Karrajua blogs
Rith 2010 - Baile Átha Cliath - Patrick Street - 382
Azken aste-hileotan albiste dosi txikiak eman ditugu, baina bihar da eguna: Rith 2010 hasiko da Belfasten , eta Saint Patrick egunez Galwayra heldu arte ibiliko dira irlandarrak karraderan gaelikoaren alde. Bai, asmatu duzue, Korrikaren bertsio irlandarra da abian. Euskal Herritik ideia hartu eta eurenera eraman dute, lekuko , kantu eta guzti. Eta Korrikak bezala Rith honek irlako ahalik eta herri, hiri eta eskualde gehienak lekukoaren lekuko izatea nahi du, eta bistan da Dublin hiriburua ez dutela alde batera utziko, ez, eta Dublinen karreraren giroak izango duela mugarrietako bat. Ba, irlandar hauek ez dira esker txarrekoak, eta inbentoaren inbentoreoi dedikatu nahi izan digute kilometro bat: 382.a, Korrikaren eta Euskal Herriaren kilometroa. Patrick Street-en. Ez ditut Irlanda eta Dublin ezagutzen, baina John Ford-en filmetatik eta bestetik, barruntatu dezaket Dublineko Patrick Street ez dela izango hiri-bazterreko errotonda tristea izenen bat ipini behar zitzaiona. Eta bertan badago Saint Patrick katedrala, ba, kale hori kale-kantoia baino apurtxo bat gehiago dela pentsatuko dut. Gonbidapena luzatu digute irlandarrek euskaldunoi beraz, euren karrera nazional horretan Dublineko San Patrizioren inguruan lekukoa eramateko gonbitea. Han egongo dira AEK-ko lagunak oratzeko prest, eta zuetako inor han badabil, edo ibiliko bada, edo ibili nahi balu, edo low cost hegaldia hartzeko sasoian badago, edo euskalduna izanda atzerrian kilometro bateko gloria zer den dastatu nahi badu, edo euskaldunok koadrila batzeko zelako abilidadea daukagun erakutsi nahi badu, edo han egoteko egon daitezkeen hamaika mila arrazoietako baten jabe bada, edo deskribatu dugun profil horretan sartzen den inor ezagutzen baduzue, badakizue . 2010/03/08 - 18:10:17
Ikasgela kalean dago?
Nodos Ele blogean Roger Shanck-en hitz batzuk jaso dituzte : La fórmula del profesor que da la clase magistral y los alumnos hacen exámenes no funciona. Deberíamos aprender como cuando éramos pequeños: nuestros padres no nos sentaron en una mesa y nos dijeron que nos iban a enseñar a hablar, que eso era la gramática y lo otro, el vocabulario. No. El niño habla y, cuando se equivoca, sus padres le van corrigiendo. Aprendemos conversando con los niños, usando el lenguaje. Hitz politak, jarraian azpimarratzen eta zabaltzen ditugun horietakoak. Ondo ematen dute begi-belarrietan, eta, neurri handi batean halakoak predikatu behar izaten ditugu. Baina arazoa hori guztia praktikara eramatean agertzen da. Hori txalotzen duen irakasleak segidan egiten du galdera: eta neure ikasleekin zer egin behar dut orduan? Ikuspegi komunikatibo-signfikatiboari mila buelta eman ahal zaizkio, baina funtsean hizkuntzarekin pertsonek zerbait egitean badatza kontua, ikas-ingurua pertsonek gauzak egiteko ingurune modura planteatu behar da, eta askotan dikotomia moduko bat egiten dugu: klasea eta kalea, klasean teoria eta kalean praktika, klasean hizkuntza eta kalean erabilera, klasean simulatu eta kanpoan egin... Eta ikasgela ez da akaso pertsonak zerbait egiteko biltzen diren lekua? Kalea bezala azken batean. Kale gorria, taberna, etxeko egongela edo futbol zelaia nahi baduzue. Hau da ikasgela ere ez da espazio soziala? Eta espazio sozial horretan hizkuntzak ez dauka funtzionalitaterik hizkuntzaz hitz egitea ez bada? Eta espazio horretan geu (irakasleok ere) ez gara pertsonak? Gurea bezalako egoera batean hizkuntza ezin dugu euskaltegiko hormetako santutegi batera mugatu, egia da, baina era berean, horma horiek ezin dira mugatu hizkuntzaren adorazioa eta dotrina egitera. Kermanek ez luke euskaltegitik irten behar praktikaren bila , praktika eta hizkuntzaren gaineko gogoeta (izpirituala nahi baduzue) egiteko pertsona, gune eta une gehiago eta desberdinen bila baino. Horixe bada, nahi badugu ikasgela kalean dugu (kale gorrian ez dugun bitartean, jakina). Zer egingo dugu kale horretan bada? 2010/03/07 - 19:02:04
Euskaldun ikasia
2010/03/05 - 22:44:05
Auskalogarren maila
2010/02/28 - 23:07:02
Erreta
Apurka-apurka nabil azkenengo Hizpideri kolpetxoa egiten. Azkenengo ale honetan artikulu ugari eta, orain artekoaren aldean, izen eta gai berriak agertu zaizkigu. Haien artean izenburutik bertatik arreta ematen duen bat: Burn out: irakaslearen ajeak. Ilazki euskaltegiko Idoia Goñiren eskutik heldu zaigu artikulua (Ilazkikoa dela testua irakurrita jakin dut, ez lirateke txarto etorriko egileen aurkezpen zehatzagoak akaso, badakit garrantzitsuena edukia dela, baina pertsonak apur bat kokatzea estimatu egiten da, eta bera nahiz erakundearentzako meritua ere bada, ezta?), eta esperientzia pertsonaletik abiatuta gaia garatu eta euskaltegian garatzeko proposamen batera heldu da. Zertaz ari gara baina? Irakaslearen nekea, higadura profesional eta psikologikoa, desilusioa, pertsonaren abaildura.... erretzea deitzen den hori, ingelesez aspaldian burn out bataiatu zutena. Jendaurrean lan egin behar dutenen gaitza ei da burn out hori: erizainak, gizarte-laguntzaileak., eta nola ez... irakasleak. Sintomak: akidura fisikoa, mentala, nekea, gogogabetzea, jarrera hotza, urruntzea eta isolatzea, zinismoa, besteen gutxiespena, erruen banaketa indiskrimiatua, eta norberaren burua horrekin zuritu, defentsarako jarrera. Gaitzaren deskribapen zehatza egin digu Idoiak: faseak, arrazoiak, teoriak, aldagaiak. Deskribapen argia, eta -esango nuke- ez zaigu kostatuko inguruan halako kasuren bat identifikatzea. Ez, ez zait arrotza egin Idoiak kontatzen duena. Bere euskaltegian ere konturatu direla dirudi, eta lan-giroa zein langileen asetasun maila hobetzeko plana jarri dute abian. Irtenbideari begira, bereziki interesgarriak egin zaizkit aipamen hauek: Horregatik, agerikoa izan arren, honako ideia azpimarratu nahi nuke: lan-giro egoki eta lasai batean lan egiten duen profesionalak formazio-maila altuagoa izaten du, lantaldeko kideekin ezagutzak trukatzen baititu, eta, horrela, aberasgarriagoa gertatzen da eguneroko Lana. Eta beste neurri bi hauek: - Urraskako eta moduluz moduluko bilerak. - Lanean egiten diren bilera guztiek helburu zehatza izan beharko lukete. Honekin batera, hasiera- eta bukaera-ordua ere bai; bukatu gabe gelditzen denari hurrengo bilera batean emango baitzaio amaiera. Edozelan ere bi gogoeta utzi dizkit artikuluak: Lantokiko antolakuntza ez ezagutzea, lanaren nondik norakoak ez ulertzea izatean ei da arrazoietako bat. Gurera hurbiltzen diren lankide berriak etorri zaizkit gogora. Non sartu diren tamaina hartzeko informazioa, lan-giroa, komunikazioa aurkitzen dute? Zer eginak eta zelan eginak argi dituzte? Argitzen laguntzen diegu? Beste kontu bat zeharka etorri zait gogora. Konpromiso, kontzientzia, militantzia edo dena delakoaren puntu handia duen lana ei da euskara irakaslearena, espektatiba handiak askotan, handiak bezain lausoak sarri, ilusio hori jarri da sarri jardunaren motore, baina jendaurrean lan egiteak, jendearekin, erraz zapuzten ditu ilusiook hori lurrera ekartzen eta arrazionalizatzen jakiten ez bada. Beharbada hor dago hainbeste erreduraren gakoa. Edo ez. Edozelan ere, gomendatzeko moduko artikulua, eta, batez ere, hartaz pentsatzeko moduko gaia, arreta ematekoa. 2010/02/23 - 02:20:02
Hizkuntzen iraunkortasuna bultzatu: dekalogoa
2010/02/21 - 15:37:02
Mailatik mailara
Aldaketa txikia sumatu genuen lehengo egunean Ikasbilen . HABEtik ez dute horren azalpenik edo jakinarazpenik eman, baina han dauden baliabideen mailakako sailkapena HEOKaren mailaketatik Europako Markoko mailetara eraman dute. Funtsean ematen du lehengo izendapena ordeztera mugatu direla, horrela 4. mailatik C2 ra, 3. etik C1 era eta 2.etik B2 ra joan gara. Bazen Ikasbilen HEOKen jasotzen ez zen bereizketa bat: 1a eta 1b mailak. Han 1. maila baino ez dugu, EEMko B1ekin bateratu dena. Ez dut inoiz 1a/1b horren azalpen-bereizketa ofizialik entzun-ikusi, baina logikoa zen pentsatzea 1b maila hori 1. maila izango zela, eta 1b-rako materialak horrelaxe agertzen dira orain, B1 epigrafean. Baina 1a hori zer zen? Orain argiago izan beharko genuke. 1a= A2 parekatu baitituzte baliabideak. Katea osatu dute beraz, baina arazo txiki bat egon da. EEMn beste maila bat dago, baxuena: A1. Ez dut gogoratzen Ikasbilen 1atik beherako ezer inoiz egon denik, baina orain sailkapen horretan A1 agertu zaigu. Hori bai, bilatzailean ez dut ezer aurkitu A1 horretarako. Tira, eta zer esan nahi du honek guztiak? Jakin, ez dakit. Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean argiago izango al dute! Lehenengo batean pentsa daiteke Europako Markorako hurbilpena egiten hasi direla. Hemendik aurrera zer-noiz etorriko den? Dekretu bidez jakin behar ez izaterik espero dugu sikieran. Lehengo urtean Bilbon egin zen jardunaldi akademikoan horren inguruko asmoak aurkeztu zizkiguten, mailaketa eta azpimailaketa berria osatzeko asmoa. Funtsean 12 urratsen sistema tradizional-historikoaren izen aldaketa hutsa iruditu zitzaidan momentuan. HABEk urratsen sistema horren gainean urteetan eraiki du azpiegitura administratibo konplexua eta horrek pisu handiegia du akaso aldaketa gehiegi egiten hasteko. HEOKen mailaketarekin hutsuneak egon dira era berean, administrazio-kontuetarako irakasleek ikasleei urratsak jarri behar dizkiete orain ere, baina urrats horiek 12 izanda eta HEOK jasotzen eta definitzen diren mailak 4, bistan dago urrats askoren deskribapena eta definizioa irakaslearen beraren (intuizioaren?) edo erakunde bakoitzaren esku geratzen direla neurri batean, edo HABEren HEOKen aurreko definizio historikoetan. Zergatik gertatu da hau? Seguruenik eraketa-didaktika bereizketa tradizional-historiko-monumentalaren ajeak baino ez dira izan. Kontrolerako datu-baseetan zenbaki bat aldatzeak dena jar dezake hankaz gora, eta didaktikariak letretakoak izaten dira. Eta orain Europatik datorren honek kristo hau argitzen lagunduko ote du, ala kristo handiagoa ekarri? Bigarren hori gertatzeko arriskua dago nire uste-eskarmentuz, gauzak neurriz eta ganoraz egin ezik behintzat. 2010/02/10 - 23:07:04
Erabiltzen ikastea
Lehengo egunean atazekin atrebentziarekin jolasten ibili ostean, beolarraren iruzkinaren ondoren ideia eta hitzen jolasarekin jarraituta, erabili eta ikasi hitzek jolas arraroa egin zidaten. Hizkuntza ikastea hizkuntza erabiltzeko gaitasuna eskuratzea bada, eta euskararen kasuan " dakiten " guztiek erabiltzen ez badute, eta erabilera horrekin kezkatuta bagaude, orduan " ikasi " behar dutenak ez dira (gara) izango " ez dakitenak " baino gehiago akaso? Paradoxa usaina dauka gogoeta horrek, eta seguraski tranpa logikoren bat dago tartean. Edo igual ez. Hitz-ideien jolasa baino ez agian. Baina zer pentsatua eman dit, bai. Zuei ez? 2010/02/05 - 02:23:03
Autobusak eta limusinak
Patxi Lopezek euskara ikasteko aurrekontuaren zenbatekoa jakinda aztoratzen hasi dira bazterrak atzotik hasita . Lopez eta, oro har, politikarien euskalduntzeaz luze jardun daiteke duda barik: zergatik ez ote duten lehenago ikasi, zergatik ez ote duten ikasten, zergatik ez ote duten ikasiko eta abar. Baina honen harira apuntetxo bat egin nahi nuke, akaso gutxik erreparatu dioten kontu bati. Lopez, eta politikariak oro har, euskara ikasteko orduan ez dira euskaltegira joaten, eurentzako eskolak eta irakasleak nahi dituzte, berariazkoak. Eta jakina, taxia beti garestiago autobusa baino, eta limusina taxia bainoago. Baina taxia, limusina edo autobusa, billetea ez da euren poltsikotik ordainduko, alderdiak, administrazioak edo " enpresak " ordainduko du, eta " enpresa " hori guztiok garenean, guztion dirutik ordaintzen da. Ez naiz ultraliberal jarriko, ez. Izan ere, une honetan politikari batzuen klaseak ez ezik, beste hainbatenak ere, gehienenak, neurri batean edo bestean diru publikotik ordaintzen dira, eta hala izan behar da seguruenik. Adibidez, euskaltegi bateko ikasle batek kasu gehienetan kostuaren erdia izango du ordainduta diru-laguntzen bidez. Baina horixe da kontua, " erdia " , ez " dena " . Duela hilabete batzuk ikasle batzuekin kalkuluak egiten jarri ginen. Zenbat diru gastatu duen bakoitzak euskara ikasten. Eta diru-laguntzak kenduta ere batzuen kasuan -euskaltegia, barnetegia eta abarren artean- 4.000 eurotik gorako kopuruak irteten ziren, euren poltsikotik irtenda alegia. Euskara ikastea doakoa izan behar dela esaten zen aspaldian, eta esaten jarraitu da, gero eta apalago entzun izan da hala ere. Badirudi batzuek eskubide hori eureganatu dutela ia nahigabean, baina guztiengana ez da oraindino heldu. Eta kostuak kostu eta prezioak prezio, limusinazale horiek autobusa zer karu dagoen gogoratu beharko lukete lantzean behin, horregatik eta horretarako baitute limusinan ibiltzeko pribilegioa. 2010/02/01 - 21:09:03
Topikoak edo
Hor goian aipatzen dugun " euskaltegien mundu " horretaz mundu-munduak dakiena eta uste duena ez zaigu beti bat etortzen barruan dugunarekin edo nahi genukeenarekin. Hala bada, erratuta dauden ideia batzuk agertzen dira lantzean behin, topikoak esan daiteke. Bat aski zabaldua. Euskaltegiak HABE edo AEK dira. " Ez dakit nor HABEn dabil ikasten " , edo AEK-kook batzuetan entzuten ditugu honakoak: " HABEkoak dira horiek, konpetentziakoak " , beste edozein euskaltegigatik esanda. Bistan dago euskaltegien munduaren mapamundia ez dagoela oso argi bazterrotan. Akaso jende gehienarentzat ez da hil ala biziko kontua izango,eta sinplifikazio hori nahikoa zaiola. Apur bat kezkagarriagoa izaten da berriz honetaz hobeto informatuta espero zenukeen jendearengandik datorrenean: hedabideak, euskaltzaleak... Atzo, lankide batek erakutsi zigun Euskararen Berripaperaren azkenengo alea . Hau hain zuzen ere: Eta komentarioa egin zuen. " Ematen du HABEk berak hartu dituela matrikula horiek guztiak " . Eta egia esanda, HABEn ez da inor matrikulatzen, zuzenean behintzat. Alegia, matrikula horiek EAEko euskaltegi homologatuetan izena emandako ikasleak dira, AEK, IKA, Batuz, Elkarlan, Udal Euskaltegiak eta abar. Guk badakigu jakin, eta jende gehiagok ere bai. Baina erakunde publikoetatik datorren informazio-orria, horrek hiritar askori ematen dion zehaztasun bermearekin, euskararen gainean informazioa ahalik eta gehien hedatzea asmo duena eta ele bitan banatua, eta hor horrela idatzita " HABEren matrikulazio datuak / datos de matriculación de HABE " , ba, seguru nago batek baino gehiagok hala pentsatu duela, horiek guztiak HABEren balizko euskaltegietan ibili direla euskara ikasten. Ez da kontu larria izango, baina sektore honetaz dabilen informazio-hutsune hori estaltzen ez du asko lagunduko. Eta seguru laster batean berriro entzungo diogula ahots serioren bati " En los euskaltegis de HABE " edo horrelako zerbait. Topikoekin hasita, gaur beste bat irakurri dudala uste dut. ETBk prestatu duen " Kerman mintzalagun bila " saio berriaren aurkezpenean hau irakurri dut (azpimarra nirea): Kerman ahozko euskara behin betiko menderatzeko helburuz kalera irtengo da. Helburu horrekin, Kermanek liburuak dauden-daudenean utziko ditu eta kale aldera abiatuko da euskara eguneroko bizimoduan erabiltzeko helburuz: euskaltegian urteetan irakatsi dioten teoria guztia benetan aplikatzeko garaia iritsi zaio Topikoa da, ala topikoa izatea nahi genuke? Hainbeste urte " komunikatibo " adjektiboa hamaika substantiborekin ezkontzen, hainbeste paradigma aldaketa, HEOK , EEM eta enparau, eta oraindik " teoriari " bueltaka gabiltzala uste du munduak? Ez da izango? 2010/01/30 - 01:45:03
