Periferiatik, erral
Mikel Larreategiren bloga
Open Street Mapeko mapak nire Garmin GPSan
2010/08/03 - 22:15:03
"Nire greba egiteko eskubidea zapaltzen ari zara"
Langile batek bere nagusiari esandakoa? Ez, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek osatutako "pikete informatibo" batek nire amari atzoko greba egunean Eibarko merkatu plazan esandakoa. Goizeko 8rak baino lehen agertu zen ELA eta LABeko ordezkari sindikalek osatutako pikete bat Eibarko merkatu plazan eta goiko esaldi hori esan zion taldeko batek nire amari. Nire amak ardoa saltzeko postu txiki bat du merkatu plazan, harategi ondoan. "Hurrengoan etorri eta dena apurtu eta erreko dugu" . Esaldi marabilloso hori ere esan zioten. Eta gero postua zabalik zuteneri "eskirolen izenak apuntatu eta banatu egingo ditugu jendea ezer erostera etor ez dadin" . Hori da hori informatzea, ezta? Eibarko tabernari bati, goizeko 8:00tan zera esan omen zioten: "Vas a cerrar?" Haren erantzuna: "Haré lo que yo quiera" . Pikete informatiboak serio serio: "Volveremos a las 9:30 y si tienes abierto, tomaremos medidas contra tu hijo" . Hauek langileen ordezkariak ala Siziliako mafia dira? Abadiñoko lantegi baten nire izebari: "XXXXX-k (enpresaren jabeak) kalera botatzen zaituenean ea nork defenditzen zaituen" . Greba orokorrak arrakasta izan duela? Izango zuen bai, baina sindikatuei buruz nuen iritizia txartzea besterik ez du ekarri. 2010/06/30 - 07:54:06
15 urte atzera eginez
Asteartean 29 urte bete nituen, eta gaur igandea 15 urte egin dut atzera. Orain dela urte batzuk egin nuen bisitatxoa, baina hura gauza laburra izan zen. Oroitzapenak ez zitzaizkidan gaur bezain garbi iritzi. Gaurkoa beste zerbait izan da: aspaldi egindako apustu baten ordaina hain zuzen ere. Bazkari bat zor zigun lagun batek eta barbakoa antzeko bat eskaini digu. Hanburgesak, txuleta ederrak, txorizoa eta saiheskia, letxuga-entsalada eta marrubiak natarekin. Mmmmm..... Eguraldia ona, beno, behintzat hiru eta erdiak arte edo... ondoren lainoak iritsi eta euria ere hasi baitu. Baina ez dugu mahaia batu. Ordura arte txuleta erdia besterik ez baikenuen janda. Azkenean erdi-atertu ere egin du eta ustez jango ez genuena ere jan egin dugu. Hiru hanburgesarekin bakarrik itzuli gara. Baina jatorduaz gain, ondorengoa izan da onena. Orain dela 15 urteko irudiak etorri zaizkit begietara. Bizikletarekin egiten genituen ibiliak, urteetan zehar gure etxe izan zen taberna gaineko etxe horia, nire gela ohiko leihoa eta balkoia, merkadilloa egoten zen tokia, medikuaren etxetxoa, kanpineko sarrerako barrera, eliza, garagardotegiko mahai berdeak eta fubolina, Street Fighter 2 makina jarri zuten taberna, txikitako jolaslekuak, ura hartzeko presatxoa... Hango lagunak ere etorri zaizkit gogora, Iker, Oskar, Santi, Xabi, Jorge, Álvaro, Jon, Oskitz, Julen ... (izen bat idatzi eta beste bat etortzen zait burura). Aspaldi bukatu zen lagun horiekin nuen erlazioa, toki hartara joatea urte batetik bestera bat-batean utzi genuelako. Eta baita orduko komunikatzeko moduak oraingoak ez zirelako. Haietakoren batekin gutunen bat edo beste gurutzatu nuen orain dela asko. Gabonetako postalak idazteari aspaldi utzi nion. Beste batekin unibertsitatean hasi nintzenean kontakturen bat izan nuen e-mail bidez, baina bere helbidea galdu ere egin nuen. Beste bat, lagun handienetako bat, duela gutxi aurkitu dut Facebooken, baina urte eta denbora asko pasa da eta kontaktua ez da betikoa. Hango kaleetan ibiltzea. Orain dela 15 urte bizi izaten genituenak denboraren distantziarekin begiratu eta oroitzea. Mila toki eta gogoeta berriz egitea. Eta azkenean etxean dutxan nengoela, 8. mailan Iturburun nengoela irakaslearen lan baten, Etorkizunean nola ikusten duzu zure burua edo antzeko izenburua zeukan lan bat burura etorri zaidan momentua. Han idatzi nuen nagusitan oporretan herrixka hartara joaten jarraitzea nahi nuela. Momentuz ez da bete, baina gaurkoak nolabait desio hura bete balitz bezala egin du. Horixe izan da opari onena. Ez dakit nahita ala nahi gabe irten zaizun oparia, baina eskerrik asko Edu. P.D. 2010/04/19: hau idatzi ostean Kauta taldearen Nostalgia abestia etorri zait burura, hona hemen bideoklipa eta letra. euskaltube.com bideoak | Izenburua: KAUTA - Nostalgia | Erabiltzailea: rotiao2 Erlojuaren norantza geldi ezin hontan gogora ekarri ditut nire ondora ustekabez elkar eman zigun aterpe hura bezalako momentuak, nostalgia Iraganeko ume txikia itzaliko ez den inozentzia behin esan zenidan, arrazoi zenuen aro bakoitza ahaztezina dela Izango naiz une berrien zain esperoa izango naiz aro berria da izango naiz une berrien zain esperoa izango naiz Nerabezaroko erokeriak uda hartako lehen maitasuna amaitu berri den idatzi honetatik agertuko al da, nostalgia Izango naiz une berrien zain esperoa izango naiz aro berria da izango naiz une berrien zain esperoa izango naiz Ahhhhh........ 2010/04/18 - 22:32:04
Tia Elo telebistan
Gazte-gaztetatik ibili zan Tia Elo tallarrian biharrian. Gaur ETBko albistegixetan, berari eta Rosario Arosa bere lagunari egindako elkarrizketarekin mini-erreportaje bat emon dabe. Hona hemen bideua. 2010/03/04 - 23:39:03
Paseo San Andres edo Ego-gaineko "ez-etxeak"
Azken aldian Eibarren egin den aberrazio handienetako bat Corte Ingles berriaren aurrean daukagu. Hiru etxe bloke egingo zituztela agindu zuten. Baina saldu ez dituztela-eta bat egiten hasita eta bestea plastiko batzuekin tapatuta utzi dute. Agian ezin da konparaziorik egin, baina pentsatu dendaria zarela eta ez duzula arrautzarik erosten salduta izan arte. Erosleak arrautzak eskatzen dizkizunean, orduan baserrira joan baserritarrari arrautzak erosi eta erosleari saltzen dizkiozu. Euro batzuk beharrean ehundaka milaka eurorekin. Udalak Alfa zegoen lekuan denbora tarte jakin baten etxeak egiteko baimena emango zion promotoreren bati, baina honek etxe-bloke bakarra eraiki du eta han utzi du bestea. Gure boletin ofizial bietan (Gipuzkoakoan eta Bizkaikoan) etorri dira harekin egingo omen dutenaren albisteak, badirudi azkena pintura eskolakoek hango horma edo zutabeak margotu egingo dituztela dela. Kalean, hor eraikita dagoena bota egingo dutela ere entzun dut. Ezin du udalak beste erabakirik hartu? Seguru badagoela lege-argudioren bat orain proposatzera noana egiteko, baina borondatea behar horretarako: "nik (udalak) etxeak egiteko lizentzia eman nizun eta zuk ez dituzu eraiki. Hainbat (5? 6? 7?) urte pasatu dira eta ez dirudi aurrera egingo duenik. Lur horiek "erreskatatu" edo "errekuperatu" egingo ditut, ezer ordaindu gabe, eta hor, adibidez Babes Ofizialeko Etxeak eraikiko ditut. Bai, Amaña edo Urki puntan, edo Bolinguan, edo Eibarko toki inakzesibleenetan orain eraikitzen direnak bezala. Horrek ere badu bere puntua: badirudi legez X etxe "libre" egiten badituzu Y BOE egin behar dituzu. Eibarren X etxe horiek hiri erdian egiten dira (Ego-gainen adibidez), eta BOEak "periferian": Jardinetan, Urki-kurutzekuan, Amañako puntan bariantearen tuneletako bat atzean dutela, ... Alfa-San Andres-Ego gaineko etxeekin zer? Udalak erreskatatu eta BOEak egin inor indemnizatu gabe (ez Errebalen bezala, lehen saldotan erregalatutakoa berrerosten eta norbait aberasten). Baina noski, horretarako borondatea behar da. 21etik 19k ez dute horretarako borondaterik izango. 2010/01/08 - 09:52:03
ESAIT: sortu Euskal Herriko kirol federazioak...
... behingoz! Horixe da ESAITi hemendik eskatzen diodana. Aurten ere ez da egongo futboleko Euskal Selekzioaren partidurik gabonetan. San Mamesen jokatutako hiru edo lau partidutan izana nago eta hango giroa ezinhobea zen. Baina kontua ez da futbola edo giroa, atzean dagoen eztabaida eta jokatzeko modua baizik. ESAITek eta futbol jokalariek hainbat gauza esan dituzte azkenaldian. Normalean gabon inguruan irteten dira komunikabideetara Euskal Federazioek ofizialtasunaren bidean ezer egiten ez dutela salatuz. Urteak eta urteak daramatzate manifa egiten futboleko Euskal Selekzioak jokatzen duenean, ekitaldiak, manifak antolatzen, kamisetak saltzen, asteburuan belodromoan egingo duten moduko ekintzak egiten , ... eta baita politikariak eta Euskal Kirol Federazioak kritikatzen . Nafar Federakuntzen inguruan ez dut ezer entzun, kritikak Euskal Federazioei egiten dizkiete, ez ahaztu gabonetako futbol partidua Euskal Kirol Federazioak (batzuk esango luketen moduan Vascongadetako Gobernuaren legepean sortutako federazioak) antolatzen duela. Kritikak betikoak izan ohi dira: partidu bat bakarrik da, ez dute ezer egiten ofizialtasuna lortzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da... ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskadiko Kirol Federazioek ezin dute pauso gehiago eman ofizialtasunaren bidean, ofizialtasuna Espainiako eta Frantziako Federazio eta Selekzioei uko egitea bada. ESAITekoek ongi dakiten moduan, Euskal Kirol Federazio gehienen Estatutuetako artikulu baten zatitxo bat epaitegira eraman zuen Estatuaren Abokatuak, bertan Euskal Federazioari kirol horren ordezkaritza Espainia eta Nazioartean edukitzea zegokiola zioelako. Euskadiko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen esalditxo hori. Esaldi hori atzera botatzen badu, nola demontre emango du Euskal Federazio batek "ofizialtasuna"ren bidean pausu gehiago? Nola lortuko da Nazioarteko Federakuntza baten errekonozimendua, Espainiako Federazioa aurka badago? Askotan aipatu da Nazioarteko Federakuntzak elkarte pribatuak direla eta nahi dutena egin dezaketela, baita estaturik gabeko lurraldeen partehartzea onartzea. Baina euren arauetan ez badute hori onartzen zer? Askotan entzun izan dut, eta azken aldiz joan zen asteko Kalaka telebista saioan, Euskal Herriko 7 lurraldeak batuko dituen Federazioak sortzeko garaia dela. Zeren zain zaudete orduan, sor itzazue behingoz !! Heldu zezenari adarretatik, sortu elkarte europar bat, eman izena Madrilgo eta Parisko Elkarteen erregistroetan (edo behar den lekuan), eta antolatu txapelketak. Ah baina ez dira txapelketa ofizialak izango? Orduan Euskal Federazioak kritikatuko dituzue zuen txapelketeri ofizialtasunik ez ematearren? Baina Euskadikoeri bakarrik? Nafarroako Federakuntzei ere eskatuko diezue hori? Galdera gehiegi dira, agian zuen proposamenaren eragina ez duzue neurtu... edo hain ondo neurtuta duzue ezen ez duzuela zuek egin nahi. Besteek egin dezatela eta ondoren zuek kritikatu. Kritikak kirol nazionala dira Euskal Herrian. Nire artikulu hau ere kritika bat da. Besten lana kritikatu beharrean zergatik ez duzue zuen Euskal edo Euskal Herriko Federazioa sortzen? (agian ezingo duzue izen hori erabili...). Ah, dirua ere lortu beharko duzue, egungo Kirol Federazioak Gobernuen diru-laguntzetatik bizi dira eta horregatik dute kutsu ofizial hori. Gaur egun Gobernuen laguntzarik ez balego, ez litzateke ia kirol federaziorik egongo. Zuek atrebituko zarete hori egitera? La Pelota Basqua zuen teilatuan dago. Utzi besteak kritikatzeari eta pasatu hitzetatik ekintzetara. Sortu Federazioak. 2009/12/19 - 03:50:04
Zorionak Maialen!
2009/12/13 - 23:18:03
Aupa Maialen!
Gogoratzen dudan lehenengo bertsolari txapelketa nagusia 1989koa da. 8 urte besterik ez nituen baina etxeko irrati zaharra erabiliz grabatu zuen amak arratsaldeko saioa. Jon Lopategik irabazi zuen txapelketa hartako hainbat bertso behin eta berriz entzun ditugu etxean, Andoni Egañak eta Xabier Euzkitzek zortziko txikian egindako batzuk adibidez, bata etxekoandrea eta bestea etxeko azulejoak jartzera etorritako langilea zirelako gaia emanda kantatutakoak. Aurtengo Txapelketa Nagusiko saio batzuk jarraitzeko aukera izan dut, ez presentzialki, Internet bidez baizik, Info 7 Irratia eta Bertsoa.com atarietatik. Finalera gustura joango nintzateke, baina igande goizean zehar beste konpromiso bat dut eta tarteren baten irratiaren bidez jarraitu beharko dut. Entzun ditudan saio apurretan Maialen Lujanbioren bi bertso aipatu nahiko nituzke, biak Bergaran jokatutako finalerdian kantatutakoak. Lehenengoa kartzelako gaiari erantzunez bota zuen lehenengoa. Hauxe zen Bergarako kartzelako gaia: "argazkilaria zara, oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura eta lanean hasteko prest zaude". Hona Maialenek bota zuen lehenengo bertsoa: Irratiak zion kaleetan zela jendetza demasa: pankarta baten ostean oihuz bete kale eta plaza. Egoera da tentsoa eta bazun iskanbila traza; hemen norbere hitzari eusten ere ez dago erraza. Oraindik entzuten da oihartzuna hori pelotazo jasa, lurrean odol arrasto batzuk ta tentsiozko arnasa Kordoietik hara hona nabil foto bila nere kasa, baina kaskodun batek esan dit: "hemen ez da ezer pasa" Mikel Laboaren "Eguzkiak urtzen du goian" abestiaren doinua eta neurria erabiliz hiru bertso bordatu zituen Maialenek Bergaran. Binakako lanean, Beñat Gaztelumendirekin ere lan ederra egin zuen, honako gai honekin: "Zuen semeak neska bat bortxatu eta hil zuen. Haren aurkako epaiketa gaur hasiko da eta oraintxe sartu zarete epaitegian". Hona Maialenek bota zuen azken bertsoa: Ikasiko zun ordun kanpoan zegon denbora apurrean; Kontuak kontu neskaren ama distantzia laburrean. Eska dezaket errukia edo belaunikatu lurrean; baina 'barkatu' zein hitz hutsa den heriotzaren aurrean. Ea nork irabazten duen igandean BECen. Orain lau urte norbaitek kantatu zuen moduan BECtekada espero da bertan. Maialenek irabaztea ederra litzateke! Audio-playerrak EuskalTubekoak dira eta jatorrizko audioa Koska Irratiarena da. Eskerrik asko! 2009/12/09 - 18:28:04
Tok, tok. Nor da? La Pelota Basqua!
Joan den larunbatekoaren ostean ezer esaten ez dutela-eta, La Pelota Basqua The Organization bisitatzera joan da : 2009/11/20 - 12:06:02
Orain bai? Benetan?
2009/11/14 - 19:44:04
