euskara hutsezko lehen bilatzailea
HASIERA IZAN EDITORE ZER DA aurki? JARRI aurki ZURE WEBGUNEAN EDITOREENTZAKO aurki@aurki.com

Editoreentzako irizpideak

Ba, egia esan, ez dago irizpide askorik editoreentzat

Onak izan... Alegia, atal jakin batean interesa azaldu baduzu, agian zu inplikatua zauden Interneteko proiekturen bat han ongi azaltzea interesatzen zaizu. Ongi da hori, baina ez horregatik “konpetentziaren” guneak tokirik gabe utzi.

Deskribapenak egitean eta, argia izan. Ez onartu besterik gabe guneek beren buruari jartzen dioten deskribapena. Idazteko orduan, letra xehez edo minuskulaz. ARTOLA HARATEGIAREN WEBGUNEA ez da webgune batentzat izenburu egokia: ‘Artola Harategia’ eta kitto.


Azpiatalak sortzean

Azpiatalak sortzen badituzu, ODP-ko estilo arau hau kontuan izan: hitz nagusiak letra larriarekin edo maiuskularekin idatzi. Hau da, ez sortu ‘Lanbide heziketa’ izeneko atalik, baizik eta ‘Lanbide Heziketa’. Bai, badakigu honek ez duela logika handirik euskararen ortografiaren arauetatik begiratuta, baina ODP-ko joera orokorra hori da, horri segituz hasi ginen Aurki eraikitzen, eta orain alderantziz jokatzea lan handia litzateke.

Azpiatalak sortzen dituzunean, ez ezazu zeure burua azpiataletako editore izendatu, ez baldin bada interes berexi-berexi daukazula. Goragoko atalaren editore baldin bazara, hierarkian behetik dauden guztietan gordeko duzu editatzeko eskubidea. Zeure izena alde guztietan agertu beharrik ez dago horretarako.


Euskarazko eduki eta helbideei eman lehentasuna

Azalpenak euskaraz idatzi. Euskararik ez duen gunerik ez zerrendatu, oso esanguratsuak direla iruditzen ez bazaizu. Gune eraldun esanguratsu horien kasuan, dena den, mesedez (erd.) izeneko marka ezarri. Horrek (erd.) esan nahi du orria erdaraz dagoela, baina ez euskaraz. Ez bakarrik gaztelaniaz: gogoratu frantsesa eta ingelesa ere erdara direla.

Direktorioak baditu, bestalde ingelesezko, frantsesezko eta espainolezko atal batzuk Euskal Herriari dagozkionak. Hizkuntza horietan idatzitako web orriek atal horietan dute toki naturala, eta edozein editorek aukera du beste atal batzuk editatzeko baimena eskatzeko eta lortzeko.

Gune bat elebiduna bada, badu tokia Aurki-n. Euskaraz dagoena oso gutxi bada, eta nagusiki erdaraz bada gunea; hau da, elebitasun desorekatua bada, ez dago gaizki hori bisitariari ohartaraztea.

Gunearen helbidea emateko orduan, euskarazko edukiak zerrendatzea denez koxka, ahal bada, eman euskarazko edukien lehen orria. Hau da, gune askok dute sarrera orri bat gauza askotarako balio ez duena, edo, beste barik, erdaraz datorrena. Saiatu hori konpontzen, zuzenean euskarazko orri nagusirako lotura eskaintzen. Esate baterako, bilatzaile arruntek Irungo Udalarentzat edo Arabako Foru Aldundiarentzat helbide hauek emango dituzte: http://www.irun.org eta http://www.alava.net. Euskarazko direktorio egokia egiteko, ordea, hobe da euskarazko orri nagusiak zerrendatzea, kasu honetan, http://www.irun.org/bin/einicio.asp eta http://www.alava.net/index800_e.html. Lotura baten gehikuntza proposatzen duenean norbaitek, konproba ezazu ea ematen duen helbidea euskarazko sarrera nagusikoa den ala ez. Arau hau zuzen gordetzen badugu, Aurki-ren balioa handituko dugu, eta euskarazko edukien bisibilitatea eta irismena ere indartuko dugu.

 

Beste editore euskaldunekin kontaktatzeko?
ODP foroetan?

Editoreen arteko iritzi trukerako dauden foroetan, World/General delakoan dute tokia euskaldunen iritzi eta komentarioek. Euskaraz irekita dagoen eztabaidarik ikusten ez baduzu, aukera duzu World/Euskara edo Euskara izeneko gairen bat botaz zuk zeuk eztabaida edo iritzi-truke bat hasteko, eta beste euskal editore batzuek ere parte hartuko dute.

Eta foroetatik kanpo?

Aurki@aurki.com helbidera idazten baduzu, beste editore batzuen berri ere emango dizugu zuzenean. Zeure zalantzak argitzen ere saiatuko gara.



Sareko direktorio handiena sortzen parte har ezazu
Open Directory Project
zOpen Directory software programarekin egina. Ingenieritza eta diseinua: CodeSyntax.
Eibar.ORG elkarteak
Eibarko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren
laguntzaz.