Izarren Hautsa: zientzia eta beste

Inaki Irazabalbeitia

Azpizuna

Aurreko ostiralean Argia sariko ekitaldian sarituak izan ziren Luzien Etxezaharreta eta Jakes Casaubon izen nituen mahaikide. Luzienek jateko ginen menuari begiratu eta 'azpizuna' zer ote zen galdetu egin zidan. 'Solomillo' esan nion eta frantsesez nola esaten zen ideiarik ez nuela gaineratu. Jakesengana jiratu zen eta hari galdetu zion. Hark azaldu zion eta adarra jo zion esanez lapurtarrak laborantzaz ez-jakinak direla. Jakes baxenafarra da, Izurakoa, Zuberoako mugatik gertukoa. Jakesek zehaztasun bat erantsi zion azalpenari: longe de pourceau . Akordatu nintzen orduan Itsasondoko Urkia bailarako Domingotegiko Jesusa nire amaginarreba zenaz, 'azpixune' harentzako txerriarena baitzen: txekorrarena 'solomilloa'. Horretan ari nintzela esaera zahar bat jaulki zuen Jakesek, hitzez hitz gogoratzen ez dudana eta txerria hildakoan azpizuna erretoreari ematen zitzaiola esaten duena. Antzekoa entzuna nion neronek Jesusari, behin baino gehiagotan. Euskal Herria ustez hain handia eta izatez hain txikia!  2012/01/29 - 19:37:06

Larresoro

Larresoroko mugan ezagutu nuen Larresoro. Txillardegi moduan ezaguna nuen Xabaldor Garmendiak, Santo Tomas Lizeoko euskara-irakasleak, Leturiaren egunkari ezkutua irakurrarazi zigulako. Eleberria astun samarra iruditu zitzaion artean 15 bat urte zituen nerabe hari, Enid Blyton, Emilio Salgari, Zane Grey eta Edgar Rice Burroughs-en orrialdeetan murgilduta gusturago sentitzen zen hari. Hizkuntza eta pentsakera eta Euskara batua zertan den liburuek ekarri zidaten Larresororen berri. Nire memorian daude bi horiek finkatuta. Esku artean hartu ditut gaur eta begiratu bat eman diet. Ia berrogei urte pasata, nekez imajina dezaket zerk harrapatu ninduen sinkronia, diakronia, Saussure, Chomsky eta enparauen uretan murgiltzeko eta linguistikako liburu hura egarriz leitzeko. Ez dut gogoan behintzat, baina garaiko giroa eta gazteen ikasteko grinak izan litezke baleko arrazoiak. Bigarrenak, euskararen gramatikari buruz Xabaldor Garmendiaren eskolek eman zizkidaten oinarriak sendotzeko balio izan izan zidan eta dudak argitzeko erreferentzia ezinbesteko bihurtu. Larresoroko mugan ezagutu nuen Larresoro. Ordurako Txillardegi zen atzera. Uztaritzen, 1976ko abuztuan, UEUren saioetan ezagutu nuen aurrez aurre gizona. Gogoan dut Landagoien etxeko aretoan, AEBetan txinpantzeekin egiten ari ziren ikerketen berri eman zigula eta, itxura batean, gure lehengusu haiek keinu bidez ikerlariekin komunikatzeko zuten gaitasunaz. Txundituta gelditu nintzen. Oholtza gaineko irakasleaz gain, zientziaren euskarazko hizkuntzaren ereduari buruzko mintegietako partaide moduan gogoratzen dut, ni bezalako gazte moko baten iritziak ere kontuan hartuta. Jose Luisekin iazko udaberriaren hasieran egon nintzen atzenekoz. Donostiako erresidentziaren korridoreetan, ingresatuta zegoen gure amaginarrebaren gelaren ondoan, Jonerekin egin nuen topo. Jose Luis ingresatuta, gela pare bat harantzago, zegoela esan zidan. Bisitan joan nintzaion. Neke itxurarekin aurkitu nuen, baina huntaz eta hartaz tarte batez berriketan aritu ginen. Atzo gizona, pertsona, joan zitzaigun. Bere lana hor dago, euskaldungoarentzat etsenplu eta erreferentzia.  2012/01/15 - 18:02:02

Bizikletak badira hirirako

Gure herrietan eta hirietan bizikleta gero eta pisu handiagoa ari da hartzen eguneroko garraiobide moduan, zorionez. Bizikletentzako bideak ugaritzen ari dira eta horrek erraztu egin du eboluzioa. Hala ere, polemikatik kanpo ez dago gaia. Egunkariei begiratu bat ematea besterik ez dago, bizikleten kontrako lobbya indartsu aritzen baita kexu-gutunak idazten. Bizikletaren aurkako argudio askok ideia bera dute oinarrian 'Hori hemen bakarrik gertatzen da'; bizikletak espaloitik ibiltzea planteatzen denean esaterako. Barre txikik marrazten zaizkit musuan horrelakoetan, kexati hori gutxi bidaiatutakoa dela erakusten baitu, behintzat Pirinioetatik ekialderantz. Bizikleta bidezko garraioak tradizioa duen herrietan ohizkoa izaten da espaloitik bizikletaz ibiltzea. Madrilgo Trafiko Zuzendaritzak bizikleta-trafikoari buruz asmo berriak iragarri ditu. Asmo berrien artean bi daude Europan jada nahikoa ohizkoak: bizikletak espaloitik ibili ahal izatea baldintza batzuk beteta eta kotxe-trafikoaren kontraeskura joan ahal izatea. Ongi etorriak biak, bizikleten joan-etorriak erraztuko dituztelako. Ikusi beharko dugu orain bizikletaren kontrako lobbyaren argudioak zeri heltzen dioten! Lobby horri gauza batean ematen diot arrazoia, txirrindulari batzuk sasikume astakilo gaizki hezitakoak direla eta arriskutsuak direla kalean dabiltzan besteentzat. Alabaina gauza bera gertatzen da oinezkoen, auto-gidarien, moto-gidarien edo kamioilarien artean. Elkarren artean errespetuan ibiltzen ikastean datza gakoa.  2011/02/19 - 16:39:04

Zygmunt Bauman

 2010/12/11 - 22:05:03

Baldintza harrigarria!

 2010/09/19 - 20:15:02

Troiar hardwarea

Gaur arte uste nuen ordenadoreetako birusak, troiarrak eta gainerako malwarea software-elementuak zirela, baina Scientific American aldizkariaren abuztuko aleko orrialdeetan hardware gaiztoa ere egon daitekeela ikasi dut. Izan ere, zirkutu integratuak fabrikatzen direnean funtzio gaiztoren bat egiteko diseinatuta dagoen parteren bat ezar daiteke. Adibidez, eredu jakin bateko telefono mugikor guztiak une jakin batean 'izoztuta' gelditzea, teklei aginduei jaramonik ez egitea eta erabilezin bihurtzea. Hori telefonoen jabeentzat arazo gogaikarria izateaz gain, galera ekonomiko handiak eragin ditzake. Eta mutur batera joanik, koordinatuki hondatzen dena auto-eredu baten balaztak kontrolatzen duen txipa bada? Zirkuitu integratuak konplexuago bihurtu ahala, diseinua ere halakoxea egin da. Lehen ingeniari-talde batek kontrola zezakeen diseinu osoa. Egun horrelakorik ez da gertatzen eta zirkuituak ingeniari-talde desberdinek diseinatzen dituzte bakoitzak atal bat egiten duelarik. Gainera, ingeniari horiek enpresa eta estatu desberdinetan egon daitezke. Gero zati guztiak bateratzen dituzte. Zirkuituak horren konplexuak dira oso zaila dela horiek sakonki testatzea. Beraz, helburu gaiztoz, baten batek har bat jarriko balu txiparen kodean nekeza izango litzateke detektatzea. Informatika-alorreko segurtasunean dihardutenak arrisku handiagoa ikusten omen dute orain hardwareari eragingo dioten erasoetan softwareari eragiten diotenei baino. Estrategiak diseinatzen dihardute horrelako erasoen arriskua minimizatzeko eta horietako bat, DARPA izenekoa, Pentagonoak lideratzen du. Horrelakoen aurrean kezka pizten zait beti ea otsoaren ipuinaren aurrean ote gauden eta arriskuak ez ote diren puztutzen helburu ez horren egoki batzuen mesedetan. Berria hor duzue behintzat. Ingelesezko Wikipedian artikulu hau aurkitu dut: http://en.wikipedia.org/wiki/Hardware_Trojan_%28computing%29 . Artikulu originala, tamalez, ez dago Internetez doan eskuratzerik.  2010/08/15 - 00:09:03

Finantza kontraboterea

 2010/08/09 - 13:38:03

Tecnalia

Hautsak harrotu dira Gipuzkoako hainbat eragileen artean eta Gipuzkoako zenbait prentsan Tecnaliaren egoitzaren kokaera dela eta. 'Gipuzkoan, Donostian, Miramonen behar du' izan da aldarria bardulian. Eta Gipuzkoako gizarteak zer dio? Auskalo! Bizkaia vs Gipuzkoa klasikoaren beste bertsio bat. 'Zatitu eta irabaziko duzu' esapidearen beste urrats bat. Nire ustez egoeraren muinak ez luke izan behar EAEko zein lurraldetan ordainduko dituen zergak Tecnaliak, baizik eta ea erakunde horrek egiten duen I+Ga nola transferitzen den egokien EAEko industria-ehunera enplegua eta aberastasuna sortzeko.  2010/05/13 - 02:35:02

Egunkaria

Astelehenean errugabe izendatu zituzten Egunkariako lagunak. Gaur, bi egun geroago, antza denez Thieryren paper zaharretatik berriz ere tiraka Batasunaren inguruko abokatu batzuk eta beste jende bat atxilotu dituzte fanfarre handiarekin. Neroni eta inguruko batzuoi  2010/04/14 - 22:43:03

Andrew Wakefield

Andrew Wakefield medikua ez da oso pertsonaia ezaguna gure artean. Alabaina, Britainia Handian eragin handia izan du txerto hirukoitz birikoak autismoa eragin dezakeela defenditzen duelako. Komunikabideek toki asko eman ohi diote tamalez, eta ondorioz sozietate britainiarrean txerto hirukoitz birikoa beren umeei jartzea errefusatzen duten gurasoen proportzioak kezkagarri gora egin du. Zientziaren emaitzetan 'oinarrituta' defendatzen du Wakefieldek tesi hori berak 1998an The Lancet aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu bat oinarri hartuta. Gerora frogatu izan da artikulu hark eta atzean omen zuen ikerketak zientifikotik gutxi duela. Otsailaren hasieran The Lancet aldizkariak artikulua atzera bota du eta artxiboetatik kendu egin du. Gaur jakin dut Wakefield-ek Austineko (Texas, AEB) Thoughful House ospitaleko zuzendari kargua laga egin behar izan duela. Sobra ere gauzak bere onera etorri dira, baina hitzontzi, gezurtero eta iruzurgile horrek eginiko kalteak hor dirau, guraso gaizki informatu askoren usteetan txertatuta. Historia oker honen kontakizun xehea duenak Ben Goldacre mediku eta dibulgatzaile britainiarraren Bad Science liburua irakur dezake edo www.badscience.net/ webgunean kuxkuxeatu.  2010/02/23 - 01:37:03

Nabigatu euskaraz