miloi biztanle gehiago elikatu ditzakeen herrialdean. Tucumaneko mediku batek hitzegiten du erreportaian, pobreak ere pertsonak direla defendatuz. Seme-alabak janari eske datozkiolarik ama bati sortzen zaion atsekabea azaltzen da ere: -Nolatan esan diezaioket nire alabatxoari jatekorik ez dagoela?  2010/01/26 - 13:31:02

LA BOCA

Behinala Bocara iristen ziren etorkinak, Boca auzora. Bocako etxe koloretsuak gida turistiko guztietan ageri dira, baina kaiak jada ez ditu gosetik ihesi datozen etorkinak hartzen, turisten autobusak baizik. Turistak Bocako karrika ezagunenera jauzi egin, goitik behera ibili, tango emanaldi laburren bat ikusi, koadroren bat erosi eta autobusetara igotzen dira berriz. Karrika ezagunetik 20 metrotara beste Boca bat dago, pobrea, hasierako etorkinek oinordetzan jasotakoa. Oinez joan naiz bertara, tango eta lumfardo hizkeraren iturrira, eta ezin dut ukatu beldurra pasatu ez dudanik. Begirada asko erakarri ditut bidean, eta tentsio arraroa somatu dut, arrisku sentsazioa. Autobus publikoan bueltatu naiz bada San Telmora, etxera. Aurrekaldean eseri eta gidariarekin hitzegin dut. Seguruenera berari ez zaio nire hizketagaia gehiegi interesatzen. Niri berea ezta ere. Baina burua despistatu beharra dago. Egunean 10 orduz dihardu lanean, baina Bocara dihoana ez da bere ohiko ibilbidea. Gidari bat gaixo jarri da eta ibilbidea berari egokitu zaio. Autobusak, Mercedes Benz motorra izan ezik, Argentinan eginak daudela esan dit, eta taxisten artean 'piolak' edo jatorrak badaudela, baina eskuarki gorrotagarriak direla, errepideak beraienak direla pentsatzen dutela, eta egunero ibilbide bera egiten duela, Los Olivosetik Retirora, eta hiru ordu ematen dituela bidaia bakoitzean, eta ezin duela ulertu nolatan ausartu naizen Bocara nire kasara jeisten, eta zorte ona izan dudala, eta piketeroek hor aurrean bidea moztu dutela, eta hobe dudala hementxe bertan jeistea. Bozinari sakatu diolarik, ez dio Espainiari bibarik eskaini. Link: La Boca, testua, gaztelaniaz  2010/01/26 - 13:31:02

ARGENTINA BIHURRIA

 2010/01/26 - 13:31:02

EDUARDO

Lagunak egin ditut Buenos Airesen, eta lagunak egitearekin batera, ezinbestean, parrandak etorri dira, eta parrandek tristezia eragiten didate, arrazoi zehatzik gabeko tristezia: triste nago eta ez dakit zergatik. Ez dut alkohola sobera maite, eta argentinarrak zurrutero porrokatuak dira -nik ezagutu ditudanak behinik behin halaxe dira-. Quilmes garagardoak eta Mendozako ardo merkeak behar baino gehiago edaten ari naiz. Zelako panorama! Ostatuan, nire logela berean gauero zurrunkaka ibiltzen den Eduardo mendozarra alkoholikoa da. 40 bat urte ditu, eta nahas-mahas dagoen logela bere izakeraren islada borobila da. Nik goiko literan egiten dut lo; mendozarrak, behekoan. Zaborretatik isolatzeko-edo, Eduardok maindireekin inguratzen du bere ohea, kanping denda batetan bailegoen. Ardo botilak, zigarroak, porroetarako paperak, egunkarietako orriak, dutxatik irteterakoan utzitako ur arrastoak, kaka egiterakoan punteria falta, zakileko ile latzak zoluan dantzan... Aitzaki bat asmatu beharrean izan naiz logelaz aldatu ahal izateko. Goikaldean lo eginda erortzeko arriskua dudala ohartarazi diot Carlos nagusiari, txikitan behin amildu eta egundoko zartakoa hartu nuela. Mendozarraren konpania utzi dut. Eduardo krepeak prestatzen ari da sukaldean, mendozar erara, oliba, arraultz, haragi eta tipularekin. Bihotz oneko gizona da, ibilera zuzen mantentzen duen mozkorra. Krepeak ostatuko lagunekin partekatzen ari da, animoso. Porteñoek errealitatea puzten oso iaioak dira. Eduardok egunero 10 botila ardo edaten dituela dio. Ez dakit hainbeste izanen diren, baina nirekin batera egon den denbora tartean bi ardo botila sartu ditu barrura. Bigarren ardo botila husten ari delarik, tango taberna tipiko batetan lan egiten duela argitu dit, eta Coppola zine zuzendaria bera behin Buenos Airesera etorri zela, Tango izenburuko filmea grabatzera. Coppola San Telmora etorri zen, nora eta Eduardok berak lan egiten zuen tabernara. Eduardori filmean extra gisa lan egiteko aukera eskaini zioten, mozkorraren papera bete behar zuen, baina errodajetik kaleratu zuten 'gehiegi aktuatzeagatik'. Eduardok 10 peso eskatu dizkit orduan, putetxera joateko irrikitan dago-eta. Argentinan putetxeetara joateko joera handia dagoela esanen nuke. Kanariarrak asteburuak Buenos Aireseko familia batekin ematen ditu, eta, esperientzi horretan oinarrituta, nire iritziarekin bat dator, familiako gizonezkoen hizketagai nagusia putak baitira. Emazteak gertu izatea ez da oztopo beraientzat, lasai askoan ibiltzen dira putak gora eta putak behera, aitortu dit parrezka Ignaciok. Jakin badakit Eduardori emandako dirua bueltan etorriko ez dela, baina bost axola zait. Ardoaren eraginpean gustora aritu naiz solasean, eta bere bizitzaren beste alderdi batzuk ezagutzeko parada izan dut. Ez dakit sinisteko modukoak diren, baina sexuaren bila txirrindulaz atera aitzin, boxealaria, itsas-ingenieritzako ikaslea eta bi seme-alaben aita dela esanez osatu dit bere kurrikuluma. Txirrindula eskuan duela, inoiz Luna Parkera boxeo emankizunen batera baldin banoa, aurrekaldeko eserlekuetarako sarrerarik ez erosteko gomendioa eman dit, odol tantak nire aurpegia zipriztindu baitezakete.  2010/01/26 - 13:31:02

MENDOZATIK TUNUYANERA

Ariel ez da Mendozan bizi. Komentzituta nengoen hiriburuan bertan bizi zela, baina hiru ordutara bizi da, Tunuyanen, Andeetatik urtzen den elurrari esker laborantzari probetxu ateratzen dion hiri batetan. Tunuyanen espainiar jatorrikoak dira herritar gehienak, baina badira italiar jatorrikoak ere, eta uzta garaian bolibiarrak, batipat, eta iparmendebaldeko langileak (Salta, San Juan, Tucuman eta San Salvador de Jujuykoak) datoz bertara. Tunuyanen makalondoek baratzak inguratzen dituzte, lurrari trinkotasuna emanez, eta behinala lur antzuak izandakoak atzerriko inbertsoreen jomuga bilakatu dira. Basamortuari lapurtutako lur eremu honetan negua da areriorik behinena. Hotzak landareei kalte egin diezaieke, eta, negu gorriko gauetan, baratzetako lubakietan petroleoari sua ematen diote nekazariek. Nekazari bolibiarrak gau hotzetan erne daude, tenperaturak behera egiten duenean lubakietan sua ahalik eta azkarren pizteko. Nekazarien goardietan ez da alkohola falta, eta kantuek eta sineskeriek Mendozako ilargiaren bakardadea alaitzen dute. Arielen familia ardoaren negozioan murgilduta dago. Arielen aitona Malagatik ihesi egin zuen gerra garaian, eta Mendozako sastraken artean bere inperiotxoa eraiki zuen, Malagako lur idorretan nekazariek erabiltzen zituzten teknikak ezarrita. Berau izan zen zonaldera lehenengo mahatsondoak eraman zituena. Egun, peso argentinarraren debaloaketak esportazioari mesede egin dio, eta Txileko ardoaren arrakastari jarraiki, Mendozan kalitate oneko ardoak ekoizten ari dira, mahatsarendako beharrezkoak diren bi osagaiak, ura eta eguzkia, aurkitu baitaitezke. Andeetako urek ubidez bete dituzte Tunuyaneko soroak. Baratzek tomateak eta barazkiak ematen dituzte; eta mahasti eta olibondoek, primerako ardo eta olioa. Arielen amak arras ongi hitzegiten du bolibiarrez. Lana tajuz egiten dute, eta langile argentinarrak baino finagoak dira bere irudikoz. Argentinar aunitzek, esan dit amak, nahiago dute Estatu Batuetan, Espainian edo Italian komunak garbitu edota nekazaritzan ibili, euren sorterrian baino. Ardoaren kanpaina momenturik garrantzitsuenean dago ni Mendozara iritsi naizenean, eta 9 hilabeteko lehortea hautsi egin da. Euri fin batek eman dit ongietorria Tunuyanen. Ama kezkatuta dago, urak uzta kaltetu dezake eta langile faltan daude. Argentinarrek ez dute nekazaritzan aritu nahi, azpimarratu egin dit amak, eta nahiago dituzte gobernuak eskaintzen dituen laguntza ekonomikoak. Nik kontuak egin ditut bien bitartean, eta amari egia aitortu ez badiot ere, argentinar horiek bezala egingo nukeela ondorioztatu dut. Gobernuaren laguntza eta nekazariei ordaindutako soldataren artean ez da apenas alderik.  2010/01/26 - 13:31:02

EUSKALDUNAK NONNAHI

 2010/01/26 - 13:31:02

BUENOS AIRES

Ez nekien zer demontre aurkituko ote nuen Buenos Airesen, eta hiri txukuna topatu dut. Aspaldi gure arbasoak etorkizun oparo baten bila zetozen, ni, baina, ez nago halako etorkizun baten esperoan, etorkizun soila bilatzen dut. Eta nik etxe zaharrak maite ditut, porlan berririk gabeko etxeak, atsoek bezala osteoporosisak jotako etxeak, margorik gabeak, zaharkituak, gizakien gisara atzera egiten duten eraikinak. Eta Buenos Aireseko San Telmo auzoan horixe aurkitu dut. Eta Retiro edo Los Olivosera doazen autobus koloredunak, eta auto zaharrak, eta matrikulak eskuz idatzita dituzten autoak, Renault markakoak asko. Eta 80garren hamarkadaz gogoratu naiz, eta bihotzminez egin diot so iraganari. Eta nire ama, nire izeba-osabak, nire lehengusuak, ni neu, zahartzen ari garela gogoratu dut, eta Buenos Airesera etorri aurretik ama sofan zurrunkaka ikusi nuela, zaharra eta ederra, eta, bai, zutaz akordatu naizela ama: Hemen egon beharko zinateke, nirekin, edo beste edonorekin, San Telmoko merkatuaren ondoan dagoen kafetegi honetan, litro erdiko koka-kola eskuan, lehiotik sartzen den haizea eta burrunbak direla-eta tontotua. Hobe horrela egotea, ezerezaren itsasoan dilindan. Zergatik ito behar dugu bizitzaren muina aurkitu nahiean? Baina itotzen gara...eta horregatik egiten zaizkit hain osasungarriak bidaiak. Beharrezkoak ditut, ama. Eta emakume batek bi boligrafo paratu ditu nire mahai gainean, bost pesotan biak, eta nik ezezkoa egin diot buruarekin, eta zigarroa eskaini diot, bere boligrafoak erosi ez izanagatik barkamena eskatuko banio bezala. Berak ez du zigarroa nahi, eta hartu-ez hartu ibili da. Zigarroa belarrian pausotu du azkenik eta karrikan gora boligrafoen negozioarekin segitu du, zigarroagatik eskerrak eman eta gero. Emakumea gaztea da, baina hondatua dago, zuri-zuria, hitsa, porlanezko panpin hautsia. BUENOS AIRESEKO ARGAZKI MUNTAIA, Andres Calamaroren musikarekin:  2010/01/26 - 13:31:02