Piperrautsa

Debagoieneko Tobera

 2011/12/16 - 09:41:05

Otero Kulturaten

Goiena, 2011.11.18 Joan den asteburuan inauguratu zen Xabi Oteroren erakusketa Arrasateko Kulturaten. Xabik berak aukeratutako argazkiak eta diseinu grafikoak daude ikusgai. Otero argazkilari hasi zen, duela 40 urte. Argia zuen tresna, euskal kultura gai nagusi, eta gizakia helburu. Bere artxiboak baditu 70.000 argazki, milaka batzuk artelanak eta gehienak dokumentalak. Argazkiarekin batera diseinua landu zuen, eta bereak dira 80. hamarkadan famatu ziren hainbat logo eta hormairudi. Argazkiek eraman zuten liburugintzara eta baditu 200 inguru argitaratuak. Gehienak euskal kulturaren bueltakoak, esparru bakoitzeko adituen testuekin. Hain zuzen aditu horiekin eraiki duen sareak eman dio Xabiri herrigintzarako sekulako tresna. Puntan ibili da Praileaitzeko altxorra gordetzeko borrokan eta berak bultzatu du berriki EHUn egin den jardunaldi bat euskaldunon jatorriaz. Izan ere, azken gai honetan dabil murgilduta Xabi nazioarteko ikerlari ospetsuekin, ea gure iraganaz dagoen hipotesi interesgarri eta mesedegarri bat berresterik dagoen. Erakusketan ez dago hori guztia, baina bai Xabiren bihotza. Abenduaren erdira arte duzu ikusteko aukera.  2011/11/18 - 08:50:04

Zaharkitua

Astelehenean idazten dut Goiena papererako zutabea, eta oraingoan Aieteko ekitaldiari eskaini nion. Arriskutsua zen, astean bertan urratsak egon zitezkeelako, eta juxtu atzo iluntzean etorri zen ETAren adierazpena. Esan ohi da ez dagoela gauza zaharragorik bezperako egunkaria baino. Internet asmatu zenetik, seguruenik ez da egongo gauza zaharragorik paperean oinarritzen den blog bat baino. Birpentsatu egin beharko dut honen funtzioa. (Esan gabe doa niretzat ere atzoko adierazpena poz-iturria dela, aro berri baten hasiera, eta abar.)  2011/10/21 - 12:22:03

Ziabogen ordua

Goiena, 2011.09.23 Batasuna ohiaren ziaboga osatzen ari da iragarritako norabidean. Estrategiari buruz, inoizko argien mintzatu ziren Bateragune epaiketan Arnaldo Otegi eta Rafa Diez bide soilik politikoen alde eta borroka armatuaren zamatik libratu beharraz. Eta, hitzetik ekintzara, Bilduri ardurak eta erabakiak hartzea tokatu zaionean ikusi ditugu ziabogaren onurak, Kutxa Bank egitasmoan nabarmen. Badirudi ziabogaren azken kolpeak izango direla presoen posizionamendua eta erakunde armatuaren agurra, eta horiek burutzean etorriko dela helmugarako txanpa indartsua. Beste trainerua, estatu espianiarra, ez da ziabogan hasi ere egin. Hainbeste errepikatuta norabide egokiarena, orain inork ez du adorerik esateko biratu beharra dagoela helmugara iristeko. Zaila, beste behin ere hauteskunde kanpainan egonda. Eta ziaboga hasten ez duten bitartean lehengoak jarraitzen du, Bateraguneren epai ankerra adibide. Epaitegiak bahituta daude bunker politiko eta mediatikoaren eskutan eta lelo zaharrekin diraute, begi bistakoa ikusi gabe. Kontua da ziaboga egin eta helmugara bidean jarri denak duela abantaila estropada irabazteko. Itsaso txarrenarekin ere.  2011/09/23 - 08:49:03

Adostasunari gorazarre

Goiena, 2011.09.19 Finantza-sistema espainiarra hankaz gora jarri dute azken bi urteotan. Espainiar bankuak eta munduko merkatuak bat etorri dira kutxen eredua suntsitzeko interesean eta gobernuak irmo gauzatu du haien agindua. Ekosistema eraldatuan ia ezinezkoa da finantza-jardueran lehiatzea kutxa egiturarekin. Agian 2008ko bategitea gauzatu izan balitz, kutxa hark irauteko aukera izango zukeen. Oraingo egoeran ez zen posible gainditzea aldi berean lege araudien oztopoak eta kontsentsu politikorik eza. Eta aukeratu da bide posible bakarra: ekosistemak lehenesten duen tresna (bankua) baliatu finantza-jarduerarako, jabetza eta kontrola kutxen eskutan mantenduz, gizarte ekintzari eusteko helburuarekin. Bildurekin lotu den akordioan bermeak sendotu egin omen dira. Dokumentuen faltan, ezin jakin zenbatekoa izan den eragin hori, baina norabidea gizarte nahiarekin bat datorrenez, izan bedi ongi etorria. Gainera akordioak badu beste balio erantsi handi bat: adostasuna bera. Oso gauza gutxitan jartzen dira ados gure lau alderdi politiko nagusiak eta, kutxen inguruko katramilak gogoratuta, ezinezkoa lortu da oraingoan. Are gehiago hiru kutxetako gehiengo sindikala ere Kutxa Bank-en alde jarri denean. Seguruenik ez da inork amestutako egitasmoa, eta baditu arriskuak. Baina hain zuzen herritarron, bezeroon eta langileen artean kontrolatuko dugu bankua. Gure inplikazioa erakunde berriarekin, hori da arriskuak sahiesteko bermetik sendoena, paperetatik haratago.  2011/09/16 - 10:46:03

Opor giroa

Goiena 2011.07.22 Ez da giro oporren bezperan. Eraso betean dabiltza merkatuak estatuen aurka. Ahulezia ekonomikoa non, han agertzen dira harrapariak, rating agentziak aurrez prestatutako bazka jatera. Gero eta txotxongiloago ikusten dira agintariak, ezarritako gidoia antzesten talentu eta konbentzimendu eskasarekin. Une batez ere ez zaie nabaritzen erasoei aurre egiteko adorerik. Eta bitxia da oso nola merkatu librea, urte oparoetako zoroaldian sekulako aberiak eragin eta gero, are zoroago jokatzen ari den krisiaren erdian, libreago eta berekoiago, inongo aginte publikoren kontrolik gabe. Inondik ere, garai txarrak dira lirikarako. Baina oporrak datoz, eta abuztuan arazoak konpondu ez dira egingo baina bai lausotu eta urrundu. Marrazoek ez dute atsedenik hartuko baina gai arinagoak nagusituko zaizkigu eguzkiak bigundutako kaskezurrean, eta lagunarte gozoek anestesiatuko digute adimena gutxiago sufri dezagun. Tarteka gogora dezagun udagoienak ekar ditzakeela kontu pozgarriak euskal gizartearen bilakaeraz. Eta irailerako apuntatu: gizabanakook merkatuari aurre egiteko dugun arma bakarra da harekiko menpekotasuna gutxitzen joatea. Ondo pasa uda!  2011/07/22 - 08:20:04

Udaberri usaineko uda

 2011/06/29 - 09:57:02

Udagoien polita

Goiena, 2011.06.24 Udal berrien osaketak ez du aparteko katramilarik sortu eta, oro har, argazki instituzionala bat dator hauteskundeen emaitzarekin. Sanoa da hori. Oraintxe Aldundiak daude labean eta hemen ere zentzuzko emaitzak espero daitezke. Araban Ezker Batuak hautatuko du PP edo EAJ, eta Nafarroan PSNk hobetsi du morroi izatea buruzagi baino. Beretzat izango du kaltea. EAEn gerta daiteke Aldundi bakoitza hiru alderdi ezberdinek gobernatzea eta Jaurlaritza laugarren batek. Honenbestez, lau erakundeak elkartzean nolabait martxan legoke alderdien mahai famatua. Urrats hauek ondo gauzatuta, ezker abertzalean politikak beteko du lan-esparru osoa, politika instituzionala ardatz duela. Gero eta nabarmenago dira borroka armatua eta kale borroka iraganeko kontuak. Are gehiago Arnaldo balego libre Sortu legeztatuaren gidari. Udako oporren bueltan espero dut han-hemenka maiz ikusiko ditugula normalizaziorako urratsak, elkarbizitzarako keinuak eta aurrerapauso esanguratsuak. Ez da dena jai izango eta agertuko dira trabak edo probokazioak. Baina heldutasuna somatzen dut, baikortasun heldua. Udaberri itxurarekin aurreikusten dut udagoiena.  2011/06/24 - 07:53:08

Katu berria

Bi katu izan dira gurean denbora luzez: Txuri eta Beltxi . Hau iaz akabatu zen, adinak jota. Txuri bere ama zen, beraz zaharragoa, baina hor dirau bizirik. Erdi itsu, hezurretako minez, beti nekatuta... baina gaztetako apetitu eta mimo-gosearekin! Dena den, asko iraungo ez duela pentsatuta katu berria oparitu digute: Txato. Hau duzue Miren ilobak joan den igandean egin zion erretratu zoragarria. Katakumearen etxesartzea ez da badaezpadakoa izan. Erregina ohituta dago nahierara gobernatzen bere erresuma eta morroiak -gu- eta ez du inongo gogorik iritsi berriarekin posizio hori partekatzeko. Lehen egunetan, eta gure espanturako, mehatxu zarata zatarrak egiten zizkion ikusi orduko, artean amarengandik banatu berria zen kume errukigarriari. Poliki-poliki, ordea, jarrera bortitz hura mespretxutan bihurtu da. Orain zarata zatarrik ez, baina ezikusiarena egiten dio Txurik Txatori. Egia da txikia jostari eta saltoka hurbitzen zaiola aldiro, eta amama erdi itsua izutu egiten dela datorkion erasoarekin. Baina behintzat dagoeneko ontzi bikoitza eta komuna partekatzen dituzte tentsio artean; eta zain gaude ea noiz etzaten diren ohe berean, horrek ezinbestean ekarriko duelako elkar ukitzea eta behin betiko elkar hartzea. Bitartean Txatok nirekin ordaintzen ditu bere gabezia afektiboak eta hanka azpian edo fraketan gora dabilt etengabe. Ez da astun suertatzen, Txatok katu baten unerik gozoena bizi baitu: egiten duen guztia da maitagarri. Baina kontua da jubilatu ondoren gutxien uste nuen lana egokitu zaidala: katu amarena.  2011/06/13 - 08:11:01

Presazkoak eta garrantzitsuak

 2011/06/02 - 08:44:02

Nabigatu euskaraz