EtnoMet (Aroaren berbaroak)
2004ko azaroaren 1ean sortua. Antropologiak, Etnologiak eta Hizkuntzalaritzak bat egiten duten tokian eguraldiari buruz mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko herri-gunea.
Beheko haizeak aurretik garabiltza!
"Hego haizea" Zoltan Szabo Burmuin ororen xukatzailea, ile-adatsen lardaskatzailea, buruko min emaile amorragarria, zuhaitzen dantzagarri su-gartsua, gonen jasotzaile porrokatua, gorputzaren atal guztien ikararazle gupidagabea, andre askoren haize kutuna, errekorren zapuztaile madarikatua, futbol euskal taldeen eta bereziki, Athleticen jokoaren bazter nahastailea, gaueko zurrunbiloen sortarazle bihozgabea eta loezinaren eragile errukigabea, oin anitzen hanpatzaile doilorra, aldarte onaren aldatzaile zitala, hainbat kalapitaren sustatzaile gailena hintzen, haizen eta haizatekeen hego haize horrek, mesedez, faborez, otoi eta arren emaiguk bakea!! 2010/02/24 - 11:21:11
Beste hotzaldi / elurte bat?
Hemendik hartua Nago aroak hoztera egingo ez ote duen igandeaz geroztik. Joandako astetik hona zehatz-mehatz jarraitu ditut zenbait aro-gune eta gehienetan hoztu eta elur egiteko joera igartzen da. Ni neu irrikatan egoten naiz elurra noiz egingo. Itsas mailatik sei metrora bizi naizen honi ikusgarria bezain zoragarria izaten zait, elur malutak, txotorra edo dena delakoa jausten ikustea. Eguraldiaren aztarnen jarraitze horretan, webgune interesgarri samarra aurkitu dut 16 eguneko aurreikuspena ematen duena. Izan ere, edozein behatokiren datu meteorologikoak emateaz gain, hurrengo egunetako balizko tenperaturen berri ere ematen ditu. Hurbiltasuna dela-eta, Sondikakoak ditut gordeta memorian, baina gogokoenak edo gertukoenak ezartzeko parada duzue. Hauxe sakatu: Meteostar Bestalde, ziur baino ziurrago nago amorratzen segituko dudala "denborale" berba entzunda. Zergatik hedatzen ote dira hain azkar txarto erabiltzen diren kontuak? Garbi asko dago erdararen "temporal" hitzak zulatzen digula burmuina eta kidekotasunagatik "denborale" hautatu dutela, baina hamaikagarrenez azaldu beharrean gaude denboraleak itsasokoak baizik ez direla, lehorrekoak ...-erauntsiak edo ...-te direla, kasu honetan elur-erauntsia edo elurtea , alegia. Baten batek pentsatuko du hutsaren hurrengoko kontua dela, berdin diola zein berba erabiltzen den. Ez nauzue batere ados, hedabideek berek erabakitzen dute eta. Euskarazkoek eredu izan behar lukete, hizkuntza gutxitua dugu eta ez genuke morrontzan jausi beharko geure adierazpideak edukita eta gainera, aro kontuan ez dira nolanahikoak, ez horixe! 2010/01/21 - 15:10:03
Euri izozkorra
Hemendik hartua "Bere tantak, lurrarekin, lurreko objektuekin edo hegaz doan hegazkin batekin talka egin orduko izozten diren euria" dio Meteorologia Hiztegiak 100-101 orrialdeetan. Horixe gertatu omen zen Euskal Herriko zenbait bazterretan astearte-asteazkenetan, hego-mendebala sartu zuenean. Izan ere, lurra eta haren gaineko aire-geruza ikaragarri hotz zeuden, batez beste 8-12º zeroz azpitik eta lurretik metro batzuetara zero gainetik. Horregatik, euri tantak oztopo batekin tupust egiten duteneko atoan izozten dira, izoztu ere! Ikuskizuna ezin zoragarriagoa da, ze, badirudi sorginkeria edo aztikeriaren baten bitartez hormatu egiten direla tantok. Ondoko erdaretan honetariko itzulpenak topatu ditut: "lluvia engelante; lluvia helada; pluie se cogelant; pluie verglaçante; freezing rain. Orain arte, herri berben artean ez dut horri iriztekorik aurkitu, baina haren izaeraz jabeturik, egoki askoa da euri izozkorra deritzona. 2010/01/14 - 23:06:02
elUrte Berri On!
Gabonetan jan-edanak eta astirik ezak jota egonda, lanak izan ditut zerbait blogeratzeko ganoraz, hortaz, gogoz eta arimaz sano egon arte itxarotea erabaki dut. Egunotan lagun askok galdetu izan didate zer dela-eta hainbesteko hotza eta elurra une honetan ea normala ote den, ez dakit-zer-badakit-nor. Gizakion oroimena zein den urria! Abenduaren amaieran hego haizea "normala" zen eta urtarrilaren hasierako elurtea ere "normala" da, behintzat, datu historikoek horixe adierazten digute. Blog honen asmoz landa izan arren, oraingo egoerari buruzko azalpena ematen ahaleginduko naiz, herri-meteorologiaren zale xume naizen hau. Goiko mapa ikusten duzue, ezta? Ba, batetik, Britainia Handian eta Eskandinavia aldean bi Hdun ( High pression ) gune daude, hau da, antizikloi luzanga samarra, bi gune dituena. Bestetik, ikuste duzue Italia aldean Ldun ( Low pression ) gune bat, ezta? Horixe da Behe-depresioa, zurrunbiloa edo borraska. Beraien artean igarobide luze-luzea sortzen da Europa barrenetik datorrena, zenbaitetan Errusia eta Siberiaraino heltzen dena eta jakina, bertatiko haizea ikaragarri hotza izaten da. Egoera horretan antizikloiaren behealdeko eta behe-depresioaren goialdeko haizeek tupust egiten dutela eta haize hotz eta umela iristen zaigula Euskal Herrira. Gainera, Bizkaiko Golkoa zeharkatuz gero, itsasoarekin bat egitean hezeagotzen da haize hori. Atzo eta gaur, hain zuzen ere, hotz eta elurte handienak Europako Atlantiko aldean gertatu izan dira, salbuespenak salbuespen. Lurraren jira-bira dela-eta, eskuarki itsaso aldetik jotzen gaitu haizeak eta horregatik, ipar-mendebala eta gero, hego-mendebala gailentzen dira. Ipar-ekialdetik, ostera, bakanagotan erasotzen digu baina ohikoa izaten da negualdean. Iraungo ahal du elur-festak! 2010/01/09 - 12:42:03
Iparraldia, mokor-mokor
Hemendik hartua Behin sortaldeak oldarra akiturik, iparraldeari heldu zaio txanda. Artiko aldeko antizikloiak besoak luzatu eta bere magalean biltzen gaitu, Ipar Polotik Iberiar Penintsularaino. Ohi bezala, bertako artzak putz eta putz ditugu norgehiagoka, ea noraino erdietsiko duten antizikloia igortzea. Astebururako egundoko hotza iragarri badigute ere, ez dirudi hainbesterainokoa izango denik, non oskarbiak bazter jakin bat azpian harrapatzen ez duen, bestela hotza sorgorturik uzterainokoa izan liteke, bai horixe! Hori hizpide gogoraraz dezagun B. Estornes Lasak Erronkari aldean jasotako esapidea: "Otzak lotsatruk egonaz mokor-mokorra beroki batan" (Hotzak beldurturik egonez mokor-mokorra beroki baten) Mokor-mokorra , hots, hotzak akabatuta [hotzakakatuta] 2009/12/18 - 18:58:06
Sortaldetik datorke erasoa, ahuntzak akabatzekotan
Europa aldera, eta geurera ere bai, arriskua, perila, galzoria eta kinka larria eguzkia sortzen den eremutik heldu ohi zaigu, bai horixe! Mendebaldetik egundo ere ez! Nik dakidala, itsasoaz bestaldean bizi diren herriek ez dute sekula Atlantikoa zeharkatu gu inbaditzekotan. Historiara joz gero, Europa oinperatu eta zaldiperatzen ahalegindu zirenetariko bat Atila izan zen, hunoen buruzagia. Hainbesteko eragina izan zuen Europan ze Hungaria herrialdeak kontu franko "zor" die hunoei. Aspaldion, Ekialdeko zemaiak beste eite bat hartu du eta zeuk buruan daukazun horrek Afganistanekin dauka lotura, antza. Hori gogoan eta Sortaldea berbabide, udagoien osoan ez dugu bertatiko oldarrik izan. Zaudete trankil! Lehendabizikoa heltzeko zorian dago. Igarobide sakon eta luzea hedatuko omen da hunoen herrialdetik Euskal Herriraino, hotza-motza adiskide. Agiri denez, lehor samarra izango da, baina zer edo zer jardutekotan elurretan izango da, ia itsasertzeraino. Ekurugaitz nauzue! Hala eta guztiz ere, geroago, astelehen-astearteetan Mendebaldea ostera ere gailenduko zaio Ekialdeari itsasotiko indar guztiak bildurik. Bien bitartean, ahuntzak dauzkazuenok eraman itzazue barrura, haize mota honek ahuntzak akabatzen ei ditu eta: "...neguen, ba, euntze, aixe euntze , euntzek ill itxen ditxus" Iñaki Gaminde. Bakio Berbarik Berba. 2009/12/11 - 15:07:02
Durangoratzearen ondotik dator DesDurangoratzea...
Durangoko Azoka hurreratu ahala, Krisiaro kaxkarraren hegazkin beltzak hegaldatu zuen Landakoren gainetik euskal diskogintza eta liburugintza noiz joko zain. Aiduru eta beha egon ondoren, badirudi lekutu behar izan duela osterantzeko jomuga bila. Antza denez, nahi baino gutxiago, baina espero baino gehiago saldu da urteroko Azokan. Beraz, gaur egunkarietan irakur daitekeenez, "krisiari eutsi diogu". Gainera, ez litzateke ezetariko auhenik egon behar eguraldi kontuan txukun baino txukunagoa izan baita, "norbaitek aginduta bezalakoa", bai horixe! Nik neuk ere ohiko osteratxoa egin eta aurreko urteetan baino gehitxoago erosi dut, agian krisia gogoan edukita, beraren etsai porrokatu bihurtzeko edo "krisia lagun" esapide ospetsuari bide ez emateko. Batek daki! Joandako zapatuan izan ginen eta egundokorik lasaien ibili ginean saltokietan barrena, hain trankil, ze bi orduan begien aurrean genituen guzti-guztiak arakatu genituen zer egongo begira eta zer erosiko. Aitortu behar dut sekulako enpatxuak eraso zidala, hainbeste liburu eta disko interesgarri artean eta gainera, atsekabetutxo, derrepentean ikusten nuen oro erosi nahi bainuen eta horretarako, noski, sosak xahutu behar... Hori dela-eta, azken urteotan, nik ez ezik, hainbat lagunek buruan darabilgun zalantza gordinak behin eta berriz zipriztintzen gaitu: Ez ote litzateke hobe izango Durangoratzen den guztia urte barruan banatu samartzea, produktu bakoitzak bere erosbide egokia izan dezan? Total eginda jarraitzen dut, aitzurra kentzen ahalegintzen. 2009/12/09 - 15:40:06
Elurra hanka azpitan, noiz eta San Andresetan!
Azken urteotan behin ere ez digu kale egin gure San Andres maiteak. Oso behe samarrean izan ez bada ere, besoko biloak lazterainoko elur-erauntsitxoa erakarri digu santu elurzaleak. Une honetantxe idazte ari naizen honek oinaztura ikusi eta ihurtzuriak entzuten dihardut oinetakoetan kabitu ezinik. Harriabar aleak ere dakuskit barreiatuta zenbat-gura eta nonahi. Gora ekaitza, aro ezin ederragoa baita, leiho barrutik ikusita, jakina! Hala eta guztiz ere, kukuak ez digu luzaro joko, ez horixe. Pentsatze hutsak gorputzaren lau alderdiak ikara baten ibilarazten dizkit. Bai!!! Horixe da!!! Hego mendebala ate joka ez, txirrin sakaka dugu zain, ipar-mendebalak noiz egingo ospa!! Daridan alderik-aldeko hortzagin erakustaldiak, pozarren bainago- kopetiluntasunari lagako dio toki datozen egunetan. Hamaika haize jasateko jaioak ez gara, bada! 2009/11/30 - 18:14:03
Truina. Iztueta I
Oraingoan laguntza eske natorkizue. Juan Ignazio Iztueta idazleak " Guipuzcoaco Provinciaren Condaira edo Historia" deritzon liburuan, 1847. urtean argitaratua, aroari buruzko hitz sorta ederra agertarazi zuen. Zerrenda irakurtzen hasi eta lehenengo eragozpenarekin egin dut topo: truina . Ez dakit zergatik dagoen sarturik sortatxo horretan. Ez dakit zein den eguraldiarekin daukan erlazioa. Izan ere, hiztegietara jo eta hauxe aurkitu dut: OEH: truin(a): truin(a). v. triguna. triguna (B), trigun (B), truin (L, B), truina ( VocB ). Ref.: A ( trigun, truin ); Izeta Bizt2 ( trigune ). "Rellano, meseta o descanso de la escalera. Trigun aseak ditu eskalera unek (B), esta escalera tiene rellanos cómodos, espaciosos" A. " Gure etxeak trigune ederra du " Izeta BHizt2. " Etxe gibelean trigune " Ib. Cf. tribuna. " Trigun (B), arranque de una escalera, plano junto a la primera grada" A. Beraz, badirudi esanahia aroaren eremu etno-semantikotik urruntxo dagoela, ezta? Zuen ustez, ze arraio izan liteke truina berba zorioneko zerrenda horretan? Inork baleki, mesedez, idatzi dezala iruzkinik hementxe berton. Mila esker! 2009/11/25 - 19:38:02
Jarki hego haize zakarrari!
Hemendik hartua Ezin konta ahal ahantzitako aro-berbaren bilatze grinatsuan, hautsaren azpian, mendeak joan, mendeak etorri, metaturiko kraka guztia kendu gurean, noizik behin bitxikeriaren batekin egiten dugu topo. Gaur jarki aditzaren zahar-berri eman nahi nizueke: behinola, nolabait, ordukoen aho-ezpainetan ibili zen, baina gaur egun ahantz-ahantz eginda, oskol ezin sendo eta lakarrez estalia. Badakizue, "ekaitzari gibel", "aro txarrari bular" eta inolako gupidarik gabe erasaten digun hego haizeari jarki , aurre egin, gure burmuina ihartuko ez bada... 2009/11/22 - 14:34:02
